Ictus

broken_image

Blog honek istripua izan du eta elbarri geratu da, goiko argazki hori bezala. Bi urtez jo eta ke bilduriko irudi guztiak galdu egin dira, klik oker baten ondorioz. Ez dakit zer egin. Laguntza eskatzen dizuet.

Gizaki batek edo makina batek. Edo, agian tximino eroaren hatzaparrak. Norbaitek klik oker bat egin du Kixmi bloga gordetzen duen zerbitzarian. Horren ondorioz, blogaren hasieratik iazko abuzturainoko argazki guztiak galdu egin dira. Ez dago irudiok berreskuratzerik, antza, eta bi urteko lana desagertu egin da betirako. Honela azaldu didate teknikariek gertaturikoa:

– Argazki horiek  doc karpetan zeuden blog zaharrean.

– Zure bloga 2006ko irailean pasatu genuen plataforma zaharretik berrira. Teorian argazkiak ere etorri ziren, tresna automatiko batek lan egin bait zuen beste blog askorekin bezala, zurearekin.

– Blog zahar gutziak gordeta izan ditugu duela hilabete bat arte, eta azkenean, Goienakoekin adostuta, ezabatu egin ditugu, dena blog berrira pasatuta zegoelakoan.

– Duela zenbait aste reklamatu zenuenean, bila ibili ginen eta ez
genuen inon ere  doc karpeta hori aurkitu. Ez dakiguna da, 2006ko irailean ez zen ekarri erroreren bat egon zelako, ala tartean norbaitek karpeta ezabatu duen. Horra sarrera dutenak zu, Goienako editoreak eta gu gara.

Bloga elbarri geratu da. Nik ez nituen irudiak apaingarri gisa sartzen. Mezu askoen funtsa dira. Txangotxo bat egin blogaren artxiboan eta ikusiko duzue mezu asko honela hasten direla: goiko irudian ikusten duzuenez…

Baina orain ez dago irudirik. Mezuak ez du zentzurik, ezin da ulertu.

Odol zirkulazioaren istripua izan da. Odolbildu digital bat sortu zaio buruan blogari eta garuneko gune zabal bat hil egin da.

Antzeko zer edo zer gertatu zitzaion Joaquim Jordá dokumentalgile kataluniarrari (Baudrillarden itzultzailea!). Ictusa izan zuen. Ikusmena galdu ez bazuen ere, irudiak ulertzeko ahalmenik gabe geratu zen, hein handi batean. Arazo larria edonorentzat, are larriagoa zinemagile batentzat. Edonola ere, dokumentalak egiten jarraitu zuen. Ictusaren inguruko filma bukatu gabe utzi zuen hil zenean.

Zer egin behar da hil den lagun baten blogarekin? Galdetu zuen Luistxo Fernandezek iaz, Fernando Muniozguren hil zenean.

Zer egin behar da elbarri geratu den blog batekin?

Blog honekin labirinto antzeko bat sortezko asmoa da nirea. Esteken ahalmenaz baliatuta, galtzeko moduko lurrazpiko galeria bat nahi dut egin. Borgesen labirinto antzeko bat, baina fikziorik gabekoa; eldarnioa bai, baina fikziorik ez. Errealitatea askoz irrealagoa delako, eta interesgarriagoa.

Zer egingo dut blogarekin?

Argazki guztiak berriz euren tokian jartzeko lan ikaragarria hartu?

Dagoen bezala utzi?

Zuk zer egingo zenuke?

Erantzun, mesedez.