Sarrera honekin amaitutzat ematen ditugu sententziari buruzko gogoetak. Isabel Ortiz eta Paloma López Aldundiko zaharberritzaileen deklarazioa epaiketan: 2007ko amaieran, eta susmo giroaren ondorioz, aztarnategian pieza gehiago ez garbitzeko agindu zioten Lurmeni Arabako Aldunditik. Zaharberritzaileen eskuetara zeramikaz eta abarrez betetako hogei kaxa heldu ziren, garbitu gabe. 2008ko uda-udazkenean hasi ziren haiek garbitzen. Bi kaxa garbituta zeramatzatela, grafito berezi bat agertu zen, hegazti baten marrazkia, agian uso batena, ahoan galburua zuena (kristau ikurra, gehituko dugu guk). Aurkikuntzaren berri eman zioten diputazioari (Kultura diputatuari, etab.), eta berehala eman zieten gehiago ez garbitzeko agindua. Euren ustez, zeramika horiek garbitu gabe daude; ez zekiten ziur non dauden gaur egun kaxa horiek.
Epaileak sententzian hitzerdi ere ez honetaz, epaiketako ezustekorik handienetakoa izan zen arren. Larritasun ikaragarriko gaia da. Aldundiaren obligazioa da lehenbailehen kaxa horiek lokalizatu eta beren teknikariek ziurtasun eta berme guztiekin garbitzea. Hori egiten ez duten bitartean susmopean izango da Aldundia eta legez haren kontra jotzeko bidea zabalik egongo da.
Eta orain zer?
Eliseo Gilen defentsak helegitea jarria du Arabako Audientziaren aurrean absoluzioa eskatuz eta hilabete batzuk barru jakingo da erantzuna. Aldundiak ez du helegiterik jarri, baina bai Fiskaltzak. Hedabidetan jakitera eman denez, zeramika pusketen “prezioa” bakarrik eztabaidatzen du: epaileak zeramika bakoitza bi eurotan baloratu zuen (36 x 2 = 72 euroko isuna), eta fiskaltza, berriz, hasierako disparatera itzuli da: 600 euro bakoitza; (36 x 600 = 21.600 euro). Mixerablea eta erridikulua!
Audientziaren ebazpena edozein delarik ere, epaiak garbi adierazten du 36 grafito berezi direla faltsutzat emanak, besteei (255) buruz ezin dela ezer esan, ez direlako analizatu. Beraz, pieza horiek libre daude, ez daude “sub judice”, eta Aldundiak eta Jaurlaritzak zientziaren eskuetan utz ditzake, utzi behar lituzke, zientziak bere bitartekoez ebazpena eman dezan.
Gai honek soka luzea ekarriko du eta ez du merezi oraingoz xehetasunetan sartzea edo iragarpenak egitea.