Hernaniko Kronika. Tomas Elortza Ugarte eta Jexux Eizagirre Portillo 2024ko mar. 25a, 00:00
«Iruña-Veleia argitu»: etengabe egin den aldarrikapena da ehundaka grafito laborategi fidagarrietara eraman eta indusketa berriak egin ditzaten eskatuz. Kultura, kirol, zinemagintza, bertsolaritza eta beste hainbat arlotako 144 pertsonak eta milaka herritarrek bere egin duten aldarrikapena. Baina dena alferrikakoa izan da Arabako Aldundiaren itxikeriaren aurrean.
‘Garbitu’ hitzarekin, lehengo grafitoez gain, duela 16 urtetik garbitu gabe dauden piezak ditugu gogoan: zeramikazkoak, metalezkoak, hezurrak eta abar. Aldundiak zeuzkan susmoen aurrean (alegia, grafitoak Eliseo Gilek berak faltsutzen zituela) Eliseok Iruña-Veleiako indusketan jasotako materialez betetako 61 kaxa bidali zituen Arabako Aldundira, han garbitu zitzaten. Erregistratzerakoan, ohar bat egin zuen Eliseok: pieza batzuk ‘sensibleak’ direla, eta grafitoak eduki ditzaketela, aztarnategian bertan ‘in situ’ antzemanak.
Aldundiko zaharberritzaileak garbitzen hasi zirenean piezen artean uso baten irudia agertu zen zeramika gainean egina, mokoan galburu bat zuela (pertsekuzio garaian kristauek erabili ohi zuten sinboloetako bat zen). Baina, Kultura Arduradunak agindu zien garbiketa lanak bertan behera uzteko. Eta hala jarraitzen dute: ez dituzte garbitu, ez garbitzen utzi.
Hernaniar batzuek mozio bat aurkeztu dugu herriko udal plenoan kaxa hauek garbitzea eskatzeko. Inork informazio gehiago nahiko balu, prest gaude emateko.