Lorena Lopez de Lacallek irakurri zuen EH Bilduren agiria Itsasuko Aberri Egunean

Atzo arratsaldean Itsasun (Lapurdi) izan ginen, Aberri Eguna ospatzen baitzen, eta bide batez gogora ekarri nahi zen 1963ko lehen Aberri Egun mitiko hura. Berriako kronika. Hainbat mintzaldi egin zen, eta tartean antolatzaileena. Ezusteko handi bat izan genuen: Hegoaldeko EH Bilduren izenean, EAko Lorena Lopez de Lacallek irakurri zuen agiria, nahiko gaizki, dena esan behar bada, euskaraz ondo ez dakitenek sarri irakurri ohi duten moduan.

Oraindik ere norbaitek ez badaki, gogora ekarriko ditugu andere honek Iruña-Veleiako auzian egindako zenbait gauza. (Xabier Agirre jeltzaleak zuzentzen zuen gobernuaren babesarekin).

1.- Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura ahalduna zelarik, 2008ko azaroaren 19an, 444 Foru Dekretuaren bidez, aztarnategia itxi,  Lurmeneko arkeologoak egotzi eta ostrakak faltsuak zirela ebatzi zuen, artean entregatu gabe zeuden (bat izan ezik) txosten batzuetan oinarrituta.

2.- 2009ko martxoan kereila jarri zuen Lurmeneko arkeologoen aurka, ondarearen kontrako kalteak eta faltsifikazioa leporatu nahian.

3.- Bi txosten grafologiko enkargatu zituen, faltsutzailea Eliseo Gil zela sinestarazi nahiz. Lehenengoaren prezioa ez dakigu, baina bigarrenagatik Aldundiak 36.000 euro ordaindu zizkion Magdalena Ezcurra grafologoari. Lorena Lz de Lacallek txostena filtratu zuen Correo eta Berriara, Eliseo Gil iritzi publikoaren aurrean kriminalizatzeko. Bi egunkari horiek hainbat orrialde eskaini zioten filtrazioari, eta Eliseo Gil seinalatu zuten faltsutzailetzat.

4.- Julio Nuñez EHUko irakaslea izendatu zuen aztarnategiko zuzendari. Gauza jakina da jaun honek aztarnategian egindako sarraskia. Hondeamakina handi batez 8.000 metro karratu harrotu zituen, eta lur arkeologikoki oso emankorra bota zuen zakartegira. Helegitea epaitegian jarri eta sarraskiaren argazkiak eta bideoak eskura jarri zitzaizkion arren, Julio Nuñezen lana babesten eta diruz hornitzen jarraitu zuen.

2011ko Udal eta Foru hauteskundeen aurretxoan EAk alde egin zuen Aldundiko gobernutik. Jakina da oso gogo txarrez utzi zuela kargua. Gero Bilduko zerrendetan joan zen Arabako Biltzar Nagusietako hauteskundeetara, eta harrezkero biltzarkidea da.

Eta larunbat honetan, EH Bilduren agiria irakurri du Itsasuko Aberri Egunean.

Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.p003_f02(Berriako argazkia)

Legebiltzarreko Kultura Bazordearen aurrean egindako interbentzioak (2010-11-16)

Bestalde, Itsasuko ekitaldi honetan Amets Arzallusen interbentzioa izan zen benetan gogoangarria. Hona hemen Eibar.org blogean Asier Sarasuak idatzitako kronikatxoa eta eragin dituen iruzkinak. Beste argazki bat hemen.

 

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

9 erantzun Lorena Lopez de Lacallek irakurri zuen EH Bilduren agiria Itsasuko Aberri Egunean-ri

  1. Pingback: Ostraka euskalduna » Blog Archive » Lorena Lopez de Lacallek irakurri zuen EH Bilduren agiria Itsasuko Aberri Egunean

  2. egilea: Antton Erkizia

    “Nakoitzak atera ditzala bere ondorioak”, diozu.
    Eta nik neureak hauxek: uste dut (uste dut) paranoia pittin bat baduzula andere honekin. Bai, Lorena zen Arabako Kultur diputatu, Iruña-Veleiari buruz erabaki aski bortitzak hartu zirean. Itsasun herenegun egon zen Lorena berbera.
    Baina Itsasuko ekintzak ez du ezer ikustekorik iruña-Veleiakoarekin. Eta hango Lorenaren rolak eta zereginak ez dute ezer ikustikorik hemengoarekin…

    Nik uste dut pertsonalizatu egin nahi duzula Lorenarengan, gehiegi.

    Ez dezagun ahantzi: orduan Lorena EAko diputatua zen, koalizaioa osatuz zegoen han, zegoen tokikan. Eta koalizio hori EAJk eta EAk eta Aralarrek osatzen zuten.
    Hartan, besteek ere izanen dute ardura pittinen bat, ezta? “Koalizio ardura” bederen…

  3. elexpuru egilea: Juan Martin Elexpuru

    Kaixo Antton: baten bati normala irudituko zaiok Iruña-Veleia auzian halako historiala duen pertsona bat EH Bilduren ahotsa eta irudia izatea Aberri Egunean. Ildo politiko horretakoa sentitzen den honi, eta harridura gainditu ezinik hurbildu zitzaizkidan beste batzuei, ez. Baina ez ditiat idatziz ipiniko gorabehera honek sortzen dizkidan gogoeta garratzak.
    Eta jakina ardura politikoa dutela erabakia hartu zuten beste koaliziokideek ere, gehiengoa zuen EAJtik hasita, eta baita diputatu bakarra zuen Aralarrek ere (nahiz eta berehala jarrera oso kritikoa hartu zian alderdiak erabakiarekiko). Baina auzia jarraitu dugunok, eta tartean heu Antton, bazekiagu Lorenak eta berak zuzentzen zuen departamenduak erabateko ekimena eta protagonismoa izan dutela afera honetan. Hartutako erabakiez gain, egindako adierazpenak berrentzun daitezkek, Legebiltzarreko Kultura Bazordearen aurrean egin zituenak, adibidez. (Goian loturak).

  4. egilea: Antton Erkizia

    Esaidak, Elexpuru:
    –Non irakurri duk hik Lorena Lopez de Lacalle EH Bilduren izenean aritu zela?
    –Nik ere BERRIA irakurri nian atzo, hik dakarken argazkian erreparatu ere bai, eta BERRIAn zioan: EA, ALTERNATIBA, AB eta ARALAR eta SORTU izan zirela gonbidatuak eta beraien ordezkariak hitzegin zutela (buruz ari nauk). Logikoa iduritu zitzaidaan; Ipar EHko Aberri Eguna izaki (Enbata gogoan) eta EH Bildu Hegoaldeko koalizio denez…
    –Ez zen ba EAren izenean ariko Lorena?
    –Ez haiz bada “nahasi” izanen? Edo nahasi nahiean ariko?

    (Beste galdera batzuk ere banizkike hiretzako, baina ez, ez zihoat inori bazkarik eman nahi. Agur.)

  5. elexpuru egilea: elexpuru

    Antton: “–Ez zen ba EAren izenean ariko Lorena?” EZ. deitzaileak EH Bildu osatzen duten Sortu, EA, Aralar eta Alternatiba zituan, gehi Iparraldeko Abertzaleen Batasuna, eta denen izenean Xabi Larraldek eta Lorena Lopez de Lacallek irakurri zitean manifestua. Alderdietako beste inork ez zian hitza hartu. Geure begiekin ikusi eta geure belarriekin entzun genian.
    Agian, “Lorena Lopez de Lacallek irakurri zuen Sortu, EA, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasunaren agiria” jarri behar nian, zehaztasunaren izenean.
    “–Ez haiz bada “nahasi” izanen? Edo nahasi nahiean ariko?” Jontxo…, gogor samarra, ezta, Antton?
    “(Beste galdera batzuk ere banizkike hiretzako, baina ez, ez zihoat inori bazkarik eman nahi. Agur.)”. Haserre dirudik nirekin, ez zekiat zergatik. Baduk nire helbidea eta nahi duanean idatzi.

    • egilea: Antton Erkizia

      Gogor samar aritu nauk? Agian, bai. Barkatu.
      Hi han bertan izan bahintzan, heuk dakik ni baino hobeto. Baina Ez BERRIAk eta ez GARAk ere, ez zian BILDU aipatzen, eta logika osoa dik ez aipatzeak, esan bezala, Ipar EHerriaz ari geranez. Hik ordea izenburuan sartu duk.

      (Amorrua sentitu diat, lehen ere arituak bai gaituk hi eta ni gai hontaz, siglak Iruña-Veleian sartzearen lardaskeriaz, alegia.)

      Gabon.

  6. egilea: Ramon

    Aupa Juan Martin!: Oso egokia izan dok hire komentarixue. Jente asko minduta sentiruko zuan Lorenak Aberri Eguneko agiria irakurri zuenean. Alderdi batzuen izenean irakurri juan, eta seguru nak alderdi horrein jarraitzaile askok ezebela ulertu zergatik irakurri juan UPVko sektore españolista eta antizientifikoen txostenetan oinnarrituta Beleiako indusketa pikutara bialdu euena. Beleiako aztarnategia Julio Nuñezen eskuetan iztea baino ekintza antiabertzaleagorik etxak eta. Berriro esango juau Lorena Lopez de Lacalle ez dok abertzalea, etxok gure aberria maite, eta erromatar-españolen alde jardun juan potere politiko apur bat euki euenien. Nire galdera huxe dok: andra hori troll bat ete dok edo bera babesten dauen alderdi politiko “abertzaliek” trollak ete dittuk???

  7. egilea: Xabier

    Ni ere Itsasun nintzen (1963an bezala) eta “tripako minez” (banituzke beste hitzak ere) entzun nuen Lopez de Lacalle anderea.
    Badakit halere bi eremu desberdin direla Iruñako “txapuzaren” eragilerik gorenarena eta ordezkaritza politikoarena.
    Eta Lopez de Lacallek berak erantzun beharko luke galdera honi: uste al duzu jendartearen aurrean agertzeko duintasun aski baduzula Iruñan gertatutakoaren ondotik?
    Bada baita ere beste galdera Itsasukoa antolatu zuten indar politikoei: ezin al duzute hobekiago neurtu zuen ordezkaritzaren alde positiboak eta negatiboak? Uste baduzute euskaldun guztiak ahanzkorrak garela oker zabiltzate!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude