“Lurrezkoak ala urrezkoak?” Berrian eta Garan

Gaurko Berrian eta Garan Lurrezkoak ala urrezkoak? artikulua agertu da.

Lurrezkoak ala urrezkoak?

Juan Martin Elexpuru

2019ko azaroak 12 0 «Kontuz ibili pitxar berriarekin», esan dio Lidia mirabeari Pompeia Valentinak, hiriko familia aberatseneko etxekoandreak iturrira bidali duenean. «Ondo zaindu eta kontuz esku-luzeekin». Nagusiaren izena du behealdean grabatua bezperan Tritium-etik bere zalgurdiaz etorri zen merkatariari erositako ontziak. Kontuz ibili beharko zuen, bai, bazekien eta zer zeukan pitxarra apurtzen bazuen edo harrapatzen bazioten.

Badator Lidia iturritik pitxarra buruan, eta etxeko atea zeharkatzean txakurrarekin jolasean dabilen mutikoarekin estropezatu eta ontzia mila pusketa egin da lurrean. Bueno, mila agian ez, baina mordoa bai, jo dezagun berrogei. Pompeia Valentinak ez daki nor astindu eskuan duen erratzaz, bere seme bihurria ala mirabea. Hasperen eginez, barreiatuta dauden pusketak batu erratza eta palaz eta zakartegira bota ditu.

Ez zekien asko Pompeia nahigabetuak nolako balioa izango zuten 1.800 urte geroago buztin-pusketa haiek: 40 x 600 = 24.000 euro. Ez da hauspokeria. Gatozen harira. Eusko Jaurlaritza da ondare arkeologikoaren jabea. Kultura kontseilaritzak 600 eurotan baloratu du Iruña-Veleiako zeramika-pusketa bakoitza (hezur eta adreiluak ere berdin). Arabako Aldundia da aztarnategiaren administratzailea, eta honek biderketa egitea beste lanik ez du izan isuna proposatzeko orduan: 480 pieza x 600 euro. Fiskalak ere Jaurlaritzaren irizpideari jarraitu dio. Kartzela zigorraz gain (zazpi urte eta erdi Gilentzat, hiru eta erdi Escribanorentzat), ia hirurehun mila euro eskatzen diete arkeologoei.

Egoeraren absurdoaz jabetuta, Kultura Kontseilariarekin eta Ondare Zuzendariarekin bildu ginen joan den urtean eta arazoa azaltzen saiatu. Esaten duzue piezak faltsuak direla, zeramika pusketa garbiak hartu eta gainean idazkunak eta marrazkiak egin dituztela. Jo dezagun horrela dela hipotesi gisa. Zenbat balio du horrelako zeramika zati batek? Balio kulturala zero, horrelakoak milaka agertzen direlako eta zakartegira joaten direlako. Idoia Filloy zuzendarikide ohiak Radio Euskadiri berriki eskainitako elkarrizketan adierazi zuen estratu bakar batean 20.000 pusketa agertu zirela, denak garbitu zituztela, eta grafitoa edo zerbait berezia zuten apurrak bereizi ondoren zakarretara joan zirela beste guztiak. Ohi den lez. Balio ekonomikoa ere zero edo zerotik hurbil dagoen zifra bat. Orduan non dago «ondarearen aurkako kaltea» eta nola justifikatzen dira bakoitzeko eskatzen diren 600 euro horiek? Ez dezagun ahaztu arkeologoei egozten zaien delitua «ondarearen aurkako kaltea» dela eta ez «faltsifikazioa».

Ez zekiten zer erantzun. Isun-eskaera erretiratzeko eskatu genien. Ezetz, auziak aurrera jarraitu behar duela. Erridikulurik lotsagarriena egiteko arriskuaz ohartu genituen. Ez dirudi inporta zaienik Jaurlaritzari eta Arabako Aldundiari. Hemengo justizia ezagututa, beldur gutxi, nonbait. Izan ere, nori axola zaio Eliseo Gilen eta Oscar Escribanoren buruan beste mailukada batzuk jotzea; hamaika urtez epaiketaren zain egon ondoren, bidegabekeria nabarmenari krudelkeria eranstea kartzela eta isun formatuan. Gure hedabideek, eliteek eta eragileek mutu jarraitzen badute orain arte bezala, beldur gutxi.
Eta oraingoan Espainiako Auzitegi Nazionalik eta Auzitegi Gorenik gabe. Estatuaren Fiskaltzak baino zigor handiagoak eskatuz, gainera. Eta hori piezak faltsuak direla defendatzeko inolako frogarik aurkeztu ez denean.

Gu horrelakoxeak gara eta harro gaude. Gora gu eta gutarrak!

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

1 Response to “Lurrezkoak ala urrezkoak?” Berrian eta Garan

  1. Pingback: Manifiesto para la aclaración de Iruña-Veleia. / Iruña-Veleia argitzeko Manifestua. – Iruña-Veleia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude