Roslyn M. Frank filologo estatubatuarraren hitzaldia Bergaran

Azken glaziazio handiko babeslekua eta euskara izeneko hitzaldia eskainiko du Roslyn M. Frank filologo Estatu Batuarrak. Bergarako Jardun euskara elkarteak antolatuta, Irizar Jauregian izango da solasaldia urriaren19an, eguaztenean, 19:00etan hasita. Berria goiena.net-en.

Roslyn M. Frank, Iowa-ko (Estatu
Batuak) Unibertsitateko Hizkuntzalaritzako irakaslea da. Arbaso
euskaldunik ez izan arren, aspaldi ikasi zuen euskaraz. Euskal
Herriarekin lotutako hainbat lan argitaratu ditu.

Euskal hizkuntza, Sarobeak, Inauteriak, Serorak edo eta Iruña-Veleiako
auzia daude, besteak beste, berak landutako gaien artean.

Hitzaldian mundu zientifikoan bero-bero dagoen gaia jorratuko du:
PCRT (Palaeolithic Continuity Refugium Theory). Gero eta indar
handiagoa hartzen ari den teoria honen arabera, Azken Izozte Handian
(22.000-10.000 K.a.) babesleku Franko-Kantabriarrean mintzatzen zen
hizkuntza euskara zen, eta ia Europa osora zabaldu zen izotzak urtu
zirenean.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

14 Responses to Roslyn M. Frank filologo estatubatuarraren hitzaldia Bergaran

  1. egilea: Iñaki

    Nik uste gauza bat dela gizakiak leku batean, Euskal Herrian ere, orain dela ez dakit zenbat mila urte bizi izatea. Uste dut horrekin ados gaudela denok. Hori bai, nik uste dut beste kontu bat dela gizaki horiek euskaraz mintzo zirela esan ahal izatea, ezen ez baitut uste Santimamiñeko kobetan (leku esanguratsu bat aipatzeagatik eta oraindik ere) euskal hitz edo testu marrazturik agertu denik.

  2. egilea: Antton

    Ados zurekin, ados (behingoagatik).

    Ez da frogatzen euskara mintzo zenik; nik ere hala uste dut. Baina zure arrazoia ere ezta ez froga: “Santimamiñen ez da euskal hitzik marrazturik…”.
    Kontxo, Iñaki, ez da HITZIK marrazkurik, seguraski oraindik ez zelako idazten (marraztu bai, figurak marraztu. Figurak kopiatu egiten dira (ikusten dena), baina hitzak nola eraman hizkietara?.

    Edo, nola zen hori?. Zer diozue filologoek horretaz?.

  3. egilea: Iñaki

    Idazkiena zen nik esandakoen artean garrantzi gutxien zeukana. Nik esaten dudan gauza bakarra da X datu arkeologiko/etnografiko/antropologikoekin ezin ditugula nolanahiko ondorioak atera. Datu horiekin esan ahal izango dugu, Barandiaranek egin zuen bezalaxe, badagoela jarraikotasun bat Santimamiñeko bizilagunetatik erromatarren garaira arte, eta erromatarretatik gaur egungo euskaldunetara arte. Horrek ez du esan nahi, baina, ordukoek (Santimamiñekoek) euskara erabiltzen zutela, ezta aurkakoa ere, kontuz, baina uste dut sarri esaten diren esaldi batzuk (“Gero eta indar
    handiagoa hartzen ari den teoria honen arabera, Azken Izozte Handian
    (22.000-10.000 K.a.) babesleku Franko-Kantabriarrean mintzatzen zen
    hizkuntza, euskara zen” izan daiteke horietako bat) berez erortzen direla, ez gerta ezin zitekeelako, ezpada rigore zientifiko gutxitxo izanda begi-bistakoa delako datu edo objektu batzuk edukitzeak ez dakarrela objektu horien egileek X hizkuntza erabili zutela.

    Esan dezakegu: aizu, hemen jarraikotasuna dago ez dakit noizko arrasto honen, ondoko aroko arrastoen eta gaur egungo arrasto horien arrastoen artean (balio bekit errepikapena); alabaina, hizkuntza kontuez, eta are gehiago halako iragan luze eta ilunetan sartzeko, hizkuntzalaritzatik tiratu behar da. Mitxelenak erromatarrak heldu aurreko euskararen zenbait egitura eta elementu berreraiki zituen, hots, orain dela 2.000 – 3.000 urtetako *euskara. Lakarrak, berriz, are atzerago egin du, ez dakit zehazki datua eman duen inoiz, baina esan dezagun Mitxelenaren proposamen horri beste 1000 edo 2000 urte gehi dakizkiola. Tira, aizu, biak bilduta orain dela 3000 urteko *euskarara hel gaitezke. Hortik gorakoak ere etorriko dira, ziur, baina ez gaitzala frenesiak eta batez ere idealismoak itsutu.

  4. egilea: Antton

    Ados zurekin, ados (behingoagatik). Ez da frogatzen euskara mintzo zenik; nik ere hala uste dut.

    Hori da erran dudana.

    (Eta zuk proposatzen duzun bideak ere ez du bada frogatzen orduan eta hemen euskaraz egiten zutenik. Proto-euskara inferitzeak-igertzeak nora eramanen gaitu?. Euskara aintzin nola eginen ote zuten igertzea. Ez non, ez nortzuk…Ongi da; aupa Mitxelena eta aupa Lakarra)

    Baina bazterrak gehiegi nahasi aintzin, horretan uztea hobe, ezta?. Niregatik bai…ez baidut piperrik ulertzen horretaz.

  5. elexpuru egilea: Juan Martin Elexpuru

    “babesleku Franko-Kantabriarrean mintzatzen zen
    hizkuntza, euskara zen” beharrean, agian hobe izango zen “baskonikoa
    zen” (Vennemannek “vasconic” darabil), edo “euskararen guraso-hizkuntza
    zen” esatea. Dena dela, ez zait hain  pekatu larria iruditzen, duela
    2.500 urteko Greziako hizkuntzari “greziera” deitzen badiegu, eta
    oraingoari ere bai, nahiz eta aldatuta egon, zergatik ez “euskara” deitu
    duela 10.000 urtekoari? A, eta uste dut nahikoa datu dagoela hipotesi
    sendotzat hartzeko. Vennemannen lanak eta Blasco Ferrer-en paleosardoari
    buruzko azterketa hor daude, esaterako.

  6. egilea: Iñaki

    Izena ez dadila izan eztabaidagai, dei diezaiogun euskara, aintzineuskara urrun, aitzineuskara arkaiko, aitzineuskararen amona… Dena dela, Juan Martin, gogo onez, baina uste dut zure argudiaketan ohiko akats bat dagoela, ikuspegi historikotik behintzat: (hizkuntzen) historian kronologia oinarrizko kontzeptua da, eta ezin dira urteak nahiz mendeak nolanahi aipatu, denbora igarotzeak aldaketak baitakartza eremu guztietan, baita hizkuntzetan ere. Eta ez dut uste, parametro horietan behintzat, greziera (orain dela 2.500 urtekoa) eta euskara (orain dela 10.000 urtekoa) parekagarriak direnik, hasteko, datu asko eta hainbat eta hainbat testigantza ditugulako grezierarenak. Nik ez dut esaten orain dela 10.000 urteko hura ezin izan zitekeela euskara edo euskararen aurrekari bat, baina hori hipotesi gisa besterik ezin da mantendu, ezin da hitz egin frogez, ez baitago orain dela 10.000 urteko froga linguistikorik euskaraz.

    Vennemannen usteak direla eta, uste dut gehienetan ere akats bertsua egin duela: kronologia ez du kontuan hartu, toponimia darabil baina ez ditu toponimoak datatu, eta gehien-gehienetan ez dugu ez 10.000, ez 2.000, ez 10.000 ez 500 urte egin behar atzera ikusteko X toponimoak urte asko baino, nahiko berria dela ikusteko. Dena dela, uste dut bereizi egin behar direla toponimia (onomastika oro har) eta hizkuntza “arrunta”ren eboluzioa, ez baitoaz elkarrekin eta onomastikan beste hainbat faktorek eragiten dutelako.

    Anttoni, bestalde: berreraiketak ez digu esaten nork non zer hitz egiten zuen normalean, baina kontuz, esan diezaguke ezaugarri batzuk nondik nora aldatu diren (gogoratu nola, hots, zer argudio linguistikorekin defendatzen duen Gorrotxategik euskalduntze berantiarraren aurkako teoria). Dena dela, hizkuntzaz ari garelarik, funtsezko oinarri eta argudioak ematen dizkigu: orain dela 4.000 urte euskararen erroa ez dakit nolakoa zela esaten duenak, zuzenean ez bada ere, orain dela 4.000 urte euskara bazen esaten ari da, eta gainera argudio linguistiko-zientifikoak daude hori frogatzeko, eta gainera datuok, linguistikak ez ezik, arkeologiak eta etnografiak ere berresten dituzte.

  7. egilea: Juan Martin Elexpuru

    Iñaki: Vennemannek eta Blascok toponimian
    oinarritzen dituzte batez ere beren hipotesiak, Lakarrak berreraiketan. Biak
    dira zilegi. Historialariek, arkeologoek eta genetistek (gero eta gehiago)
    diote Babesleku Franko Kantabriarrean pilatu zela jendea azken izoztean, eta
    gero, Mesolitikoan, alde guztietara zabaldu zela. Logikaz, garai horretan edo
    geroxeago jarriko zieten izena hutsik zeuden lurraldeei. Alemanian, Ligurian
    edo Sardinian euskal itxurako toponimo bat agertzen bada (eta milaka agertzen
    dira), pentsatzekoa da garaitsu hortakoa izango dela eta ez duela 500 urtekoa.
    Nik ez diot balioa eta zientifikotasuna kentzen berreraiketari. Lakarraren
    azken artikuluak oso interesgarriak iruditu zaizkit. Ezagutuko duzu ziur asko
    2009ko euskararen forma kanonikoari buruzkoa (hemen
    jaitsi daiteke). Bertan, besteak beste, oso etimologia eta berreraiketa
    iraultzaileak proposatzen ditu. Zuk zer iritzi duzu, Iñaki, hurrengoez
    esaterako:

    nigar  gaztelerazko
    lágrima-tik dator:

    g-n > n-g: *(la)grima >
    *girma > *girna > *nirga > *nigar ‘lloro’, ‘lágrima’

    istar (izter),
    gaztelerako ristra-tik:

    ·          ristra > istar ‘corva’, ‘pierna’

    aulki gaztelerako abedul:

    ·        
    aulki ‘silla’ < *abedulki

    aiher frantseseko craindre:

    ·            craindre > aiher ‘propenso a, apesadumbrado’

     Latinetik berriz, bildur, agin, bigun,
    lehertu…

    ·        
    .d-b > b-d: timor >…
    *dirbur > *birdur > bildur ‘miedo’

    ·        
    hagin < *ha.in < *ahiun < *ahinu < caninu ‘diente’

    ·        
    bigun ‘suave, débil’ < *bi.un
    < finu

    ·        
    tremere > *derme(tu) >
    *lernetu > lehertu ‘agitar’, ‘explotar’

    Aitzineuskarako batzuk ere deigarriak dira:

    ·         igerri
    ‘adivinar’ < *eu.erri < *edun-berri

    ·        jagon
    ‘vigilar, cuidar’ < *ja.on < *e-da-don

  8. egilea: Antton

    Neuk tutik ez dakit, hori lehenengo.

    Adittua nuen zera hori:  Negar < lagrima-tik zentorrela.
    Bide berbera eginez, “logikoagoa” zirudien:
    Negar < LACRIMA-tik datorrela erratea. Latinetik.

    Ez, latinetik ez; gaztelaniazko LAGRIMAtik, hala omen dio, bai.

  9. egilea: Iñaki

    Gauza batzuekin ados nago, Juan Martin, eta beste batzuekin ez hainbeste:

    – Berreraiketa ez da izaten hipotesiak egiteko “azken muturra”. Horrekin esan nahi dut berreraiketarik haratago badirela kontuan hartzen diren elementuak, hain zuzen ere, berreraiketa hori hezur-mamitzen dituztenak, hots: hizkuntzaren testigantzak, idazkiak eta toponimoak. Bestela esanda: ez dezagun pentsatu berreraiketak ezerezetik ateratzen direla: serioak izango badira, metodo jakin bat aplikatuz (fonetika historikoa) eta hizkuntzaren datuetan (hitzak, hitzen aldaera zahar/berri eta dialektalak, etab.) oinarriturik egon behar dute. Bestalde, toponimia ere berreraiketarako erabiltzen da, muga jakin batzuekin (toponimo osoak baino, toponimo horietako fonemak izaten dira baliagarri).

    – Toponimoak eta toponimia ez dira hain fidagarriak denboran zehar gertaturiko aldaketak ulertzeko, oso “hauskorrak” eta “aldagarriak” baitira. XX. mende hasierara arte “Errekaortu” izan zena (Barakaldon), etorkin espainiarrek “Retuerto” deitu izan dute. Sevillako “World Trade Center”-en egoitza “Huertavisente” bihurtu da, eta ez da txistea: hiztunek euren hizkuntza-ezagutzara hurbildu ohi dituzte toponimoak, eta horrek erraz aldatzea dakar.

    – Honakoa diozu: “Historialariek, arkeologoek eta genetistek (gero eta gehiago)
    diote Babesleku Franko Kantabriarrean pilatu zela jendea azken izoztean, eta
    gero, Mesolitikoan, alde guztietara zabaldu zela.”.

    Ni neu ados egon naiteke, zergatik ez. Baina hortik ezin dugu ondorioztatu jende hark, orain dela ez dakit zenbat mila urtekoak, euskara erabiltzen zuenik (ez eta kontrakoa ere, kontuz!).

    – Honakoa ere badiozu: “Alemanian, Ligurian
    edo Sardinian euskal itxurako toponimo bat agertzen bada (eta milaka agertzen
    dira), pentsatzekoa da garaitsu hortakoa izango dela eta ez duela 500 urtekoa.”

    – Nik uste dut hor hanka sartzea dagoela, funtsezko planteamenduan. Lehenengo eta behin, froga bat egin daiteke, edonork egin dezakeena: hartu nahi duzun hizkutnzako hiztegia nahiz toponimia liburuxka, eta baietz aurkitu dozenaka hitz/toponimo euskal antza dutenak edo euskararen izenaren berdin-berdinak direnak. Horrek ez dakar, ordea, hizkuntza horien guztien eta euskararen artean lotura egoterik, Babelera itzuliko baikinateke.  Froga polita da proposaturikoa, eta emaitzak ere zinez argiak dira. Nik ingelesezko, alemanierazko, polakozko eta japonierazko hiztegiak baliatuz egin nuen. Eta “euskal antza” duen toponimia aurkitu dut Kanarietan, Australian, Kongon, Japonian, Bolivian eta Kanadan. Ez dugu, baina, “Pangea” urrun hartan hitz egiten zela, eta euskara hitz egiten zela esango, ezta? Zenbat aldiz ez ote zaigu gauza bera gertatu beste hizkuntza batzuekin?

    – Funtsezko beste galdera bat da ea antza hori noiztik daukaten. Hau da, noiztik daukate toponimo horiek “(euskal) antza” hori? Ziur nago kasuen % 95ean dagokion hizkuntzako dokumentu toponimiko zaharrak aztertuz gero, ikusiko genukeela beste forma nahiko urrunago batetik datozela. Laburbilduz: hizkuntzak denborarekin aldatzen dira, eta toponimia, bere muga eta mekanismoekin, ere bai. Lehenengo eta behin, munduko kasu bakarra izango litzateke non toponimo batek zenbat, 10.000? urte egin baititu itxura aldatu gabe. Gakoa da aztertzea ea euskal toponimo horrek zer nolako forma eduki zezakeen (ziur aski existitu ere ez zen egingo) orain dela ez dakit zenbat urte, eta gauza bera egitea beste hizkuntzako toponimoarekin, hau da, biak aurkitzea dokumentazio zaharrean denbora-tarte bertsuan, edo nahi bada, biak berreraikitzea. Biak berreraikitzen baditugu X puntu batera (garai berera), eta forman eta ESANAHIAN bat badatoz edo antzekoak badira, tira, edukiko dugu lotura hipotesi serioa egiteko oinarria, eta ez nolanahikoa gainera.

  10. egilea: Juan Martin Elexpuru

    Iñaki, nik ere froga egin dut, eta gaiari egun asko eskaini ondoren Sardinian 4.000 leku-izen aurkitu ditut euskal antza dutenak eta Sicilian, berriz, (biek tamaina berdintsua dute) ez dira 50era heldu. Ondorioa?

    Bestalde, Lakarraren nigar, istar eta abarren etimologiari eta berreraiketari buruzko zure iritzia jakin nahi nuen; gaia interesatzen zait eta eskertuko nizuke argibide batzuk, salto batzuk ulergaitzak egiten baitzaizkit.

  11. egilea: Iñaki

    “Sardinian 4.000 leku-izen aurkitu ditut euskal antza dutenak eta
    Sicilian, berriz, (biek tamaina berdintsua dute) ez dira 50era heldu.
    Ondorioa?”

    Hizkuntzalaritza estandarraren ikuspegitik behintzat, hortik ezin da serioski ondorioztatu euskara eta sardoa lotuta egon direnik. Zein da “euskal antza”? Zein dira antza horren mugak? Noiz esan daiteke “antza badu” edo “antzarik ez du” edo “antza badauka, baina” edo “antzarik ez dauka baina”… Eta aurrekoan ere esan nuena: hizkuntzaren historia egin nahi bada, hizkuntzalaritzan nahiz historian nahiz biak lotzen direnean, funtsezko kontzeptua kronologia da: mundua aldatzen den bezala aldatzen dira hizkuntzak, eta ez dut uste (tira, ziur nago) gaur egungo “euskal antza” orain dela milaka urtekoa denik. Polita da hipotesia, eta zergatik ez aztertu, baina ez du balio egungo euskara orain dela 2.000, 5.000 edo 10.000 euskararen lagin gisa hartzea, hain zuzen ere, denbora tarte horiek daudelako.

    Lakarraren artikulua ez dut irakurri, ezagutzen nituen etimologia horietako bizpahiru, eta irakurri gabe nahiago nuke ez hitz egitea. Dena dela, Lakarra irakurri izan dut, eta ziur nago ondo funtsaturiko proposamenak dira. Zer aurkitzen duzu bitxi horietan eta ez beste etimologia batzuetan?

  12. elexpuru egilea: Juan Martin Elexpuru

    Iñaki, ez duzula Lakarraren artikulua irakurri? Jarri nuen ba lotura. Hemen duzu berriro, irakurri mesedez.  Jakin nahi nuke, esaterako, nola arraio bihurtzen den ´lágrima’tik ‘nigar’, ‘abedul’etik ‘aulki’ edo eta ‘caninus’etik ‘agin’. Bide batez, sarri aipatzen duzun kronologia ere jakin nahi nuke, hitz horien eboluzioarena, alegia.

  13. egilea: Iñaki

    Juan Martin, ez daukat irakurri nahiko nukeen guztia irakurtzeko astirik, baina tira. Hitz horiek euskal hitz nola bihurtzen diren Lakarrak berak azaltzen du (eta zuk zeuk jaso duzu artikuluan). Lehengo eta behin, dena den, kontuz gauzak kopiatzerakoan: (la)grima idazten du Lakarrak eta ez lagrima; *abedulki idazten du eta ez abedul eta caninu idazten du, ez caninus. Hizkuntzen berreraiketan “hizki” bakoitza hots bat da, eta hots bakoitzak bere bilakabidea izan ohi du.

    “Nola arraio bihurtzen den” jakin nahi duzula diozunean, zer jakin nahi duzu egiazki? Ea hitz hori nola alda daitekeen hainbeste? Horretarako ez genuen hainbeste itxaron behar, Mitxelenaren Fonetica histórica vasca halakoez beterik dago. Horra hor *abari bagako egun (memoriaz ari naiz, beharbada auhari edo horrelako beste zerbait izango da) > bariku bihurtuta eta meridianu(m) > biao bihurtuta.

    “Nigar”-en eta “izter”-en kasuetan metatesi-kate bat ikusten dut. Aulkiren kasua garbiagoa dela ematen du, ohikoa da historikoki euskaraz bokal artean kontsonanteak erortzea… *abedulki > aeulki > aulki. Eta hiruretan esanahiak bat datoz. Aztertu ea euskaraz metatesiak zein kontestu fonikotan gertatzen diren, eta kontrako hipotesirik badago, egin publiko (baina argudiaketa linguistikoa, hau da, fonetika historiko hutsa erabiliz, noski), ondo funtsaturiko hipotesiak, ezberdinak izan arren, beti dira interesgarri. Kronologia dela eta, argi dago maileguak noiztik gerozkoak diren.

  14. elexpuru egilea: Juan Martin Elexpuru

    Eskertzen dira argibideak, Iñaki, berreraiketaren mekanismoak ez baitira ulertzen errazak gauza hauetan erreparatzen hasi berriontzat. Zalantza batzuk geratu zaizkit:
    Nigar: ‘(la)grima’tik datorrela dio Lakarrak, ez ‘lagrima’tik. Zer ulertu behar da, ‘la’ artikulua dela eta ‘grima’ izena? Bestalde, nik uste nuen negar-en aldaera zela nigar, hori iradokitzen dute hiztegi guztiek ere. Baina agian ez da hala.
    Istar (izter). Gaztelerako ‘ristra’ren metatesia.  “Eta hiruretan esanahiak bat datoz”, diozu. Begiratzen dut Elhuyar-en “ristra”, eta “txirikorda”, “sorta” eta horrelako esanahiak ematen ditu. Gaztelerazkoek, berriz, “ristra de ajos” eta abar; ‘corva’; ‘pierna’ ezin dut aurkitu.
    Aulki *abedulki ere ez zait guztiz garbi geratu. Zuhaitz horri ‘urki’ edo ‘zurzuri’ esan izan baitzaio euskaraz, ez ‘abedul’. ‘Abedul’ez egingo ziren aulkiak eta erdaldunengandik ikasiko zuten aulkiak egiten? Baliteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude