Gutuna antikristori

Lars_von_Trier_188570c

Lars Von Trier zinema zuzendariari eskutitz bat idatzi diot, hurrengo filman tximino bat sar dezala eskatzeko. Jakin nahi duzu zergatik? Segi irakurtzen.

Aurpegi arraroa jarri didate lagunek esan diedanean Lars von Trierri idatziko diodala. Antza denez, ez zaie oso zentzuzkoa iruditu nire asmoa, sinplea bada ere. Danimarkako zinema zuzendariari idatzi nahi diot gauzatxo bat eskatzeko: hurrengo filman tximino bat sar dezala.

Nora idatziko diozu baina? Nola lortuko duzu kasu egitea? Eszeptizismoz izozturiko begiradak bota dizkidate. Bai, honez gero badakit nire bideoekin ez naizela zinemaren historiara pasako. Lars von Trieren bizkarroi gisa pasatzea, hau da, ideia bat haren filme batean sartzearekin amestea umekeria da. Badakit.

Asmoa hoztea lortu dute, eta bertan behera uztekotan egon naiz. Baina Associated Press agentziaren artikulu batek kemena eman dit aurrera jarraitzeko.

  • Depresioak lur jota utzi du Danimarkako zuzendaria.

Hala dio duela pare bat aste Copenhagenen idatziriko artikuluak. Kontatzen duenez, Von Trieri eginiko elkarrizketa argitaratu du Politiken egunkariak. Deprimituta dagoela eta filmerik egiteko gogorik ez duela dio zuzendariak.

Ados, nori axola zaio Lars von Trier lur jota egotea? Ez al du berak aski sufriarazi bere filmen ikusleak? “Sadikoa deprimituta dago, bazen garaia!”, pentsatuko dute askok.

Kontua zera da, Trier beldurrezko film batean egiten ari dela lan. Antikristoa izango du izenburu, antza, eta zuzendariak depresioa gainditzen badu, litekeena da 2008rako estreinatzea. Filmaren planteamendua ezaguna egingo zaie Kixmi bloga jarraitzen dutenei: Satan da munduaren sortzailea, ez Jainkoa.

Simia Dei
bideoa egin nuen nik ideia hori adierazteko. Gogoratu esaldia: Diabolus est simia dei (Deabrua jainkoaren tximinoa da).

Bergmanen aurrekaria

Von Trier ere ez da oso originala. Ingmar Bergmanek egin zuen pelikula hori 1949. urtean. Fängelse du izenburu (Espetxea).

 2fangelse49

Film bat da filmaren barruan. Erretiroa harturiko irakasle batek proposatzen dio zinemagile bati istorioa: mundua espetxe bat da eta deabruak zuzentzen du. Zuzendariak ez du azkenean filma egiten, baina Bergmanek argi erakusten du mundua infernua dela.
 

“Mesedez, Lars, tximino txiki bat!”

 “Ezin duzu film bat egin lur jota zaudenean”, esan du Von Trierrek Danimarkako prentsan.

Kemena eman nahi diot. Gutun bat idatzi diot. Tesi bat egiten ari naizela esan diot. Jainkoaren tximinoaren ideiak arte, literatura eta zineman izan duen bilakaera ikertzen ari naizela (ez da erabateko gezurra). Tesian profetizatzen dut jainkoaren tximinoaren ideia agertu egingo dela Lars von Trierren hurrengo filman. Nire hipotesia egiaztatzen laguntzeko eskatu diot. Apalki eskatu diot tximinoren bat sartzeko Antikristo filman.

PICT2187

Noski, litekeena da nire gutuna zuzenean zakarrontzira joatea, Trierren eskuetara pasa baino lehen. Badakit. Baina imajinatu kasu egiten duela. Imajinatu nire eskutitza irakurri gabe ere, jainkoaren tximinoa agertzen dela haren pelikulan.

2008an edo, jakingo dugu.

 PICT2190