Txepelduta

Ustez, oporretan nago. Udako oporren atariko astebeteko “atsedenaldia” daukat orain. Baina aspaldi honetan ez ditut gustuko atsedenaldiak; ezer ere ez egiteko astia nahi nuen orain dela hamabost egunera arte, baina orain, uda hasiera euritsuak-edo eraginda, deus egiteko gogorik ez izateaz gainera, aspertuta nago eta zerbait egiteko gogoa izan nahi dut.
Alfertuta erabat, atzo sofing egin nuen egun guztian; ez libururik, ez egunkaririk, ezta musikarik ere… Internet eta telebista; horretxek izan nituen entretenimendu. Izan daiteke, bai, eguzki grina izatea; edo besterik barik, berriketaldirako aukerarik ez dudanetan horixe pasatzen zaidala, plof egin, eta gogo guztiak joaten zaizkidala; baliteke.

Hala ere, uste nuen, egoera gris hau udazkeneko eta neguko kontu izaten zela; behin udaberria igarota pilak ondo kargaturik egoten nintzela eta uda hasierako egun luzeez gozatzeko grina biziz izaten nintzela. Izan daiteke, egunerokotasunetik ateratzeak, egokitzapena behar duela, eta izan daiteke neu ere egokitzapen horretan ari naizelako egotea hain zera… hain txepel.

Gaur, myspace.com-en ari naiz hango eta hemengo musikak entzuten, idazten eta bestelako gauzak Interneten irakurtzen ditudan bitartean. Durangaldeko taldeekin hasi naiz, MugaBilboMungia aldekoak entzun ditut eta Nick Cave eta Jeff Buckley ere entzun ditut; orain, berriz, hain nago txepelduta ze, Fernando Saunders entzuten ari naiz. Honekin ez naiz animatuko, baina tira… kantu ederrak egiten ditu-eta.
Egia esateko aukeratu ditudan talde-bakarlari gehienen kantak nahikoa “sakon-balada suabe-kantu goxo”ak dira; martxa honetan animatzeko ez dakit-ba…

Ba hori, ia eguzkia ateratzen den eta itsasertzean paseatzeaz batera “bizirik” sentitzen naizen, ze, azala belzteko aukerarik izan ez dudanez, ezin bada luzitu.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

3 Responses to Txepelduta

  1. egilea: Desplazatua

    Bai ba , Gurpil. Atera da eguzkia eta atzo eta gaur hondartzan izan naiz. Beste moduz! Bai horixe! Laiste luzitzeko moduan!

    Eta, Nahikari, masokista ez, baina erritmo bizikoa bai. Gero baina gustua hartzen zaio ezer egin gabe egoteari, ez pentsa!

  2. egilea: Nahikari

    Urte osoan ibiltzen naiz oporrak eskatzen, baina “geldi” egoteko garaia heltzen denean aspertuta egoten naiz. Badirudi aurreko hilabeteetako erritmoa behar dudala, alde batetik bestera, batzarrak, klariona botatzen ikasleei…

    Masokista izango naiz…

  3. egilea: gurpil

    Animo! Uste dot bihartik aurrera eguraldi ona datorrela ta luzitzeko aukera izango duzula. Batzutan hodeiek ez dute zerua bakarrik lainotzen baina haize pixka batekin dena konpontzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude