“Eliseo Galilei” gaurko Berrian

Egunkariaren akats bategatik Galileo Galilei tituluaz agertu bada ere, Eliseo Galilei du berez izenburu gaurko Berrian argitaratu den nire artikuluak.

***

Eliseo Galilei

Eliseo Gil agurgarria, Galileo Galilei nauzu: “Nihil novum sub sole”, adiskidea. Hemen Kosmosetik dena ikusten da, eta hotzikara izoztu batek zeharkatzen nau nola zarabiltzaten ikusten dudanean.

Ni ere oso estimatua nintzen, Eliseo. Matematikari, astronomo eta filosofo handitzat nindukaten, baina mundua eguzkiaren inguruan dabilela esatera ausartu nintzelarik, akabo. Biblia Santuaren aurka nengoen. Dogma Santuaren zaintzaileek, teologo eta astronomo txit jakintsuak eurak, lepora salto egin zidaten, eta Ofizio Santuaren atzaparretan jarri ninduten. Nire ideiei uko egin behar nien derrigor. Aldameneko gelan “tormentua ematen” ziharduten norbaiti. Kurrixkek estaltzen zuten tarteka inkisidoreen erretolika. Neu izango nintzen hurrengoa. Eta nola ahaztu Giordano Bruno gizajoari urte batzuk lehenago gertatutakoa. Erromako Campo dei Fiori-ra joaten bazara, Eliseo, han ikusiko duzu haren estatua plazaren erdian. “Hemen erre zuten, mundua unibertsoaren erdia ez dela esateagatik”. Neure haragiaren erre-usaina hartzen hasi nintzen, eta amore eman nuen. Zaharra nintzen ordurako eta nekatuta nengoen. Hala ere, ez zidaten barkatu, etxean preso eduki ninduten hil arte.

Ez kexatu, Eliseo maitea. Inkisizio gorriaren garaiak ziren haiek, suak garbitzen zituen iritzi heretikoak, berez konstatazio zientifikoak baino ez zirenak. Zu behintzat ez zaituzte pikotari lotuta jarriko bidegurutzean bidaztiek txu egin diezazuten, ez zaituzte tormentatu eta erreko Andra Mari Zuriaren Plazan, nahiz eta baten bati gogorik ez falta. Inkisizio zuria da egungoa. Unibertsitateko Katedratikoak dira dogma santuen zaindariak, eta politikoak eta epaileak Ofizio Santua. Egia esan, ez dakit zein den hobea. Nire garaikoek bezala, hauek dena dakite zalantza izpirik gabe, duela bi mila urteko euskara, latina… eta biblia bertsotan ere bai. Eta ez dute surik behar zu bezalako bat kiskaltzeko. Hedabideak dituzte difamatzeko; eta nahikoa difamatutakoan, zure izena eta existentzia bera ahaztea komeni baldin bada, hedabide berberak erabiliko dituzte zure damnatio memoriae lortzeko.

Zure antzera ikusi nuen Altamiran Marcelino Sanz de Sautuola gizajoa duela 150 urte. Faltsutzailetzat jo zuten hura ere. Tristuraz hil zela esango nuke. Hilda gero onartu zioten aurkikuntza handia. Hilda gero, salda bero. Zurekin ez ahal da horrelakorik gertatuko.

Suerte txarra izan duzu, Eliseo. Denak jarri zaizkizu kontra. Ez bakarrik betikoak, domingotarren kastakoak, baita beste muturrekoak ere, ustez zu sutsuki defendatu beharko zintuztenak. Nola lortu duzu hori? Horregatik bakarrik monumentu bat mereziko zenuke. Eta ikusten dudanean inkisizioko buru izandako anderea kofradia ustez aurrerazale eta egizale baten buruan, ileak tente jartzen zaizkit. Eta ikustekoa izango da, Eliseo, grafitoak benetakoak direla aldarrikatzen den egunean zer nolako atsekabea hartuko duen zenbait akademiko, intelektual, kazetari eta politiko euskara zale eta aberri zalek. Hamaika ikusteko jaio ginen.

“Eppur si muove” (“Hala ere, mugitu egiten da”), nik esan omen nuen esaldi horrekin pasatu naiz historiara. “Tremate più voi nel pronunziare questa sentenza che io nell’ascoltarla” (“Dardara handiagoa egiten duzue zuek sententzia irakurtzean nik entzutean baino”), esan omen zuen Giordanok. Zu ere, Eliseo, joan zeure esaldia pentsatzen. Jende zuriarena igarri dezakezu; gauzak buelta ematen duenean, hurbildu, bizkarrean jo eta irribarre ezin zuriago batez esango dizute: “Esaten nuen nik, Eliseo, esaten nuen nik!”. Eta egoera berriari zukua nola atera pentsatzen egongo dira. Haizea hartzera bidal ditzakezu zuzenean, edo antzarrak ferratzera, bestela. Edo eta, harrizko pikotarik ez dagoen arren orain bidegurutzeetan, “Zoaz pikutara!” esan diezaiekezu zu pikotan jarri zaituzten horiei.

Ez etsi, Eliseo. Eutsi! Besarkada bat.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

5 Responses to “Eliseo Galilei” gaurko Berrian

  1. egilea: Antton Erkizia

    Ederra iruditu zaidak eskutitza (eta badakik ez naizela balaka zalea), polit+a, egokia.

  2. egilea: Sakana

    Juan Martin, Galileorengan zein erraz transubstantziatzen zaren eta munduko biktima guztien babesle justizieroa nola bihurtzen zaren ikusita, ezin diot pentsatzeari utzi, zure gutun delirantea irakurrita, zer ote den eta zer ez ote den pasatuko Eliseoren burutik zure gutun koipetsua irakurtzen ari dela.
    Sano deskojonatzen ikusten dut Eliseo, bai horixe! Ez alferrik, grandeziarako eldarnio batek seko joa dagoen apaizgai batek egiten dio debaldeko defentsa sutsua!
    (segi hola, Juan Martin, barre egiten jarraituko dugu – Eliseok batez ere)

  3. elexpuru egilea: elexpuru

    Nola kalifika daiteke Eliseoz eta nitaz halako pitokeriak esaten dituen eta bere izenaz sinatzeko gauza ez den tipo bat? Irakurlearen esku uzten ditut epitetoak, eta nor den asmatzeko lana ere bai, ez baita zaila. Betikoa…

    • egilea: Edurne Diaz

      Kaixo Juan Martin,
      Arretaz irakurri dut zure gutuna, eta hunkitu ere hunkitu naute zure lagunari eskaini dizkiozun lerroak. Ni ere haserretu naute Sakana izeneko horren hitzek. Zornea eta hostia txarra darie. Nor da “betiko” hori? Aspaldiko ezagunen bat? Ez dut gaia gehiegi jarraitu eta ez dakit ba… hala ere, penagarria da gure artean horrela ibiltzea… Dena den, animo!

  4. egilea: Antton

    Nola kalifika daitekeen Sakanaren hizkera? Broma? Pitokeria? Nik uste diat gutxiespen- nahia dariola, iraintzeko asmoa, gogoa.
    Zer gertatzen zaie? Nonahi mintzo direla (izengoiti batetik edo bestekin) nonahi ere bere(n) burua besteen gainetik erakutsi nahia dute, besteek azpian hartu beharra…
    Zer gertatzen zaie?…
    (Horrela ez goaz ongi, ez horixe).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude