Naiz
Otsailean 5 urte betetzen dira Iruña-Veleiako epaiketatik, baina oraindik hainbat pasarte ezezagunak dira.
11 urteko gurutzbidea. Arabako Foru Aldundiak (AFA) kereila jarri zuenetik epaiketa burutzera 11 urte luze pasa ziren. Luzatzen den justizia ez dela justizia, dio esaera batek. Kanporatu aurretik Orden Foral 444/2008 de 19-11-2008-a eman zioten Eliseori, batez ere EHUko katedratikoz osatutako Batzordearen txostenetan oinarritua, ustez. Hala dio grafitoei buruz: «gezurrezko», «faltsifikazio», «garaiko faltsutze», «material ez egiazko», «materiak ez balioztatu» direla, eta erdarazko bertsioan «etc…» bat eransten zaio, gainera, zerrendari. Grafitoen balizko benetakotasunari zirrikitu guztiak itxi nahi izan zizkioten.
«Probidentzia». Hain argi bazegoen grafitoen faltsutasuna zergatik agindu zuen Susana Junquera epaileak, 4 urte geroago, grafitoak IPCEn (Instituto del Patrimonio Cultural de España) analiza zitzatela? Aginduan, zer aztertu behar zen zehaztuta dago, ikus Mikel Albisuren txosten periziala (10. or). Ulergaitza da zergatik ez ziren analizatu aurreko sei urteetan.
1-21. IPCEtik hiru txosten atera ziren: bi, Navarro ikerlariarenak, 36 grafito faltsutzat joz eta 1 benetakotzat, Foru Aginduak dioenaren aurka. Grafitoen gainazalean agerturiko metaletan oinarritu zen, nahiz eta hori ez izan epaileak eskatzen zuena. Hirugarren txostenak, Tomas Antelo eta beste 6 ikerlarik egina, ez dio ezer ez benetakotasunari ez faltsutasunari buruz, eta pentsatzekoa da ezagutuko zutela Navarroren txostena. Beste 14 ikerlarik burututako beste hiru txostenetan ere ez da faltsutasunik aipatzen. Esan beharra dago, Eliseori ezarritako zigorra Navarroren txostenean oinarritzen dela.
Grafitoen kopurua eta balioa. Foru Aginduan ez da esaten zenbat grafito ziren guztira. Baina epaiketarako, faltsututako grafitoen kopurua 476an jarri zuen Jaurlaritzako Kultura Ondare Zuzendaritzako teknikariak, prentsan horrela irakurri zuela esanez (¡?). Balioa ere jarri zien Arabako Aldundiak: bakoitzeko, 600 euro. Baina epaiketa bukatu zenerako faltsuen kopurua 476tik 291ra jaitsi zen, eta 4 hilabeteko geroagoko Epai Judizialean, 291tik 36ra. Balioa ere 600na eurotik 2na eurora: 72 euroko isuna ezarri zitzaion Eliseori balizko faltsuketengatik.
Ertzaintzaren txostena. Epaiketari begira, Ertzaintzak Atestado de la Ertzaintza 09-10-2015 delakoa burutu zuen. Bertan, Iruña-Veleiako aztarnategiarekin zerikusia izan zuten dozenaka lagun elkarrizketatu zituen ustezko faltsutasuna ikertu guran. Luze eta zabal jardun arren, ez zuten argitu ahal izan nork faltsifikatu zituen grafitoak, ez non-noiz-nola faltsifikatu ziren ere. Hala ere, ondorioetan zalantzarik ez: «Iruña-Veleian gertatutakoa azken urteotan mundu mailan egin den faltsifikazio arkeologiko baten kasurik larriena da» (720. or). Ikerketa ala aurreiritzia?
Auzia argitzearen alde. Epaiketa bidez baino, laborategi bidez argitzea eskatzen eta aldarrikatzen zen. Orain ere, eskaera bera egiten da ezentzunarena erantzuten badute ere. Gaur aurkeztu da izen handiko 140 pertsonak sinatu duten Iruña-Veleiako auzia argitzearen aldeko manifestua
Desagerrarazitako usoa. Epaiketa aurrera zihoala, AFAko bi zaharberritzailek deklaratu zuten esanaz 2008an hogei bat kaxa eraman zizkietela garbitzeko, aztarnategian jasotako zeramika eta beste material arkeologikoz beteta. Garbitzen hasi eta zeramikazko pieza batean uso baten irudia agertu omen zen, mokoan galburu bat zuela. AFAko arduradunei aurkikuntzaren berri eman zietenean, grafitoa hartu, gehiago ez garbitzeko agindu eta garbitu gabekoak eraman egin omen zituzten. Frogak ezkutatzea ez al zaio esaten horri? Gai honetaz merezi du ondorengo bideoak ikustea: “En busca de la paloma perdida: un particular escape room en el Museo de Arqueología de Álava” eta “El arqueólogo maldito / Arkeologo madarikatua” (2025) (16.50etik aurrera). Harrigarria bada ere, epaileak ez zuen jaso zaharberritzaileek zinpean egindako deklarazio hau bere epaian, ez hedabideek ere epaiketari buruzko kroniketan.
Ondare Historikoari kaltea. Hutsik omen zeuden zeramika pusketan grafitoak egitea Ondare Historikoari kalte egitea izan omen zen. Baina gaur egun AFAk agindutako txikizioaz −ikus Iruña Veleiaren txikizioa dokumentatzen− mutu daude Ertzaintza, Epaitegia, EHU… Hori bai dela Ondarea eta Historia kaltetzea!