Tximinoaren mozorroa

Duo 1

Ricardo Joven tximinoz mozorrotzen den gizaki bat da, gizakiz mozorrotzen den tximino bat antzezteko.


Joven
(Zaragoza, Espainia, 1953) komiki marrazkilaria izan zen
1970 eta 1980ko hamarkadetan, eta aktore profesionala da 1972. urtetik.
Klasiko bat taularatzen ari da egunotan Donostian: Franz Kafkaren Akademia
batentzako txostena. Gizakiek harrapatu ondoren, hitz egiten ikasten
duen txinpantze baten historia kontatzen du, lehen pertsonan, Peter
Gorria tximinoak berak. Hainbatetan aipatu dut Kafkaren testu hori blog honetan, ikaragarri gustatzen zaidalako.

Ez baduzue aukerarik antzezlana ikusteko, hemen duzue aktoreari telefonoz egin diodan elkarrizketa, irakurtzeko edo entzuteko. Bi bertsioak elkarren osagarri dira, ez baitira erabat berdinak.

powered by ODEO

Zergatik aukeratu duzu Kafkaren testua antzezlana egiteko?

Testu honen inguruan lan bat egin nuen duela urte batzuk, eta
horren indartsua da eta horren ondo idatzita dago, non duela bi urte
berriz piztu zitzaidan testu honi ekiteko gogoa. Egia esateko,
taularatzeko bertsioa egin dut, baina testu literarioa erabat
errespetatuta. Ni ez naiz bakarrizketen zalea, eta hau da nire ibilbide
luzeko lehena. Baina testu hau izugarri interesatzen zitzaidan, besteak
beste ez delako jatorriz antzezlana.

Lan hau askotan taularatu dute. Zertan bereizten da zure bertsioa?

Nik egiten dudan irakurketaren arabera, Kafka identifikatu
egiten da tximino horrekin. Bera da tximinoa. Munduak ez du ulertzen,
eta bazterturik dauka. Mundu horretatik urrunduta sentitzen da, eta
Kafkak, nabarmentzen duenez, hitzaren bitartez aurkitzen du, egoera
zoriontsuagoa ez bada, bai behintzat askatasun tarte bat sufrimenduaren
barruan. Egin dira pertsonaia horrekiko urruntasun intelektuala ezarri
duten bertsioak. Nik kontrakoa egin dut: erabat identifikatu naiz
pertsonaiarekin. Ez dut soilik txinpantze bat eraikitzen fisikoki,
identifikatu egiten naiz gizakietatik horren hurbil dagoen baina apur
bat ezberdin den izaki horrekin. Identifikazio horren bidez, proposamen
bat botatzen dut: geure burua beste ikuspuntu batetik ikustea.

Zergatik da karakterizazioa horren garrantzitsua zuretzat?

Ikuskizuna oso erantzun ona izaten ari da, eta hala da,
ziurrenera, ez delako soilik hitzean oinarritzen, baita emozioan ere.
Ezinbestekoa da emozioa, horren bidez jendea hunkitu egin dezakezulako.
Alde batetik, nahi nuen ikusleek berehala ahaztea agertokian dagoen
hori txinpantze bat irudikatu nahi duen aktore bat besterik ez dela.
Antzezlearen eta ikusleen arteko joko hori behin ezarrita, orduan
hasten da loratzen itxuraz sinple den testua. Hori nahi nuen lortu
karakterizazioarekin, jendeak pentsatzea: «Ez da aktore bat, baizik eta
benetako txinpantzea».

Beraz, tximinoz mozorroturiko gizaki batek gizakiz mozorroturiko tximino bat antzezten du?

Kafkarra hitza oker erabiltzen dugu nahasia edo konplexua
esateko. Haatik, Kafkak oso zuzen, garbi eta ulergarri idazten du.
Horregatik funtzionatzen du testuak beti. Gutxitan gertatzen da jendeak
antzezle bakarrari halako arretaz jarraitzea bukaeraraino. Jendea
hunkiturik ateratzen da.

Duo 2