Ostraka Mundua blogak Idoia Filloy izendatu du 2011ko pertsonajea

Ostraka.mundua blogak Idoia Filloy, “Iruñako Musa”, izendatu du 2011ko pertsonajea. Bestalde, Inuzente Eguna dela profitatuz, egun horrekin bat datorren idatzi umoretsua argitaratu du blogaren kudeatzaileak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

“Otro estudio avala la autenticidad de las piezas de Iruña Veleia”

Gaurko Arabako DNAn, Thomson-en txostenaren berri ematen da titular honekin. Duela hilabete bat entregatu zen epaitegian txosten mardul eta argigarri hau, Lurmeneko arkeologoen alde idazten den 17.a.
Hona hemen artikuluaren azken paragrafoa:

‘Las aparentes anomalías lingüísticas y onomásticas se explican, según
Thomson “por errores de escritura documentados en inscripciones latinas de la antigüedad”. “No sólo eso, sino que, además, indican que si los grafitos son falsos, los supuestos falsificadores deberían de haber
poseído un grado de erudición y sofisticación inverosímilmente alto”,
agrega. Además de un conocimiento inusitado del latín vulgar y de los
errores de escritura propios de la época, el análisis concluye que se
debería contar con un gran equipo de expertos falsificadores versados en filología vasca, egiptología, historia, mitología, literatura y
epigrafía del mundo grecorromano, onomástica céltica antigua y técnicas de envejecimiento artificial “dedicado durante meses o años” a esta labor.’

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Juan Martin Elexpuru: “Arkeometria laborategi on batek goiz batean erabakiko luke Veleia auzia”

Argia astekariaren aste honetako alean Haritz Galarraga kazetariak egin zidan elkarrizketa laburra dator, Deabruaren Abokatua atalean.

Juan Martin Elexpuru

“Arkeometria laborategi on batek goiz batean erabakiko luke Veleia auzia”

GIIVRII ATA SVTAN SIIR’A ANA, SAN TV ISAN BII TI SIIVRII ISIINA IITOR

Aritz Galarraga

2302. alea
2011-12-11

alde 24    kontra 1

Veleiako idazkunak egiazkoak dira. Sinetsi nahi nizuke.

Faltsutzaileak EHUko katedratiko guztiek batera baino gehiago jakin beharko zuen latinaz, euskara zaharraz, egiptologiaz. Bueno, agian ez da hain zaila.

Fede kontua da edo ziurtasun zientifikoa?

Nik fedea aspaldi galdu nuen, gaia zientifikoa da guztiz.

Baina, egiazkoak diren ziurtasunak daude ala egiazkoak izan daitezkeenaren usteak?

Egiazkoak dira gure ustez, baina humanitate zientziak ez dira aski dagoeneko eta laborategiek dute azken hitza.

Aurkitzaileek ere ez dute egun aurkikuntza defendatzen…

Hori esan dizuna, gezurtiaz gain, tontoa da.

Juan Martin Elexpuru ikusten dut nik kausa defendatzaile nagusi.

Eta Orpustan, Txillardegi, Luis Mari Mujika, Hector Iglesias… 2.300 sinadura entregatu dira. Hamazazpi txosten mardul daude bederatzi naziotako ikerlariek sinatuta. Harris, Fritz, Frank, Colmenero…

Prozesuan gauzak gaizki egin direla ezin uka. Horrek ez du aurkikuntza baliogabetzen?

Zein erraza den boteretik difamatzea! Bezperan Eliseo eta Idoia Arabako arkeologo onenak ziren, biharamunean txarrenak eta gainera iruzurtiak.

Ez da hain zaila iruzurra egitea ere.

400 pieza gai eta hizkuntza ezberdinetakoak, garaiko materialetan, zahar itxura perfektuaz… Ezinezkoa. Talde handia eta milioiak beharko lirateke. Eta zertarako?

Arkeologo profesionalak eta masajistak aritu ziren arakatzen.

Eta ikasleak eta harri-jasotzaileak eta era guztietako boluntarioak, munduko indusketa guztietan bezala.

Ez da jarri notizia, ikuskizuna, ikerketaren aurretik?

Bai, EHUk eta Diputazioak dena faltsutzat jo eta arkeologoak heriotza zibilera kondenatu dituenean, gauzak behar bezala ikertu gabe.

Zerk bultzatu zintuen aferan buru-belarri sartzera?

Bidegabekeria usaina hartu nion erabakiari, eta ostraken argazkiak ikusi nituenean susmoak baieztatu nituen. Gutxitan izan ditut gauzak hain argi.

Eta ezin itxi eztabaida…

Egiak bere bidea egingo du, espero dezagun. Arkeometria laborategi on batek goiz batean erabakiko luke auzia.

Hara.

Problema da nola geratuko diren gure unibertsitatea eta katedratikoak, benetakoak direla frogatzen den egunean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

“Dudan de la capacidad de la Ertzaintza para analizar las piezas de Iruña Veleia”

Horrela titulatzen du albistea  DNA egunkariak,  Iruña Oka Argitu batzordearen iritzia eta idatzia jasoz. Oso une interesgarrian dago auzia, lehertu zenetik hiru urte igaro diren sasoi honetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Epaileak Ertzantzaren laborategira bidaliko ditu piezak analizatzera

Arabako DNA egunkarian jakin dugunez, epaileak Ertzantzaren laborategira eramango ditu eztabaidan dauden grafitoak. Notizia oso ona auzia argitzeko gogoz dagoen ororentzat. Dena dela ez da ahaztu behar Lurmenek zein hura apoiatzen duten plataformek arkeometrian berezitutako laborategi batean analiza ditzatela eskatu dutela beti. Eta badira horretara dedikatzen direnak Europan.
Artikuluan datorren zenbait datu ez da zuzena; esaterako, Guardia Zibilaren laborategia ere horretan ari dela dio, eta ez dirudi horrela denik. Erakunde horri eskatu zion epaileak duela urtebete eginkizun hori, eta hasieran agindu arren, ez zela horretarako gai erantzun zuen azkenean, guri heldu zaigun informazioaren arabera, behintzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

“Iruña Veleia, CSI eta arkeologia fakultateak”, Koldo Urrutiaren artikulua Berrian

Oso artikulu interesgarria argitaratu du Koldo Urrutiak Berrian, Arabako Iruña Argitzeko Batzordearen izenean.
Bestalde, Iruña Okako Udalaren webgunean “Demandan a la diputada para que analice las piezas de Iruña-Veleia” titularraz, goiko artikulua laburtzen da, eta argazki harrigarri bezain argigarria eransten: Julio Nuñez egungo zuzendaria, Lurmen kanporatzeko hainbeste lan egin zuen gizona (gogoratu bere izenpea daramatela Batzordearen bi txostenek), induskatzeko bere metodo iraultzaileari argazkirik ez ateratzeko esaten.

***

Iruña Veleia, CSI eta arkeologia fakultateak

Koldo Urrutia

Gutxik jakingo dute CSIko ikertzaile nagusia, Gil Grissom, hau da, Wilian Petersen aktorea, Arrasaten bizi izan zela gure antzinako kultura ezagutzera Euskal Herrira etorri zenean. Gainera,  bere alaba bati Maite izena jarri zion. Deitu eta gonbidatu egin beharko dugu Euskal Herrira bigarren bisitaldi bat egiteko, oraingoan Arabara, Iruña Veleiako misterioa argitzen laguntzeko. Izan ere, azaroaren 19an, 3 urte betetzen dira Arabako Aldundiak ostrakak faltsuak zirela erabaki zuenetik, tarte honetan, batzuek gai hau argitu ez dadin ahalegin guztiak egin dituztelarik.

Grissomek Estatu Batuetan zientzia forensea nola hasi zen kontatuko zigun, orain dela mende bat baino gehiago, hilketa bat gertatu zenean, herriko biztanle guztiak ohiko lan tresna zuten aitzurrarekin etortzeko deitu zituztenean. Hilketa berehala argitu zuten, errudunaren aitzur gainean eltxoak gelditu gabe zebiltzalako, ikusten ez ziren baina bertan zeuden odol arrasto batzuen  gainean.

Gero bi alde dituen zientzia kriminalistikoaren faseak azalduko lizkiguke. Alde bat proba zientifikoen elaborazioa da, eta hor 5 urrats daude: delitua gertatu den lekua babestea; behatzea; ondo mantentzea; indizioak jasotzea eta, azkenik, indiziook laborategitara bidaltzea azter ditzaten. Beste aldean ikerketa lan osagarri guztia dugu, analisiak bezain garrantzitsua dena, eta hor ekintza deliktiboarekin zerikusia izan duten pertsona guztiak sakonki elkarrizketatzea dago, gauzak argitzeko, kontraesanak topatzeko… eta, garrantzitsuena, delitua zergatik egin den aztertzea, hau da, nork atera duen onura argitzea.

Ondoren Grissomek galdetuko zigun ea Arabako Iruñan lan hauek egin diren. Zoritxarrez berak aipatutako gauzetatik ia bat ere ez dela egin esan beharko genioke. Lehendabizi, Aldundiak izendatutako Batzordean arkeometria alorreko aditu bat bera ere ez zegoela esango genioke, hau da, aurkikuntza arkeologiko bat benetakoa den eta noizkoa den zehazten duen jakintza alorrekoa. Hilketa baten ikerketan DNA frogak egin litzakeen teknikorik egongo ez balitz bezala. Sinestezina da, baina zoritxarrez hauxe da gertatu dena.

Zientzien alorreko zeuden kide bakarrak Fernando Legarda ingeniari nuklearra eta Juan Manuel Madariaga kimikaria ziren. Legardak C14 datazioak ondo eginda zeudela baieztatu zuen, hau da, zeramikak erromatar garaikoak zirela. Bestetik Madariagak hedabideen aurrean ostrakak faltsuak zirela esan zuen, osagai kimiko moderno bat aurkitu zuelako.

Eliseo Gilek argitu zion gaia, Madariagak aurkitutakoa zeramika zatiak lotzeko erabiltzen den kola zelako, ez besterik. Kimikari honek ez badaki ere, zeramika zatiak apurtuta agertu ohi dira eta. Madariaga jaunak arkeometriaz tutik ere ez dakiela eta EHUn hondakinak datatu ahal izateko behar diren tresnak, adibidez termoluminiszentziak edo masen espektrometiak egiteko aparailurik ez daukatela esango genioke Grissomi.

Ondoren, Iruñako indusketa eremura Batzordeko aditu bat bera ere ez zela joan esango genioke, Lurmen enpresak azken urteotan egindako lana in situ ondo aztertzera. Ez zutela proba bakar bat ere jaso, ez zutela laborategietara ostraka bakar bat ere bidali, nahiz eta akusatua zen Eliseo Gilek eskatu, aktetan ikus daitekeen moduan. Horrez gain, Gilek eta Perringek eskatutako kata kontrolatuak ere ez ziren egin. Grissomek ez sinesteko moduko aurpegia jarriko zigun baina Batzordeko inor ez zela indusketako langile guztiekin egon informazioa jasotzeko edo kontraesanetan harrapatzeko ere esango genioke, gaia argitzeko ezinbestekoak diren gauzak.

Horrez gain, delitua egiteko arrazoia, hau da “mobila” ez dela aztertu esango genioke. Eliseo Gilek agertzen ari ziren pitxar, plater eta abarrekin urte askotarako finantzazioa ziurtatuta zeukan, nahiz eta ostraka bakar bat ere agertu ez. Zergatik arriskuan jarri berak, eta ez beste inork, abian jarri zuen indusketa? Faltsifikazioak egiantza izateko egiten dira, arkeologian, artean edo edozein arlotan. Orduan, zer zentzu zeukan ohikoak ez diren hitzak jartzea, inoiz ere agertu gabeak?

Onura atera dutenak argi ikusi da zeintzuk izan diren azken urte honetan. Batetik Julio Nuñez EHUko irakaslea, “arte eta parte” duena, Eliseo Gil indusketatik kanporatu zuen Batzordeko kidea eta Iruña Veleiako oraingo zuzendari berria dena, nahiz eta hondeamakina sartuta sektore oso bat suntsitu duen eta, proportzioan, aurreko Eliseo Gilek baino askoz soldata handiagoa jasotzen duen. Bigarren “onuraduna” Joseba Lakarra da, bere aintzineuskararen teoria irakasten jarrai dezakeelako EHUn, nahiz eta agertutako ostraken testuek bere teoria hau ia erabat pikutara bidali duten.

Julio Nuñez                             Joseba Lakarra

Grissomek, segururenik, errepublika bananera batean gaudela pentsatuko luke, eta ez nolabaiteko kultur maila duen herrialde batean. Baina, zentzuz jokatzen duen jendea egon badagoela ikustarazteko, gai hau daraman Epaileak datazio eskaera onartu duela esango genioke. Nahiz eta, orain arte bederen, gaia ez duen ondo kudeatu. Lehendabizi ikerketa Guardia Zibilari egitea agindu zion, jakinda, EHUn gertatzen den bezala, arkeometria laborategietan dauden tresna berezirik ez duela. Horregatik datazioak ezin dituztela egin erantzun diote Epaileari urte bete pasatu ondoren. Beste 6 hilabete pasatu dira, guztira 18 hilabete, datazio eskaera onartu zuen egunetik. Zain jarraitzen dugu Lorena Lopez de Lacalle diputatuak hasieratik egin behar zuena egiteko: ostrakak arkeometria laborategi batera edo bitara bidali, faltsuak ala benetakoak diren jakiteko.

Gobernu aldaketarekin, Kultura Saileko diputatu berria den Iciar Lamarainek gure Batzordearekin egindako bileran, argi esan digu datazioak ez dituela egingo eta Epailearen zain egongo dela gai honetan. Zoritxarrez, tartean Kultura diputatua izan den Malentxo Arruabarrenaren ildo berari jarraitzen dio. Urteak eta urteak gai hau argitzeko? Egunkariko epaiketak 8 urte iraun zuen eta emandako epaia, hain berandu izanik, ez zen egindako gaitza konpontzeko gai izan.

Gure herriko justiziak zelan funtzionatzen duen ikusita, Arabako Aldundiko Kultura Sailetik pasatu diren hiru diputatuek ostrukaren politika egiten jarraitzen dute, ostrakekin ostrukarena egin! Non eta 15.000 euro gastatuz eta 10 pieza polemikoenen datazioak eginez, hilabete batean konponduko litzatekeen gai batean!

Lorena Lpez. de Lacalle     Malentxo Arruabarrena eta oraingo Iciar Lamarain

Gizarteak hiru urte daramatza itxoiten eta ez da ezertxo ere aurreratu gai honetan. Ostraken benetakotasun ala faltsutasunari buruzko eztabaidak bizirik dirau, egiazkoak izan daitezkeela esaten duten txosten gehiago argitaratzen jarraitzen direlako, une honetan 18ra heldu direlarik. 2.450 orrialdeetan Aldundiaren Batzorderen txosten askotan –ez guztietan- agertzen ziren “ezinezko” ia guztiak argituta daude. Faltsutasunaren aldeko batzordekideak oraindik ez dira 18 txosten hauetako kontra-argudio hauei erantzuteko gai izan, ezta publikoki gai hau eztabaidatu nahi izan ere. Horrek, argi eta garbi, haien argudioen sendotasun maila zein den erakusten du.

Hiru urtetan zain egon ondoren, gai hau atzerrira eramatea erabaki dugu. Datorren hilean Europa eta mundu mailako 100 arkeologia fakultate garrantzitsuenetara bidaliko dugu gutun bat, historia triste hau kontatzeko. Jakin dezatela hemen zer ari den gertatzen: azken 100 urteotan izandako aurkikuntza arkeologikorik garrantzitsuenak ez dituztela datatu nahi; jakin dezatela sektore oso bat suntsitu dutela hondeamakina bat sartuta, harlauza batzuk apurtu eta harlauzen gainean zegoen guzti-guztia isurtegira bidali dutela.

Norbere herriari buruz atzerrian gaizki hitz egitea gauza tristea da baina Arabako Foru Aldundiak eta EHUko Letren Fakultateak beste alde batera begiratzen jarraitzen duten bitartean, beste erremediorik ez daukagu.

Horrez gain, guzti hau jasota gera dadin, gaur azaroaren 21ean berriro ere Arabako Foru Aldundian aurkeztutako idazki baten bidez, zera eskatu dugu: ostraka polemikoenak datatzea faltsuak ala egiazkoak diren jakin dezagun; publikoari ostrakak ikusteko aukera ematea, zelan dauden ikus dezagun; eta, azkenik, sektore oso bat hondatzeagatik, Julio Nuñez indusketako zuzendari gisa kentzea eta, egin dituen kalteengatik, bere kontra ekintza penalak aurkezteko aukera aztertzea.

Arabako Iruña Argitzeko Batzordea

(Euskeraren Jatorriaren blogetik hartuta)

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Urretxun hitzaldia azaroaren 25ean

Iruña-Veleiaz hitzaldia izango da Urretxun, Nabarrherri-k, udalaren laguntzaz antolatutako ekitaldien barruan.
Gaia: Iruña-Veleiako auzia
Hizlaria: Juan Martin Elexpuru
Lekua: Urretxuko Gernikako Arbola Plaza (karpa batean)
Eguna eta ordua: azaroak 25, ostirala, 18:30

Esan, bestalde, Bergarako eta Donostiako hitzaldietara jende asko hurbildu dela, 60 lagunetik gora izan baita bakoitzean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Bittor Kapanaga zenaren 1995eko hitzaldia Interneten

Bittor Kapanaga jakintsu otxandioarrak 1995ean Bergarako UNEDen emandako hitzaldi interesgarria Interneten jarri du Badihardugu Euskara Elkarteak ahotsak.com gunean. Transkripzioaren pdf-a jaitsi daiteke eta hitzaldiaren audioa entzun ere bai. Sustatun ere ere ematen da honen berri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Hitzaldia Donostian azaroaren 19an, egun beltzaren hirugarren urteurrenean

Titulua: Iruña-Veleia zertan da

Hizlariak: Koenraad Van den Driessche geokimikoa; Juan Martin Elexpuru filologoa

Lekua: Doctor Camino liburutegia, Abuztuaren 31 kalea, Alde Zaharra, Donostia.

Noiz: Azaroak 19, larunbata, 19:00

Iragarkia ostraka.mundua.com blogean

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak ez dute jarraituko indusketak finantzatzen

DNA egunkarian irakurtzen dugunez, Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuetan ez dago diru-partidarik Iruña-Veleiarentzat. Iaz 270.000 euro eman zituen. Beste bide batetik jakin dugunez, Arabako Foru Aldundiak ere ez du dirurik ipiniko indusketetarako. Iaz 220.000 euro jarri zituen. Krisia aipatzen da, baina kulturako beste arloetan jaitsiera % 20 inguruan ibili den bitartean, honetan % 100 izango da.
Badirudi mundu guztia jabetu dela Nuñezek egindako sarraskiaz. Eta faltsutasunaz hain seguru omen zeudenak ez daudela batere seguru.

Kategoriak Sailkatugabeak | 2 iruzkin