Mila eta bat gau, tximinoarekin

babuino

Mezu honek ipuin bat eta podcast bat dakar: irakurtzeko edo entzuteko. Txinpantze bat maitaletzat hartu zuen emakumearen istorioa ekarri du gogora Markos Zapiainek. Max, mon amour filman kontatu zuen hori Nagisha Oshima zuzendari japoniarrak. Marco Ferreriren Ciao Maschio filma ere aipatu izan dut nik blog honetan. Kontatzen duten istorioa ezberdina izan arren, bi filmek gai beretsua jorratzen dute: gizarte burgesaren sexu rol banaketa eta honen krisia. Baina istorioa askoz zaharragoa da: Mila gau eta bat gehiago ipuin bilduman agertzen da dagoeneko.

Aipaturiko bi filmetan, tximinoak irudikatzen du gizontasuna eta arrari loturiko sexualitatea. Ez da harrigarria, tximinoak horrekin identifikatu izan direlako antzinako Egiptotik. Babuinoen sexualitate oparoak egiptoarrengan sortu izan duen mirespena aipatu dut lehen ere.

Thot tximu-jainkoa mendebaldeko paisaia intelektualera pasa zen, Hermes Trismegistos eta Merkurio gisa (Jesu Kristo horien agerpen bat litzateke), baina ez arren sexualitatearen irudi gisa, baizik eta interpretazioaren eta erlijio misterikoen mezulari gisa.

Ekialde Hurbilean, berriz, ondo gorde zuten tximinoa eta sexu grinaren arteko lotura, H. W. Jansonek nabarmentzen duenez. Izan ere,  Mila gau eta bat gehiago bildumako ipuin baten gaia hori izan zen. Errege baten alaba ninfomanoaren eta tximino baten arteko harremana kontatzen du ipuinak (356-357. gauak).

Mila gau eta bat gehiago bildumaren lehen bertsioak Kristo Ondorengo 800-900 urteen artean sortu zirela uste dute adituek. Edonola ere, horretan bilduriko ipuinetako asko hori baino askoz zaharragoak direla uste dute. Izan ere, Egipto, India zein Persiako kontakizunak biltzen ditu testuak.

Jansonen arabera, Erregearen alaba eta tximinoaren istorioaren bertsio bat XI. mendean agertu zen Europan, Petrus Damianusen bestiario batean. Istorio hau da Ferreriren eta Oshimaren kontakizunen ama. Mendez mende igaro da eta aro bakoitzak ukitu ezberdina eman dio, uneko kezkak islatzeko.

Europan zabaldu diren itzulpen gehienetan zentsuraturik argitaratu izan dute Mila gau eta bat gehiago. Izan ere, ipuinetako askok lotsarik gabe eta naturaltasun osoz jorratzen dituzte gai erotikoak. Horren adibide aski gordina da Erregearen alaba eta tximinoa hau.

Esaterako, (eta zuzendu nazala norbaitek, mesedez, oker banabil) ez dut istorio honen euskarazko bertsiorik aurkitu Mila eta bat gaurko itzulpenetan. Izan ere, euskaraz ez da bertsio osorik argitaratu, baizik eta ipuin aukeraketak. Aukeratzaileek bazterrean utzi dute Erregearen alaba eta tximinoa, beharbada, umeentzako ipuin bilduma gisa aurkeztu izan dutelako Mila gau eta bat gehiago. Richard Francis Burtonek argitaratu zuen Europan zentsuratu gabeko lehen bertsioa, 1885. urtean, ingelesez.  Hortik hartu dut nik testua ingelesetik halamoduz eta azkarregi, agian, euskaratzeko.

Zoofiliaz harantzago doan istorioa da, kasu honetan gizakia baita piztia.

Erregearen alaba eta tximinoa

Bazen behin Sultan baten alaba, esklabo beltz batekin maiteminduta
zegoena. Esklaboak erabat txolindu zuen eta neskak sekulako grina hartu
zion larru-jotzeari. Ezin zuen ordu bakar bat ere igaro horri ekin gabe
eta hala esan zion bere neskameetako bati. Honek adierazi zionez, ez
dago ezer babuinoa baino grinatsuagorik larrua jotzeko orduan.

Orduan, egun batean, suertatu zen bada tximino-zain bat igaro zela,
tximino handi batekin, erregearen alabaren leiho saredunaren azpitik.
Aurpegiko beloa altxatu zuen neskak eta tximinoari begira, keinu bat
egin zion begiekin. Tximinoak sokak eta katea hautsi zituen eta
printzesarengana igo zen. Ezkutatuta izan zuen honek, txoko batean, eta
han bizi izan zen gau eta egun, jaten, edaten eta larrua jotzen.
Printzesaren aitak izan zuen horren berri eta alaba hiltzea erabaki
zuen. Orduan Sherezadek egunsentia somatu zuen eta istorioa kontatzeari
utzi zion.

Hirurehun eta berrogeita hamaseigarren gaua zenean…

Sherezadek esan zuen: kontatu didatenez, oi zorioneko errege!, Sultanak
entzun zuenean printzesa eta tximinoarena, alaba hiltzea erabaki zuen,
baina emakumeak izkin egin zion. Mamelukoz jantzita, zaldi gainera igo
zen, mando bat zamatu ondoren urrezko barrekin eta bestelako hamaika
gauza preziaturekin. Tximinoa aldamenean hartu eta Kairora egin zuen
ihes.

Hiriaren kanpoaldeko, Suezko basamortuaren ertzeko, etxeetako batean
jarri zen bizitzen. Egunero haragia erosten zion gizon gazte bati,
harakina bera. Baina ez zen harengana heltzen eguerdira arte eta horren
aurpegi zurbil eta nahasia zuen, non harakinak bere buruari esan zion,
“misterioren bat dago esklabo honen inguruan”. Harakinak honela kontatu
zuen ondoren gertaturikoa: “Niregana ohi bezala etorri zen batean,
ezkutuan atera nintzen haren atzetik, eta lekutik lekura jarraitu
nintzaion, gelditu gabe, ez baininduen ikusi. Azkenean, bere etxera
heldu zen, basamortuaren ertzean, eta sartu egin zen. Zirrikitu batetik
begiratu nuen, eta ikusi nuen, etxean sartu orduko, sua piztu eta
haragia prestatu zuela. Zati bat jan zuen berak eta gainekoa aldamenean
zuen babuino bati eman zion.

Orduan, esklabo jantziak alde batera utzi eta emakumeen apaingarririk
aberatsenak jantzi zituen. Horrela jakin nuen dama bat zela. Ondoren,
ardoa atera zuen eta tximinoari eman zion edateko. Gau erdiz larrua jo
zion honek, hamaika aldiz, gelditu gabe, emakumeak konortea galdu arte.
Orduan, tximinoak zilar harizko estalki bat bota zion gainetik eta bere
txokora itzuli zen.

Orduan, babuinoak ikusi egin ninduen eta txikituko ninduen, labana
azkar asko atera izan ez banu. Sabela ireki nion eta hesteak kanpora
erori zitzaizkion. Zaratak dama gaztea iratzarri zuen eta izuturik eta
dardarez altxatu zen. Tximinoa egoera horretan ikusi zuenean, garrasi
egin zuen. Arima gorputzetik atera izan balitzaio bezalako garrasia
bota zuen. Orduan, erori egin zen zorabiaturik eta bere onera itzuli
zenean zera esan zidan: “Zergatik egin duzu hori? Alaren izenean,
bidali nazazu haren atzetik!”. Baina zintzo egin nion hitz eta larrua
jotzeko orduan tximinoaren lekua hartuko nuela agindu nion, haren
ezinegona uxatu nuen arte. Emaztetzat hartu nuen, baina agindutakoa
betetzeko orduan huts egin nuen, motz geratu nintzen eta ez nintzen
gauza izan halako langintza gogorrari aurre egiteko.

Nire egoeraren berri eman nion atso bati, arazoa konponduko zuela esan
baitzidan, eta emaztearen demaseko eskaera aipatu nion. “Lapiko bat
ekarri behar dizazu, ozpin birjinez beterikoa eta piretro
deritzon belarren kilo-erdia”, esan zidan atsoak.

Behar zuena eraman nion eta belarra lapikoan jarri zuen ozpinarekin eta
dena sutan jarri zuen, ondo egosi arte. Orduan neskari larrua jotzeko
eskatu zidan, eta larrua jo nion konortea galdu zuen arte. Atsoak
altxatu egin zuen printzesa eta haren hankatartea lapikoaren ahoan
jarri zuen. Lapikoaren lurrina aluan sartu zen eta handik zer edo zer
erori zen: bi zizare ziren, bat beltza eta bestea horia. Atsoak esan
zidan: “Iluna esklabo beltzaren larru-jotzearen ondorioa da, horia
babuinoarena”.

Bere onera itzuli zenean, nirekin bizi izan zen pozik eta alai eta ez
zuen lehen bezala larrua jotzeko eskatu, Alak demaseko grina hura kendu
baitzion”.

Eta Sherezadek egunsentia somatu zuen eta istorioa kontatzeari utzi zion.

Hirurehun eta berrogeita hamazazpigarren gaua zenean…

Sherezadek esan zuen: kontatu didatenez, oi zorioneko errege!, honela
jarraitu zuen harakin gazteak: “Benetan kendu zion Alak demaseko grina
eta hori mirestuta, gertatu zenaren berri eman nion printzesari.
Ondoren, harekin bizi izan nintzen eta hark atsoa amatzat hartu zuen”.
Eta istorioa kontatu zidanak esan zidanez, atsoa, gizon gaztea eta
emaztea pozez eta alai bizi izan ziren, plazer ororen suntsitzailea eta
gizarte guztien deuseztatzailea haiengana heldu zen arte. Aintza
Betirako-bizi Denari, hilezkorrari, mundu ikusgarria zein
ikusezina menpean dituenari!

Eta horrela amaitu da beste istorio bat.

Tximino hermetikoa

thot_baboon

Signe eta singe, zeinua tximino bihurtzeko (eta alderantziz) bi hizkik euren lekua trukatzea baino ez da behar frantsesez. Simiotika zientzia sortzeko beharra dagoela esan dut lehen ere, eta signe-singe bikote parodikoak horren aldeko beste argudio patafisiko eztabaidaezina jartzen du mahai-gainean. Mezu honetan azaltzen dut Egiptoko tximu-jainko Thot mundu helenistikoan Hermes Trismegistos jainko bihurtu zutela eta horrek tximinoaren eta Jesu kristoren arteko identifikazioa argitzen duela. Zeinuen interpretazioaren jainkoak ziren Thot zein Hermes. Kixmi, beraz, simiotikaren patroi, zeinua eta tximinoa.

Zeinuen eta tximinoen arteko loturaren jatorria Egipton dago. Thot jainkoa ibis hegaztiarekin buruarekin edo babuino gisa irudikatzen zuten. Idazkeraren eta hieroglifoen jainkoa da, jainkoen (errealitatearen) eta gizakien artekaria.

Hermes Greziako jainkoarekin bateratu zuten Thot mundu helenistikoan, hau da Greziako Inperioaren azken fasean (kristo aurreko 500. urtetik aurrera). Eginkizun bera jokatzen zuen Hermesek Greziako panteoian: zeinuen bidezko komunikazioaren jainkoa zen, interpretea (hortik dator hermeneutika hitza). Mugalarien patroia da (Tarkovskiren stalker-a) eta hildakoen arima beste mundura gidatzen dituena (psikoponpoa).

Sinkretismo horretatik, Hermes Trismegistos jaio zen. Erromako mitologian Merkurio izena eman zioten gero. Horapollo Nilousek bere Hieroglyphica-n esan zuen egiptoarrek babuinoa (cynocephalus) Merkuriori eskainitako animalia zela, idazkiak ulertzeko gai delako eta Merkurio idazkeraren jainkoa delako.

Hermes Trismegistos, 1624. urteko grabatu baten arabera

Hermes trismegistos bat eta hirukoitza da (trismegistos hitzak “hiru aldiz handia” esan nahi du). Sakonago aztertu beharko nuke, baina katolikoen “hirutasun saindua” kontzeptu bitxia hortik etortzea da litekeena. Gogoratu, Karlheinz Deschner kristautasunaren historialariak esan zuen blog honetan erlijio kristauan ez dagoela ezer originalik, lehendik zeuden ideien saski-naski bat besterik ez dela: Jesukristo plagio hutsa da.

Izan ere, Jesu Kristo Hermes Trismegistosen agerpen gisa jo izan dute Gnostikoek, André Natafek Les maîtres de l’Occultisme hiztegian gogorarazten duenez.

Semiotikaren arabera, zeinua da gezurra esateko erabil daitekeen guztia, eta Thot-Hermes jainkoa bat dator horrekin ere, gezurraren eta iruzurraren jainkoa baita. Shaftesburyk esan zuen babuinoaren irudia unibertsitatea adierazteko erabiltzen zela hieroglifoetan.


Hermes-Mercurius Trismegisto, Sienako (Italia) katedraleko zoruko mosaikoan.


Zeinuak eta haien deszifratzea. Egun ere, testu bat interpretatzeko zaila denean hermetikoa dela esaten da (egun, batez ere, poesia aztertzerakoan erabiltzen da esamoldea). Hermes Trismegistosek ustez idatzitako liburuek, Hermetica, ospe handia izan zuten alkimisten artean Erdi Aroan eta Ernazimenduan. Hermetikoki itxita esaten dugu konturatu gabe esamoldeak Hermes Trismegistosi loturiko magiarekin zerikusia duela. Deabruak edo aingeruak ontzietan edo estatuetan giltzapetzeko begizkoak ziren zigilu hermetikoak.

Hiztegia:

  • Signe– zeinua
  • Singe– tximino, simioa
  • Semiotika– zeinuak aztertzen dituen zientzia, edo, beste modu batez esanda, gezurra esateko erabil daitezkeen gauzen zientzia.
  • Simiotika– Marilyn Mansonen kantak dioenez: Tximinoa zen X handia.

Tximino disekatuen erotismoa

marker

Mamu batek egin zuen Sans Soleil (Eguzkirik Gabe, 1983)  film liluragarria. Chris Marker zinemagilea ez da batere ospetsua, ez du ia inoiz elkarrizketarik eskaini eta haren argazkirik ia ez dago. Oso gutxi zabaldu dira Markerren filmak, baina halere, sekulako eragina izan dituzte harribitxiok. La Jeteé filman oinarritu ziren Twelve Monkeys (Hamabi Tximino) egiteko, baina, hona, ordea, nire fetitxe partikularretako batengatik ekarri dut Marker: tximino disekatuen erotismoarengatik.

Berlinen ikusi nuen Sans Soleil lehen aldiz, 1995. urteko udazkenean. Etxean ez genuen berogailurik eta, egun osoa zero gradu azpitik ez ematearren, askotan joaten nintzen Marshall Planaren diruarekin eraikitako Amerika Gedenk Bibliothek liburutegira. Hango bideotekan aurkitu nuen Markerren “dokumentala” (nolabait deitzearren). Lehen hitz eta iruditik lepotik heldu ninduen, Ingumaren indarrarekin. Ez nau oraindik askatu.

Sans Soleil collagea da, Markerrek besteak beste Guinea Bissaun, Islandian, eta, batez ere, Japonian 16 milimetroko kamera batekin harturiko irudiekin eta kasete grabagailu batekin jasotako soinuekin eginikoa.

1983. urtean argitaratu zuen denboraz, oroimenaz, kontsumismoaz, Tarkovsky-z, Historiaz, iraultzaz eta irudiaz eginiko hausnarketa poetiko-filosofiko hau (Markerrek jorraturiko gai bakan batzuk aipatzearren). Intelektualoidegia ematen du horrela esanda, baina edizioaren eta hitzaren bidez, magia egiten du Markerrek irudirik hutsalenekin, hau da, edozein turistaren kameratik atera zitezkeen souvenir banalenarekin. Are gehiago, banalitatearen apologia egiten du: “Japoniaren mirari ekonomikoaz mintza nintekeen, baina nahiago dut auzoetako jaiak ateratzea”.

Izugarri konplexua da Markerrek osatzen duen puzzlea eta honez gero, badakit pare bat reenkarnazio beharko ditudala Sans Soleil apur bat ulertzeko. Ez dut oraingokoa utziko, ordea, Markerren putzuan kainabera sartu gabe.

Gorpurik gabeko zauria

Sans Soleil, 27′ 47”: Tokyoko Sogo saltokiko zazpigarren solairuan jarritako erakusketa baten inguruan mintzo da off-eko ahotsa. Eliza katolikoari buruzkoa da erakusketa, eta Vatikanotik inoiz atera ez omen diren fetitxeak jarri dituzte ikusgai: Aita Santuaren koroa, Joan Paulo II.aren irudia, biblia apaindua, gurutzeak… Inguruan dabiltza japoniarrak, harrituta, objektuok zer diren eta zer esan nahi duten jakin-minez. Hortik, Japoniako objektu sakratu-erotikoak erakusten dituen museo batera egiten du salto. Hokkaido uharteko Josen-kain dago museoa eta sexu organoak irudikatzen dituzten eskultura erlijiosoak ditu lehen zatian. “Noiz ikusiko dugu hauen erakusketa gure saltokietan?”, galdetzen du burlaizez.

Museoaren bigarren zatia, disekaturiko animalia bikoteez osaturikoa, lurreko paradisua litzateke, beti amestu izan dugun bezalakoa. Baina agian ez…; animalien inozentzia trikimailua izan daiteke zentsura saihesteko, edo, agian, ezinezko adiskidetze baten ispilua. Eta jatorriko bekaturik gabe ere, hau galduriko paradisua litzateke. Josen-kaiko animalia jatorren dirdiran ikusten dut Japoniako gizartearen amildegi nagusia, gizonezkoak eta emakumezkoak banantzen dituzten amildegia. Bizian bi modutan baino ez da agertzen hori: hilketa odoltsuan edo malenkonia sotilean. Azken hau hitz bakar itzulezin baten bidez adierazten dute japoniarrek. Elizaren aitek gogor gaitzesten zuten gizakiak eta piztiak maila berean jartzea, baina hori hemen piztiek gauzen mingostasunari eginiko erronka bilakatu da. Malenkonia horren kolorea eman diezazuket Samura Koichiren lerro batzuk kopiatuta: “Nork esan du denborak zauri guztiak sendatzen dituela? Hobe litzateke esatea denborak dena sendatzen duela, zauriak ezik. Denborarekin, separazioaren minak galdu egiten ditu muga errealak. Denborarekin, desiraturiko gorputza aurki desagertuko da eta desiratzen duen gorputza dagoeneko galdu bada bestearentzat, orduan, hau geratzen da: gorputzik gabeko zauria”.

marker2

Marker eta Wenders, Sans Soleil eta Tokyo-Ga

Sans Soleil estreinatu eta bi urtera, 1985ean, Tokyo-Ga filma aurkeztu zuen Wim Wenders zuzendari alemaniarrak. Sans Soleil ez bezala, asko zabaldu da Wendersen dokumentala. Markerrek iluntasuna aukeratu bazuen, Wendersek Kaliforniaren eta ospearen argitasuna hautatu zituen.

Eta halere, nahiko ilun eta tristea da Wendersek Japonian eginiko ahalegina, batez ere, Sans Soleil ikusi duten zorionekoentzat.

Wendersek Yasujiro Ozu zinemagile japoniarrari ustez dioen miresmena erabiltzen du bere bidaia justifikatzeko. Ozuk 1950. Hamarkadako Japonia erretratatu zuen bere film naturalistetan eta gizarte hori nola aldatu den aztertu nahi duela dio Wendersek. Baina Wenders erabat galtzen da Tokyoko zeinuen labirintoan. Azkenean lortzen duen bakarra zera da, Ozuren kameralaria izan zena negarrez jartzea, zuzendariarekin pasatutako urteak gogorarazi eta emozionatuta. “Orain utz nazazue, mesedez”, eskatzen die agureak malkotan Europako barbaroei. Zinema dokumentalaren historiako elkarrizketa amaierarik lotsagarrienetako bat da, zalantzarik gabe.

Tokioko Pachinko izeneko makina txanponjaleak erakusten dizkigu Wendersek, gaia eta testua Roland Barthes filosofoak 1970. urtean argitaraturiko L’empire des signes liburutik aterata, baina fenomenoaren azalean geratzen da Wenders. Pilota zuloan sartzeko asmoa baztertuta, golf pilotak helburu argirik gabe kolpatzen dituzten tokyotarren hobby bitxia erakusten du, konturatu gabe, antza, arku tiratzaileen Zen tradizioa jarraitu baino ez dutela egiten.

Baina badago Tokyo-Ga salbatzen duen gauza bat: Chris Marker ateratzen da.

Tokyon La Jetée filman inspiraturiko taberna bat dago. Han lortzen du Wendersek frantziarraren irudia, “begi bat besterik ez bada”. Markerrek paper bat erakusten dio kamerari eta berori erabiltzen du ezkutatzeko. Paper horretan Markerren animali begikoenak ageri dira, katua eta hontza. Haren filmetan etengabe agertzen dira animaliok. Tximinoarekin batera, katuak eta hontzak gaizkia eta deabrua irudikatzen zuten Erdi Aroan.

chrismarker

Artean “Sans Soleil film ederra” ikusi gabe zuela esaten digu berehala Wendersek, badaezpada ere, norbaitek bi filmen arteko antza susmagarria ikusiko balu. Excusatio non petita...

Gogorregia naiz, agian, Wendersekin.

Zer da Markerrek Japonian somaturiko malenkonia hori, tximino disekatuen erotismoak iradokitzen dion gorpurik gabeko zauria? Argazkiaren definizio ederra litzateke “gorpurik gabeko zauria” esaldia. Baita oroimenarena ere.

Izan ere, oroimena eta irudiaren arteko harremanaren ikuspegi erabat kontrajarriak ematen dituzte Markerrek eta Wendersek euren lan horietan. “Japoniara kamerarik gabe joan izan banintz, hobeto gogoratuko nintzateke”, dio Wendersek Tokyo-Gan. Markerrek, ordea: “Irudiek berehala ordezkatu dituzte oroitzapenak nire memorian. Nire buruari galdetzen diot, nola gogoratzen dituzte gauzak irudirik hartzen ez dutenek?”.

Oraindik ez dakit zergatik jarri zion Terry Gilliam-ek Twelve Monkeys izenburua 1995. urtean Markerren La Jetée (1962) filman oinarrituta egin zuen moldaketari. Animalia disekatu asko agertzen dira La Jetée-n, baina tximinoen arrastorik ez. Ezkutaturik daude, Marker bezala? eta soilik Gilliamek somatu ditu?

Zuhaitzek, batzuetan, ez dizkizute tximinoak ikusten uzten.

Kixmiren ekuazioa

Simio bat ipur masailak irekitzen eta uzkia agerian uzten. Hona XVI. mendeko bestiario bateko marrazkia. Irudia klasiko bat da dagoeneko blog honetan: Hanuman tximu-jainkoaren eta Jesu kristoren bihotz sakratuetatik, Superman eta Goatse, Interneteko supergizaki anonimo nazkagarrira.

Bi urtez ibili naiz liburu bat lortu nahian. Tximinoen sinbologiaren inguruko testu askotan etengabe aipatu didate Apes and apes lore, in the Middle Ages and the Renaissance hau (Simioen eta simioen inguruko tradizioa, Erdi Aroan eta Ernazimenduan). H. W. Janson artearen historialariak idatzi zuen eta Londresko Unibertsitateak argitaratu zuen lehen aldiz, 1952. urtean. Izenburuak argi deskribatzen du liburua zertan den: simioek eta tximinoek Mendebaldeko kulturan izan duten eginkizuna aztertzen du, Ernazimendura arte.

Londresko Unibertsitateko The Warburg Institutera idatzi nuen duela aste batzuk, testua lortzeko modurik ote zegoen galdetzeko. Liburua aspaldi agortu zela erantzun zidaten, baina 1976. urtean berriz inprimaturiko edizioko ale bakar bat geratzen zitzaiela.

Eskuartean dut, azkenean, ale hori, eta ez du Londresko soto edo bulego batean 31 urte eman izanaren zantzurik ageri.

Berehala hasi naiz, urduri, orriak pasatzen. Kixmiren misterioa behingoz argituko duen testua edo irudia aurkituko al dut simiotikaren biblia honetan?

Baina liburuak barre egin dit, berehala, kupidarik gabe.

Begiak zuzenean joan zaizkit, iman batek erakarrita bezala, 269. orrialdean dagoen ilustrazio honetara.

engraving copy

Florentziako (egungo Italia) grabatu bat dela dio Jansonek, 1470. urte inguruan eginikoa. Marrazturiko bestiario batean argitaraturikoa, hau da, animaliak deskribatzen dituen liburu batean. Benetako eta fikziozko animalien artean, lau simio agertzen dira.

Horietako bat babuinoa dela argitzen du grabatzaileak, inskripzio baten bitartez, eta simio mota horien sexurako grina nabarmentzen du marrazkian.

Nire arreta, ordea, lehen lerroaren erdiko marrazkiak erakarri du. Ipurdi masailak zabaldu eta uzkia agerian uzten duen simio bat erakusten du.

engraving

Liburuaren egileak ez du hitzik ere egiten irudi honen inguruan. Ziurrenera, testuingururik ez duelako simio horren keinua kokatzeko. Hainbatetan hitz egin dut blog honetan irudi horren inguruan. Keinu horren genealogia saio bat ere egin dut, grafiko honetan laburbilduta:

uebermenschazkena

Jansonek berak ere aipatzen du “Kreazio Bikoitzaren ideia zaharra” tximinoen ikonografia azaltzean (86. orr.): Deabrua Jainkoaren kreazioa imitatzen saiatzen da, baina kopia txar bat baino ez du lortzen. Georges Bataillek ideia hori hartu zuen berriz XX. mendean, baina jainkoak eta deabruak albora utzita, munduaren berezko “izate parodikoa” salatu zuen.

Ipurdia zabaltzen duen pertsonaia hauek bihotz sakratuaren gaiaren parodia jokoan jartzen ari direla dirudi, Goatse irudia Interneten aroan eta Florentziako grabatu horretako simioa XV. mendean.

Irudia eta kontrairudia, keinua eta keinuaren parodia, jar daitezke orain elkarrekin, formula berean. Interesgarriena da tximinoa ekuazioaren bi aldeetan aurkitzea. Bide bat izan daiteke inkognita argitzeko.

ekuazioa

Tximino orkidea

Orchis simia 7.jpg_2006510234513_Orchis simia 7

Orchis Simia landarearen loreak harrigarriak dira, tximu itxura dutelako. Orkidea hau Euskal Herrian aurkitzeko txango bat antolatu dugu asteburu honetarako. Nork nahi du etorri?

Lamarck naturalistak jarri zion izen zientifikoa orkideaken familiako espezie honi 1767. urtean. Alemanez, Affen-Knabenkraut esaten diote. Ingelesez, monkey orchid. Espainolez, orquídea mono. Frantsesez, orchis singe.

Tximinoa agertzen da izen guztietan, beraz. Orchis hitzak, grezieraz, barrabila esan nahi du. Izan ere, landare honen tuberkuloek koskabilo itxura dute. Loreek, ordea tximuak dirudite. Dozenaka tximu ageri ditu landareak loretzen denean. Zoragarria da.

Orchis_simia03

Naturako lorerik eboluzionatuenak dira orkideak. Espezie honek, gainera, animaliarik eboluzionatuena parodiatzen du (“parodiatu” Batailleren zentzuan).

20-45 zentimetro garai da zurtoina. Kare asko duten lurretan hazten da, baina ez soilik Mediterranio inguruetan, baita ipar Europan ere. Mediterranio isurialdeko Euskal Herrian ere egongo dela pentsatu dut.

Xabier Lizaur botanikoari idatzi diot, tximino orkidea Euskal Herrian ote dagoen galdetzeko. Eta oso jator erantzun dit:

“Errazena aurkitzeko, Nafarroako Erro bailaran (edo Genbe-gainan bestela). Detalle gehiago, Orquídeas de Euskal Herria liburuan”.

Iaz Erremellurira joan ginen garai honetan, koadro bat ikustera. Tximino orkidea bere habitatean behatzea izango da aurtengo txangoaren helburua. Larunbatean abiatuko gara. Norbaitek gurekin etorri nahi badu, erantzun diezaiola mezu honi. Denbora gutxi txangoa prestatzeko, bai. Baina orkidea hau maiatzatik ekainera arte loretzen da. Orain ala inoiz ez.

Orchis simia 6.jpg_2006510234448_Orchis simia 6

Liluraturik nauka loreak. Diseinu adimentsuaren aldekoei arrazoia ematen diela dirudi: hau ezin da izan eboluzioaren istripu hutsa, diseinatzaile batek egon behar du atzean.

Baina beste gauza bat ere argi uzten du: diseinatzailerik badago, injeniari jainkotiar horrek tximu bat izan behar du. Orkidea hau bere irudi eta antzaren arabera egin badu behintzat.

Gutuna antikristori

Lars_von_Trier_188570c

Lars Von Trier zinema zuzendariari eskutitz bat idatzi diot, hurrengo filman tximino bat sar dezala eskatzeko. Jakin nahi duzu zergatik? Segi irakurtzen.

Aurpegi arraroa jarri didate lagunek esan diedanean Lars von Trierri idatziko diodala. Antza denez, ez zaie oso zentzuzkoa iruditu nire asmoa, sinplea bada ere. Danimarkako zinema zuzendariari idatzi nahi diot gauzatxo bat eskatzeko: hurrengo filman tximino bat sar dezala.

Nora idatziko diozu baina? Nola lortuko duzu kasu egitea? Eszeptizismoz izozturiko begiradak bota dizkidate. Bai, honez gero badakit nire bideoekin ez naizela zinemaren historiara pasako. Lars von Trieren bizkarroi gisa pasatzea, hau da, ideia bat haren filme batean sartzearekin amestea umekeria da. Badakit.

Asmoa hoztea lortu dute, eta bertan behera uztekotan egon naiz. Baina Associated Press agentziaren artikulu batek kemena eman dit aurrera jarraitzeko.

  • Depresioak lur jota utzi du Danimarkako zuzendaria.

Hala dio duela pare bat aste Copenhagenen idatziriko artikuluak. Kontatzen duenez, Von Trieri eginiko elkarrizketa argitaratu du Politiken egunkariak. Deprimituta dagoela eta filmerik egiteko gogorik ez duela dio zuzendariak.

Ados, nori axola zaio Lars von Trier lur jota egotea? Ez al du berak aski sufriarazi bere filmen ikusleak? “Sadikoa deprimituta dago, bazen garaia!”, pentsatuko dute askok.

Kontua zera da, Trier beldurrezko film batean egiten ari dela lan. Antikristoa izango du izenburu, antza, eta zuzendariak depresioa gainditzen badu, litekeena da 2008rako estreinatzea. Filmaren planteamendua ezaguna egingo zaie Kixmi bloga jarraitzen dutenei: Satan da munduaren sortzailea, ez Jainkoa.

Simia Dei
bideoa egin nuen nik ideia hori adierazteko. Gogoratu esaldia: Diabolus est simia dei (Deabrua jainkoaren tximinoa da).

Bergmanen aurrekaria

Von Trier ere ez da oso originala. Ingmar Bergmanek egin zuen pelikula hori 1949. urtean. Fängelse du izenburu (Espetxea).

 2fangelse49

Film bat da filmaren barruan. Erretiroa harturiko irakasle batek proposatzen dio zinemagile bati istorioa: mundua espetxe bat da eta deabruak zuzentzen du. Zuzendariak ez du azkenean filma egiten, baina Bergmanek argi erakusten du mundua infernua dela.
 

“Mesedez, Lars, tximino txiki bat!”

 “Ezin duzu film bat egin lur jota zaudenean”, esan du Von Trierrek Danimarkako prentsan.

Kemena eman nahi diot. Gutun bat idatzi diot. Tesi bat egiten ari naizela esan diot. Jainkoaren tximinoaren ideiak arte, literatura eta zineman izan duen bilakaera ikertzen ari naizela (ez da erabateko gezurra). Tesian profetizatzen dut jainkoaren tximinoaren ideia agertu egingo dela Lars von Trierren hurrengo filman. Nire hipotesia egiaztatzen laguntzeko eskatu diot. Apalki eskatu diot tximinoren bat sartzeko Antikristo filman.

PICT2187

Noski, litekeena da nire gutuna zuzenean zakarrontzira joatea, Trierren eskuetara pasa baino lehen. Badakit. Baina imajinatu kasu egiten duela. Imajinatu nire eskutitza irakurri gabe ere, jainkoaren tximinoa agertzen dela haren pelikulan.

2008an edo, jakingo dugu.

 PICT2190

Ictus

broken_image

Blog honek istripua izan du eta elbarri geratu da, goiko argazki hori bezala. Bi urtez jo eta ke bilduriko irudi guztiak galdu egin dira, klik oker baten ondorioz. Ez dakit zer egin. Laguntza eskatzen dizuet.

Gizaki batek edo makina batek. Edo, agian tximino eroaren hatzaparrak. Norbaitek klik oker bat egin du Kixmi bloga gordetzen duen zerbitzarian. Horren ondorioz, blogaren hasieratik iazko abuzturainoko argazki guztiak galdu egin dira. Ez dago irudiok berreskuratzerik, antza, eta bi urteko lana desagertu egin da betirako. Honela azaldu didate teknikariek gertaturikoa:

– Argazki horiek  doc karpetan zeuden blog zaharrean.

– Zure bloga 2006ko irailean pasatu genuen plataforma zaharretik berrira. Teorian argazkiak ere etorri ziren, tresna automatiko batek lan egin bait zuen beste blog askorekin bezala, zurearekin.

– Blog zahar gutziak gordeta izan ditugu duela hilabete bat arte, eta azkenean, Goienakoekin adostuta, ezabatu egin ditugu, dena blog berrira pasatuta zegoelakoan.

– Duela zenbait aste reklamatu zenuenean, bila ibili ginen eta ez
genuen inon ere  doc karpeta hori aurkitu. Ez dakiguna da, 2006ko irailean ez zen ekarri erroreren bat egon zelako, ala tartean norbaitek karpeta ezabatu duen. Horra sarrera dutenak zu, Goienako editoreak eta gu gara.

Bloga elbarri geratu da. Nik ez nituen irudiak apaingarri gisa sartzen. Mezu askoen funtsa dira. Txangotxo bat egin blogaren artxiboan eta ikusiko duzue mezu asko honela hasten direla: goiko irudian ikusten duzuenez…

Baina orain ez dago irudirik. Mezuak ez du zentzurik, ezin da ulertu.

Odol zirkulazioaren istripua izan da. Odolbildu digital bat sortu zaio buruan blogari eta garuneko gune zabal bat hil egin da.

Antzeko zer edo zer gertatu zitzaion Joaquim Jordá dokumentalgile kataluniarrari (Baudrillarden itzultzailea!). Ictusa izan zuen. Ikusmena galdu ez bazuen ere, irudiak ulertzeko ahalmenik gabe geratu zen, hein handi batean. Arazo larria edonorentzat, are larriagoa zinemagile batentzat. Edonola ere, dokumentalak egiten jarraitu zuen. Ictusaren inguruko filma bukatu gabe utzi zuen hil zenean.

Zer egin behar da hil den lagun baten blogarekin? Galdetu zuen Luistxo Fernandezek iaz, Fernando Muniozguren hil zenean.

Zer egin behar da elbarri geratu den blog batekin?

Blog honekin labirinto antzeko bat sortezko asmoa da nirea. Esteken ahalmenaz baliatuta, galtzeko moduko lurrazpiko galeria bat nahi dut egin. Borgesen labirinto antzeko bat, baina fikziorik gabekoa; eldarnioa bai, baina fikziorik ez. Errealitatea askoz irrealagoa delako, eta interesgarriagoa.

Zer egingo dut blogarekin?

Argazki guztiak berriz euren tokian jartzeko lan ikaragarria hartu?

Dagoen bezala utzi?

Zuk zer egingo zenuke?

Erantzun, mesedez.

Gizakia, behin-behinean

foucault
Orri polit hau aurkitu dut Lawrence Ganeren Nietzsche para todos liburuan(Introducing Nietzsche, jatorriko bertsioan). Lan polita da, testu eta marrazkien bidez azaltzen baititu filosofoaren bizitza eta haren ideia konplexuak. Piero da marrazkilaria.

Nietzschek sekulako eragina izan zuen Georges Bataillerengan, hau da, tximinoen ipurdiekin obsesionaturik zegoen pentsalariarengan. Bataillek itzal handia izan zuen Michel Foucaultengan eta, gero, Jean Baudrillardengan.

Nietzscheren intuizioa baieztatzeko beste arrazoi bat eman du zientziak azken egunotan. Gizakia gehien eboluzionatu duen espeziea dela uste izan dugu orain arte. Azken ikerketen arabera, ordea, txinpantzeak gizakiak baino askoz gehiago “eboluzionatu” du.

Jianzhi Zhang eboluzioaren genetistak baieztatu du hori. Blog honetarako izugarri gustatzen zait eboluzioaren genetika, ustekabe pilo ematen dituelako, eta emaitzek askotan kutsu ironiko polita izaten dutelako.

Jianzhik konparatu egin ditu gizakiek, txinpantzeek eta rhesus makakoek partekatzen dituzten 13.888 gene. Ondorioztatu duenez, txinpantzeen 233 gene aldatu dira aukeraketa naturalaren ondorioz azken sei milioi urtetan. Gizakien geneetan, ordea, soilik 154.

Polita da emaitza, batez ere kolokan jartzen duelako eboluzioan hierarkia ikusteko joera. Gizakia aulkitik jaitsiarazita, beste behin ere.

Nietzschek arrazoia zuen beraz: gizakia behin-behineko kontzeptua da, etengabe eraldatzen ari delako. Kontua zera da, zer ekarriko du eraldaketa horrek?

Jean Baudrillard ez zen oso baikor. Duela aste batzuk hildako soziologoak klonazioaren inguruan idatzi zuen 1990ko hamarkadaren amaieran.



  • Gizatiarraren eta ezgizatiarraren arteko mugak lausotzen ari dira, baina gizakiak ez du supergizakia ekarriko Nietzschek amestu bezala. Haatik, azpigizatiarrari uzten dio bidea, gizatiarra gainditzen ez duenari, gizatiarren azpitik dagoenari, espezieak zehazten dituzten marka sinbolikoen ezabaketari. Horrek erakusten du Nietzsche zuzen zebilela, azken finean, esan zuenean gizateria bere asmakizunen menpean erortzen denean, soilik bere ahaleginak bikoitz ditzakeela, bere burua bikoiztu… edo bere burua suntsitu.

Eboluzioak hoberenerantz egiten duela pentsatzea ilusio hutsa da beraz. Ezkortasun honek azaltzen du mutantearen figurak literaturan eta pop kulturan duen arrakasta.

Nazien supergizakia munstro barregarri bat zen. Estatuaz jabe eginiko langile klaseak ez du orain arte ekarri “gizaki berria”, antza (Vladimir Putin ikustea besterik ez dago).

Itxaropen bakarra, beraz, mutantea da. Tximino mutantea, Tarkovskyk aurreikusi zuen bezala. Eta argi dago honez gero: eboluzioak ez du zertan onerako gertatu behar (gu ikustea besterik ez dago).

photo%20(1)%20copy%20(47a)

(Barka nazala irudi honen egileak, baina aspaldi lapurtu nuen saretik eta ez dut gogoratzen artistaren izena)

Tximinoen ipurdiak

ischiosis4jpg

Betirako txundituta eta liluratuta geratu zen filosofoa  zoologikoan, tximinoen ipurdiak ikusi zituen egun hartan.

Georges Bataillez ari naiz. XX. mendeko pentsalaririk garrantzitsuenetako bat da Bataille, Michel Foucaulten arabera, eta sekulako eragina izan du posmodernitatearen pentsamenduan, Foucault beratik, Jean Baudrillarderaino.

Londresko Zoological Gardenen zegoen Bataille 1927ko uztailean, tximinoen ipurdiei begira “errebelazioa” izan zuenean. “Estasi antzeko batean sartzeraino txunditu ninduen tximinoaren uzkitik ateratzen zena”, idatziko zuen gero Begi Pineala testuan. “Haur guztiek miretsi dituzte inoiz edo behin, zoologikoetan, puspilo lotsagarri horiek, gorotz-kaskezur mota horiek, kolore bizikoak, nabarrak batzuetan, arrosa bizitik nakar-more izugarri itsusi batera”.

gelada_baboon

Zer ari da deskribatzen Bataille? Tximino mota askok ipurdian izaten duen azal multzo lodia. Kallositate iskiala izena ematen dio horri zientziak. Ipur maskurra esan dakioke bestela.

Fisiologoen definizioaren arabera, ipur maskurrak pelbisaren atzeko zatiaren (iskietako tuberositatearen) azala loditzen denean agertzen dira. Oso ohikoak dira txinpantzeen, babuinoen eta makakoen artean.

410204aa.0

Zientzialariek ez dakite zergatik sortu diren edo zer nolako funtzioa betetzen duten. Batzuen arabera, kuxin lana egiten dute: Asko errazten omen diete tximinoei adarretan edo lur gainean denbora luzez esertzea. Beste batzuen arabera, ordea, bikotekidea erakartzeko sexu-zeinuak dira. Horregatik dira kolore bizikoak eta horregatik biziagotzen dira koloreok ugalketarako garaietan.

ischiosis3jpg_s_

Giza aurpegiaren parodia

Zergatik erakarri zuten, ordea, Batailleren arreta tximinoon ipurdiek?

Bataillerentzat mundua parodia hutsa da: “Begiratzen dugun gauza oro beste baten parodia da.[…] Horrela, beruna urrearen parodia da. Airea uraren parodia da. Burmuina ekuatorearen parodia da. Koitoa krimenaren parodia da”.

Zeren parodia dira, orduan, tximinoen ipurdi maskurrak?

Gizakiaren buruaren parodia da. Batailleren arabera, goranzko joera batek gobernatzen du gizakiaren eboluzioa. Eguzkirantz altxatu nahiez zutitu zen gizakiaren arbasoa eta atzeko hanken gainean ibiltzen hasi. Joera horrek eman dio lehentasuna ahoari gizakian, hau da, mintzamenari. Tximinoetan, ordea, indar hori atzeko zulorantz desbideratu da: “Ilerik gabeko uzkiaren loraldia puspilo bat bezala lehertu da, erresistentziarik gabe, grabitate zentrorik ez duen sistema batean. Beharbada, hemen beste edozein lekutan bezala, orekaren hauste txikiena ere nahikoa delako naturaren zikinkeriak askatzeko lizunkeria lotsagarrienarekin”.

XX. mendearen hasieran modan zegoen teosofia, eta horren oihartzuna nabari da Batailleren testuan. Filosofoak begi bat irudikatzen zuen bere kaskezurraren tontorrean, begi pineala edo hirugarren begia izenekin ezagutzen dena. Begi hori irekitzea tximinoen uzkiaren loraldiaren kontrako mugimendutzat hartzen zuen, eboluzioaren hurrengo urrats gisa.

Baina Bataille hori baino konplexuagoa da. Bestela aspaldi ahaztuta izango genuke. Ezin da Begi Pineala irakurri ironia sumatu gabe. Kafkaren tximinoaren eragina begi bistakoa da. Gizakiaren bertikaltasuna eta honen aurpegi “noblea” tximinoen ipurdiekin kontrajartzen denean “algara hots ulertezina” da jasotzen den erantzuna, dio pentsalariak. “Tximinoen algara” da hori, Kafkarentzat.

“Ez dago zertan baztertu behar gizakiaren atal nobleek (aurpegiaren duintasuna eta noblezia) sakoneko inpultso nahasien itxura sublime eta neurrikoa eman beharrean, bat-bateko erupzioari eusteari uztea, eta tximinoaren ipurdiak bezala, era probokatzaile eta lizunean lehertzea”.

Batailleren hitzak irakurri, eta leherketa hori irudikatzeari ekin diot. Berehala etorri zait burura David Cronenberg kanadarraren Scanners filmeko sekuentzia hau: