Jexux Izagirrek eta Tomas Elorzak sinatutako iritzi-artikulua Hernaniko Kronikan.
Jexux Eizagirre Portillo
Tomas Elorza Ugarte
Hernanitik Gasteiza joan izan ginen, hain zuzen ere Iruña-Veleiako epaiketan bertan izateko, entzule moduan. Eta esan behar dugu, guk, epaiketan, entzun eta ikusitakoa ez datorrela bat hedabide handietan, emandako informazioarekin, ez da hurrik emanda ere. Epaiketan bi alde izatea derrigorrezkoa da (baita akusatua hiltzailerik handiena izanda ere): akusazioa eta akusatua. Horretan oinarritzen da Justizia. Ba, hedabide handiek, bai gaztelaniaz eta bai euskaraz, alde bakarraren azalpenak, argudioak, lekukoak eta abar, azaldu zuten batik bat. Alegia, akusazioarenak. Hedabide horiei irakurrita, pentsatu zitekeen akusatuak ez zuela, ez argudiorik, ez lekukorik, ez periturik, ez txostenik, ezta abokaturik ere. Gainera hedabide horiek ez dute informazioa kontrastatu. Eta hori kazetariaren kode etikoa hausteaz gain, delitu profesionalaren barruan ere sartzen da.
Jakina, hedabide handien eraginez, herritar gehientsuenek pentsatzen dute Eliseo Gil dela errudun, epaileak bere erabakia hartu aurretik (ordura arte ez da errudun), eta erabakitzen duena erabakitzen duelarik.
Malcolm X ekintzaile estatubatuarrak zioen: «Hedabideei kasu egiten badiezu, sinestaraziko dizute zure laguna dela etsai; eta zure etsaia, lagun». Iruña-Veleiako epaiketa gertatu aurretik,pentsatzen genuen Malcolm Xen esan hori ez zela gertatzen gure hedabideekin. Baina, ikusi beste idatzi hau (klikatu hemen), Iruña-Veleia Argituk egina, eta flipatu gure hedabideek emandako informazioarekin.
Nola jokatu behar izango zuketen instituzioek zuen ustez aditu talde garrantzitsu hark piezak faltsuak zirela sententziatu ondoren. Ez da erraza”zientzialari” haien sententzia gogor eta “eztabaidaezinaren” ostean ez gaude ziur oraindik eta europako laborategietan froga gehiago egin behar ditugu esatea. Errazena eta onargarriena zuzenean epaitegira jotzea zen. Ortaz nire ustez errudun nagusiak kasu hau sententziatu zuten “zientzialariak” eta kasua horrenbeste urtez luzatu duten epaileak dira, sortutako iskanbilaren ondotik ez baitzioten aldundiari epaiketara jotzea beste irtenbide onargarririk utzi erantzunkizuna aldundiarena den arren. Benetan sorte txarra izan da zientzialari eta epaileen aldetik, kasua argitu ordez nahastu eta denboran luzatu soilik egin baitute. Espero genezaken bakarra amesgaizto honek amaiera ona izatea da luzaroegi izan gabe.
Ondarreta, benetakotasunaren aldeko beste hainbat txosten ere badaude, baita adituek idatzitakoak, non faltsutasunaren arrazoi asko behera botatzen baitituzte (besteak zalantzan jarri). Hauek irakurri baino ez da egin behar grafitoen faltsutasuna argi ez dagoela ikusteko. Txostenak Interneten daude; edonork irakurri ditzake. Nik, pertsona arrunt batek, irakurri baditu, politikari batek aukera berdina izan du. Beraz, hauen ezjakintasuna onargarria izan zen lehenengo hilabeteetan… Baina hamaika urte pasatu dira.
Baina txosten horiek gaia jada epaiketan zegoela egindakoak dira eta ez zuten hau betan behera uzteko balio. Irtenbide bakarra epaiketa amaitu ondoren aldundiak behar bezalako frogak egitea litzateke.
Ezin dut sinestu 11 urtetan ez dutela erarik izan gaia berriz eta sakonago aztertzeko eta, behar izanez gero, neurri berriak hartzeko. Zergatik eskuak garbitu dituzten, hori guk ez dakigu, beraiek azaldu beharko dute egunen batean.