11 egun, 11 istorio. Korrika

Korrikaren aitzakian, euskara ikasteko aukera egin duten 11 lagun ezagutu ditugu egunotan Multimedia Komunikazioa Masterreko (MKM1213) ikasleok. Tratua egin dugu ETB3rekin eta 11 elkarrizketa egin eta editatu ditugu, ETB3k egunero Korrikaz egingo duen saio berezian ikusteko. 11 egun 11 istorio. Hori da ekimena. Eta horri esker ezagutu ditugu Jorge, Jartxo, Bixente, Gonzalo eta Irene, Leire, Yolan, Pili, Gilen, Leire, Marialuisa eta Lourdes, eta, oraingoz imeilez bada ere, baita Uruguaitik Elorriora Korrikara etorriko den Gloria.

leire-ander-korrika-tafalla

Bakoitzak bere istorioa du; euskara ikasteko bere motibazioa eta bere ikasketa prozesu propioa. Baina guztiek kontatu digute euskarak eman diena asko izan dela. Euretako bakoitzaren historia Korrika euren herrietatik pasatzen den egunean ezagutuko dugu: ETB3ren saio berezia, gaueko 23:00etatik aurrera. Baina Twitterren ere izango da bakoitzaren istorioa jarraitzerik: #KorrikaTxioka hasgtag-a erabili.

Esperientzia oso positiboa izan da lan hori egiten laguntzea. Elkarrizketatuak bilatzea, ezagutzea, euren bizitzez galdetzea, Euskal Herrian zehar egin ditugun Km.ak (Tafalla, Zubiri, Garralda, Donapaleu, Agurain… Oihan eta Ander, eskerrak eman dizkiozue Asierri?), 2 egunetan elkarrizketa ia guztiak editatzeko springa… Eta dena talde lanean. Ze, MKM1213ko klasekideek taldean lan egin dugu eta berriro erlojuaren kontra izan bada ere, euskarak merezi duela erakusteko beste 11 adibide erakusteko moduan gaude. Eta, koipekeria barik, Bea Narbaizari ere eskerrak eman behar dizkiot. Zelako maratoia!

Hemendik aurrerakoa, saioak zer ematen duen ikustea. Interneten egongo dira egin ditugun bideoak. Eta klaseko 4 kidek egunero Korrikatik kontatuko digute egunak ematen duena. Gainera, gure 11 protagonistak Korrika ere ikusiko ditugu, Korrika euren herrietatik pasatzen denean.

Kategoriak Euskararen patria, sare sozialak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Ricardo Bastidaren ondare kulturalak eta interes pribatuak

Bilboko Ricardo Bastida arkitektoak arrasto dezente utzi zituen Bizkaian barrena; horietako batzuk, zorionez, zutik diraute Busturialdean. Gernika-Lumon Astra da horietako bat. Hainbesteko esfortzu eta elkarlari esker, interes pribatuei ihes egin eta, ondare kultural izendatuta, kultura ondarearen sortzaile bihurtu dute Astra Koordinadoratik. Ikusi Astra proiektuaren erreportajea.

Ricardo Bastidak Sukarrietan eginko eraikin multzoa (deia.com)

Ricardo Bastidak Sukarrietan eginko eraikin multzoa (deia.com)

Bada, ordea, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba natural horretan babestu nahi den beste ingurune bat ere: Sukarrietako udalekuak. “2011n ondare kultural izendatu zuten Ricardo Bastidak 1925ean altxaturiko eraikin multzoa. Baina, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Sukarrietako Udalak jarritako helegiteak onartuta, EAEko Auzitegi Nagusiak joan den asteazkenan atzera bota zuen Sukarrietako (Bizkaia) udalekuaren kultur ondare izendapena” (Berria, 2013-03-02).

Beste Guggenheim bat egiteko burutazioa izan zuen Bizkaiko Foru Aldundiak inguru horretan. BBKren gizarte ekintzari esker, neskato-mutikoz betetzen da ingurua udaro; udalekuetarako leku aparta baita bere egunean Ricardo Bastidak eraiki zuena. BBKren bideotekan aurkitu dut hurrengo bideoa; 2010eko da.

Astrako eraikina eginkizun sozialerako errekuperatu da. Sukarrietakoak, ordea, aspaldi erabilera horixe daukala esan daiteke. Beraz, zergatik egin kontrako bidea? Astrarekin erakutsi da askoz gehiago lortzen dela auzolanean jarduteko aukera dagoenean. Sukarrietakoak pribatua izanagatik ere, obra sozial delakoari eutsi beharko lioke, ingurunea dagoenetan utziz, zainduta. Hori dagokio Urdaibaiko Biosfera Erreserbari. Eta, turismoa erakartzeko ere, “Urdaibaiko baliabide naturalak eta ondarezkoak identifikatzea” garrantzitsua bada, haiek zaintzea derrigorrezkoa bihurtzeko da (Urdaibai Biosfera Erreserbaren Tokiko 21 Agenda).

Kategoriak Kazetaritza | Utzi iruzkina

Azaletatik sustraietara. Disko azalek kontatzen zutenari begira

Doro Zobara erakusketan, Berlalaguneko kideekin

Doro Zobara erakusketan, Berlalaguneko kideekin

Azaletatik sustraietara erakusketan izan ginen atzo Berbalagunok, Gernikako Elai-Alai aretoan. Izen bereko liburuan oinarrituta, 1960tik 2010era bitarteko musika diskoen azalak hizpide hartuta, gure kulturaren eta herriaren azkeneko harmakedetako historiari errepasoa eman genion. Doro Zobaranek egin zigun gidari lana. Kitarra eta harmonika lepoan eskegita Bob Dylanen “Blogin in the wind” abestiaren zatitxo bat kantatu ostean, euskarazko bertsioari ekin zion. Ez nuen ezagutzen, baina Luis Amilibiak itzuli zuen bere egunean.

Azaletatik sustraietara Diskoen azalek transmititzen dutena asmatzea sarri askotan ez da erraza izaten. Testuingurua ezagutu behar izaten da askotan, musika talde edo bakarlariak bere lanaren azalean erakusten zuen hura ondo ulertzeko. Iker Barandiaranek gogoratzen zuen bezala: “(…) diskoen azalek zuten garrantzia eta erreferentzialtasuna galdu dute. Horregatik ia galbidean daude azalak, baina diskoen azalek garai bakoitzari buruzko artearen, tendentzien eta joeren berri ematen dute, eta horretan datza liburu honen garrantziaren alderdi handi bat”.

 
Bestelako disko azalen bilduma egon badaude; 2012ko abenduan esaterako, Vinilos. Las mejores portadas de discos de la historia kaleratu zuten. Baina “Azaletik sustraietara” gure historiaz ari da, gutariko askok bizi izan duguna, edo, adinaren arabera, kontatu digutena.

Bideoan ere bai

Elai-Alaikoari, diskoen azalekin osatutako erakusketaz gainera, ikus-entzunezko bat ere gehitu diote . Hamarkadaz hamarkada, gertaera esanguratsuenen historiaren errepasoa osatu dute ordu laurdeneko bideoan, garaian garaiko abesti zatiez lagunduta. “Ez dok hamahiru”tik hasi eta 80ko hamarkada zoroa, 90eko psikodelia eta disko-jartzaileen ondorengo garapena. Euskal kanta berriak, punkaren euskal bertsioa, gazteleraz abesten zuten euskal kantariak, aldarrikapen hitzak alde batera utzita poetikari eutsi dioten poperoak… Guztiak agertzen dira ikus-entzunezkoan.

Lan polita egin dute. Erakusketa osatzen joan dira denborarekin eta oraindik ere badago nondik landu eta zer eskaini, esan zigun Dorok.

Otsailaren 28ra bitartean dago ikusgai Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan eta gero Iparraldera eramango dute. Baina, mereziko luke, handik eta hemendik zabaltzeko aukera gehiago ematea “Azaletik sustraietara. Euskal Musikaren azala 1960-2010” erakusketari.

Azaletatik sustraietarako erakusketaren inaugurazioa

Kategoriak Kazetaritza, Kultur ikuskizunak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Ni ez naiz Xabier Montoia zalea, baina gustatu zait zuzenekoa

Rafa Ruedak eta Xabier Montoiak kontzertu bana egin zuten barikuan, Durangoko Plateruenaren erdi-erditik. Hortxe jarri zuten moketa beltza eta musika tresnak borobila osatzen. Inguruan, mahai-gainetako kandelatxoek, giro intimoa sortzen lagundu zuten. Publikotik arituko zirela iragarri zutenean (musikariak jende artean egongo zirela) kezka nuen, ia ez genuen asmatuko nora begiratu. Montoiaren kontzertua hasiko orduko, ordea, arazoak abeslariak zituela ohartu ginen: publikoaren ze aldetara begiratu ez zekien. “Eskerrik asko aurrekoei, eskerrik asko atzekoi, ezkerrik asko ezkerrari, eskerrik asko eskubiari”, aritu zen 360 graduko bira eginez.

xabier_montoia_plateruena

Kontzertua ondo atera zelako pozik agertu zen Montoia, amaieran. Aurretik, ordea, Athleticek galdu zuelako tristura erakutsi zuen. Horregatik-edo, ‘pornografia sentimentala’ eskaini zigun. Horrela deitu zion kontzerturako prestatu zuen kanta bildumari.

Eskertu zituen Montoiak gerturatu ginenon txaloak; bai eta bertaratu izana ere. Antza, Rafa Ruedarekin batera egin zuen azkeneko kontzertura 6 lagun hurbildu ziren eta horietako bik, mozkor-mozkor eginda, Ondarroako kantutegi osoa eskaini zuten.

Ni ez naiz Xabier Montoia zalea; ez nuen bere musika ezagutzen, #daitort. Baina, gustura egon nintzen Plateruenean. Kritikaren bat egitekotan, hasiera berandutu egin zela (derbiagatik, ote?). Osterantzean, itzel egon zen Montoia. Gehitzen joan zen kontzertuan aurrera egin ahala, hainbeste ze, biserako gorde zituen ingelesezko klasikoetako baten mikrofonoa lurrera jausi eta oihuka amaitu zuen. Itzela!

Ruedaren kontzertuaren barruan

rafa_rueda

Berrian egindako elkarrizketan esan zuen «Elektrizitateak urrundu egiten du musika tresna benetakotasunetik», baina Plateruenean bere eta bere musikarien musika tresnek elektrizitateari esker eman zutena handia izan zen. Musikaren erdian banengo bezala entzuten zen boskotearen musika. Lan ona egin zuten bozgorailuen banaketan; ni neu musikak bilduta sentitu nintzen.

Bikaina izan zen Kirman Uribek idatzitako Udaberri lorea abestiaren interpretazioa. Ohi bezala, amaiera izugarri luzatu zuten bostek eta isiltzera zihoazela berriz ere goranzko bidea hartu zuten, subidoia!

Laburra egin zitzaidan kontzertua, baina merezi izan zuen Durangora hurbiltzea, kanpoan sekulako hotza egiten zuen arren. Berezia izango zela iragarri zuten eta halaxe izan zen. Behingoagatik taula gainera begira egon barik, publikoak ere kontzertua barrutik sentitzeko, eta ikusteko, aukera izan genuen eta esperientzia, niri behintzat, asko asko gustatu zitzaidan.

Eskerrik asko!

 

Kategoriak Kultur ikuskizunak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Denok gara Egunkaria

2003ko zezeilaren 21eko Anboto.

2003ko zezeilaren 21eko Anboto.

10 urte joan dira harrezkero. Bitartean euri asko bota du, baina joan den urtarrileko euriteek ere ez dute memorian duguna eraman. “Denok gara Egunkaria”. Horixe izan zen orain 10 urte Anbotoko astekarian ari nintzela gure mantxetari gehitu genion leloa.

Gurea barikuetan ateratzen genuen eta eguenerako bidaltzen genuen inprentara. “Eritxia” saila eta mantxeta besterik ezin izan genion eskaini 2003ko zezeilaren 21ekoan, Euskaldunon Egunkariari. Hala ere, keinuak merezi izan zuela uste dut eta hona ekarri, ez dezagun ahaztu.

eritxia-2003-02-21

Ez ginen bakarrak izan, badakit; oker ez banago, Topagunetik iritsi zen herri aldizkarietara deia. Hurrengo astean, mantxetari gehitutako “Denok gara Egunkaria”z gainera, erreportaje luzea osatu genuen Durangaldeko Egunkariko langileen iritziak ere jaso genituen: Aitziber Basauri, Asier Iturriagaetxebarria, Xabier Zabarte, Izaskun Bazterretxea eta Loli Agirre. Horrela joan zitzaizkigun orain dela 10 urteko egunak.

Kategoriak Euskararen patria, Ispiluari begira, Kazetaritza | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Copy-paste bertsio librean

IRAk 2002ko uztailaren 16an egin zituen ETAk atzo egin zituen antzeko adierazpenak . Antzekoak ze, copy-paste izateko alde handia dago. Dena dela, bai, ETAk atzo egin bezala, aurretik IRAk berak ere bereizketa egin zuen borrokalari eta ez borrokalari hildako eta zaurituen artean.

http://www.berria.info/zintak/zaldieroa/2013-02-19/

@zaldieroa, Berrian

IRAk Belfasten 30 urte lehenenago egindako atentatuaren urteurrenaren aitzakian egin zituen adierazpenak. ETAk, berriz, ustez bere azkeneko zuzendaritzan izan zen kideen epaiketan.

IRAk barkamena eta dolumina adierazi zien orduko biktimen senideei eta aitortu egin zuen Irlandako bakearekiko konpromisoak berarekin dakarrela “iraganeko akatsak eta besteei eragindako mina eta sufrimendua onartzea”. ETAk Orioko familiari eragindakoaren aurrean, «Eragin ahal izan zaien kaltea sentitzen duela esan nahi die ETAk». Hala, «Konponbide prozesua itzulezin bilakatzeko» duen konpromisoa «benetakoa» dela esan adierazi zuen, eta gatazkaren ondorioekin lotutako korapiloak askatzeko prestutasuna erakutsi zuen (berria.info).

IRAk 2002an zera esan zuen: “Etorkizuna ez dugu eraikiko porrot edo huts-egite kolektiboak ukatuz edo min egin izan zaien haien larriminari entzungor eginez. Horrek gatazkaren biktima guztiak barne-hartzen ditu, borrokalariak eta ez borrokalariak”.

ETAk atzo zera esan zuen: “Konfrontazioak eragin duen zauri asko ixteke daude ere. Zauri sakon eta mingarriak. Eta denon erantzukizuna da sendatzeko ahalegina egitea”.

10 urte joan dira IRAren adierazpenak prentsa argitaratu zirela.

Kategoriak Politika | Utzi iruzkina

Argentinako zine dokumentala ezagutzeko pista batzuk

Argentinako zine dokumentalari buruzko materclassean izan nintzen joan zen astean, EHUko Kazetaritza Zientzien auditoriumean. Mar de Platako Nazioarteko Zine Jaialdiko programatzailea, Cecilia Barrionuevo izan zen irakaslea. Nire ezjakintasuna erabatekoa zen hitzaldira joatea erabaki nuenean, eta aitortu behar dut zer ikusi asko eta oso interesgarria dagoela hor zehar. Fikzioa eta errealitatearen mugan eta harago doazen dokumentalen adibideak jarri zizkizgun Barrionuevok. Oso interesgarria izan zen master-eskola eta horren laburpentxoa ekarri dut hona; baita aipatu zizkigun izenburuetako batzuk ere.

kartela-argentina-zinea

90eko hamarkadan Argentinan zinea egiteko modua eta zine gaiak aldatu zirela esanez hasi zuen bere interbentzioa Barrionuevok. Izan ere, ordurarte “diktadurako ohiturekin lotuegia zegoan Argentinan egiten zen zine oro”. Hala, dirudienez, sasoi horretan sortu zen “zuzendari berrien kumaldi berria”. Aitzakia horrekin ekin zion ikerketari Barrionuevok, baina gaur egun duda egiten duela aitortu zigun “kumaldi ala nahaste-borraste” den zuzendari berrien uholdea. Zergatik? Hara, ordurarte bazeudelako zinegileak taldekatzeko ezaugarri amankomunak, baina harrezkero produkzio-erredakzio-tematika-poetika oso ezberdina lantzen hasi zirenez, zailagoa delako taldekatzea. Hala bada, “Camada o desmadre. Una visión sobre el otro cine argentino” izenburua jarri zion mintzaldari.

60-70eko hamarkadaetan kokatzen du zine berriaren egonkortzea; orduan hasi ziren dokumentalak egiten kontatu zigunez, “merkeagoa” zelako eta sasoi hartan sortu zelako baita ere latinoamerikako zine berria ere.

Bere ustez, 90 hamarkadako zinegileek “tienen urgencia de realidad”. Gazteleraz jaso dut esamoldea ederra iruditu zitzaidalako. “Nire mundua eta islatu nahi dudana, bai fikzioan eta dokumentaletan, errealitatea dela”, adierazteko erabili zuen esamoldea Barrionuevok.

Gara historiko horretan kokatu zituen Barrionuevok eraldaketa hori gauzatzen lagundu zuten beste gertaera ezinbesteko batzuk: zine eskolen sorrera, teknologia berria, zineari buruzko magazine espezialduen argitaratzea (zinegile berria arreta egiten zietenak), INCAAren (Argentinako Zine Institutua) diru-laguntzak sortzaile berriei, nazioarteko diru-laguntzez baliatzeko aukera eta zine jaialdien zabalkundea. Baieztatu zuenez, horrekin guztiarekin sareak ehuntzen joan ziren “autore-zinea garatzeko ezinbesteko direnak”.

2000. urtetik aurrera diskurtso berriak eraikitzen hasi ziren zinegileak Argentinan. “Pertsonaien ekintzak aldatu egingo dira eta diskurtsoak Buenos Aires gainditzera heltzen dira”. Leloa zera zen: “zinea egin behar da, ahal den moduan eta erakutsi egin behar, ahal den moduan”. Horixe izan zen Raul Perrone zuzendariaren maxima “generás un hecho artístico con una camarita, y rompés mitos y prejuicios”.

Egiteko modu horren adibide modura:

Krisiak ere eragina izan zuen egiten zen zine dokumentalean. “Si no puedes hacer de artista loco haces de artista real”. Zine mota horren erakusle izan daitezke hurrengoak ere:

Ezin izan nintzen arratsaldeko saiora geratu; ziur asko primeran egon zela eta askoz ere adibide gehiago erakutsi zituela Cecilia Barrionuevok. Niri neuri behintzat oso interesgarria iruditu zitzaidan, Argentinak pasa zuen krisiaren ondotik ere zine asko egiten segitu delako. Eta bizi dugun egoera ikusita, gurean ere lekua hartzen doaz era honetako zintak, ohiko pelikulen aurrekontuak altuegiak direlako.

Kategoriak Kazetaritza, Kultur ikuskizunak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Bergarako mojen ordena desegin du Vaticanoak, baina ez dakigu zergatik

Goienan irakurri nuenean, aho zabalik geratu nintzen. 25 urtetik beherako 19 moja Bergarako Klarisetan bizi zirela zioen erreportaje batek, 2012ko azaroan. San Juan eta Santo Domingoren ahizpak ziren orde berriko moja gazteak. Deigarria egin zitzaidan albistea, mojen gaztetasunagatik-edo.

Bergarako mojak korrika, Euskadi Irratia

Bergarako mojak korrika, Euskadi Irratia

Gaur berriz ere harrituta geratu naiz, Diario Vascoko albistearekin. Antza, Vaticanoan erabaki dute San Juan eta Santo Domingoren ahizpen ordena desegitea; diziplinarik eza eragin du ordena bertan behera uzteko erabakia hartzea. Baina, albistea goitik behera irakurri arren, jakin barik geratu naiz zer arau hautsi duten munduko hainbat txokotatik Bergarara bizitzera joan diren ahizpek. Luzea da DVko albistea, baina ez du argitzen zerk eragin duen Vaticanoko erabakia. Hala, galdera egin diot nire buruari: zein da albistea? San Juan eta Santo Domingo ahizpen ordena desegin duela Vaticanok? Ala, diziplina ezak eragin duela ordena bertan behera geratzeko agindua? Niri neuri, diziplina eza hori zein izan den jakinmina sortu zait, baina zoritxarrez, albisteak ez du hori argitzen. Behinola Euskadi Irratian komentatu zuten footing ere egiten zutela mojek, baina ez dut uste hori denik ordena bertan behera uzteko arrazoia.

Askotan gertatzen da albisteak egiteko orduan, informazio bat badugula, baina ez informazio osoa. Hala ere, albistea sortzen dugu, baina albiste horiek ez dute informatzen. Jakinmina sortzen dute, eta albistea osorik irakurtzeko gantxoa ere izaten dira, baina amaierara iritsi eta bila joan garen hori argitu ezean, dezepzioa izaten da nagusi. Batzuetan nahita egiten da, badakit. Informazioa tantaka ematen da, jakinminari tiraka, jendea erakartzeko estrategia gisa. Baina, era honetako albiste batek ez du horrelakorik behar. Bihar ez dut DVn albistearen bigarren partea bilatuko, anekdota hutsa delako mojen gertaera. Ez dute gaian sakonduko eta jakin barik geratuko gara zein den diziplina ez. Lastima; horixe izan baita albistea irakurtzera eraman nauena.

Kategoriak Kazetaritza | 2 iruzkin

Korrika hegaran pasako da Antzuolatik

Korrikaren ibilbidea esku artean, zer egin ohi dugu beti? Gure herritik noiz pasako den ikusi. Horixe egin dut oraintxe bertan eta, sorpresa! Bergaratik bai, Urretxutik ere bai, baina Antzuolatik? Korrikak hegaran egiten daki! Bergarara iritsiko da martxoaren 21ean gauerdia pasata (00:41:52) eta Urretxura iritsiko da ordubetera (01:47:49). Baina, nondik egingo du bidea?

http://bit.ly/UZNqiH

Korrika18-ibilbidae

AEK-k atzo bertan aurkeztu zuten 18. Korrikaren ibilbidea. Aurten, lehenengoz, mugikorretarako aplikazio baten jaso dute; Korrika hasten denean uneoro jakin ahalko dugu nondik dabilen lekukoa eta noren eskuetan. Itzela! Baina, Antzuolatik hegaran pasako da.

Aplikazioa Atking ingeniaritzakoek egin dute. Beste hainbat app egin izan dituzte aurretik; orain dela bi urte Durangoko Azokan agendarekin osatu zuten eta aurretik Gipuzkoako Bertso Txapelketarako ere egin zuten beste bat. Atzo aurkeztu zuten Korrikaren ibilbidea EiTBren Multibox aretoan. Hara elkartu ziren AEK, EiTB, Tabakalera, Atking, 11TB eta EHUko Multimedia Masterrekoak ere. Suerte pixka batekin, masterrerako prestatu ditugun transmedia proiektuetako batzuk ETB3k Korrikaz egingo duen programaziora gehituko ditugu.

Bitartean, Korrikaren ibilbidea kuskuseatzen segituko dut; amaren etxetik pasako ez bada ere, ia gure etxetik gertu korrika egiteko aukera daukagun. Martxoaren 22an Gernikatik pasako da 22:57:49ean, ia ba!

 

 

Kategoriak Euskararen patria, Ispiluari begira, Kultur ikuskizunak | 3 iruzkin

PSE-EHBilduren pisuzko lehenengo akordio posiblea, gaur zortzi

UPyDren eskutik etor liteke, sozialista eta ehbildu talde parlamentarioen arteko lehenengo akordioa, X. legegintzaldi honetan. Ez dut hori baieztatzeko daturik, ez diet galdetu. Baina Eusko Legebiltzarreko webguneak zera dio:

Legebiltzar-Taldeak

  • Aurrekoak bezala, lehendakariak kargua hartu eta hilabete eta astebetera: Patxi Lopezek kargua hartu zuen
    2009-05-07an, eta IX. lehenengo ohiko osoko bilkura 2009-06-12an izan zen.
  • Iñigo Urkulluk 2012-12-15ean hartu zuen kargua eta lehenengo ohiko osoko bilkura, esan bezala, 2013-01-24an izango da.
  • Aurkeztu dizkioten zuzenketen artean, badago akordiorako aukerarik PSEren eta EHBilduren artean. Biek ala biek proposatzen dute lantaldea sortzea Legebiltzarrean, EAEko erakunde sarea
    aztertzeko.

<!–
@page { margin: 2cm }
P { margin-bottom: 0.21cm } Hortaz, eta UPyDk kontrakoa esaten ez badu (hau da, ekimena erretiratu),  gaur zortzikoa izan daiteke sozialisten eta ehbilduren lehenengo
akordio sendoa; UPyDren eskutik badator ere. Izan ere, Legebiltzarrean lan taldea sortzea parlamentuaren jardunaren parte da; gero, baina, horrek zer eman dezakeen ikusteko dago.

Kategoriak Eusko Legebiltzarra, Politika | Etiketak , , , | Utzi iruzkina