Elixabete Garmendia kazetariaren Sugetzarra artikulua:
Sugetzarra
2020ko urtarrilak 19 // Julio Caro Barojak badu liburu bat historiaren faltsifikazioei buruzkoa (Las falsificaciones de la Historia, Círculo de Lectores, 1991). Hor sartzen ditu, beste askoren artean, Orreagako borrokarena —Altabizkarreko kantua— edo Tubalen legenda. Dioenez, antzinatetik gertatu da fenomeno hori, nonahi, baita greziarren eta erromatarren artean ere. Helburua, beti, iragana ederrestea. Hori lortu ahal izateko, testu ezkutu apartekoen aurkikuntza leku arraroetan eta egoera ezohikoetan gertatu ohi omen da. Ohartarazpen hau ere egiten du Caro Barojak: esperientziak erakusten duenez, pertsona asko kausa baten alde ala kontra jartzen dira arrazoiak baino areago pasioak eraginda. Nolanahi ere, uste du kontuan hartzekoa dela historiaren inguruko iruzurra: «Komeni da lasaitasunez hausnartzea gizakiak historia iruzurtzeko daukan joeraz. Gaur egun azter dezakegu gauza interesgarri modura; ez bakarrik ikuspegi kritikotik, baita indar sozial, politiko eta estetikoa daukan zerbait bezala ere».
Eskuartean
Iruña-Veleia Argitu plataformak zabaldutako orri parea: azalean,
justiziaren irudia; balantzaren alde batean daramatza «zazpi txosten,
326 orrialde, faltsukeriaren aldekoak»; beste aldean, «20 txosten, 2.104
orrialde, benetakotasunaren aldekoak». Erdiko bi orrietan,
«benetakotasunaren aldeko txostenak egin dituzten zientifikoak»:
hamazazpi aditu, nazioartekoak nahiz hemengoak; horiezaz gain, beste lau
lagun benetakotasunaren alde egin dutenak —eta zutenak, tartean Henrike
Knörr eta Txillardegi—. Kontrazalean: «Analitikarik gabe, indusketa
kontrolaturik gabe, zientziarik gabe, ezin da justiziarik egin». Izan
ere, eskuorriak Iruña-Veleia aferari buruzko epaiketa du jomugan,
otsailaren 3an hasiko baita Gasteizen. Akusatuak Eliseo Gil
—aztarnategiko zuzendari ohia— eta haren laguntzaile izan ziren Oscar
Escribano eta Ruben Cerdan dira. Salaketa Arabako Foru Aldundiak jarri
zuen, 2009an, Iruña-Veleian aurkitutako grafitoak faltsutu
zituztelakoan.
Kontua da 2006ko ekainean albiste miragarri batek
astindu zuela euskal mundua: Iruña-Veleian grafito sail bat aurkitu
zuten arkeologoek, horien artean euskaraz idatzitakoak, ustez III. mende
inguruan. Hitz solteak ziren, baina poesia modura irakurri genituen: zuri urdin gori, edan ian lo, geure ata zutan…
Xarmak ez zuen, ordea, asko iraun; laster hasi ziren zalantza
adierazten hizkuntzalari batzuk, Joakin Gorrotxategi eta Joseba Lakarra
Euskal Herriko Unibertsitateko adituak buru. Zalantzatik eztabaidara eta
eztabaidatik salaketara, jostailu hautsien pare geratu ziren grafitoak.
Eta aldi berean, gurean ezaugarri den «bat bitan banatzen da» fenomenoa
gauzatu zen: Eliseo Gilen aurkikuntzan sinesten zutenak batetik, eta
iruzurrari egiantzekotasun handiagoa hartzen ziotenak bestetik. Bando
bakoitza berean gotortuta.
Veleia afera liburuan (Elkar, 2010) jaso zuen Alberto Barandiaranek prozesu osoa, kazetaritza lan zehatz eta zorrotza eginez. Batzuentzat, dena den, bertsio ofizialaren bozeramaile gertatuko zen Barandiaranen lana. Beste aldean, Juan Martin Elexpuru filologoa izan da eledun aktiboena urtetan, eta ¿Qué está pasando con Iruña-Veleia? liburuan (Pamiela, 2018) dauzka bilduta grafitoen sinesgarritasuna defendatzen dutenen argudioak.
Ikusi
egin behar epaiketak zer ematen duen. Nolanahi ere, tristea da gero
dena judizializatu behar hau; etsigarria, sugetzarraren mugimenduan
igartzen eta gurutzatzen diren interes-jokoak. Tamalgarria da arkeologo,
hizkuntzalari eta historialariak elkarlanean jarri eta auzia argitzeko
gai ez izatea; deitoratzekoa, jakintzaren arloan diharduten erakundeek
—Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Jakiunde, unibertsitateak…—
horretan ez lagundu izana. Puntu honetan, Caro Barojaren gomendioarekin
kontsolatu behar: har dezagun afera indar politiko, sozial eta estetikoa
daukan zerbait bezala. Hau da, XXI. mendeko euskaldunoi axola zaigula
III. mende inguruan norbaitek, norbaitzuek, zeramika pusketan euskaraz
idatzi zuten ala ez jakitea.