Fruitu debekatua

christfrontpage

“Ez duzue zuhaitz honetako fruiturik jango”. Debeku zaharra, baina oraingoan debekaturikoa ez da sagarra, txokolatea baizik.

Fundamentalista kristauek arrakasta itzela lortu dute gaur, New Yorken, Ameriketako Estatu Batuetan, adierazpen askatasunaren ustezko santutegian.

Cosimo Cavallaro eskulturgile italiar-kanadiarrak Manhattanen paratutako erakusketa ixtera behartu dute fundamentalistek, txokolatezko Jesu kristo bat dela eta. Cavallarok janarekin egiten du lan, eta ia 200 kilo txokolate erabili ditu Jesu kristo irudikatzen duen eskultura handia egiteko. My Sweet Lord (Ene jaun gozoa) jarri dio izenburu.

“Sentiberatasun kristauari inoiz eginiko erasorik okerrenetako bat da hau”, esan du Bill Donohue Catholic League taldeko buruak. Eskulturan Jesu kristoren sexu organoak agerian daudela gaitzetsi dute kristauek. Baina, batez ere, irudia txokolatezkoa izatea jarri ditu sutan.

Erakusketa aretoan ehunka mehatxu jaso dituzte egunotan, eta, azkenean, amore eman dute gaur.

Bitxia da afera, zalantzarik gabe. Kristauen gozogintzan santuen hezurtxoak jan egiten dira, baita mojen titiak ere. Kristoren haragia jatea eta haren odola edatea sakramentua da.

Baina txokolatea debekaturik dago.

Burmuina ere bitxia da. Honetaz pentsatzen ari naizela, etengabe datozkit burura gosaltzeko zereal marka berriak:

ChocoChristies?

TxokoKixmies?

Photoshopeko artistaren batek diseinatuko al du kutxa bat zereal horientzako?

Ni horretan ari naiz dagoeneko.

Tximinoaren saldukeria?

Booo! Eli Laztanguren saldu egin da. Bere burua saldu dio kultura hegemonikoari, kultur inperialismo ingelesdunari, alegia. Euskaraz lortu ez duen arrakasta ingeles trakets horrekin lortuko duela uste al du?

Epa, epa,  halakoak pentsatu aurretik istorio osoa jakin beharko da, ezta?

Duela bi mezu eman nuen monochrom taldearen berri. Bere burua nazioarteko filosofia/arte/teknologia kolektibotzat jotzen du, eta egoitza Vienan (Austria) dauka. Lotura estua dute Ameriketako Estatu Batuetako BoingBoing blogarekin. Munduan irakurle gehien zituen bloga zen hori iaz (ez dakit Txinako blogak kontuan hartzen ote dituzten gauzok kalkulatzeko).

Antza denez, euren blogera egin nuen estekatik tiraka, nire mezura heldu ziren monochromekoak. Nire blogetik testu zati bat hartu (euskaraz zegoen, noski) eta ez ulertu arren (ziurrenera) jarri egin zuten euren blogean.

Ausarta iruditu zitzaidan hori, eta idatzi egin nien. Nire bloga zertan den esplikatu nien, badaezpada ere. Agian jakin ondoren lotura kentzea erabakiko zutela pentsatu nuen. Aukera eman nahi nien behintzat.

Kontrakoa gertatu da, ordea. Taldeko “buru sortzaile” Johannes Grenzfurthnerrek idatzi egin zidan berehala, eta artikulu bat idazteko eskatu zidan.

Hori besterik ez dut egin. Eta beraiek argitaratu egin dute hemen, euren blogean.

Baina idatzitakoari etekina ateratzea erabaki dut, eta artikulua Kixmi blogean ere jarri dut, hor eskuineko zutabean. Gauza batzuk aldatu eta gehitu dizkiot.

Aurrerantzean, euskaraz ez dakien baten batek kasualitatez heltzen bada Kixmira, behintzat jakingo du zertaz den blog hau.


monochrom

What is this blog about?

 uebermenschazkena

As I was a child, I was fascinated by the legends about how christianity was first introduced in the Basque Country.

According to several oral accounts gathered in rural areas by anthropologist J. M. Barandiaran, the basque pagans called Jesus Christ “Kixmi”, that is, “the monkey”.

Jesus Christ = monkey?!!!

What can that possibly mean?

I grew up haunted by this question, and a couple of years ago I started researching and documenting my research in this blog. I wanted to know if monkeys had ever been worshipped as gods in the ancient world.

baboon3

First I came across Thot, the egyptian god of scripture and interpretation, which is represented both as an ibis (a bird) and as a baboon. Thot plays a role in the egyptian pantheon that is very close to that of Jesus Christ: he is mediator between the gods and the humans, and help in the trial of the newly dead in the other world.

thotitzal

But it was Hanuman who really struck me.

Hanuman, the Indian Superman

superhanuman

Hanuman the monkey is not a top-level god, but it is really interesting, because some avatars of his have surreptitiously made their way into so-called western culture, from christianity to pop iconography and, eventually, to the Internet folklore.

Hanuman is a hero from the Ramayana epic (500-100 BCE). He loves god Rama (and his feminine partner Sita) so much that he is ready to sacrifice himself for its (their) sake and to save the world from the menacing forces of evil.

Hanuman was born from a non sexual sinless intercourse (through a magic piece of cake dropped by a bird) between god Shiva and a woman that had been transformed into a monkey by a curse. His mother Anjana and his pater-putativus Kesari, the giant monkey, lived in “chastity”.

Hanuman’s super powers would decide the Ramayana War. Hanuman’s tail burned the entire island of Sri Lanka, and gave victory to the army of god Rama over the forces of devil Ramana.

Hanuman loves every human being. He is a mediator between humans and Rama (like Thot, or Jesus Christ). He sits next to Rama in the kingdom of heaven.

Many indian holy men have seen Hanuman in recent times. His image is used today against muslims, sikhs, christians and other indian minorities by the Bajrang Dal, a far-right hindu paramilitary youth group also known as the Monkey God’s Army.

This image is a virus in your DNA

Anyway, it is an image what makes Hanuman so interesting.

 hanuman-6 2

To give proof of his love, Hanuman tears open his chest with his own
hands to show his heart, in which the images of Rama and Sita are to be
seen.

From this image, it is possible to draw a genealogy of breast-opening gods
or half-gods. There we got the “sacred heart of Jesus”, worshipped from
the XI century on, and widely reproduced in catholic and anglican
iconography. In the XX century the image was (consciously or
unconsciously) secularized by the creators of comic character Superman.
Superman opens his shirt to reveal a heart shaped logo under which he
is ready to save the world.

The hearts of Hanuman, Christ and Superman are -possibly-sublimated
representations of ancient human sacrifice practices, in which the
breasts of propiciatory victims where sliced open and their hearts
extracted to be burnt or eaten. Of course, this is just a hypothesis to
be taken with a big grain of salt.

Anyway, this is a powerful image, a gestalt, an archetype, an iconic
virus installed in the human collective unconsciusness since
prehistoric ages and still at work. Today we could call it a strange
attractor.

I think Nietzsche himself would really bask in the irony that the
übermensch might well be a monkey. Call it Hanuman, Superman, or just
Kixmi.

————————————————————————-

Two short videos to illustrate this introduction.


Heartmachine (Bihotzmakina):

On February 2007 I made this short video.
I wanted to show the evolution of the “sacred heart” icon from Hanuman
to the Internet-age folklore (read “goatse”).

 

Simia Dei:

Diabolus est simia dei (The devil is God’s ape) is a
statement by Christian Church father Tertullian made famous by Saint
Augustine. It refers to the idea that the devil is an imitator (ape) of
God and keeps creating fake worlds that resemble the real, only to
deceive humans. It is an idea that fascinated Sci-fi writer Philip K. Dick
because of its implications on paralel worlds and virtual reality. This
video wants to show the horror (and glory) of  the monotheistic
Weltanschauung. It depicts a universe created and animated by a mad,
evil monkey; all terror, noise and entropy.

Tximinoaren mozorroa

Duo 1

Ricardo Joven tximinoz mozorrotzen den gizaki bat da, gizakiz mozorrotzen den tximino bat antzezteko.


Joven
(Zaragoza, Espainia, 1953) komiki marrazkilaria izan zen
1970 eta 1980ko hamarkadetan, eta aktore profesionala da 1972. urtetik.
Klasiko bat taularatzen ari da egunotan Donostian: Franz Kafkaren Akademia
batentzako txostena. Gizakiek harrapatu ondoren, hitz egiten ikasten
duen txinpantze baten historia kontatzen du, lehen pertsonan, Peter
Gorria tximinoak berak. Hainbatetan aipatu dut Kafkaren testu hori blog honetan, ikaragarri gustatzen zaidalako.

Ez baduzue aukerarik antzezlana ikusteko, hemen duzue aktoreari telefonoz egin diodan elkarrizketa, irakurtzeko edo entzuteko. Bi bertsioak elkarren osagarri dira, ez baitira erabat berdinak.

powered by ODEO

Zergatik aukeratu duzu Kafkaren testua antzezlana egiteko?

Testu honen inguruan lan bat egin nuen duela urte batzuk, eta
horren indartsua da eta horren ondo idatzita dago, non duela bi urte
berriz piztu zitzaidan testu honi ekiteko gogoa. Egia esateko,
taularatzeko bertsioa egin dut, baina testu literarioa erabat
errespetatuta. Ni ez naiz bakarrizketen zalea, eta hau da nire ibilbide
luzeko lehena. Baina testu hau izugarri interesatzen zitzaidan, besteak
beste ez delako jatorriz antzezlana.

Lan hau askotan taularatu dute. Zertan bereizten da zure bertsioa?

Nik egiten dudan irakurketaren arabera, Kafka identifikatu
egiten da tximino horrekin. Bera da tximinoa. Munduak ez du ulertzen,
eta bazterturik dauka. Mundu horretatik urrunduta sentitzen da, eta
Kafkak, nabarmentzen duenez, hitzaren bitartez aurkitzen du, egoera
zoriontsuagoa ez bada, bai behintzat askatasun tarte bat sufrimenduaren
barruan. Egin dira pertsonaia horrekiko urruntasun intelektuala ezarri
duten bertsioak. Nik kontrakoa egin dut: erabat identifikatu naiz
pertsonaiarekin. Ez dut soilik txinpantze bat eraikitzen fisikoki,
identifikatu egiten naiz gizakietatik horren hurbil dagoen baina apur
bat ezberdin den izaki horrekin. Identifikazio horren bidez, proposamen
bat botatzen dut: geure burua beste ikuspuntu batetik ikustea.

Zergatik da karakterizazioa horren garrantzitsua zuretzat?

Ikuskizuna oso erantzun ona izaten ari da, eta hala da,
ziurrenera, ez delako soilik hitzean oinarritzen, baita emozioan ere.
Ezinbestekoa da emozioa, horren bidez jendea hunkitu egin dezakezulako.
Alde batetik, nahi nuen ikusleek berehala ahaztea agertokian dagoen
hori txinpantze bat irudikatu nahi duen aktore bat besterik ez dela.
Antzezlearen eta ikusleen arteko joko hori behin ezarrita, orduan
hasten da loratzen itxuraz sinple den testua. Hori nahi nuen lortu
karakterizazioarekin, jendeak pentsatzea: «Ez da aktore bat, baizik eta
benetako txinpantzea».

Beraz, tximinoz mozorroturiko gizaki batek gizakiz mozorroturiko tximino bat antzezten du?

Kafkarra hitza oker erabiltzen dugu nahasia edo konplexua
esateko. Haatik, Kafkak oso zuzen, garbi eta ulergarri idazten du.
Horregatik funtzionatzen du testuak beti. Gutxitan gertatzen da jendeak
antzezle bakarrari halako arretaz jarraitzea bukaeraraino. Jendea
hunkiturik ateratzen da.

Duo 2

Zein da Piztiaren Zenbakia?

 mono_burial_01

666?

Ez, 1.

Piztiaren zenbakia bat da. Hona monochrom (sic, txikiz) taldeak Politeismoaren Nazioarteko Urterako proposaturiko leloa.

Monochromek nazioarteko arte-teknologia-filosofia taldetzat definitzen du bere burua, eta Vienan (Austria) du egoitza. Hainbat adierazpide erabiltzen ditu: bideojokoak, elektronika oro har, performanceak, aldizkariak…

Ekintza ugari egin dituzte 1993. urtetik. Politena, nire ustez, Coca-Cola adreilua izenekoa (2005). Hainbat litro Coca-Cola egosi zituzten lapiko batean. Ura lurrindu eta ore itsaskorra lortu zutenean, molde batean sartu zuten. Coca-Colaz eginiko adreilu bat lortu zuten horrela. “Performancearen gaia azukrearen industriaren eta beste multinazionalen enpresa-estrategia da, hala nola, Coca-Cola bera, konpainien boterearen sinbolo gisa”.

Jendea bizirik lurperatzen

Kixmi blogerako gehien interesatzen zaidana, ordea,  aurten egiten ari diren Politeismoaren Nazioarteko Urtea da. Ekimenak “monoteismoaren mundu ikuspegiaren aroa gainditu nahi du, eta hortik eratorritako “Mendebaldea” eta “Mundu Arabiarra”. Aniztasun politeista berriz eraikiz gainditu nahi du hori. Aniztasun horretan jainko eta jainkosa ugarik elkar neutralizatzen dute azkenean. Politeismoa demokrazia da, Monoteismoa diktadura”.

burial_sm05

Politeismoaren Nazioarteko Urtea ospatzeko bigarren ekitaldia aurkeztu
zuten otsailaren 7an: Hil Aurreko Lurperatzea, Heriotzatik Gertuko Ekintzetarako Esperimentu gisa.

Boluntarioei aukera eman diete hilkutxa batean sartzeko eta 15 minutuz lurperatuta egoteko.
“Egoera sasi-traumatikoa paira dezakete, eta, beharbada, harremanetan jarri hainbat jainko edo/eta hil ondorengo bizitzekin”.

Ironia darie, bistan da, monochrom taldearen ekintzei. Edonola ere, mezua indartsua da. Batez ere, berriz jaiotako monoteistek zibilizazioen arteko gerra batean sartu nahi gaituzten honetan.

Monoteismoa = monotonoteismoa = tximinoteismoa.

Monochrom / polychrom.

 
burial_sm00

Bihotzmakina

Aurreko batean mezu bat idatzi nuen (Diabolus est) bideo bat esplikatzeko (Simia dei).

Oraingoan kontrakoa. Bideo hau egin dut aurreneko mezua (Pornografia sakratua) esplikatzeko.

Baina ez publikatzeko zorian egon naiz, YouTubek konprimitu duenean oso gaizki geratu delako.

Segundoko hamar irudi erabili ditut animazioa egiteko, Bryon Gysin beat belaunaldiko margolariak asmaturiko ametsmakina haren erritmoa jarraitzeko.

YouTubek bideoa flash bihurtu duenean, erritmo osoa hankaz gora jarri du, eta badirudi arrastaka eta ezinean dabilela berez bizia den irudi lasterra. Gainera, definizioa galdu dute irudiek. (formato mota guztiak probatu ditut, eta GoogleVideok ez du emaitza hoberik).

Edonola ere, blogak horretarako daude. Ez soilik arrakastak argitaratzeko. Baita porrotak agertzeko ere.

Nire bideoak

Jesubioa


(Bideoa saltoka ikusten baduzu, konexio motela duzu. Ikusi ondo hemen, kalitate gutxiagorekin bada ere)

Jesubioa terminoa asmatu zuen Georges Bataille filosofoak, Jesus, je suis, sujet eta Vesubio hitzak batean sintetizatzeko. Tximino baten ipurditik ateratzen den erupzio eskatologiko gisa irudikatu zuen Jesubioa. Batailleren ideia zertan den azaltzeko goiko bideoa egin dut. Azalpen gehiago: Jesubioa.



Big Bang

Big Bang bideoa egin nuen elkarlanean Izarne Cardaba margolariarekin. Izarne da protagonista eta fondo gisa haren Big Bang margoa erabili genuen. Eli Laztangurenek irudiak hartu eta editatu zituen eta Izarneren garrasi eta oihuak oinarri erabilita, soinu banda sortu zuen. Albert Hofmann LSDaren aurkitzailea hil zen 2008ko apirilean. Bideo hau izan zen gure omenaldi xumea, alua eta (h)aluzinagarria, tximino lisergikoarentzat.

Txillardegi eta ziminoa

promo-bideoa (‘promo’ ez ‘porno’)


2007ko azaroan aurkeztu zuen Markos Zapiain filosofoak Txillardegi eta ziminoa liburua  Susa argitaletxearen eskutik. Txillardegiren literaturan ziminoek duten eginkizuna aztertu du egileak. Kixmi bloga aipatzen du Zapiainek liburuan. Liburuaren promozio-bideoa egin nuen, esker-onez, baina agian Susakoek ez dute begi onez ikusi nire opari pozoitsua.

Tximino orkidea


 

Orchis Simia –Tximino Orkidea– landarearen loreak harrigarriak dira, tximu itxura dutelako. Hona botanikako fenomeno miresgarri honen bila ekainaren 16an egin genuen txangoaren bideo-kronika.

Bihotzmakina


 

2007ko otsailean egin nuen bideo hau. Bihotz sakratuaren ikonoaren eboluzioa erakutsi nahi nuen, Indiako Hanuman tximu-jainkotik Internet aroko folklorera.

Simia Dei

Diabolus est simia dei (Deabrua Jainkoaren tximinoa da) Eliza kristauaren aita Tertulianok zabalduriko ideia da, gero San Agustinek jaso zuena. Deabrua Jainkoaren imitatzailea (tximinoa) dela adierazten du. Gizakiak nahasteko mundu faltsuak sortzen ditu, errealaren antza dutenak. Ideiak liluratuta zuen Philip K. Dick
zientzia-fikzio idazleak, mundu paraleloekin zein errealitate birtualekin duen lotura dela-eta.

Gure munduaren metafora egokia al da bideoa?

Tximino ero gaizto batek sorturiko unibertsoa, dena abiada, entropia*, zarata.

——————————————–

*Entropia:
termodinamikaren bigarren printzipioa ulertzeko kontzeptu
garrantzitsua. Sistema baten barruko kaosarekin loturik dago.

Gogoratu
eskolan ikasitakoa: energia ez da sortzen ez eta suntsitzen ere, soilik
eraldatu egiten da. Baina eraldatzen denean beti galtzen da puska bat.
Hori da entropia, eta unibertsoan desordenurako dagoen joera argitzen
du.

Horrela ulertzen da, esaterako, zergatik garbitu behar den
etxea behin eta berriz, zergatik orraztu behar dugun egunero (orrazten
bazara, noski. Ni ez naiz orraztu lehen komunioa egin nuen egunetik.
Aski da! esan nion amari). Zergatik garbitu behar ditugu hortzak
egunero? Zergatik joan behar dugu lanera egunero (ez al ginen ba joan
atzo?) Entropiarik gabeko munduan hori behin eginda nahikoa litzateke
betirako.

Bainan ez! gero eta energia gehiago behar dugu miseria
bera lortzeko. Gero eta zailago da goizean jaikitzea, frigoa gero eta
hutsago dago, eta fregaderua gero eta beteagoa.

Naturaren legea da, edo, bestela, tximino gaizto eroaren sadismo petrala.


Paradisua

 

“Lagun talde batek paradisua ezagutu nahi du zuzenean, baina, horretarako, lehenbizi, hil egin beharko dute”.

Hor dago, Erremelluriko baselizako Paradisua
koadroan. Hor dago tximinoa eta hor dago KIXMITRON hitza. Harrigarria
da ikustea hilzorian dagoen margolari batek bere azken koadroari ematen
dizkion azken zertzeladak KIXMITRON logoa margotzeko erabili dituela.
Bizitzari buruzko ukitu ironikoa dago hor, ziurrenera, Bixente Ameztoiren umore
sakonetik aterata. Baina ez dugu inoiz jakingo benetako esanahia.


Pornografia sakratua

Irudi erotikoak eta hainbat irudi erlijiosok jatorri bera zutela esan zuen Georges Bataille idazleak L’Erotisme liburuan. izan ere, bi irudi motak mugen bortxaketan oinarritzen dira. Gorputza ireki egiten da, eta barruan duena erakusten du, ikusi beharko ez litzatekeena geratzen da agerian.

Estasi mistikoak, heriotzak eta orgasmoak aurpegiari antzeko espresioa ematen diotela nabarmendu zuen. Santa Teresaren irudi hau jarri zuen adibide.

Teresa
 

Nik beste bi hauek aurkitu ditut eginda, baina ez litzateke zaila izango gehiago egitea.

DURER1

DURER2

Baina Bataille are urrutiago joan zen. Ekintza erotikoak eta sakrifizio erlijiosoa azken finean gauza bera zirela esan zuen: “Analogoak dira antzinako sakrifizioetako sakratua eta egungo erlijioetako jainkotiarra”. Irudi sakratuaren jatorria antzinako giza sakrifizioetan dagoela adierazi zuen.

Horren adibide argia triptiko honetan ikusten dut nik.

uebermenschazkena

Giza sakrifizio mota paradigmatikoena agertzen da hori. Biktimei bularra ireki eta bihotza erauztea. Praktika hori heroien gurtzarekin ordezkatuz joan da historian zehar. Heroiak bere burua sakrifikatzen du bere herriaren, gizateriaren edo ideia baten alde. Berak irekitzen du bere bularra, eta berak erakusten du barruan dagoena, besteak salbatzeko. Hor daude hiru heroi, testuinguru historiko geografiko eta kultural ezin desberdinagotatik aterata. Hanuman, Indiako tximu-jainkoa, Jesukristo eta Superman.

Hor dago gorputzaren mugaren bortxaketa pornografikoa. Antza denez, irudi hori gogotik kendu ezinik dabil gizateria antzinatik. Izan ere, Supermanena ez da horren adibiderik modernoena. Azpikontziente kolektiboaren isla Interneten agertu zen 2004ean. Beste forma batekin, noski.

Goatse

Interneten sorturiko fenomenoetako bat da Goatse deiturikoa. Inprobisatu diren definizioen arabera, Goatse irudi bat da, ikuslearen burmuinean kalte iraunkor eta konponezina eragiten duena.

Normalean gustu txarreko irudi bat izaten da, eta Interneteko geek nerabeek euren lagunak edo etsaiak harritzeko erabiltzen dute.

Goatse irudia ez da zuzenean erakusten, ikuslea ustekabean harrapatzeak indar gehiago ematen diolakoan.

Goatse irudia erabiltzeko modu tipikoena hauxe da: e-mail bateko edo web gune bateko testu batean irudirako esteka bat jartzen da, baina benetako edukia mozorrotzen da. “Hona oporretako argazki bat”, idazten da, adibidez, esteka aurkezteko, amu gisa. Haren gainean klik egitean, ordea, Goatse irudia irekitzen da biktimaren pantailan.

Triptikoa osatu nuen nik blog honetako Übermensch testuan sartzeko. Esan bezala, saga ez da Supermanekin bukatu, laugarren irudia gehitu dakioke sailari. Goatse fenomenoa abiatu zuen irudia, hau da, jatorriko Goatsea, Supermanen segidan jar nezakeen hor, arazorik gabe.

übermensch

Ez dut jarriko, ordea.

Goatse irudia inoiz ikusi dudan gauzarik nazkagarriena da. Ikuslearen sentsibilitatea gogor min dezake. Ni ez naiz Ameriketako Estatu Batuetako geek ganberro bat, ez nuke inoiz irudia erabiliko inor ustekabean harrapatzeko. Baina irudien sakoneko esan nahia aztertu nahi dut blog honetan. Goatse irudia ikusteko aukera eman nahi dut, baina ikustea edo ez ikustea zure ardurapeko kontua da. Ez dut esteka zuzenik jarriko. Ikusi nahi duenak orri honetan dauka linka See what I replaced the Grim Reaper with esaldian.

Bataillek ez zuen irudi hori ikusi. Baina iragarri egin zuen nolabait ere. L’Anus Solaire testu bortitza (Eguzki Uzkia: Euskaraz are indartsuagoa da analogia) irudi horretan pentsatzen idatzi zuela dirudi:

  • Solar annulus-a haren hemezortzi urteko gorputzaren ikutu gabeko uzkia da. Ez dago horrekin pareka daitekeen gauza itsugarriagorik Eguzkia ezik, uzkia gaua bada ere.

Diabolus est

kristotelebista

(Duela bi mezu argitaraturiko Simia Dei bideoak zer esan nahi duen esplikatzeko idatzi dut mezu luze hau. Blog hau “kriptikoa” dela esango dute gero)

Tertullian

“Deabrua Jainkoaren tximinoa da”. San Agustinek baino lehen Tertulianok (irudiko morroia, ustez) idatzi zuen esaldi hori. Deabrua imitatzailea dela esan nahi zuen. Jainkoaren kreazioaren bertsio faltsuak eraiki eta eraiki dabilela etengabe, gizakiak engainatzeko. Tertulianok ez zuen mundu paraleloen ideia hori asmatu, dena den. Ziurrenera, gizateria bezain zaharra da, eta bizi-bizi heldu da gaurdaino, errealitate birtualen aroraino, alegia.

Gogoratzen Platonen kobazuloaren historia hura? Markos Zapiainek ekarri du gogora duela gutxi bere blogean. Errealitatetzat ditugunak ideal batzuen itzalak baino ez direla esan nahi izan zuen Platonek kobazuloaren adibidearekin.

Platon ere ez zen, ziurrenera, oso originala izan. Ezaguna da Grezia zaharrak Indiarekin antzinatik izan zuen harremana. Hinduismoak “maya” esaten dio ikusten ditugun formak errealitatetzat hartzearen engainuari.

Platonek gogor jo zuen artisten aurka. Tximino-artistek natura imitatu eta gezurrezko munduak eraikitzen dituztela argudiatuta. Horregatik, bere errepublika idealetik erbesteratuko lituzkeela esan zuen. Mendebaldeko tradizioaren lehen ikonoklasta dokumentatua izan zen, nik dakidanez.

Kristauak irudien aurka

Kristautasuna ere ikonoklasta amorratua jaio zen, Platoni jarraiki. Elizaren aitak deiturikoek (aitak, ez gurasoak) panfleto bortitzak idatzi zituzten paganoen “idoloen” aurka; besteak beste, Julio Firmico Maternok, Tertulianok eta San Agustinek. Kristautasuna Erromako Inperioko erlijio nagusia bilakatu zenean, paganoen irudi sakratuen aurkako kanpaina suntsitzailea abiatu zuten, Karlheinz Deschner historialariak erakusten duen bezala.

Tertuliano haratago joan zen. Antzerkia, zirkoa, estadioa eta “espektakulu” guztiak debekatu zizkien kristauei. Argudiatu zuenez, ikuskizunen bidez, deabruak “gezurti bilakatu nahi du Jesukristo”, eta, horregatik, Jainkoak “edozein antza egitea debekatzen du, batez ere, gizakiaren antza, gizakia Jainkoaren irudia delako” (De spectaculis).

Beraz, Islamaren jarrera bera zuen jatorriko Kristautasunak, irudiei dagokionez. Noiz aldatu zen hori?

Niceako Kontzilioak justifikatu zuen irudien erabilera.Izan ere, irudiek propagandarako eta gizakien kontrolerako duten indarra erabiltzea ezinbestekoa zuen Elizak. “Objektu sakratua sakratuaren itxura baino ez da, horretan ezkutatzen du irudiak azken honen botere misteriotsua. Objektu erlijiosoa artearen edo irudimenaren aitzakia da gizakiak menpean nahi bezala menperatzeko”, idatzi zuen Ludwig Feuerbach filosofoak, Eliza Kristauaren politika aldaketa hura azaltzeko (Kristautasunaren Funtsa, 1841).

Handik aurrera, artistak saldoka erreklutatu zituen Erromak. “Jainkoaren tximino” esaldia, gaitzespena adieraztetik, artista trebeak goraipatzeko esamolde izatera pasa zen Ernazimenduan.

Protestante ikonoklastak

Erreforma protestanteak beste olde ikonoklasta ekarri zuen.Protestanteek katolikoei “idolatria” egotzi eta irudiak debekatu zituzten euren elizetan, eta hainbat kasutan, Eliza Katolikoetako irudiak suntsitu zituzten. Istilu ikonoklasta larriak gertatu ziren, esaterako,Flandesko Anberes hirian 1566. urtean. Garai horretako eztabaidak islatu zituen Frans Francken Anberesko margolariak, Koadro Galeria lan honetan. Van Eyck margolariak Albergati kardinalari eginiko erretratua jarri zuen hor, Amazoniako kaputxino tximino baten aldamenean. Sagarra du eskuan tximinoak, gizakiaren erorketaren sinbolo ezaguna.

francken

Martin Lutero tximino bat bizkarrean jarrita irudikatzen zuten katolikoek garai horretan (ez dut horren irudirik aurkitu hona ekartzeko). Tximino-deabrua, berriz, erlijio “faltsuak” asmatzen, benetako erlijioaren “parodiak” sortzen. De Lancrek ere jainkoaren tximinoaren ideia bera erabili zuen euskal sorginen akelarreetan “mezaren parodia” egiten zela salatzeko.

Katoliko eta protestanteen arteko borrokan irudiak irabazi zuen, ordea. “Gure garaiak nahiago du irudia, irudikatu nahi den gauza baino, errepresentazioa errealitatea baino, itxura funtsa baino […] soilik ilusioa da sakratua, egia profanoa da”. Hala esan zuen Feuerbachek lehen aipaturiko liburuaren bigarren edizioaren aurre-hitzan.

Situazionistak eta post-situazionistak

048debord

Feuerbachen esaldi horrekin abiatu zuen Guy Debord situazionistak Espektakuluaren Gizartea liburua (1967). Masa hedabideek mediatizaturiko gizartearen disekzio ikaragarria egin zuen Debordek.

Haren arabera, espektakuluaren gizartean, gizakiek ezin dute dagoeneko harreman zuzenik izan elkarrekin, ez bada hedabideek eraikitako mundu faltsuaren bitartez (espektakuluaren bidez). Are gehiago, gizabanakoak ere bere buruarekin eta munduarekin duen harremana ere, irudiek mediatizaturik dago. “Espektakuluaren gizartean, erreala faltsuaren une bat da”, idatzi zuen. Irudiarekiko menpekotasuna hausteko sobietak osatu eta harreman zuzenetan oinarrituriko gizartea osatzea proposatu zuen.

Hurrengo urtean 1968ko maiatzeko matxinada gertatu zen Parisen. Porrota izan zen Debordentzat, espektakuluaren gizartearen alternatiba eraikitzeko saioak huts egin zuelako.

Espektakulua izan zen garaile, eta, geroztik, jaun eta jabe da.

march_baudrillard

Jean Baudrillard filosofoa (irudian, bere simulakroekin) Deborden situazionisten inguruan ibii zen 1968. urtera aldera. Debordek “espektakulua” deiturikoa “simulakro” deitu zuen Baudrillardek, eta simulakroaren gizartean bizirik irauteko bidea eta adibidea eman zituen: distantzia ironikoa. Baudrillardek ez zuen, ordurako, hautsi nahi espektakuluaren gizartearekin, besteak beste ezin zaiolako aurre egin zirrikitu guztiak hartu dituen etsai bati. Horren ordez, “espektakuluaz gozatzea” erabaki zuen. Hori bai, ironiaren bidez, distantzia higienikoa gorde zezakeela uste zuen.

Jarrera hau da egun moda modakoa. Jarrera honen leloa honakoa da: “Badakit gezurra dela, badakit alienantea dela, baina barre egingo dut horren kontura, ironia delako ni eta horren artean jartzen dudan kondoia”.

Hipererrealitatean bizi gara. Kreazioaren imitazioa leku guztietara zabaldu da, eta ez dago non babestu, distantzia ironikoa hartzeko.

Philip K. Dick eta androidearen amnesia

philip_k_dick_android

Deabrua jainkoaren tximinoa dela dioen ideia da Philip K. Dick  idazlearen literaturaren oinarria (Goian, berriki eginiko haren androidea. Horren burua lapurtu dute dagoeneko).Txikitako oroitzapenak inplante artifizialak direla deskubritzen dute haren pertsonaiek. Are larriago, robotak direla aurkitzen dute egun batean jaikitzean. Mundu faltsua urratu eta egia ikusten hasten deneko uneak dira haren historien klimaxak.

Ez dago espektakuluari aurre egiterik. Ezin da gezurraren oihala urratu gauden lekutik. Egun, dagoeneko, ezinezkoa zaigu bereiztea zer den espektakulua eta zer egia. Zalantzan dugu ere benetako mundua badenik ere. Laster batean, Second Life delakoa, errealitatea baino errealagoa izango da. Atzo irakurri nuen kalkulu baten arabera, Second Life munduko abatar batek 1.752 kiloWatt/ordu argindar kontsumitzen ditu urtean, batezbesteko benetako brasildar baten pare (1.884 KWh).

Mundu paraleloetako batean batean bizi gara? Tximino gaizto eta zoro batek sorturiko zurrunbilo bortitzean?

Koan

Azken galdera hori koan bat bezalakoa da. Txinako maisu budistek ikasleak iratzartzeko erabiltzen zituzten koanak, eta mendebaldeko kulturako topikoa bilakatu dira dagoeneko. Erantzunik ez duen galdera absurdoa da koana: Esku bakarrarekin egiten den txaloak nolako soinua du?, esaterako.

Erantzuna aurkitzeko, logika, pentsakera arrazionala eta aurrejuzku guztiak gainditu behar dituzte ikasleek, kategoria ororen haratago dagoen errealitatea hautemateko.

Fisika zientzia ere egoera beretsuan dago: Schrödingerren katua kutxa barruan dago pozoi bonba batekin; bizirik dago ala hilda?

Pertsona bakoitzak du bere koana, edo bat baino gehiago, eta bizia osoa horri erantzuteko. Hau da nik bidean aurkitu dudanetako bat: Zer da Kixmi?

Erantzuna aurkitu gabe hilez gero, berriz hasierako laukitxora!

Oso gaizki nabil orain arte.

Diabolus est simia dei, idatzi zuen Tertulianok. Ideia horren biktima izan zen hura ere. Izan ere, bizitza erdia besteen herexiak salatzen eman ondoren, bizitzaren azken urteetan montanisten sekta heretikoan ibili zen. Tximino deabruak eraikitako tranpetako batean erori zen, antza. Horregatik ez dago San Tertulianorik Eliza Katolikoaren santutegian, Wikipediak dixit.