Gizakia, behin-behinean

foucault
Orri polit hau aurkitu dut Lawrence Ganeren Nietzsche para todos liburuan(Introducing Nietzsche, jatorriko bertsioan). Lan polita da, testu eta marrazkien bidez azaltzen baititu filosofoaren bizitza eta haren ideia konplexuak. Piero da marrazkilaria.

Nietzschek sekulako eragina izan zuen Georges Bataillerengan, hau da, tximinoen ipurdiekin obsesionaturik zegoen pentsalariarengan. Bataillek itzal handia izan zuen Michel Foucaultengan eta, gero, Jean Baudrillardengan.

Nietzscheren intuizioa baieztatzeko beste arrazoi bat eman du zientziak azken egunotan. Gizakia gehien eboluzionatu duen espeziea dela uste izan dugu orain arte. Azken ikerketen arabera, ordea, txinpantzeak gizakiak baino askoz gehiago “eboluzionatu” du.

Jianzhi Zhang eboluzioaren genetistak baieztatu du hori. Blog honetarako izugarri gustatzen zait eboluzioaren genetika, ustekabe pilo ematen dituelako, eta emaitzek askotan kutsu ironiko polita izaten dutelako.

Jianzhik konparatu egin ditu gizakiek, txinpantzeek eta rhesus makakoek partekatzen dituzten 13.888 gene. Ondorioztatu duenez, txinpantzeen 233 gene aldatu dira aukeraketa naturalaren ondorioz azken sei milioi urtetan. Gizakien geneetan, ordea, soilik 154.

Polita da emaitza, batez ere kolokan jartzen duelako eboluzioan hierarkia ikusteko joera. Gizakia aulkitik jaitsiarazita, beste behin ere.

Nietzschek arrazoia zuen beraz: gizakia behin-behineko kontzeptua da, etengabe eraldatzen ari delako. Kontua zera da, zer ekarriko du eraldaketa horrek?

Jean Baudrillard ez zen oso baikor. Duela aste batzuk hildako soziologoak klonazioaren inguruan idatzi zuen 1990ko hamarkadaren amaieran.



  • Gizatiarraren eta ezgizatiarraren arteko mugak lausotzen ari dira, baina gizakiak ez du supergizakia ekarriko Nietzschek amestu bezala. Haatik, azpigizatiarrari uzten dio bidea, gizatiarra gainditzen ez duenari, gizatiarren azpitik dagoenari, espezieak zehazten dituzten marka sinbolikoen ezabaketari. Horrek erakusten du Nietzsche zuzen zebilela, azken finean, esan zuenean gizateria bere asmakizunen menpean erortzen denean, soilik bere ahaleginak bikoitz ditzakeela, bere burua bikoiztu… edo bere burua suntsitu.

Eboluzioak hoberenerantz egiten duela pentsatzea ilusio hutsa da beraz. Ezkortasun honek azaltzen du mutantearen figurak literaturan eta pop kulturan duen arrakasta.

Nazien supergizakia munstro barregarri bat zen. Estatuaz jabe eginiko langile klaseak ez du orain arte ekarri “gizaki berria”, antza (Vladimir Putin ikustea besterik ez dago).

Itxaropen bakarra, beraz, mutantea da. Tximino mutantea, Tarkovskyk aurreikusi zuen bezala. Eta argi dago honez gero: eboluzioak ez du zertan onerako gertatu behar (gu ikustea besterik ez dago).

photo%20(1)%20copy%20(47a)

(Barka nazala irudi honen egileak, baina aspaldi lapurtu nuen saretik eta ez dut gogoratzen artistaren izena)