33. ARGIÑOLA

Erabakigunean egon naizen azken ekimena, herrian bertan. Arazo handiei tokiko auto-eraketarekin erantzun. Eraldaketa, ‘defektuz’ euskaraz. Aho bateko erabakien eta elkartasunaren indarra, herritarrak mugiarazteko zailtasunak, zorteak ere jokatzen du… Anbizio handiko ekimenaren bertsio minimoa. Eraldaketak txirikordatuta, herrigintza berri bat?

2022ko udaberrian jakin nuen Elorrion hasi berria zela prozesua Energia Berriztagarrien Komunitate (EBK) bat sustatzeko. Anbotopeko elkartearen hitzaldi bati Udalak segida eman zion, eta Goiener/EMUN ari ziren prozesua dinamizatzen. Ni bertaratu nintzen lehen aldian talde polita eta animatua aurkitu nuen; gainera, Udaleko hiru talde politikoak partaide ziren, eta erakundea gogotsu ari zen prozesua bultzatzen.

Energiaren gaiak gero eta gehiago kezkatzen ninduen, planeta nola suntsitzen ari garen ikusita; eta arazoei aurre egiteko toki-komunitateak antolatzea izan da nire ohiko jokabidea. Bi kontuei heltzen zien ganoraz Elorrioko dinamikak, eta gogoz lotu nintzaion. Energiaren kontu teknikoez ez nekien apenas ezer, eta gainera bazegoen gazte talde bat, jantzia eta ilusioz betea. Alde juridikoei heltzeko jende gutxiago zegoen, eta hor baneukan eskarmentu metatua; beraz talde juridikoan hasi nintzen laguntzen.

Sasoi hartan, dena den, Badalaben ari nintzen jo ta ke gobernantza garatzeko lanetan, artefaktu konplexuaren atal ezberdinak martxan jarri nahian. Horregatik, Elorrion konpromiso batzuk hartu nituen, bai, baina frenua sakatuta. Horrez gain, bistaratzen hasia nintzen 70 urteen mugarria, eta hura bihurtu nahi nuen nire bizitzan ziaboga berri bat, hain zuzen azken luzera eramango ninduena. Etxea aldatu eta mahastia kentzearekin batera, ekintzaile gisa neukan jarrera ere aldatu beharra sentitzen nuen. Azkar esateko: gurdiei tiraka jarduteari utzi nahi nion, gehienez ere bultza egiteko; indar-gastu aldetik, askozaz gehiago eskatzen baitu tiratzeak bultzatzeak baino.

Talde juridikoari zegokigun lan nagusia zen kooperatiba eratzea. Estatutu eredu batzuk irakurri nituenean ohartu nintzen Goienaren sorrera garaitik zenbateraino zegoen malgututa Kooperatiben Legea. Orduko bertsioa oso zurruna zen, eta bortxatu egin behar izan genuen gure gobernantza haren baitan katonatzeko. Aldiz, energia kooperatibak egiteko dena zegoen aukeran eta erraz: bazkide mota ezberdinak bereiztea, bakoitzari komeni zen ehunekoa esleitzea, herritarrek izatea ordezkaritzaren gehiengoa… Hala ere, estatutuen testu osoa behar bezala atontzea kosta egin zitzaigun, artean ez zegoelako -esperientzia batzutatik harago- behar beste zehaztutako eredu estandar bat. Notariotzan ez nuen laguntasunik izan, ez baitzuten esperientziarik enpresen sorreran; aldiz, Kooperatiben Erregistroan oso adeitsu egin zidaten behaketa lana, bete beharreko baldintzetan akatsik ez egiteko.

Estatutuak euskaraz sortu genituen, eta haien 2. artikuluan ezarri genuen:

Ez da kontu hutsala. Berariaz euskararen aldeko ekimena izan gabe, energia kooperatiba sortzeko prozesu osoa natural egin genuen euskaraz, arazo puntualei konponbide puntualak eskainita. Hau sarri gertatu izan zait azken 5-10 urteetan han-hemenka: dinamika eraldatzaileetan euskarari toki zentrala ematea, batzuetan aurrez esplizitatu ere egin beharrik gabe. Elorrio bera ez da arnasgune; eta, haatik, gaztelania apenas erabilita egin dezakegu bizimodu aktiboa euskaraz, taberna eta dendetan bezala, energia komunitatean, kultur eragileekin, osasun zentroan, dinamika sozialetan, agrodendan, udaletxean, dantza eta kitarra klaseetan… Asko estimatzen dut erosotasun hori.

Hala ere, kooperatibaren estatutuak gaztelaniara itzuli behar izan genituen, notariotzak derrigortuta. Ez geunden, Goienan bezala, lana euskaraz egingo zigun kanpoko notariotza baten bila hasteko moduan. Itzuli-k lagunduta erraz samar egin nuen lana, baita mendekutxo bat hartu ere. Eskriturako estatutuen gaztelaniazko bertsioan parrafo hau txertatu nuen hasieran:

Kooperatiba eratzeko prozesuan bereziki mimatu genuen udal talde politikoekiko harremana. Hiru talde dira (EH Bildu alkatetzan, EAJ eta Elkarrekin Podemos) eta hirurak ari ziren zintzo parte hartzen sorrera prozesuan. Denak ados zeudenez Udala kooperatiban bazkide izan zedin, eskatu genien Udal Plenoan hartzea erabakia, aho batez. Argi geneukan denen konpromiso horrek sendotasun handia ematen ziola ekimenari. Otsailaren 23 seinalatuan gertatu zen, 2023an.

Eratze prozesuan ari ginela, bilera batean agertu zitzaigun Betsaide SAL fundizioaren zuzendaria, Elorrioko energia kontsumo osoaren erdia baino gehiago eragiten zuena. Zintzo azaldu zizkigun bere premiak eta asmoak; eta, gure pozerako, aderazi zigun prest zeudela haien estrategia gurearekin lotzeko. Eratze unera ez ziren iritsi, baina handik gutxira enpresa handia ere bazkide laguntzaile bihurtu zen. Halako bazkide bat izateak instalazio soiletatik harago begiratzea eta gure anbizioaren sabaia goratzea ekarri zuen.

Horrekin guztiarekin iritsi ginen notariotzan kooperatiba eskrituratzera 2023ko martxoan, prestaketa lanak hasi eta urte betera.

Kooperatibaren izen ofizial hartu genuen ELORRIOKO ENERGIA BERRIZTAGARRIEN KOMUNITATEA, adierazteko herriz herri sortu eta herri arteko sare izango zenaren parte sentitzen ginela . Izen ‘komertzial’ bila jarrita, taldekide batek proposatu zuen ARGIÑOLA hitz ondo asmatua, Argiñeta, argia (energia) eta ola txirikordatuz.

Eta izenari irudia jartzeko, dinamika oso polita burutu genuen herriko ikastetxeekin. Proposatu genien energiaren gaia lantzen zuten taldeetan posterrak eta maketak sortzea, haien iruditeria ezagutze aldera, eta erakusketa ederra osatu genuen Iturri kulturetxean.

Herritarrak deitu genituen erakusketa ikustera, herriko energia komunitatearen sorreran parte sentitzeko, eta irudien artean gogokoena hautatzeko eskatu genien. Hau izan zen proposamenik bozkatuena:

Eta hortik atera genuen kooperatibaren irudi korporatiboa:

Urte hartan Udalak diru partida ederra zeukan ingurumen gaietarako eta, behin Argiñola sortuta, erabaki zuen poltsa hura gure esku jartzea, hitzarmen baten bidez. Talde teknikoak bazeukan lehen instalazio baten zirriborroa, baina 2023 urtea nahikoa aurreratuta zegoen, eta ez zen posible izan hura proiektu bihurtzea urtea amaitu aurretik. Beraz, urte berean gastatu behar zenez dirua, beste erabilera bat eman behar izan genion.

Erabakigarria izan zen garai horretan Hernaniko Enherkom kooperatibara egin genuen bisita. Harrera oso adeitsua egin zigun Ferminek, eta ohartu ginen haien hainbat esperientzia oso interesgarriak zirela guretzat. Bi behintzat berehala jarri genituen martxan: energia bulegoa eta energia auditoretzak.

Energia bulegoa herriko plazan jarri genuen, herritarrei energia fakturen analisian laguntzeko, eta aurrezpen aholkuak eskaintzeko. Urte t’erdi lehenago Ukrainako gerrarekin energiaren prezioa disparatu egin zen, baina -gerrak jarraitu arren- berriro energia merke geneukan, eta ez zuen kezka handirik sortzen. Gainera, nonbait ez genuen asmatu jendeak behar zuen zerbitzua edota ordutegia eskaintzen. Esperantza izan genuen lehen instalazioaren zabalkunderako lagungarri izango zitzaigula bulegoa; baina, zorte txarra izan genuen hainbat ahaleginetan, eta instalazioa ere ez zen iritsi. Azkenean, bulegoa itxi egin behar izan genuen.

Bigarren ekimenean, energia auditoritza eskaini genien herriko merkatari, ostalari eta elkarteei, eta haietako seirekin egin genuen piloto bat, bakoitzaren kontsumoa aztertu eta alternatiba hobeak bilatzen ahalegindu. Hemen ere ez zen antzeman hobekuntza nabarmenik, eta ekimenak ez zuen jarraipenik izan..

Beste harreman oso emankor bat abiatu zen garai beretsuan, Debagoieneko D2030 eskualde garapenerako ekimenarekin. Garapen ildo ugari jorratzen zituen, eta horietako bat zen eskualdean energia komunitateak garatzen laguntzea, Ernamuina foroaren bitartez. Babes eta laguntza handia eman zigun talde honek.

Oso eskuzabal jokatuta, Debagoienetik kanpoko hainbat herri/eskualde hartu gintuzten abaroan: Elorrio, Otxandio, Goierri, Errenteria… Aniztasun horrek berak sortzen zuen energia. Gainera, bazituzten eskura baliabide tekniko eta juridikoak zailtasunei hobeto aurre egiteko; eta harreman estua ere bai goragoko erakundeekin: Energiaren Euskal Erakundea (EEE), Ekiola, Goiener, KREAN, eta Kataluniako Osona eskualde bidegilea edota Som Energia kooperatiba ahaltsua.

Laguntza hori oso probetxugarria izan zitzaigun alde teknikoan eta baita kudeaketan ere; niri, bereziki, esku artean neukan eginkizun paralelo batean. Argiñolan talde teknikoa lehen instalazioarekin eta bazkide/komunikazio tadea sozializazioan ari ziren bitartean, baimena eskatu nuen paraleloan (eta baliabiderik xahutu gabe) herriaren epe luzeko ikuspegia lantzen hasteko, deliberazio irekiko eskema batekin. Zirriborro bat lantzen hasi nintzen, 2050era begira, eskema honekin:

  • Zenbat energia kontsumitzen dugu Elorrion, eta zertan?
  • Zenbat murriztu nahi dugu/dezakegu kontsumo hori, eta nola?
  • Zenbat energia berriztagarri sor dezakegu Elorrion, eta nondik?
  • Zein energia mapa nahi dugu herrian 2050ean eta zein bide egin beharko genuke?
  • Nola antolatuko gara hori guztia lortzeko?

Lan horretan ari nintzela, Ernamuinan jakin nuen bereziki hirugarren puntuari zegozkion hainbat kontu landuak zituztela Debagoienerako; eta baliatu egin nituen Elorriorako. Tecnalia-k egin zigun Elorrioko eguzki mapa, hau da, herrian ohikoak diren eguzki orduen arabera zenbat energia sortuko litzatekeen teilatu guztiak eta paraje jakin batzuk (isurtegi, parkin,,,) plaka fotovoltaikoz estaliko balira; Barlovento-k gauza bera egin zigun haizearekin, alegia, herrian jo ohi duen haizearekin errota handiekin sor daitekeen energiaren estimazioa; eta EEE-k egin zizkigun errota txikien kalkuluak. Instalazio faltan, inbertsio ona izan zen informazio baliotsu hori lortzea.

Horrekin guztiarekin, konturatu nintzen nire gaitasunen mugara iristen ari nintzela, handik aurrerako lan hori modu profesionalagoan egin behar zela, Eta harremanetan jarri nintzen Siadeco kooperatibarekin. ‘Komunitate garapena’ kontzeptu oso berritzat daukagun arren, ‘Sociedad de Investigación Aplicada para el DEsarrollo COmunitario‘ deritzona sortu zen… 1967an! Izena bera gaztelaniaz izateak garamatza euskara jazarria zegoen garaietara, ikergunearen bultzagile nagusia Iñaki Larrañaga euskaltzalea izan baitzen.

2023ko diru-poltsaren azken sosak baliatu genituen hauen konpromisoa lotzeko, gure begirada luzea lantzeko prozesuaren dinamizazioa egin zezaten. Ohi bezala, ganoraz heldu zioten enkarguari eta, nire zirriborrotik abiatuta, txosten trinko eta datuz betea aurkeztu ziguten, deliberazioaren abiapunturako. Lehen lan honen kalitateak animatu egin zituen bai Argiñola eta bai Udala deliberazio prozesua bultzatzera.

2025ean abiatu zen indartsu, DAIGUN izenarekin: 20 pertsona esanguratsuz osatutako talde sustatzailea, landa-lan handia (inkesta 400 herritarrei), plangintza zehatza… Lehen bilerak ondo joan ziren, giro onean eta emankor; baina partaidetza apaltzen hasi zen, herritarren lehen batzar irekian ez zen jende askorik bildu, eta azkenean prozesua eten egin zen. Une honetan impasse egoeran dago.

Gaur gaurkoz, Argiñola da amets handi baten bertsio minimoa. Zoritxarrez, lehen instalaziorako begiz jo diren kokapen guztiek izan dute arazoren bat, eta orain arte ez da lortu emaitza ukigarririk. Horren faltan motibazioa apaldu egin da, ez dugu bazkide berriak lortzeko kanpainarik egin, eta sorreran egon ziren gazteak ere aldendu egin dira. Ekimena une kritikoan dago, nahiz justu egunotan ireki den aukera berri bat, lehen instalazioa ahalbidetu dezakeena.

Eta, hala ere, sinetsita nago hau dela bidea: herritarrok antolatzea eta ekimena hartzea, energia trantsizioan ahalik eta pisu handiena izan dezagun, gu denon mesedetan. Interes kapitalistak aurka izango ditugu, baina gure indarrean eta gaitasunean sinetsi beharrean gaude, ezin dugu etsi.

Gainera, energia kontutan baditugu legedian helduleku baliotsuak: Europako 2019ko zuzentarau batek berariaz jartzen ditu lehen lerroan energia berriztagarrien komunitateak:

Halaber, aipatzekoa da Eusko Legebiltzarraren 1/2024ko Legeak marko egokia jartzen duela EBK sarea sustatzeko, anbizio handiko trantsizioan eragile garrantzitsu izan dadin. Gogoratu nahi dut lege honek alde izan zituela hiru alderdi nagusiak (EAJ, EH Bildu eta PSE), hau da Legebiltzarraren ia % 90.

Aukera badago, beraz, eta premia gero eta handiagoa da. Oro har, esango nuke burujabetza komunitarioaren aldeko mugimendua indartzen ari dela gero eta esparru gehiagotan (energian, elikaduran, konektibitatean, ingurumenean, etxebizitzan, zaintzan…) eta, gainera, dinamika horiek elkarri begira daudela, sarri txirikordatuta ere bai. Herrigintza olatu berri baten sorrera ikusten dut nik hor, eta esperantza berpiztu egiten zait.

32. BADALAB

Klusterreko lehendakaritzan, Ibili-Badalab berriro bidean agertu. Goiatzekin belaunaldiarteko bikote funtzionala osatu genuenekoa. Laborategia sortzeko txanpa indartsua, lehen zailtasunak eta hauek gaindituz lortutakoak. Gobernantza partekatua, botere banaketa, mugatik harago iristeko erradikaltasuna… Bizipen eder askoren ondorioz, Mikel berri bat.

Aurreko atalean kontatu dut nola, Klusterreko lehendakaritza hartu nuenean, berriro konektatu nuen ‘euskalgintzaren palankak’ prozesutik zetorren IBILI proiektuarekin.

Aldundian askatu beharreko korapilo nagusia zen departamentu estankoen kultura administratiboa. IBILI zen Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzaren proiektua; eta Etorkizuna eraikiz, Estrategiako zuzendaritzarena. Eta, nahiz aldeko borondatea egon, bulkada indartsua behar zen ‘bakoitzak berea’ inertzia gainditzeko. Bulkada hori iritsi zen 2020ko abenduan diputatu nagusiaren eskutik: hizkuntza berrikuntzako erreferentzia zentroa (ordurako Badalab) beste zentroen parekoa izango zen, mailaz eta baliabidez; eta 2021eko udan sortuta behar zuen, horretarako kabinete burua behar adina inplikatuko zelarik prozesuan.

Ordura arteko talde sustatzailean biltzen ziren Aldundia (Hizkuntza Berdintasuna eta Estrategia) eta lau eragile sozial (Emun, Elhuyar, Langune eta Soziolinguistika Klusterra), laguntzaile hartuta Mondragon Unibertsitatea. Honen ordezkaria zen Goiatz Oiartzabal eta, nik ezagutu aurretik, kontatu zidaten oso profil egokia zeukala berrikuntza proiektu baterako. Sei urte geroago, Badalab-en zuzendari nagusia da.

2020ko udan, une kritikoan geundela, Aldundiak kontratu bat esleitu zion Klusterrari, Badalab-en dinamizazioaz arduratu zedin; eta Klusterrak Goiatz kontratatu zuen zeregin horretarako. Indar handiagoz jarraitu genuen udazkenean egitasmoa lantzen; eta abenduan, Aldundiaren erabakia iritsi zenean, Goiatzek eta biok (dedikazio handiena geneukanok) hartu genuen trakzionatzeko ardura. Oso bikote funtzionala osatu genuen hurrengo hiru urteetan, nahiz belaunaldi oso bateko adin-aldea izan (bere gurasoak ni baino gazteagoak dira). Eta gaur ere lagun onak gara.

2021eko lehen seihilekoa brutala izan zen. Aldi berean aurrera eraman genituen ondoko lanok:

  • sustatzaileek aurrez landutako egitasmoa diseinu zehatz bihurtzea, DOT talde bikainaren laguntzarekin
  • desio genuen lankidetzazko gobernantzaren ezaugarriak adostea, adostutakoari egokituko zitzaion egitura juridikoa antzematea, eta hura garatzea, Landaberea abokatu bulegoaren eskutik
  • aliantza zabala eta orekatua osatzea, erakunde publiko, eragile sozial eta bidelagunez osatua, Badalab-en ardura har zezan
  • laborategiaren kokapena eta egoitzaren aurreproiektua adostea

Horrekin guztiarekin iritsi ginen 2021eko uztailean partzuergoa eratzera, eta lehen aurkezpena egin genuen hitzarmenaren sinatzaileok, artean musukoa jarrita.

Nire ardura berariazkoa, Badalaben sorrera prozesuan (baita gero ere) izan da gobernantzarena. Arrasate Komunikabideak eta Goiena esperientzietatik neukan kezka: nola blindatu erakunde publikoen eta eragile sozialen arteko lankidetza, denboran iraunkorra eta juridikoki tatxagabea izan dadin? Finean, nola uztartu gizarte ekimena eta erakundeen ahalmena herri garapenaren mesedetan, segurtasunez eta kanpo interferentziarik gabe.

Gu Badalab sortzeko prozesuan ari ginela, Aldundiak hausnarketa espazio bat sortu zuen Etorkizuna eraikiz ekimenaren baitan, Think Tank izenarekin. Lau atal ezberdin zituen espazioak, eta ni gonbidatu ninduten Kultura Politiko Berria (KPB) zeritzonean parte hartzera. Lanean hasi eta segituan ohartu nintzen deliberazio marko hura oso aproposa zela Badalaben egin nahi genuena elikatzeko, ekarpen kontzeptual eta teorikoen bidez aberastu genezakeela sortzen ari zen egitura juridikoa, aldi berean erditze-prozesuari babesa emanda. Beste norabidean, Badalab bihurtu zen kasu erreal bat, KPB-n aztertzen genituenak esperimentazioarekin kontrastatzeko. Joan-etorri oparoa antolatu nuen KPB eta Badalaben artean, eta ederra izan zen zubi horretan jardutea, gure taldearen Liburu Zurian azaldu nuen bezala (Badalab kasua. 7. kapitulua, 82-91 orrialde tartean)

Jardunean, testuinguru ezin hobea jarri genion lankidetzazko gobernantzaren formulazio erradikal bati: gobernantza partekatua. Gure bertsioan, honek esan nahi zuen hiru heren pisu berdinekoak Gobernu Batzordean (erakunde publikoak, eragile sozialak eta bidelagunak) eta hiru geruzako funtzionamendua (deliberazio irekirako espazioak, erabakigune formala, eta kudeaketako lantaldea)

Goienan probatu genuen kooperatiba egitura berean eragile sozialak eta administrazioak integratzea. Emaitza ona izan zen, 25 urte geroago balekoa izaten jarraitzen baitu. Baina formula hau egokia izanik eskualde eskalan, bazituen zurruntasun batzuk esparru zabalagoak edota partaide anitzagoak elkartzeko. Eta Landaberea abokatuekin aztertu genuen partzuergoaren aukera. Munduan oso formula erabilia da, esparru askotan; gurean landa inguruko jarduerekin lotu izan dira historikoki, nahiz azken hamarkadetan formula honetara jo duten proiektu handi batzuk, arlo ezberdinetan: ura, garraioa, hezkuntza, energia…

Partzuergoak baditu abantaila berariazkoak lankidetza konplexuei babes juridikoa emateko. Nagusiena da oso malgua dela, bere lege araudia laburra da eta baldintza gutxi jartzen ditu; beraz, aliantza bakoitzak erabaki lezake zein forma hartu (partaideak, proportzioak) eta hori eraman partzuergoaren sorrerako hitzarmenera. Ze aski da partaideen artean hitzarmen bat sinatzea eta hura erregistratzea, partzuergoa osatzeko. Beste abantaila garrantzitsu bat da partzuergoko partaideak (fundazioetan ez bezala) izan daitezkeela partzuergoaren bezero edo hornitzaile; hain zuzen, normalena da eragile interesdunak izatea halako egituretan partaide. Azkenik, partzuergoa mistoa bada atxiki egin dakioke administrazio bati, eta horrek ahalbidetzen du diru publikoa transferitzea partzuergoari, han ere bermatuta egongo delako legetasunaren arabera erabiltzea. Hau da Badalaben kasua.

Niretzat oso erakargarria da gaia, baina ez nuke gehiegi luzatu nahi. Emandako zertzeladek inoren interesa piztu badute, gorago aipatutako Liburu Zuria-n aurkituko du garapen osoago bat.

Kontua da 2021eko uztailean (oraintxe bost urte) eratu genuela Badalab, eta ni hautatu nindutela lehendakari. Handik aurrera, nire ardura izan zen erakundea formalizatzea, lehen baliabideak erabilgarri jartzea eta lantaldea osatzen hastea. Lehen hautaketa zuzendariarena zen, eta ieTeam enpresarekin antolatu genuen. Goiatzek jarraitzen zuen sustatzaile lanetan Klusterrak kontratatuta; baina nola hautaketara aurkeztea erabaki zuen, lan arruntetara mugatu behar izan zuen, prozesua ez kutsatzeko. Beraz, 2021eko uda eta udazken hura bereziki gogorrak izan ziren niretzat, ardura guztiak nire gain geratu zirelako. Zorionez, prozesua ondo burutu zen, Goiatz izan zen hautatua, eta urtea amaitzerako gure bikotea martxan zegoen berriro.

Hurrengo hilabeteak ederrak izan ziren oso. Lan ona egin genuen ordura arteko intuizioak ikuspegi bihurtzen, eta paperean idatzitakoak gorpuzten. Ia 30 urteko aldea zegoen bion artean, eta ezaugarrietan ere nahiko ezberdinak ginen; baina jakin genuen osagarri izaten eta ekarpenak txirikordatzen, jakintza metatua sortzeko. Gure artean lehiarik ez zegoen, eta bai ilusio partekatua; egoera optimoa da bakoitzaren onena azaleratzeko, emaitzaren mesedetan.

Ikuspegia eta estrategia elkarrekin lantzeaz gain, Goiatzek gidatzen zuen nagusiki ‘ekoizpena’ dei dezakeguna; hau da, proiektu zehatzak, harreman operatiboak, kudeaketa… Ni bereziki zentratu nintzen gobernantzaren garapenean, asmatzen ari ginen artefaktua martxan jartzen. Behin eratze juridikoa burututa, 2022ko urte hasieran abiatu genuen diseinatutako arkitekturaren proba orokor bat, gobernantzari buruz geneuzkan intuizio-eltzeak esperimentazioaren sutan jarrita. Sei bat hilabeteko prozesu trinkoa izan zen, 70-80 laguneko talde prestu baten baitan garatu genuena. Hemen ere, aurrez-aurreko bilera eta lansaio ezberdinez gain, galdetegiak erabili genituen taldearen zoru komuna identifikatzeko, eta emaitzak oso argigarriak izan ziren arkitekturaren ezaugarriak identifikatzeko. Esperimentua xehetasun handiz dago jasota dokumentu honetan.

Prozesuak partaidetza handia eta hedatua lortu zuen Arantzazuko lehen bilkuran, eta maila onean mantendu zen hurrengo urratsetan. Euskalgintzan ezohikoa zen jendea inguratu zen, eta horrek asko aberastu zuen deliberazioa, tonalitate berriak erantsita. Aipatutako dokumentuan zerrendatzen dira ikasitakoak:

  • Deliberazioa eragin egin behar da, ez da berez sortzen
  • Trakzioa beharrezkoa izanik, ondo neurtu behar da bere intentsitatea
  • Dedikazio edota ahalegin jarraitua eskatzeak eragin ditzake nekea edota inplikazio apala
  • Galdetegiek balio dute adostasuna nabarmentzeko eta eztabaida esparruak mugatzeko
  • Teknologia aurrerago (teknologia ondo erabiltzeak lagundu behar luke parte-hartzearen zama arintzen eta saturazioa ekiditen)
  • Aurrez-aurrekoak, osokoa eta taldeak (konfirmatu da aurrez-aurreko bileretan energia berezia sortzen dela, eta osoko bilkuretan baino parte-hartze biziagoa gertatzen dela talde txikiagotan)

2022ko udan aurkeztu genion esperimentuaren emaitza Gobernu Batzordeari, eta ikasitakoen gainean erabaki genuen aurrera begirako funtzionamendua. Uztaileko bilera hura, gainera, egin genuen Badalaben egoitzaren inaugurazioarekin batera. Hau izan zen beste mugarri garrantzitsu bat.

Proiektuaren diseinu fasean laborategiaren kokapena mugarritzen joan ginen: nahiago genuen ez izatea hiriburua, kontzentrazioa ekiditeko; baina ez genuen herri txiki bat nahi, ez hauspotzeko euskara = landa ingurunea elkarketa. Halako batean, Aldunditik bertatik etorri zen proposamen ausarta: Errenteria. Eta kokapen perfektoa iruditu zitzaigun. Hiri handia zen, baina ez hiriburua; euskara ez zeukan urrun, baina nahiko erdalduna zen; oso hiri dinamikoa zen, mugimendu sozial interesgarri askoren abaroa… Eta beste erronka bat ere ezartzen zion proiektuari; alegia, Aldundiaren bestelako kolore politikoa zuen udal gobernu batekin adostu beharra kokapen zehatza, hura egokitzeko lanak eta ondorengo kudeaketa. Sinetsita nago Aldundiak propio jarri zuela erronka hori, Badalaben espiritu partekatuarekin bat zetorrelako.

Eta Errenteriako Udalak ere antzeko jarrerarekin eutsi zion erronkari, gogotsu. Madalen kaleko eraikin bat eskaini zigun, trenbide kontran, tamaina onekoa eta herri erdian. Aldundiak hura zaharberritzeko ardura hartu zuen, goiko bi solairuak Badalabentzat izatekotan; beste biak Udalak esleitu zizkien beste hainbat herriko elkarteei (Lau haizetara euskaltzaleen topagunea, SOS arrazakeria eta Xenpelar bertso-eskola) Etxearen lau maizterrak ikusita, bururatu zitzaidan ekosistemari deitzeko egokia izan zitekeela anitzenea hitza, hau da, ekimen eta pertsona ezberdinen arteko bizikidetza sustatzeko tokia. Proposamenak bidea egin zuen eta eraikinaren izenean txertatuta geratu da.

Zaharberritze proiektu bikaina egin zuen TGA estudioak, eta egoitza berritua oso ederra da.

2022ko uztailean izan zen inaugurazioa, izerdi artean. Alde batetik, izerdia botarazi zigun uda aurretik lanak bukatzeko larritasunak, uda ondorenerako behar baigenuen egoitza martxan; eta, bestetik, izerdia erruz atera zigun egun berean egin zuen bero tropikalak, eta 70 lagun pilatu izanak. Ekitaldia polita izan zen, estiloz berritzailea, eta ondorengo mokaduan oso giro sanoa sortu zen. Bereziki gustatu zitzaidan pertsona hain ezberdinak horren eroso ikustea, espazio hura partekatzen. Orduan ulertu nuen guztiz zer zen ‘espazio seguru’ bat; eta ohartu nintzen han geundenak ez ginela gonbidatu, bakoitzak bere neurrian ‘gure’ sentitzen genuela Badalab. Egun gogoangarria izan zen.

Beste urte bete jarraitu nuen Badalaben lehendakari. Baina esango nuke nire fundatzaile lana inaugurazioarekin burutu zela: laborategiak bazituen zuzendaria eta lantaldea, plan estrategikoa eta egoitza, gobernatza berri baten lehen bertsioa eta garapen bidea, ekosistema bat, egonkortasuna… Handik aurrera, nire lana laguntzailearena izan zen, makinaren funtzionamendua zaintzea eta besteen lanari ekarpenak egitea.

Bi lorpen nabarmendu nahi ditut Badalaben sorrera fase honetan. Lehena da euskalgintza sozial eta instituzionalaren lankidetzatik sortutako artefaktua izanda, laborategiak lortu duela bestelako logika eta dinamikekin konektatzea, euskaltzaletasunetik haragoko esparruentzat jardun eta espazio erakargarria izatea. Bigarren lorpena litzateke bere gobernantza, ausart bezain inperfektua, eta hor zirriborratu diren botere banaketa, erabakimen partekatua, hierarkiarik gabeko parekotasuna, deliberazioaren garrantzia… Gehiago ere badira lorpenak, baina nire ustez bi hauek nahikoa dira Badalaben sorrera arrakastatsuaz hitz egiteko.

Esango nuke bi lorpen horien ifrentzuan dagoela justu Badalaben sorrera faseko aje nagusia: aparte zeudenengana eta esparru berritara hurbildu den bezala, ez du lortu sustatzaileen inplikazioari hasierako mailan eustea, urruntze bat gertatu da haietako askorekin, gradu ezberdinetan bada ere. Honen arrazoia honetan ikusten dut: Badalab da hasierako IBILIren bertsio erradikal bat, bai egiteko estiloan eta baita gobernantzan ere. Egon zitekeen hurbilago ‘bulego tekniko’ batetik, proiektuen faktoria izatetik; baina benetan da etengabeko esplorazio dinamika bat, ion libre bat konexio gertagaitzak eragiten, botere partekatua eskaintzen eta erantzukidetasuna eskatzen duen gobernantzarekin. Arraroa izango zen Badalab horrek ez sortzea egoezinik bere inguru hurbilean.

Sinetsita nago Badalaben bertuteak balio handikoak direla; eta, ajeak, konpongarriak. Eraldaketak tentsioa dauka bere baitan, benetakoa bada. Eta uste dut euskal gizartean ikasten ari garela tentsioa ez dela beti antzua edo kaltegarria, eraginkorra ere izan daitekeela ondo kudeatzen bada. Zinez nahi nuke Badalaben gobernantza partekatua aukera izatea tentsiozko egoerak kudeatzen ikasteko, baldintza seguruetan.

Niri dagokidanez, Badalebek Mikel berri bat eraikitzen lagundu dit. Buruan krakateko asko sentitu ditut, totem batzuk birrindu zaizkit eta ortzi muga berriak agertu. Ez nuen halako astindurik espero 70 urteren inguruan; baina gertatu da, eta oso pozik nago gertatu delako.

31. SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA

Dorronsororen deia eta lehendakaritza berri bat, gogoko nuen Klusterrean. Hausnarketa estrategikoan egin nezakeen ekarpena identifikatu, eta nola ekin nion. Lehen txanpa oso polita, ondoren ezintasuna. Badalab parean tokatu eta jauzi egin nuenekoa.

2019 amaieran Iñaki Dorronsoro-ren deia jaso nuen: Eusko Ikaskuntza-ri (EI) tokatzen zitzaion Soziolinguistika Klusterra-ren txandakako lehendakaritza, eta eskatzen zidan neuk hartzea ardura hori. Eta nik, beste behin ere, baietz. Iñakirekin harreman estua neukan aspalditxotik, are estuagoa EIren mendeurreneko kongresuaren prestaketan eta ondoren. Oro har, oso antzera ikusten genuen Euskal Herriaren arkitektura instituzionala eta EIk zuen egiteko berariazkoa.

Iñakik bazekien Soziolinguistika Klusterra (SLK) ondo ezagutzen nuela. Kutxan hizkuntza arduradun postuan izan nuen haren berri, 2006an, Imanol Miner lankide jantzi eta lagunaren bitartez. Berak gomendatuta, Kutxa Klusterreko bazkide izatea erabaki genuen, eta zuzendaritza batzordeko kide izan nintzen pare bat urtez. Klusterra, definizioz, zeharkako erakundea zen, bere baitan hartzen zituen euskararen aldeko erakunde publikoak, eragile sozialak eta enpresa pribatu nahiz unibertsitateak. Eta halako espazioak oso interesgarriak eta beharrezkoak iruditzen zaizkit. Horrez gain, barrutik asko gustatu zitzaidan ikertegiaren sendotasun zientifikoa; euskararen biziberritze prozesua hain ideologizatuta egonda, Klusterrari autoritate berezia ematen zion.

Sasoi honetan bereziki, Klusterraren BAT aldizkarian artikulu batzuk ere argitaratu nituen. Dokumentuak bilduman berreskuratu ditut haietako bi.

Klusterra gogoko nuen, eta horregatik gogotsu hartu nuen parte Eralan proiektu arnas luzekoaren hirugarren fasean, hain zuzen Jendaurrean erabili ildoa abiatu zenean; gerora Aldundian -eta Klusterrarekin batera- Gipuzkoa berdinago ekimena sustatzeko oinarria eman zidan. Bide batez, Aldundian kargua hartu berritan, Klusterrarekin geneukan hitzarmena indartu nuen eta hura aurkezteko prentsaurrekoa egin genuen propio, Klusterraren garrantzia nabarmentze aldera.

Izan ere, une horretan (2015-16) bero zegoen asmo estrategiko bat Klusterraren inguruan. Sorrera beretik bokazio izan zuen hasierako aliantza hura sendotzea eta arkitektura instituzionalean bere tokian jartzea: Soziolinguistika Institutua zen jomuga. Euskal Herrian hizkuntza biziberritzeko prozesu erreferentziala ari ginen egiten, eta hau sistematikoki ikertzea mesedegarri zitzaien -guri bezainbeste- munduko beste hainbat hizkuntza zapalduei. Hain zuzen, Institutuari esleitzen zitzaion egiteko nagusia zen han-hemenkako ikerketak ordenatzea, sistematizatzea, osatzea eta hauspotzea, baliabideen erabilera eraginkor batekin emaitzak optimizatzeko. Hots, ikerketa soziolinguistikoaren lidergoa hartzea. Ideiatik harago joateko indar nahikorik ez, ordea.

Kontua da 2015ean Institutuaren proiektuak bazituela animatzaileak (Klusterra eta Euskaltzaindia elkar hartuta) baina baita ere apaltzaileak. Erakunde publikoetan bezala euskalgintza sozialean errezeloz ikusten zen biziberritze prozesuan ‘autoritate’ izan zitekeen erakunde berri bat sortzea, bakoitzak bazeukan-eta bere ustezko autoritatea: Jaurlaritzak HPS, eta euskalgintza sozialak Kontseilua. Garai hartan ‘zubigintza’ eta ‘lankidetza’ ez ziren gaur bezain hitz ohikoak. Gu Aldundian alde geunden, baina azkenean erresistentziak nagusitu ziren, proiektua berriro izozkailura bidaliz.

Aurrekari horiekin iritsi nintzen 2020ko hasieran Klusterraren lehendakaritzara, pandemiaren atarian. Orduantxe erakundea bere plan estrategikoa berritzeko prozesu betean zegoen, eta aukera ikusi nuen ekarpena egiteko. Argi neukan bertako lantaldea ni baino askoz jantziago zegoela ‘ekoizpena’ aurrera eramateko; eta, izatekotan, burua altxatzea eta begirada luzatzea zela nik erantsi nezakeena. Hori egiten banekien, eta plan estrategikoaren lanketak aukera paregabea ematen zidan egiteko.

Klusterraren 2020ko Urteko Txostena dokumentuan agertzen dira hausnarketa estrategikoaren bost ildoak. Horietatik hiru ziren ohikoak, eta bi hauek dira ezohikoak:

Bi ildo hauetan kokatu nuen Klusterrean eragin nahi nuen bilakaeraren funtsa: egitekoan anbizioa igotzea, eta gobernantzan oreka areagotzea.

Funtzio propioa lantzeko prozesu polita antolatu genuen. Garrantzi handia eman genion deliberazio taldearen osaerari, eta bikaina izan zen lortu genuen lagun sorta. Hausnarketa abiatzeko proposamen bat idatzi nuen eta, zuzendaritza batzordearen nahiz lantaldearen ekarpenekin onduta, dokumentu trinko hau aurkeztu genien taldekideei. Bertan irudikatzen da Kluster anbiziotsuago bat (SLK+ deitu nion) eta estatus horretara iristeko bilakabide bat.

Euskararen biziberritze prozesuarentzat jomuga bateratua lantzeko bidean lau fase edo funtzio bereizten genituen:

Klusterrak bi lehenak betetzen zituen, eta aztertu beharrekoa zen hurrengo biak nork/nola bete zitzakeen. Klusterra ondo kokatuta ikusten genuen:

Proposamenak interesa piztu zuen lehen bileran, eta berehala nabaritu ziren taldearen kohesio handia eta gaiak sakon jorratzeko gaitasuna.

Gaietan aurrera egiteko erabili genuen hain gustuko dudan inkesta formatua, hau da, jorratutako ideiak esaldi laburretara ekarri eta horiekiko bakoitzak duen adostasun/ezadostasun maila neurtu, taldearen bataz bestekoa non dagoen jakiteko. Adibidez:

Metodo honek asko laguntzen du eztabaida bideratzen, gehiengoa non dagoen jakiteak errazten duelako blokeoak gainditzea. Eta lehen txanpa bat oso ona egin genuen; gero apurka intensitatea apalduz joan zen.

Bestalde, gobernantzaren analisiak orekaren beharra azaleratzen zuen, nire ustez. Klusterraren bazkidetzak biltzen ditu udalak/mankomunitateak (bazkideen heren bat) eta euskalgintza sozialeko eragileak (beste heren bat); azken herena heterogeneoa da: hiru unibertsitate (EHU, UPNA, MU), bi enpresa handi (Kutxa, Laboral Kutxa), eta bi erakunde singular (Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza). Aliantza ezohiko horrek berak oso berezi bihurtzen du Klusterra, aberastasun handia iruidtzen zitzaidan, ondo zaindu beharrekoa. Aldiz, zuzendaritza batzordean oso nagusi ziren eragile sozialak eta haien logika. Egia da dinamismo eta konpromiso aldetik bazkide-multzo inplikatuena zela erakundearen jardunean, eta horrek bermatzen zuela partaidetza aktiboa; baina bazkidetza hain anitza izanda, gidaritza homogeneoa izatea galera bat iruditzen zitzaidan.

Ni Klusterrera iritsi berri, pandemia betean eman zitzaion Abadia saria Pello Jauregiri. Eta bere hitzaldiren amaieran galdera hau bota zuen: Noizko Gipuzkoa arigune? Markel Olanok erronkari eutsi egin zion, eta handik lasterrera Pello berari eta Klusterrari eskatu zigun erantzunaren peskizan hasteko. Lankidetza ederrean, anbizio handiko proiektua zirriborratu genuen: zer egin behar zen Gipuzkoan hizkuntzaren hautua berdintasun baldintzetan egin ahal izateko? Nola lortu gipuzkoar ‘guztiak’ gutxienez belarriprest izatea, haietako ehuneko esanguratsu bat ahobizi bihurtzea, eta giro sozial eta instituzionala ere euskararen alde jartzea? Proiektuak aurrera darrai, epe luzeko planteamenduarekin; eta, nire pozerako, Taupa-rekin, Klusterrarekin eta Badalabekin txirikordatuta.

Nola diren gauzak, Klusterraren lehendakari gisa tokatu zitzaidan berriro heltzea Aldundian abiatutako ‘euskalgintzaren palanken’ proiektuari, hasieran IBILI izenez bataiatu zena. Erronka zen Etorkizuna eraikiz berrikuntza dinamikaren baitan hizkuntzaren esparruko erreferentzia zentro bat sortzea, eta Klusterra zen lau sustatzaileetako bat. 2020 hasieran gaia trabatu samar zegoen, Aldundian Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritza ahalegindu arren, erakundearen inplikazioa ez zelako behar bezain indartsua. Klusterreko zuzendaritzan ikusi nuen eszeptizismoa indartzen ari zela; eta une kritikoak ere bizi izan genituen uda bueltan, ekimenak aurrera egingo zuen ala ez. Palaziyoaz nuen ezagutza baliatu nuen korapiloak askatzen joateko, eta 2020ko urte amaieran iritsi zen albistea: diputatu nagusiak behar adina babes emango zion zentro berriari (ordurako Badalab izenarekin), eta prozesu azkar bat eskatzen zuen hura abiatzeko. Hartara jarri nintzen buru-belarri, hainbeste kostatako aukera ez galtzeko, eta hurrengo atalean kontatuko dut prozesua Badalab-en ikuspegitik.

Bapatean, hilabete luzez geldo zihoan proiektua ziztu bizian hasi zen aurrera egiten; eta ordura arte Klusterrean zebilen kexa proiektuak aurrera egiten ez zuelako, handik aurrera bihurtu zen kexa proiektua berez eta azkarregi zihoalako. Eta sentitu nuen nire rolaz lehen ere zalantza batzuk bazeuden, handik aurrera areagotu egin zirela, norentzat ari ote nintzen edo.

Beste muga bat ere agertuz joan zen, denboran aurrera. Arrasate Komunikabideak atalean azaldu nuen nola ulertzen dudan nik ametsaren eta zuhurtziaren arteko tentsioa:

Klusterra erakunde sendoa zen, ondo kudeatua, segurtasuna zerion. Hain zuzen, segurtasuna zelako irizpide gidaria. Ohartu nintzen nire ametsa ez zela ondo kabitzen haren orduko parametroetan.

Bitartean, Badalab sortzeko adostu genuen gobernantzan Aldundiari zegokion lehendakaria proposatzea, eta haiek eskatu zidaten kargua hartzeko, gobernantza konplexu haren sustatzaile nintzen aldetik. Ustekabean harrapatu ninduen eskaerak, baina oso tentagarria zen niretzat, hainbeste kezkatzen nauen gobernantzan esperimentatzeko aukera bikaina zelako.

Beste aldean, Klusterrean hasi eta urte betera, arazoak pilatzen ari zitzaizkidan: SLK+ proiektua indarra galtzen ari zen, Klusterretik behar adinako trakziorik egiten ez genuelako; gobernantzaren gaian erresistentziak agertu ziren zuzendaritza batzordean, organoa nori zabaldu eta nori ez; eta Badalab-en bilakaeraz ere errezeloak nabari nituen. Oro har, karguan neukan onarpen maila baxua zen. Beraz, Klusterra utzi eta Badalab-era egitea erabaki nuen. Konponbide ona iruditu zitzaidan denontzat.

Klusterreko hau izan da hartu ditudan ardura guztietatik ezintasun sentipena utzi didan bakarra. Urte t’erdi inguru iraun zuen eta, lehen txanpa oso polita egin ondoren, denboran aurrera konturatu nintzen ez nuela konplizitaterik lortzen eta erresistentziak areagotzen ari zirela. Orain konturatzen ari naiz kasu honek bazuela berezitasun bat: ez ninduen erakundeak berak ‘fitxatu’, beste guztietan gertatu zen bezala; lehendakari izan nintzen bazkide baten ordez, txanda tokatu zitzaionean. Posizio hori ahulagoa zen eragiteko, eta uste dut bere garaian ez nintzela horren kontziente izan; nonbait ausartegi sartu nintzen eraldaketa eskatzen ez zuen erakunde batean.

30. CATALUNYA

Izeba neskazaharrarekin hasita, musikan, literaturan, arkitekturan eta politikan aurkitutako bitxi katalanak. Elkartasuna, elkarrekiko ‘inbidiak’, akats partekatuak. Procés-aren itzal luzea, adiskidetasunaren gozoa, ardo naturalak… eta hizkuntza kontuak nonahi.

Nire harreman kontzientea Kataluniarekin hasten da Joan Manuel Serrat ezagutu nuenean, 1968an. Eurovisión lehiaketarako aukeratu zuen Espainiak, eta zalaparta sortu zen azken orduan ezetza eman zuenean, ezin bazuen katalanez kantatu. Espainiaren aurka erreboltatu izana gustatu zitzaidan, baina baita bere kantaera ere. Ez dut gogoratzen nola agertu zen etxean haren lehen diskoa; baina, ezagun egin ziren kantuez gain (Ara que tinc vint anys edota M’en vaig a peu) disko horretan zegoen erabat maitemindu ninduen kantu dramatikoa, izeko neskazaharrarena: La tieta.

Kontua da kantua entzun eta letra ulertu egiten nuela. Ordurako pasatuak nituen Donibane Lohitzuneko ikasturtea eta bi uda Italian, frantsesa eta italiera manejatzen nituen. Eta konturatu nintzen “je m’en vais” eta “me ne vado” zer ziren jakinda, ez zela zaila asmatzea zer zen “m’en vaig”. Kantuaren historia ulertuta, kontakizunaren tristurak kolpatuta, letra oso-osorik ikasi nuen eta oraindik ere -55 urte geroago- kantatu dezaket oso hutsune gutxirekin: “La despertarà el vent, d’un cop als finestrons…”

Serrat goiztiarraren lilurak katalana eta Katalunia hurbildu zizkidan; eta handik lasterreko militantziak areagotu egin zuen hurbiltasun hori. Alde batetik, jakin nuen Katalunian bazela Els Setze Jutges izeneko musikari mugimendua, eta hura izan zela inspirazioa gurean indarra hartzen ari zen Ez dok amairu taldearentzat. Eta hasi nintzen ezagutzen Raimon, Maria del Mar Bonet… eta Lluis Llach. Azken hau izan nuen lilura berria.

Madrilen bizi nintzela, Llach erdi klandestinoa zen, erbestealdi eta debekuen artean, baina bere hainbat kantu (L’estaca bereziki) oso famatu bihurtzen ari ziren. Ordurako Serratek nagusiki espainolez kantatzen zuen, eta Llach bihurtu zen borroka katalanaren erreferente indartsunena. 1975ean atera zuen Viatge a Itaca diskoa, eta izen bereko poema sinfonikoa nire hamar musika-pieza maitatuenen artean dago. Betirako geratu zitzaidan iltzatuta ideia bat: “Itaca jomuga da, abiatzeko arrazoia; baina harako bideak egingo zaitu jakintsu” Gureko ohiko presa finalistak apalduta, eraikitzeko pazientziaren garrantzia gogorarazi izan dit aldiro.

1976an, Gasteizen martxoko sarraskia gertatu berritan, Campanades a morts kantata zirraragarria konposatu zuen Llach-ek hura salatzeko, eta oihartzun handia izan zuen. 30 urte geroago (2006) Gasteizen kantatu zigun kontzertu berezian, une berean eta hiri berean polizia egurtzen ari zela justizia eskatzen zuten manifestariak… hiru hamarkada geroago! Bizitza osoan une gutxitan sentitu ditut hain indartsu hunkidura eta amorrua batera.

Bitxia bada ere, frankismo ondorengo espainol progresiak Llach jazarria ‘deskubritu’ zuen, eta urte batzutan Espainian musikari saltzaileena izan zen, nork esango.

2007an eman zuen azken kontzertua Verges bere herrian, eta 3 CDko grabazio bat eskuratu nuen berehala. Zenbat buelta eman ote dizkiodan geroztik! Kalitate handiko musika eskaintzeaz gain, kantu artean sekulako elkarrizketa izan zuen ikusleeekin, bera kristorenak botatzen, eta jendea txalo ta txalo. Esango nuke hurrengo urteetan egin zuen ibilibide politiko eredugarria hemen abiatu zela.

70eko hamarkadan aurrera hainbat kantari katalan Euskal Herrira etorri ziren, eta kontzertu gogoangarriak eman zituzten hemengo kantariekin. Xabier Lete Katalunian ikasten egona zen, eta “Cançó a Catalunya” kantua argitaratu zuen, sardana erritmoan honelako sentimentuak adieraziz: “Zu zera beste aberri, etxe hurbil maitea (…) Hemendik aldegin eta behar balitz joatea, zure altzoan nahi nuke jasoa izatea” Ni ere hasita nengoen halakoak sentitzen. Berez, urte asko geroago aukera izan nuenean, katalan hiritartasun digitala eskuratu nuen.

Musikatik aparte, literatura katalana ere kontsumitzen nuen, baina artean ez nintzen gai katalanez irakurtzeko. Gogoan ditut Mercè Rodoreda edo Terenci Moix bezalako izen kanonikoak, baina lilura eragin zidana Montserrat Roig izan zen; idazle ona izateaz gain pertsona publiko oso erakargarria, modernoa eta gutarikoa sentitzen nuen.

Politikan ere, ESBren baitan Katalunia erreferentzia indartsua zen. Gurea alderdi sozialista izanik, bagenituen bidelagun katalanak: Josep Pallach edota Josep Verde i Aldea gogoratzen ditut bereziki. Eta mirestu izan ditut beste hainbat politikari katalan ere: Xirinacs eta haren probokaziorako gaitasuna, Obiols dialektika dotorekoa, Carod-Rovira bere gorenean diskurtso oso berritzaile baten jabe, Cuixart desobedientziaren formulazio berriekin… Oro har, haiengan mirestu izan dut guk falta genuena: erradikaltasun lasaia, burua hotz mantentzeko gaitasuna, dialektika lantzearen garrantzia, modernotasuna… Gerora katalanak hurbilagotik ezagutu ditudanean ohartu naiz bertute horiek ere badutela bakoitzak bere ifrentzua; eta justu haiek gugan miresten dutela politikaren bertsio irmoagoa, tartean egoskorra edota zakarra izatera ere iritsi daitekeena.

Kontua da 77ko udan, hauteskundeetan ESBk jasotako porrota artean erabat irentsi gabe, Fatima eta biok gure lehen oporretan Kataluniara joan ginela, bitxaldiko Zitroen erosi berrian. Lehen murgiltze hark zeharo ase zituen gure aurreikuspenak, eta harrezkero oso sarri itzuli gara. Hizkuntza kontutan pozik ikusi genuen haiek eutsi egiten ziotela katalanari, eta saiatzen ginen errespetuz jokatzen, konplizitate keinuak egiten, eta guk ere euskara hobesten genuela erakusten. Poliki izan bada ere, iritsi gara Katalunian espainolik gabe manejatzeko gai izatera.

Lehen uda hartan geldialdi bat egin genuen Cadaqués herriko kanpinean. Gaur ez bezala, artean bisitagarria zen uda betean, eta liluratu egin gintuen. Kanpina goi batean zegoen, ipar aldera, eta han goitik Portlligat ikusten zen; hain zuzen, Salvador Dalí pintore handia bizi zen txokoa. Nahiz Dalí oso lotua ageri zen orduan Espainiako monarkiari, gustuko genuen haren lana, eta erakargarria zitzaigun bere pose lotsagabea.

1977an urrundik ikusi genuena, handik 20 bat urtera barrutik ikusi genuen, pintorea hil ondoren bere etxea museo bihurtu baitzuten. Ederra zen benetan arrantzale txaboletatik abiatu eta artistak eraiki zuen ingurunea. Bidai berean Dalíren unibertsoan murgildu ginen, Figueres-eko Dalí museoa eta Púbol-eko gaztelua bisitatuta. Eta artistak ez zigun huts egin: pintore teknikoki trebea izateaz gain, irudimen handiko pertsona zen; eta oso langilea, bere koadroak oso landuak dira. Hori gutxi ez, eta probokatzaile aparta ere bazen, surrealismoaren aitzakiatan.

Aldi berean, orduan eta gaur oso jende gutxik bezala, berak katalan barretina jazten zuen sarri, eta lotsarik gabe erakusten zuen bere azentu katalana espainolez egiterakoan, pixka bat exajeratu ere egiten zuela esango nuke. Hipermodernoa eta katalana, gure Txomin del Regato penagarriaren antipodetan. Dena batuta, pertsonaiak erakarri egiten gintuen, eta interesez jarraitu dugu gero ere bere bizitza eta Gala emaztearena ezagutzen.

Beste artista katalan bat asko miresten dudana da Antoni Gaudí arkitektoa. Uste dut lehen lilura eragin zidala Güell parkea aurkitzeak hirian bueltaka genbiltzala, eta handik aurrera interes gero eta handiagoz bilatu nituen haren obrak. 2002an bere jaiotzaren 150. urteurrena aitzakia hartuta, antolatu zen Gaudí-ren nazioarteko urtea, eta aukera baliatu genuen egun batzuk Bartzelonan pasa eta bere obran murgiltzeko. Bisita gidatu patxadazkoetan ezagutu genituen Vicens etxea (lehena, geometrikoa), Batlló etxea (polita, nire gustukoena), Güell jauregia (iluna, handinahia), Calvet etxea (oraindik ‘arrunta’), Bellesguard (ikusgarria), Milà etxea (ederra, ezagunena), Teresianen ikastetxea (itxuraz bakarrik sentzilloa)… Bisitetan beti galdetzen zuten ea zein hizkuntzetan egin bisita, eta beti bazegoen norbait espainola eskatzen zuena. Behin gu izan ginen kanpotar bakarrak, eta eskatu genien katalanez egiteko, saiatuko ginela ulertzen. Murgiltze honetan, ez ginen hurbildu Sagrada Familia dontsura, ordurako jendez gainezka zegoelako beti. Eta Kataluniatik kanpo ere bisitatu ditugu Gaudí-ren lanak: Comillas-en El capricho izeneko etxea eta Astorgako apezpiku-jauregia, esaterako.

Dalí-rengan bezala, Gaudí-rengan ere irudimena miresten dut, gauza berriak asmatzeko ausardia eta gaitasuna; baita oso katalanista izatea, kartzelaratu ere egin zuten katalanari eusteagatik. Baina, kasu honetan, bereziki azpimarratu behar ditut bere ingeniari-dohainak, harrigarria egiten zait nola aztertzen zituen eraikitzeko teknikak, egiturak arintzeko edo forma sinestezinak lortzeko. Milà etxean ikusi nuen behin erakusketa bat bere plano eta kalkuluena, eta txundituta geratu nintzen. Adibidez, Sagrada Familiako langileen umeentzat eskola behin behinekoa behar zuen eta teilatu iraultzale hau asmatu zuen, azkar eta merke eraikitzeko. Jenialtasun honek inspiratu zuen ia mende bat geroago Ysios upategia.

2000ko hamarkadan Termes La Garriga bainuetxera joan ginen hainbat urtez, hidroterapia oso zalea bainaiz. Eta oso gustura sentitzen ginen izen bereko herritxoan. Gogoan dut Egunkaria itxi zutenean nolako elkartasuna nabaritu genuen, zapuztutako mantxetarekin egunkari oso bat atera zen katalanez, erasoa salatuz. Sarri San Jordi eguna ere tokatu zitzaigun bertan; inbidia eragiten zidan liburua eta arrosa oparitzeko ohiturak. Bainuetxean AVUI egunkaria irakurtzen nuen katalanez, eta han hasi nintzen somatzen zerbait indartsua egosten ari zela katalan gizartean, erabakitzeko eskubidea eta lehen herri galdeketak, independentziaren aldeko autoeraketa behetik gora, iritzi artikuluen tonua… 2010ean izan zen lehen manifa erraldoia eta 2012an eztandaren Diada: procés-a martxan zegoen.

Gogoratzen dut Cadaqués-eko lehen uda hartan (1977) taberna batean musikari bat ari zela gitarrarekin kantuan, eta halako batean irudi zitzaidan Els segadors kantua entzun niola. Artean debekatuta zegoen eta gurean ezezaguna zen; gerora Kataluniako ereserkia bihurtu zen, eta procés-aren soinu banda. Nik Gure Esku-ren baitan jarraitu nuen oso hurbiletik prozesu guztia, eta benetan esperantza izan nuen katalanek lortuko zutela herri indarrarekin trantsizioa egitea legedi espainoletik legedi errepublikarrera. Ondorengo errepresio tesuinguruan ez nituen oso ondo ulertu haien hainbat mugimendu, baina hala ere bidai azkar bat egin genuen 2020an Puigdemont exiliotik lehen aldiz Perpinyà-ra itzuli zenean. Puigdemont gustatu izan zait president exiliatu eta erresistentziaren erreferente agertu denean, adibidez Consell de la República erakundearen buru. Baina horrez gain izan da aldi berean hegemoniaren lehian zegoen indar baten burua, eta bistan da bi rolak bateraezinak dira.

2020an itzuli zenean, bazirudien egoera iraultzen hasteko aukera zegoela, herri zapaldu baten ordezkari agertu ziren Perpinyà-n, eta herri zapalduak ongi etorria egin zien. Baina alderdi abertzaleek beren arteko hegemonia-borroka bihurtu zuten lehentasun, eta askapen-prozesua bigarren mailara pasatu da (horretan hartzen ari gara gu ere katalanen antza). Gaur gaurkoz, Puigdemont-en lidergoan herri zapalduaren ordezkaritzari gaina hartu dio alderdi interesen defentsak. Hurrengo itzuleran nekez bilduko du horrenbeste jende.

Nekazalturismoa izan genuen garaian webgunea katalanez ere jarri genuen, eta handik jende dezente etorri zitzaigun. Oso erraz konektatzen genuen, eta batzuekin harremanetan jarraitzen dugu. Geroxeago (2019an) gertatu zen katalanekin erabat lotu gaituen juntadizoa: Hamburgoko bidaia, eta Mas Albako jendea ezagutzea. Joxean Amundarain lagunak proposatuta joan ginen Alemaniara, bere lagun katalanen semea ikustera, hango ballet ospetsuan dantzari ari baitzen (Anna Karenina-ren bertsio honetan ikusi genuen, praka motz-dun semea da). Lagun talde eder bat zuten sortua Mas Alba nekazaletxearen bueltan, eta gu haiekin lehen unetik sentitu ginen etxean. Esperientzia sinestezin bat ere izan genuen bertako bikote batekin haien kafetegian, eta harat-honat ibili ginen ezin gusturago, bizitza osoko koadrila bat bagina bezala. Udan elkarrekin egon ginen nekazaletxean eta Perpinyà-ko bidaia ere elkarrekin egin genuen. Harrezkero urtean behin gutxienez elkartzen gara udan, eta hurbiltasuna mantentzen dugu.

Haiekin ikasi dugu ardo naturalak maitatzen, eta bisitatu ditugu upategi apal zoragarriak, baita jatetxe umil bikainak ere. Oro har, katalanek guk baino gehiago zaintzen dute produktua, ekoizle txikia, hurbildeko elikadura, tradizioa jaso duen sukaldaritza. Unibertso bat osatu daiteke zer jaten/edaten dugun eta hori nola sortu den aztertzen hasita. Munduan egoteko modu bat da, lurrari eta komunitateari atxikia, eta zinez uste dut ezinbesteko oinarria dela erreboltarako kontzientzia politikoa garatzeko .

Hainbeste elkarreragin Kataluniarekin, eta azkenean 2019an heldu nion katalan hiztun bihurtzeko lanari. Parella linguistica bat eskatu nuen eta bikaina tokatu zitzaidan; bi urte luzez astelehenero egin genuen mintza-saioa eta berari esker gaur egun gai naiz espainolik gabe katalanekin hitz egiteko. Te n’estic molt agraït, Marta, de debó. Sinetsita nago katalanek eta guk elkarren artean espainola baliatzen dugun bakoitzean, hondoratzen ari den Espainiari euskarri bat jartzen diogula. Eta, oro har, distantzia linguistikoak kontuan hartuta, konbergentzia nagusia katalanerantz egin behar dugu.

Horregatik, zinez uste dut euskaldunok sistematikoki landu beharko genukeela katalanaren ulermena. Ipar Euskal Herriarekin lotzeak euskaldun osoagoak eta hobeak egiten gaituen bezala, Kataluniarekiko harremanak gure internazionalismoa sendotzen du.

28. ALDUNDIA

Zer dela eta ekintzaile bat palaziyoan? Mahaiaren beste aldea, tandem eta konfiantzak, erakundearen egiteko nagusian kokatzea, Kutxan ikasitakoak baliagarri… Lehergailua desaktibatu genuenekoa. Euskalgintza sozialarekin orpoz-orpo, eta dinamika berritzaileak, sufrimenduren bat… Legealdia agortu ezin, baina pozik.

Kutxako nire urte donostiarrek (2006-2011) kointziditu zuten Gipuzkoako Foru Aldundian Markel Olano lehen aldiz diputatu nagusia izan zen legealdiarekin. Harreman instituzional eraginkorra izan nuen bereziki Euskara eta Kultura departamentuarekin, eta harreman pertsonal estua bi pertsonekin: Joxean Amundarain euskara teknikariarekin, eta Xabier Barandiaran kabinete buruarekin. Biekiko hurbiltasuna mantendu egin zen gero ere, nahiz nik Kutxa utzi eta Xabier Aldundian egon ez; eta erabakigarria izan zen, 2015ean Markel Olano diputatu nagusi kargura itzuli zenean, Euskara zuzendaritza niri eskaintzeko.

Proposamena egin zidanean, Markelek azaldu zidan zubiak eraiki nahi zituela euskalgintza sozialarekin, eta eskatzen zidan anbizioz jokatzeko. Ondo bereganatuta zeukan hilabete batzuk lehenago Topalabe taldeak argitaratu genuen Berrikusi eta berrikasi dokumentua, eta prest zegoen norabide horretan ausart jokatzeko.

Buelta erdi bat eman nion ea niretzat ondoriorik izango ote zuen EAJ-PSE gobernu baten izendapen politikoa onartzeak. Berahala ebatzi nuen: “Badauzkak 61 urte, horietatik 30 euskalgintzan zubiak eraikitzen, kolore ezberdinetako pertsona eta erakundekin lankidetzan. Urrats hau koherentea duk; eta unea, oso aproposa. Ahalegindu hadi!”. Programa moduko bat prestatu nuen, aurrera eramango nituzkeen planekin, eta ametoa eman zidaten. Lehen aldaketa zuzendaritzaren izenean eskatu nuen: Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritza izatea nahi nuen, euskararen sustapena balio unibertsalen aldeko lanaren parte zela adierazteko.

Adibidea jartzen nuen Frantziako balio errepublikarrekin, liberté, égalité, fraternité hirukoarekin, alegia. “Bi hizkuntza ofizial daudenean, arautu gabeko esparrutan hiztun bakoitzak askatasuna behar du nahi duen hizkuntza hautatzeko; maila berean bermatu behar da hautuen arteko berdintasuna, hautatzeko askatasuna egon dadin, eta horrek eskatzen du denok gutxienez ulertzea bi hizkuntzak; azkenik, fraternité zaharkituaren ordez justizia erabiliko dut, adierazteko bizikidetzak zor diola berdintasuna hizkuntza gutxituari. Nik ezin izan nuen eskola euskaraz jaso debekatuta zegoelako”

Diskurtsoa prest, 2015eko uztaila amaieran hartu nuen kargua, eta abuztua baliatu nuen egokitzapenerako. Joxean Amundarain laguna ere bazen eta berarekin erabateko konfiantza neukan; berak gidatu ninduen palaziyo barruko lehen urratsetan, eta tandem bikaina osatu genuen handik aurrera.

Horrekin batera, Xabier Barandiaranekin garatu nuen harreman oso emankorra. Berak zeukan botere organikoa, Aldundian bezala EAJn; eta nik neukan ahalmen delegatua, berak nigan jartzen zuen konfiantzaren araberakoa. Horren jakitun, kabinetearen bilerez gain buruz-buruko bat egiten genuen astero, nire gaietan sakondu eta ados jartzeko. Benetan ondo funtzionatu zigun.

Harreman mota hau ez zen berria niretzat. Eukeni Lasarekin ere antzera gertatu zitzaidan, bai klinikan eta bai Tantai-n, bera zen ‘jefea’ eta ni haren ondokoa (klinikan ‘sikario’ ere deitzen zidaten); eta beste horrenbeste Carlos Ruiz-ekin, Kutxako bi faseetan, hura zegoen erabakiguneetan eta haren bitartez eragin nezakeen nik. Hiru kasutan jokatu nuen berdin: jomugetan adostasuna landu, ikuspegiaz zintzo eztabaidatuta; eta jardunaren berri sarri eman, konfiantza areagotzeko. Zorteko sentitzen naiz hiru aukera hauek izan ditudalako, asko lagundu didate nire gaitasunak garatzen.

Nire izendapenak ‘fitxaketa’ itxura hartu zuen, ez baitzen ohikoa alderdiek sokakoa ez zen norbait izendatzea, ez eta EAJ-PSE gobernu batek ardura politikoak ematea ekintzaile sozial bati (nire aurreko laupabost zuzendariekin lankidetzan aritua nintzen, zuzendari mahaiaren beste aldetik). Aldundiko komunikazio arduradunak esan zidan ni elkarrizketatzeko eskaerak ari zela jasotzen, ea nondik hasi nahi nuen. Eta nik, toki komunikabideak aldarrikatzeko, TOKIKOM aukeratu nuen estraineko mezuak zabaltzeko, telebistan, paperean eta digitalean. Oihartzuna handia izan zen, Aldundiaren pozerako.

Aldundi barruan asentatzen ari nintzela, lehen zalaparta kanpotik etorri zitzaidan, Donostia 2016 kultur hiriburutzatik. Azken hauteskundeetako emaitzekin haren gobernuan ere alternantzia politikoa gertatu zen, eta talka bat zegoen euskararen esparruan, aurrekoek lotutako eta berriek gauzatu beharreko lan-ildo batekin. Talkari larritasuna eransteko, gaia epaitegira iritsia zen, eta urrirako zegoen jarrita denak eztanda egin zezakeen eguna. Zubigintza behar zen, eta horretarako nengoenez…

Zubia eraikitzeko bi matxoi neuzkan eskura: euskalgintza sozialaren ordezkari gisa akordioan jardundako Paul Bilbao, Kontseiluko koordinatzailea, eta Donostia 2016an kudeatzaile nagusiaren tokia hartuta zegoen Xabi Paya. Hirurok jabetu ginen esku artean geneukan erronkaz: urriko lehergailua desaktibatzen ez bagenuen, kalteak handiak eta iraunkorrak izan zitezkeen euskararen aldeko lankidetzarako. Xabik trebezia tekniko handia erakutsi zuen aurreko akordioa egoera berrira egokitzeko, eta Paulek malgutasuna eta lidergoa erabili zituen planteamendu berrira mugitzeko. Azken kanpaikada jotzear zela lortu genuen alde guztien akordio politikoa, eta lehergailua erretiratu egin zen epaitegitik. Uf!

Abuztuan ondo prestatu eta irailean hasi nintzen aurreikusitakoak gauzatzen. Lehentasunezko ildoa zen erakundearen logika ulertzea eta haren baitan posizio ahalik eta indartsuena lortzea, urte batzuk lehenago Kutxan egin nuen bezala. Orduan ‘kalitatea’ izan bazen lokarria, Aldundian ‘berdintasuna’ izan zen. Gobernu berriak jomugan jarri zuen ‘Gipuzkoa izatea Europan ezberdintasun txikieneko lurralde bat’ eta nire zuzendaritzaren izen berriak bete-betean jotzen zuen diana horretan. Erakundearen helburu nagusiari ekarpena egingo genion hizkuntzaren esparruan.

Baina ez soilik hizkuntzarekin. Kutxan ere erabilia nuen beste argudio bat: “Hizkuntza-ohiturak aldatzea berrikuntza da, eta berrikuntza eragiten du”. Aldundiak 2015ean berrikuntza dinamika indartsu bat prestatu zuen: Etorkizuna Eraikiz ekimena, diputatu nagusiaren kabinetean kokatuta zegoena. Hor aukera izan nuen Estrategia zuzendaritzarekin harreman estua lantzeko, eta haren helburuak neure egiteko. Beste dinamika eraldatzaileekiko elkartasuna, ondo lantzen bada, joan-etorrikoa bihur daiteke, norberaren helburuentzat aldeko haize.

Lehentasunezko beste ildo bat izan zen euskalgintza sozialarekin asko hitz egitea. Udazken hartan maratoi bat egin nuen eragile ia guztiekin patxadaz biltzeko. Oro har, lankidetzarako gogotsu aurkitu nituen, aro politiko berriaren baitan bide ezezagunak esploratzeko prest. Ez nuen presazko aldaketaren premiarik somatu eta proposamen argia egin nien: “Nahiz eta aldundiko gobernuan alternantzia egon den, ez naiz hasiko aurrekontua nire kabuz aldatzen; oraingoz bere horretan mantenduko dut, eta elkarrekin landuko dugu zein norabidetan aldatu behar den” Planteamenduak harrera ona izan zuen eta deliberazio prozesu bat prestatzen hasi ginen, Partaidetza zuzendaritzarekin elkarlanean.

Deliberazioa abiatzeko galdera nagusi bat jarri genuen: Zer egin behar dugu ezberdin eraginkorrago izateko? Euskara biziberritzeko prozesua indarra galtzen ari zenez, hipotesia zen iraganeko eraginkortasuna berreskuratzeko berrikuntza beharko zela, alegia, gauza ezberdinak egitea, edo gauzak ezberdin. Lau saio luzeko egitaraua prestatu genuen, 2016ko apirilean zehar gauzatzeko; eta goraipatu nahi dut EMUN aholkularitzako Denis Elortzak egin zuen ekarpen bikaina, ariketa benetan berritzailea izan zedin. Adibidez, irekiera saioan Antonella Broglia italiarra ekarri genuen, euskalgintzaren ohiko parametroetatik oso aparte zegoen hizlaria. Berak azalpenak eman bitartean ia entzun egiten ziren gu denon burmuinen krakatekoak.

Lau saioak burutu genituen, 40 partaide inguru, euskalgintzako ordezkari esanguratsuak; ordu inbertsio galanta egin genuen denok, eta emaitzan oso nabarmena izan zen ‘berrikuntza’, ‘lankidetza’, ‘ilusioa’ moduko hitz ezohikoek hartu zuten pisua. Ez zegoen oraindik aurrekontura eramateko moduko proposamen zehatzik, baina bai borondate sendoa dinamikarekin jarraitzeko. Palanken deliberazioa uztartu genuen Euskararen Foroa organoarekin, honen maiztasuna handituta elkarren mesede jarduteko; eta ireki genuen ‘Putzuberri’ dinamika berria, euskalgintzako enpresei Aldundian sarbidea errazteko, euskaratik haragoko esparrutan zerbitzua euskaratik eskaini ahal izan zezaten. Nahi genuen euskarazko enpresak ez egotea mugatuta gure zuendaritzaren aurrekontura eta aukera izatea aurrekontu orokorrean ‘putzu berriak’ aurkitzeko.

2017an deliberazio prozesuaren bigarren txanda egin genuen, konpromiso eta ilusio are handiagoekin. Irekiera hitzaldian Ibarretxe lehendakaria izan genuen, indartsu eta euskaraz trebe; ezinbestean gogoratu nuen Ajuria-enean telebistarako elkarrizketatu nuenekoa, euskaraz lehen aldiz publikoki, ETB atalean kontatu nuen bezala.

Edizio honetako ariketa nagusia izan zen zuzendaritzaren aurrekontuaren azterketa xehea eta ebaluazio kolektiboa, moldaketaren norabidea eta zehaztasunak antzemateko. Iritsi ginen adostera zein arlotan behar ziren palanka indartsuak gauzak mugitzeko, bakoitzean eragile bat izan zedin palankari arduraduna. Prest geunden prozesuaren lehen helburuari heltzeko, alegia, zuzendaritzaren aurrekontua moldatzeko elkarrekin adostutako norabidean.

Hirugarren ediziorako eginkizun are zehatzagoa jarri genion geure buruari: Etorkizuna Eraikiz (EE) izaki Aldundiak zeukan berrikuntzarako autopista, euskararen sektoreak albo-errepidea utzi eta erdiko erreian sartzeko moduko proiektu bat antzematea, horretan zentratzeko. Ideia zaparrada egin, eta lau eragile (Elhuyar, EMUN, Langune eta Soziolinguistika Klusterra) etorri ziren bat: berrikuntza ekimen bakarra baino berrikuntza zentro bat behar zen, EEn sortzen ari zirenen parekoa, modu iraunkorrean berrikuntza jorratuko zuena euskararen biziberritze prozesuaren mesedetan. Lau eragileei enkargatu zien Aldundiak ideia horri forma ematea, eta hortxe sortu zen IBILI, geroago Badalab bihurtu zena.

Nik ordurako Aldundia utzia nuen, halabeharrez, baina saio hauetara gonbidatu egin ninduen eta gustura bertaratu nintzen; bilakaera oso ona izaten ari zen dinamika, eta barne-poza ematen zidan hura abiatu izanak.

Natorren bueltan Aldundiko 2015eko hastapenetara. Nire diskurtsoan oso funtzio garrantzitsua zuen ulermenak, aski frogatua nuelako Kutxan zeinen baliagarria zen euskara bistaratzeko eta elebakarrak interpelatzeko. Zuzendaritzan Pello Jauregi-rekin jarri nintzen harremanetan, bera baitzen Aldahitz ikerketaren ideologoa, hura nola azkartu aztertzeko. Aldundian bertan egin genituen piloto interesgarri batzuk, eta ni hasi nintzen produktu berri bat saltzen: Ulermin forte. “Ez duzu euskara ulertzen, arazo bat duzu, baino ez da larria. Badago tratamendu bat, Ulermin forte izenekoa, eta 40-50 pilula hartuta sendatu egingo zara”. Aldundiko azken mohikano elebakarrak erabat prest agertu ziren tratamendurako.

Gaia nik nahi eta espero baino geldoago garatu da, baina une honetan abian den Gipuzkoa arigune esperimentua marko ezinhobea da ulermenaren ahala erakusteko.

Pellorekin jorratu genuen baita ere Lasarte-Oriako Baietz 40 egun euskaraz! esperimentuaren neurketa zorrotza. Horrek jauzi bat eragin zuen han-hemenka ari ziren ariketa sozialen katean, eta oinarri sendoa jarri Euskaraldia izango zenarentzat. Ilusio handiz aurkeztu genuen artean izenik ez zeukan proiektua 2017ko Udaltop jardunadian, eta euskara teknikariekin landu. Azaroan Bilboko Arriagan egin genuen dinamikaren iragarpena, lehen ediziorako urte bete falta zela. Gauzapena Elorrion bizi izan nuen, itxaropentsu, ordurako Aldundia utzita. Hala ere, talde eragileko bileretara deitzen zidaten gero ere, eta pena hartu nuen erabaki zenean bi urtez behingo ‘ebento’ bihurtzea. Niretzat Euskaraldiak izan behar zuen urteko 365 egunez egin beharreko tokiko lanari urtean behin dimentsio nazionala emango zion olatu indargarria.

2015ean tokatu zen, baita ere, bi urtez behingo Abadia saria ematea, euskararen aldeko lan bikainak aitortzeko. Eta Kike Amonarriz izan zen saritua. Sari-ematea hain izan zen gogoangarria, Kike erronkak jarriz eta diputatu nagusia haiei eutsiz, pentsatu nuela bi urtez behin baino, urtero merezi genuela halako juntadizo motibatzailea. Horrela, 2016an Moriarti taldea izan zen saritua, etra 2017an Ibon Sarasola. Sari-emate ekitaldi ikusgarriak prestatzen zizkigun Haritz Solupek, eta giro ederrak bizi izan genituen.

Sarien atal honetan, neuk iradokita eman zitzaion Gipuzkoako Urrezko Domina (Aldundiaren aitortza gorena) Ramon Saizabitoria idazleari. Uste dut hor ere inertzia ezegoki bat apurtu zela.

Pozez gogoratzen dut Gipuzkoa berdinago ekimena. Eralan ikerketatik sortutako Jendaurrean erabili proiektua oinarri hartuta, dinamika bat abiatu genuen Gipuzkoako erreferente nagusiek euskararen aldeko portaerak hartzera animatzeko. Oso giro polita izan genuen prozesuan zehar, eta oraindik harridura pizten dit lortu genuen koalizioaren mailak, eta baita sinatu genuen adierazpenaren kalitateak.

Oso trinkoa izan zen Aldundian eman nuen aldia eta pilatu egiten zaizkit hemen aipatzeko ideiak. Asko zaindu nuen Batzar Nagusiekiko harremana, hura baita Gipuzkoa ordezkatzen duen parlamentua; eta hango alderdiekin talde-lan sistematikoa (eta ezohikoa) abiatu genuen, gobernantza partekatuaren logikan. Bestalde, oso aktibo aritu nintzen Aldundiaren berrikuntza prozesuetan, administrazioan nagusi den konpartimentu estankoen logikari aurre egiteko.

Enkargu potolo bat ere jaso nuen: euskarazko ikus-entzunezkoen laborategi bat eraikitzea Tabakalera-n. Nire bi erreferente, HUHEZI eta Goiena, hartu nituen bidelagun, luxuzko kontraste talde bat osatu nuen (Maialen Beloki, Jorge Gil, Garazi Goia, Maite Goñi, Jaime Otamendi eta Xabi Paya) eta deliberazio saioak antolatu genituen sektorearekin. Ideiei forma ematea lan ederra izan zen eta erosoa; latzagoa egin zitzaidan egitasmoa Takalaleran kokatzeko lan politikoa, asko sufritu nuen. 2017ko abenduan izan zen Tabakaleran bertan 2deo proiektuaren aurkezpen zirraragarria.

Ordurako banekien urte amaieran kargua utziko nuela. Fatimaren minbiziari aurre egin behar genion, eta ni gastatuta nengoen. Geratzen zitzaidan indar apurra hura zaintzeko behar nuen. Halaxe kontatu nuen agurreko bideoan.

27. TOKIKOM

Beste bateratze prozesu bat, Topaguneko lehendakaritzatik bultzatuta, eta teknologia komuna itsasgarri. Tokikoen irismena eta hedadura: Euskal Herriaren mapa trinkoa marrazten. Hirietako zailtasunak, politikaren interferentziak, aro berriak eta esplorazioak. Euskal hedabideen etxea, lankidetzan eraikia, hegemoniko izateko.

Topagunean hasi berritan, berehala erreparatu nien euskara elkarteek kudeatzen zituzten toki komunikabideei. Goiena sortzeko fasean harreman estua izan nuen Euskal Herriko beste hainbat proiekturekin, gu Debagoienean egiten ari ginen bilakaera eskualde gehiagotan ere gerta zedin. Hamar urte geroago, ordea, egindako urratsak txikiak ziren; eta handiagoak egiteko premia, larria. Joxe Rojas arloaren arduraduna indarka ari zen jendea mugiarazi nahian.

Iritsi berriaren ausardia baliatu nuen Topaguneak bere apustua igo zezan. Bazegoen abian TOKIKOM izeneko jardun partekatu bat bere bazkideen komunikabideen artean, batez ere publizitate eskaintza bateratuaren inguruan. Hortik aurrera urrats berriak egiteko, enpresa egitura bat sortu beharra ikusten zen:

Herri mailako dinamika batentzat munta handiko urratsa zen, eta erronkak eskatzen zuen federazioaren trakzio indartsua, herrietako elkarteak animatzeko. Topagunearen zuzendaritzak gogotsu heldu zion erronkari, eta indar horrekin otsailean bertan egin genuen komunikabideen batzarra Eibarko Markeskuan. Luze eta zabal hitz egin ondoren, gure proposamenak gehiengo esanguratsu baten onespena jaso zuen. Lehen urratsa egina zegoen!

Handik aurrera dinamika erabat azkartu zen, eta 2012ko udan bertan notaritzan geunden enpresaren eskriturak sinatzen. Sozietate mugatuaren figura aukeratu genuen une hartan, azkartasunari ematen geniolako garrantzia; baina kooperatiba bat osatzea zen helburua, eta SL-a behin-behineko urratsa zen. Topaguneko lehendakari nintzen aldetik, TOKIKOM-en ere lehendakaritza hartu nuen; kontraesana badirudi ere, horrekin bermatu nahi nuen jaio berriak bide autonomoa egingo zuela, etxe handiaren gonapean geratu gabe.

Lehen urrats hauek jasota daude TOKIKOM-en 10. urteurrenean egin zen bideo honetan.

Euskal Herri zabaleko tokiko proiektuak izanik bazkide, hastapenean funtsezkoa zen ikuspegi bateratua sendotzea eta kultura partekatu bat eraikitzen joatea. Goienaren sorreran hori deliberazio bidez egin ahal izan genuen hurbiltasuna baliatuta; baina Euskal Herriko luze-zabalean eta ikuspegi aniztasuna handiagoa izanik, nire intuizioak ziostan hori ez genuela lortuko soilik hitzekin; eta partaideek lehendik zeukatena bateratzen hastea baino, hobe genuela elementu berri komunak sortzea, eta elkarrekintzak batuko gintuela beste ezerk baino areago. Horregatik indar berezia jarri nuen teknologian, hor baitzeuden ahulen gure herrikako komunikabide txikiak. CodeSyntax-i erronka bota nion plataforma teknologiko ahaltsu eta malgua garatzeko, herri bakoitzak bere lana azpiegitura komunaren gainean eginda, uneoro denok izan genitzan eskura azken belaunaldiko lanabesak, gehi sarekideok metatutako materiala eta eskarmentua. Horrela, ardura teknikoaren zama arinduta, komunikabide bakoitzak denbora gehiago izango zuen ondoen egiten zekiena egiteko, hau da, bere tokiko informazioa lantzeko. Bete-betean asmatu genuen planteamenduarekin, plataforma teknologikoa bihurtu zen TOKIKOM-en muina.

Juridikoki egituratu aurretik ere, TOKIKOM-ek bazuen arlo komertzial bateratua, hain zuzen esparru horretan zegoen garatuen toki komunikabideen arteko lankidetza. Behin enpresa sortuta, indar handiagoz ekin zitzaion euskarriak, salneurriak eta estrategiak bateratzeari, eskaintza komun batekin joan ahal izateko bezero handiagoetara. Euskal Herriaren zati handi bat estaltzen genuen modu hiperlokalean, horrek irismen berezia ematen zion gure publizitateari. Eta agerkariak gero eta digitalago izan diren heinean, trafikoaren neurketak argi erakutsi du toki komunikabideek duten pisu handia herritarren kontsumoan.

Goiena-n ikasitakoaren haritik, garrantzi handia eman nion herrietako proiektuak eskualdeka elkarri begira jartzeari, jardunen bateratzeak edota proiektuen bategiteak ekar zitzakeen onuren bila. Oro har, herrietan argi ikusten zuten Debagoieneko prozesuak nolako indarra eman zion bertako komunikazio taldeari, baina kosta egiten zitzaien imajinatzea antzeko zerbait posible zenik bakoitzaren etxean. Horregatik, hara eta hona ibilita erein genuen haziak ez zuen gehienetan berehalako emaitzarik izan, urteak behar izan dira salbuespenak salbuespen izateari uzteko eta mugimendu orokortua igartzen hasteko.

Eta, hala ere, toki komunikabideen garapenarekin Euskal Herriaren mapa trinko bat marrazten ari ginen:

Eskualdetze guztiak baliotsu izaki, garrantzi berezia zuten guretzat hiriburuak, haietan baiginen ahulen; eta, gure ahalmen mugatuen baitan, hirietan jarri genuen lehentasunetako bat. Bilbon Uriola sortu zen (berriki itxi da, min eman dit) eta Iruñean Euskalerria irratia-rekin harremana sendotu zen. Gerora etorri ziren Xaloa telebista baztandarraren lizentzia Iruñerrian emititzeko, eta Arabako alea Gasteiz eta Araba osorako agerkaria, koalizio ezohiko bati esker. TOKIKOM-en esparrutik aparte geratzen ziren Donostia (Irutxuloko Hitza) eta Baiona (Gure irratia).

Hiriek zailtasun erantsiak jartzen dizkiote tokiko komunikazioari. Handik eta hemendik etorritako jendearekin hazten dira erritmo bizian, meheagoa dute berezko komunitateen iragan partekatua, eta indartsuagoa indibidualismorako joera; ez da herrietan bezainbeste garatzen osagai komunitarioa. Gainera, hirietan eragin handiagoa dute hedabide orokorrek, sarri hirietako gaiak interes orokorreko ere bihurtzen direlako. Testuinguru hori kontuan, are txalogarriagoa da Euskalerria irratia-ren kasua, urte luzez lizentziarik gabe eta prekarietatean jardun arren, Iruñerrian tresna komunitario baliotsua izatera iritsi delako.

TOKIKOM-en egitekoetan pisu handia zuen solaskidetza bateratuak. Toki komunikabide gehienak txikiak izaki, ohikoa zen ikusezinak izatea hedabide handientzat, nahiz datu agregatuek nabarmen kontrakoa adierazi. Erakundeen partetik ere, bulkada zegoen tokikoen tropela elkartzeko eta ahots bateratua lantzeko, lankidetza publiko-soziala emankorragoa izan zedin. Hemen ekarpen handia egin zuen TOKIKOM-en sorrerak; hain handia, azkartu eta erraztu egin zuela Hekimen elkartearen sorrera: lehen aldiz, herri ekimeneko euskarazko hedabideak sektore moduan antolatu ziren.

Dinamika hauetan, beti ere, aldagai politikoa oso presente zegoen, Topagunearen atalean kontatu nuen bezala:

Ur handiegitan sartu gabe, Topalabe taldean idatzi genuen Berrikusi eta berrikasi dokumentuan labur eta gordin aipatzen da politikaren interferentzia euskalgintzan:

Euskalgintza sozialean nabarmena izan da bi erroten tiradizoa, ezker abertzalearena esparruan lidergoa mantentzeko, eta jeltzaleena nagusitasun horretan arrakalak irekitzeko. Tiradizoei amore eman gabe interes komunari eustea ez da erraza izan, tarteka ezinezkoa ere bai; eta zubigintzan aritzea susmagarri zen sarri. Hala ere, 2010eko hamarkada hasieran aro politiko berri bat abiatzen ari zen, inertzia kaltegarri horiek gainditzeko aukerak zekartzana, eta hori baliatu beharra zegoen.

TOKIKOM-en lehendakari izan nintzen garaian, harreman estua landu genuen Berria-rekin. Haiek ere eskualdekako dinamika bazuten Hitza ezberdinekin; inoiz talkak ere izanak ziren, eskualde berean bi jardunak lankidetzan jarduteko aukerarik egon ez zenean. 2012an iragan hori atzean utzi nahi genuen, eta elkarrenganako konfiantza sortzen ahalegin politean murgildu ginen. Une batean munta handiko urratsez ere hitz egin genuen, azkenean gauzatu ez zirenak; baina orduan jarritako oinarriaren gainean etorri ziren gerora urrats bateratuak Tolosaldean, Araban edota Urola-Kostan, eta gehiago bidean egon daitezke. Finean, gure ereduan eskualdeko multimedia taldean tokia zuten bertan ziharduten toki komunikabide guztiek, jatorriari erreparatu gabe. Baldintza zen tokiko komunikazioan euskaraz jardutea eta, noski, bateratasuna nahi izatea.

Hain zuzen prozesu horretarako gure ikuspegi bateratua garatzeko eta finkatzeko, ibilbide anbiziotsu bat prestatu nuen. Bagenuen datu bat: euskarazko hedabideetan (EITBren euskal adarra, Berria, TOKIKOM, tematikoak) 1.000 langile inguru ari ziren lanean, Euskal Herrian beste inork bildu ezinezko taldea. Mila profesional horiek (eta inguruko komunitatea) lankidetzan jarrita, hegemonia eskura geneukake. Jomuga horrekin, gure hausnarketaren helburua zen irudikatzea zer nolako ezaugarri (egiteko, egitura, integrazio maila eta errotze sozial…) behar lituzkeen euskarazko hedabideen sistema bateratuak, eta hara iristeko jorratu beharreko esparruak. Bi solairuko etxe bat irudikatu genuen, plano zehatzekin, eta hura eraikitzeko bidean atal hauek:

  1. ABIAPUNTUA: hedabideak eta hiztun komunitatea, egindako ibilbidea, egoera, arriskuak…
  2. JOERAK: kontsumo berriak, multimedia, hiperlokala, telnologia, negozio eredua, ikerketa…
  3. AUKERAK: euskararen lankidetza, gizarte ekimena eta erakundeen ahalmena. kopuruak..
  4. LANDA-LANA: mapa eta egoera, esperientzia arrakastatsuak, jardunaldi/mintegiak…
  5. ETXEAREN PLANOAK: bi solairu, tokikoak nola, orokorrak nola, solairu arteko igogailuak…
  6. LOGISTIKA: finantzazio publikoa, autoritatea…
  7. AZKEN HITZA: Sintesia
  8. TXOSTENAK

Dokumentua lantzeko, alde batetik, MUren HUHEZI fakultatean aurkitu nuen ikerlari multzo bat, gaitasun handikoa eta oso hurbilekoa (Nekane Goikoetxea Aitor Zuberogoitia, Txema Egaña, Eneko Bidegain, Amaia Pavon) eta haiekin lankidetza estua garatu genuen, CodeSyntax garatzen ari zen alde teknologikoarekin batera. Bidaiaren lehen geltokia izan zen TOKIKOM Jardunaldia 2012ko ekainean, ikuspegiaren lanketarako oinarriak jartzeko. Handik aurrera, mintegiak antolatzen hasi ginen gure bazkideekin, oinarrizko ideiak eztabaidatzeko; eta, paraleloan, atal espezifikoak garatzeko ardurak banatu genituen. Aitor Zuberogoitia-ri zegokion txosten akademikoak gobernatzea eta Eneko Bidegain-i landa-lana burutzea; horrez gain, Haritz Solupe GFAko Kultura zuzendari ohiari eskatu nion hitzarmenetik haragoko finantzazio publikoaren formulak aztertzea, eta Alberto Barandiaran-i sektore bateratuaren autoritate funtzioaz hausnartzea.

Lan itzela eginda ondu genuen Euskal hedabideen etxea, tokikoen ikuspegitik dokumentu mardula. Pertsonalki harro nago hain prozesu konplexua burura eramateko gai izan nintzelako, eta emaitzaren kalitatea espero baino hobea izan zelako.

Dokumentua aurkezteko, 2013ko azaroan antolatu genuen HUHEZI-ren Aretxabaletako kanpusean GERTUKOM saio arrakastatsua. Sektoreko eta erakundetako pertsona esanguratsuak bildu genituen, eta egindako lanari balio handia eman zioten. Pozik geratu nintzen bertan ikusi eta entzundakoarekin, baina gerora dokumentuak ez du biderik egin. Hala ere, aurkeztu genuenetik urte mordoska pasatu den arren, ez dut ezagutzen proposamen hoberik. Beraz…

TOKIKOM-en esperientzia hau oso ederra izan zen; jomuga eta bidelagunak (Joxe Rojas, Inazio Arregi…) gustukoak izan nituen, eta horrek uste dut berriro ere nire onena aterarazi zidala. Urko Aristi lagunak hartu zidan lekukoa, eta esker onez eman nuen agurra enpresaren Batzar Orokorrean.

Handik urte t’erdira aukera izan nuen esker on hori adierazteko, Gipuzkoako Foru Aldundian kargua hartu eta lehen elkarrizketa TOKIKOM-i eskaini nionean.

24. LIZENTZIA

Pila agortzen ari zitzaidala, derrigorrezko lana uzteko aukera baliatu nuenekoa. Patxada kudeatzen ikasi beharra. Burua oraindik bero kutxen bategitearekin, Esteñibarren bigarren fasea, eta tuttologo eskandinaviarra. Toberak, On Prudentzio Piperrautsa eta AAren pertsonaia esanguratsua’.

Oso gustura ari nintzen fundazioan eraldaketa esanguratsua gauzatzen; baina, aldi berean, baneramatzan 5 urte Donostiara egunero joan-etorrian eta erritmo zoroan lanean, lehen erdia hizkuntza arduradun eta bigarrena fundazioaren zuzendari-ondoko. Pila agortzen ari zitzaidan, eta Kutxa lizentziak eskaintzen ari zitzaien nire adineko langileei. Aukera baliatzea erabaki nuen.

90eko hamarkadan, kutxa probintziala eta munizipala batu zirenean, langile berrien sarrera itxi egin zen, plantilla ‘optimizatze’ aldera, eta hamar urtez inor ez zen sartu. Noski, 2000. urtean lantaldea zen hamar urte zaharragoa, bataz besteko adina ia 50 urteak ziren. Eta milurtearekin hasi zen jende gaztea erruz sartzeko prozesua, horretarako langile zahar eta garestiei etxean geratzeko aukera eskainiz. Lizentzia Kutxaren kontura zen, soldata on baten erdia pasa ordaintzen zuten etxean geratzeagatik, kotizazioak enpresaren kontu eta eskubide guztiak mantenduta. Aukera benetan tentagarria zen, eta ez nuen pasatzen utzi.

2011ko apirilean tokatzen zitzaidan, eta 14a hautatu nuen lana uzteko, aitona Julian errepublikarra gogoan. Eta sekulako agurra antolatu zidaten, 60 lagunetik gora bilduta, tartean Kutxan igarotako etapa ezberdinetako lagunak. Agurra dantzatu zidan ganoraz jantzitako lankide taldetxo batek, eguna gogoratzeko bandera ere oparitu zidaten, eta emozioak suelto-suelto ibili genituen bazkalondo luzean. Errematerako, handik astebetera edo, Esteñibarren agertu zitzaidan Carlos Ruiz, nagusi ohi eta laguna, berak egindako koadro eder batekin, margolari ez zen arren nire agur errepublikarrak inspiratutakoa.

Agur esan eta erritmoa jaisten hasi nintzen, baina ez arazorik gabe. Oso arraro sentitzen nintzen jakinda, okerrik ezean, ez nuela gehiago derrigorrezko lanera joan beharrik izango. 57 urte nituen eta banekien ez nintzela geldirik egongo, baina handik aurrera libre nintzen soilik jarduteko gogoko lanetan eta gogoak irauten zidan bitartean. Sentipen oso ederra zen, nahiz tarteka bertigoa ere eragiten zidan denbora kudeatu beharrak. Agian beti lan-martxa frenetikoan aritu naizelako, libre nengoenean paralizatu bezala egiten nintzen, kosta egin izan zait gauzak patxadaz egitea, eta denbora galtzen dudan irudipena sortu. Egoera berrian, lehen asteak eta hilabeteak egokitzen eman nituen nagusiki.

Hala ere, mentalki Kutxari lotua jarraitu nuen, EAEko kutxen bategitea zela-eta. 2008ko ahaleginak (BBK 60, Kutxa 40) porrot egin ondoren, BBK tamaina handitzearekin tematu zen eta azkenean Caja Sur kutxa hondoratua beraganatu zuen. Jokaldi horri esker, tamaina handitu zuen hurrengo urratsetan nagusitasuna izateko. Justu lizentziatzeko nengoela ‘fusio hotza’ izeneko akordio bat erdietsi zuten, eta adi-adi jarraitu nuen distantziatik. Ekainean iritsi zen botere banaketa:

Hau da, 2008tik 2011ra aldea izan zen Vital-aren ehunekoa Kutxaren ehunekotik kentzen zela, BBK berdin utzita.

Honen harira, gai bat planteatu nahi dut: EAEko hiru lurraldeen ponderazioa elefante bat da gelaren erdian; behin eta berriz agertzen den arazoa da, baina ezikusiarena egiten dugu. Alde batetik, Legebiltzarrean hiru lurraldeek pisu bera dute (25 legebiltzarkide) eta honek desitxuratu egiten du mapa politikoa, ez zait batere justua iruditzen. Baina gero Kutxabank-en BBKri gehiengo oso zabala aitortzen zaio, eta hori ere ez da bidezkoa. Buelta batzuk emanda, banaketa egoki batek nire ustez bi baldintza zentzuzko hauek bete beharko lituzke:

  • EAEn Gipuzkoa da heren bat parametro askotan, hori finkatzeak erraztu egiten ditu gauzak
  • Ez da komeni lurralde bakar batek gehingo osoa edukitzea

Horren arabera, EAErako banaketa egokia litzateke:

  • Gipuzkoa % 33
  • Bizkaia % 49
  • Araba % 18

Eta banaketa honekin, Legebiltzar hau izango genuke:

  • Gipuzkoa 25 ordekari
  • Bizkaia 37 ordezkari
  • Araba 13 ordezkari

Badakit gai korapilatsua dela, hori majo pairatu zuen hil berri den Garaikoetxea lehendakariak. Baina erabat sinetsita nago dauzkanak baino oinarri sendoagoak eta adostuagoak behar dituela gure erakunde nagusien arkitekturak.

Beno, nahiz burua oraindik ere bero neukan halako kontuekin, lizentzatu berri nengoen. Esteñibarren bigarren fasea gauzatzen ari ginen, urte hasieratik obratan geunden, Nekazalturismoa atalaren hasieran azaltzen den bezala. Eta lan horiek gobernatzea izan zen nire ardura nagusia 2011n zehar. Halakoetan, gustatzen zait lanen bilakaera hurbiletik jarraitzea, hartu beharreko erabakiak aurretiaz antzematea, eta haiek gauzatu ahala irudikatutakoa gorputz hartzen ikustea.

Bigarren fase hau baliatu genuen etxe osoa margotzeko, dekorazioan koska bat gora egiteko eta lehen fasean diru faltaz erdizka utzitakoak ganoraz errematatzeko. Nekazalturismoan, gurekin batera etxe osoan egoten ziren bisitariak, eta horrek galga jartzen zion bai etxearen itxurari eta bai kanpoaldeari, edozerk ez zuen balio. Kontua da Esteñibarren bigarren bertsioa are ederragoa geratu zela; luxurik gabe, nortasuna zeukan etxeak eta bisitariei konfiantzaz eskaintzen genien, denek aitortzen baitziguten atsegina eta lasaigarria zitzaiela.

Denbora gehiago izanik libre, mahastiko lanak patxada handiagorekin egiten nituen, eguraldi onak baliatuta gehiago gozatuz. Eta astia izan nuen, baita ere, tuttologo lanean medio ezberdinetan batera aritzeko. Lan honek bazuen ordaina, eta hainbat medio batuta urtean kopuru txukuna metatzen zitzaidan, Kutxako lizentziaren osagarri. Ogasunean izena eman nuen jardun hau aitortzeko, BEZa ordaintzen nuen urtean behin, eta errenta aitorpenean ere ordaindu beharra eragiten zidan. Baina zergak ordaintzeko ardura beti sentitu izan dut. Nahiz askotan zalantzan jarri administrazioek nola erabiltzen duten herritarron dirua, saiatu naiz ez erortzen pasotismo edo demagogia fiskal interesatuetan, eta ardura hiritarrei lehentasuna ematen. Oso eskandinaviarra naiz.

Lizentzia urte honetan abiatu zen nire abentura askotarikoetan seguruenik exotikoena: Debagoieneko Tobera. Hitz polisemikoa da tobera, gauza ezberdinak izendatzeko erabiltzen dena. Zehazki gure kasuan tobera-mustra erabili beharko genuke, antzinako herri-antzerki mota izendatzeko.

Uda partean etorri zitzaizkidan proposamenarekin. Debagoienean bazegoen ekimen bat Bagara izenekoa, eskualde-kontzientzia indartzeko hainbat ildo erabilitzen zituena. Ekimen hartatik sortu zen, adibidez, elikaduran bide polita egiten ari den Ereindajan proiektua; eta baita toberaren ideia, jatorria Iparraldean duena eta Hegoaldean Lasarte-Orian erabili izan dena.

Toberan auzi bat plazaratzen da, hurbilean sortutako gatazka; eta hura epaitzeko ikuskizun bat antolatzen da, epaitegietako osagai nagusiekin: akusatua, akusatzailea, defendatzailea, lekukoak, epailea… Helburua da auzia umorez jorratzea, umorea baliatuz egiak gordin bota ahal izateko, eta amaieran epai bat ematea, auzia leuntzen eta bizikidetza hobetzen lagunduko duena. Kasu honetan, Bagara-ren helburua zen Debagoieneko herri barruko edo herri arteko auziak plazaratzea toberaren bidez, eta bizikidetza hobetuz eskualde kontzientzia indartzea.

Eta nire bila etorri ziren toberan epaile izateko. Urte luzeak neramatzan Piperrautsa izeneko bloga eta zutabea argitaratzen, beti ere eskualdea eta bizikidetza jomuga hartuta, eta profil egokia ikusi zidaten horren gaineko auziak epaitzeko. Eta nik baietz, nerabezaro iruindarreko antzezpenak gogoan. Zergatik ez? Kontua da Arrasate epaitu behar zuen lehen tobera hark jarraipena izan zuela Oñatin, Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Bost urteko txango ederra!

Pertsonaia sortu beharra zegoen. Debagoieneko hiru herri nagusiak (Arrasate, Bergara eta Oñati) igurtzian daude Elorregin, ermita dotoreko santuaren eraginez San Prudentzio ere deitzen den parajean. Igurtziaren sinbolismoa eta izenari dagokion zuhurtzia kontuan hartuta, epailea On Prudentzio Piperrautsa bataiatu genuen. Itxuraz, lehen toberan Osaba Tomas Zumalakarregi ormaiztegiarrarren bibote lotua utzi nuen (hurrengo toberetan epaileen peluka txuria jarri zidaten), eta dagoeneko adimen artifizialak pertsonaia esanguratsu bihurtu du, Zeledon edo Miel Otxin-en pare. Fiskala Ainhoa Agirreazaldegi izan zen eta abokatua, Eneko Barberena. Hirukoak, behin epaitegian sartuta, itxura hau hartu zuen.

Lehen toberan Bergarak Arrasate salatu zuen, eskualdearekiko nagusikeriaz jokatzen zuelako. Kontu ezezaguna zen arren, Amaia antzokia bete egin genuen, sarrera guztiak salduta. Orain ikusita, uste dut gure toberarik landuena izan zela, trinkoena edukiz, eta konplexuena muntatzeko. Ikuskizun ederra eman genuen eta, hanibat ikuslek adierazi zutenez, haiek espero zutena gainditu. Nik ordu mordoa eman nuen nire partea ahalik eta ondoen prestatzen, bereziki azken epaia: hamar bat minutuko tarte batean neuk bakarrik hitz egiten nuen! Hor zegoen ikuskizunaren mezu ideologiko nagusia, komunitatearen garrantziaz eta borroka banderizoak gainditu beharraz. Erronka txikia ez eta, errematerako, nire ‘azken perediküa’ jantzen zuen Pitxu maskaradetako laguna gaixotu egin zen justu bezperan; eta azken orduan Andoni Mujika zena sartu zen artz jantzi pobre baten barruan haren tokia hartzeko. Txukun samar salbatu genuen trantzea eta arrakastaz amaitu zen emanaldia.

Bigarren tobera Oñatin egin genuen, eskualdeak txantxiku-herriari salatu ziolako berekoikeria, isolamendua. Herriko talde eder bat sartu zen buru-belarri, bai testuak lantzen eta baita herria defendatzen. Lan horretan pertsonaia historiko ugari agertu ziren laguntzaile (Lope de Agirre, Rodrigo Mercado de Zuazola, Arantzazuko amabirjina…) baina Oñatik galdu egin zuen epaiketa, eta eskualdeari gehiago begiratzeko agindua eman zitzaien. Nik gogoratzeko daukat nola egun batzuk aurretik grabatu genuen Goienako lagunekin epailearen iritsiera Brinkolako tren geltokira, pentsatuz hura Oñati zela, eta epaiketara garaiz iristeko horrek sortu zizkion komeriak. Oñatiko kiroldegia lepo bete zen, eta hemen ere ikusleak pozik zeuden amaieran.

Hurrengo urtean Bergararen txanda zen, eta hemen ere frontoia lepo bete genuen. Kasu honetan herriko auzoek jarri zioten salaketa erdiguneari, haiekin jokaera zentralista zeukalako, eta azalkeria/itxurakeria leporatuz. Defendatzaile bikaina hartu zuten, gerora ezagun egin den Jon Olivares aktore osintxuarra, baina hemen ere epaiak arrazoia eman zien salatzaileei, erabakiak eta boterea zentralizatu ordez partekatu egin behar direla argudiatuz, itxurakeriarik gabe, benetan. Amaieran aitortu nahi izan genuen Bergarak antzerki musikaletan egiten diharduen ibilbide txalogarria, eta epaileak sermoiaren azken partean “…iritsiko da egun bat…” esan zuenean publikoan ezkutatuta zeuden Miserableak musikaleko aktoreak kantatzen hasi ziren izen bereko pieza ederra, oholtzara inguratzen ziren bitartean. Ikusleak harrituta eta hunkituta ikusi genituen amaiera apoteosiko harekin.

Laugarrena Aretxabaletan egin genuen eta bosgarrena Eskoriatzan. Bietan traktore izan zen Kepa Errasti aktore atxabaltar handia, sekulako lana egin zuen testua moldatzeko eta ikuskizunari forma emateko. Toberari bereziki erantsi zion giro musikal kabareteroa, berak asmatutako koreografia bikainak lagun talde batekin kantatuz eta dantzatuz. Plazera izan zen halako profesional bat hurbiletik lanean ikustea. Bosgarren tobera 2015ean izan zen; ni ordurako Aldundian kargua hartu eta ‘zienporroran’ nenbilen berriro, ez neukan toberak epaileari eskatzen zion denbora eskaintzerik. Konponbide polita aurkitu genion arazoari: beti bezala sartuko nintzen ni epaile, frontoi-epaitegia zutik jarrita, eta lehen urratsak egingo nituen, mahaitik irakurtzekoak zirela baliatuta, baina arnas gero eta estuagorekin… harik eta bihotzekoak jotzen ninduen arte. Orduan ni erretiratu eta epaile ‘inprobisatu’ batek (emakumezkoa) nire tokia hartzen zuen arte. Amaierako epaiaren ondoren, azken koreografian berragertu nintzen, ospitaleko pijama eta makuluekin.

Asko gozatu eta asko ikasi nuen toberarekin. Jende ugari ezagutzeko aukera eman zidan eta baita Debagoienaren ‘tripetan’ sartzeko. Azken epaiak moldatzeko soka luzea neukan, eta hori baliatu nuen eskualdeaz nuen ideia azaltzeko, herrietako jendeari eskatzeko burua apur bat altxa zezatela ingurua ere ikusteko, amaraunaren erdiko zirkuluak indartzeko, eta munduan nortasun sendoagoz egoteko. Oroitzapen ederrak itzuli zaizkit errepaso honekin.

2011ko udazkenean, Esteñibarreko lanak amaituta eta mahats-uzta txukuna bilduta, Donejakue bidea egitera joan ginen, Nafarroa Garaiko zatia, Orreagan hasi eta Bianaraino (‘Nafarroa oinez’ deitu genion txangoari). Urria azkentzen ari zen eta bidea libre samar zegoen, eguraldi aparta egin zigun eta paraje zoragarriak zeharkatu genituen. Sei egun gogoangarri izan ziren. Han geundela jaso genuen dei bat, nezkazalturismorako lehen bezeroena. Gure bizitzaren hurrengo atala ate joka ari zitzaigun.

23. KUTXA FUNDAZIOA

Fundazio bonsai bat hartu eta zuhaitz lerden bihurtu genuenekoa. Txanpon beraren alde finantzarioa eta soziala. Herritarrekin batera, planetaren alde, kontzientziatik ekintzara. Garmendia, Haritxelhar, Basterretxea, Etxegarai, Mariscal, La Fura dels BausAntizipazioan azti.

2009an Carlos Ruiz-en eskutik Gizarte Ekintzara iritsi nintzenean, Kutxa fundazioa juridikoki eratuta zegoen, baina garatu gabe; Kutxaren Gizarte Ekintzari kanpo zerbitzua ematen zion egitura bonsai bat besterik ez zen. Bazituen 20 langile inguru, baina aurkitu genituen etsita, zegozkien erabakietatik urrun eta garapen profesionalerako aukerarik gabe. Ni orduan fundazio-zalea nintzen (gaur baino zaleago) eta berehala ikusi nuen aukera handi bat urrats esanguratsuak egiteko.

Horretarako, ordea, Kutxaren baitan Gizarte Ekintza eraldatu beharra zegoen. Carlos zen alor-burua eta nik artean ez neukan titulu zehatzik; aldiz, bertan bazegoen lantalde handi samar bat bere arduradunekin, lanean ari zena. Eta gu hura astintzera gentozen. Hasieratik somatu genituen erresistentzia batzuk, bereziki kargudun baten bueltan, eta Carlosen estrategia izan zen alor osoa bi azpi-alorretan banatzea, bi arduradunekin: kargudun ‘disidentea’ eta ni.

Ez nintzen azpijoko girotan asko ibilia, baina baneukan eskarmentu nahikoa egoera horretan ere nire tokia aurkitzeko eta garatzeko. Ohi bezala, antizipazioa erabili nuen, eraldaketari forma ematea hartu nuen lehentasun, aldekoak motibatzeko eta aurkakotasuna apaltzeko. Tentsio artean egin genituen lehen urratsak, harik eta nire parekoa goi-kargu baterako fitxatu zuten arte Madrilen. Bere tokia hartu zuen lankideak profil leunagoa zeukan eta handik aurrera giro bareagoan aritu ginen.

Eraldaketaren jomuga genuen fundazio beregain bat, erabakiak hartzeko eta estrategiak lantzeko gai izango zena. Kutxa izaki irabazi-asmorik gabe sortutako kreditu-erakundea, bere mozkinak gizarteari itzultzeko egitura indartsu bihurtu nahi genuen fundazioa; horrela, bi aurpegiak (finantzarioa eta soziala) txanpon beraren bi aldeak zirela azpimarratu nahi genuen, banku-jarduera eta mozkin soziala lotuta zeudela. Ikuspegi aldaketa nabarmena zekarren, ze indarrean zegoen paradigmaren arabera Kutxa askoz hurbilago zegoen bankuen eredutik: jardun finantzario zorrotza zen nagusi eta, haren menpe, gizarte ekintzaren funtzioa zen erakundearen ospe ona elikatzea.

Gogoan dut urte hartako maiatzean, Udaltop topaketen lehen edizioan Gipuzkoako Aldundia eta Kutxa izan ginela babesle nagusiak. Irekiera ekitaldian lotsagabe aritu nintzen: “Guk hau babestu dezakegu finantza-jarduna daukagulako. Eta jardun horren mozkinak ez doaz inoren poltsikora. Zuen finantza-jarduna eta zuen erakundeena (udalak) gurekin egiten dituzuen heinean, honelako babes gehiago eman ahalko dugu” Hau da, elkarrekin egindako negozioak ahalbidetu zezakeen elkarrekin gizartea garatzea. Hain zuzen bi aurpegi osagarrien ikuspegi hau logo-ra ere eraman zen, Carlos-en arduren artean komunikazioarena ere bazegoen eta. Estetikoki diskutitua izan zen, baina argi adierazten zuen Kutxa finantzarioa eta soziala lotuak zeudela, txanpon beraren bi aldeak zirela.

Nire lehen helburua izan zen konfiantzazko lantaldea sortzea, ingurune ez oso aldekoan aurrera egiten lagunduko zidana. Borrokatuta eta ez bapatean, baina lortu nituen laupabost lankide bikain, eta taldeari ‘mosketariak’ izen literarioa eman genion. Haiengan bilatu genuen ezaugarri printzipala izan zen, ezagutza profesionalez aparte, jarrera berritzailea, prestutasuna gauza ezberdinak eta gauzak ezberdin egiteko. Sinetsita nago berritasuna pertsonen jarreretan dagoela nagusiki, sistema, metodo eta protokoloetan baino gehiago. Dinamika berritzaile batean partaide gehienak badira pertsona kontserbadoreak (“ez dut ikusten”, “ez da komeni”, “oso zaila da”) egon seguru hasierako kemen berritzailea deusezteko gai izango direla, agian borondaterik onenarekin.

Taldea osatzearekin batera, eta apustua benetakoa zela adierazteko, Kutxa handi eta seguruko langile ginenok Fundazio txiki eta ahularen langile izatera pasatu ginen; eta lehendik zeuden langileen lan-baldintzak Kutxan geneuzkanekin berdindu ziren. Lankidetza sanoa ez da posible barne-diskriminazioa pairatzen duten kolektiboetan.

Ikuspegi orokor berria nire ardurapeko esparruetara eramaten hasi nintzen, luzamendurik gabe. Oinarrizko urrats bat izan zen LEIBA (leihatila bakarra) deitu genuen kanala, herritar banakoak edo elkarteak gurekin harreman zuzena izan zezaten, bulego finantzarioen sarea erabiliz. Horrekin batera, nahi izan genuen dirulaguntzen banaketa eskatzaile ezberdinen artean eta lurraldean zehar orekatzea, klientelismoa eta donostiar-zentrismoa saihesteko. Deialdi lehiakorren formula landu genuen, aukera berdintasuna bermatzeko, eta eskualde-kuotak erabiltzen hasi ginen kontzentrazio arriskuari aurre egiteko.

Beste aldaketa bat izan zen, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak ematea baino, proiektuen finantzazioa diruz laguntzea, ohiko jarduerari eustea baino ekimen berriak sustatzea helburu. Ildo honi erantsi genion osagai berdea, eta sortu genituen finantzazio berezi hobarituak ondasun jasangarriak (auto elektrikoak, plakak…) erosteko. Sare ‘komertzialak’ maileguak ematen zituen produktuak erosteko, eta sare ‘sozialak’ interesak hobaritzen zituen produktu horiek jasangarriak izanez gero.

Hortik abiatuta, estrategia berde oso bat diseinatu genuen, epizentroa Ekogunean zeukana, Galarreta aldeko Zabalegi etxaldean. XX. mendean nekazari eskola izandakoa, bihurtzen hasi ginen naturarekiko harreman arduratsuagoa lantzeko gune, bizitzaren esparru ezberdinak (elikadura, energia, hizkuntza, ura, natura, kultura…) ekologiaren ikuspegitik jorratzeko. Gure analisia zen aurreko hamarkadetan dezenteko kontzientzia metatu zela gizartean, planeta zaintzeko premia larriaz, eta falta zirela bereziki kontzientzia hori ekintza bihurtzen lagunduko zuten palankak; hots, informazioa, teknologia eta baliabideak pertsonen eskura jartzea, modu errazean urrats esanguratsuak egiteko.

Horregatik nahi genuen Zabalegi izatea ekologiaren parke tematiko bat, eta bertan martxan erakustea baratze ekologikoak, energia berriztagarriko instalazioak, eraikuntza biodinamikorako materialak, uraren depurazio ziklo naturala, hizkuntza aniztasunaren altxorra, animaliak libre… Hori guztia animazio testuinguru oso batekin, informazioa, aholkularitza, formazio laburrak, finantzazio hobaritua eta behar ziren laguntza-zerbitzu guztiekin. Nahi genuen familiak egunpasa etortzea, gauza errealak ukituz eskuak ‘zikintzeko’ aukera izatea, urratsak egitera animatzea, eta handik irtetea besapean asmo zehatz batekin, gehi hura gauzatzeko behar adina tresnekin.

Zabalegi benetan paraje ederra zen, natura puska bat hiri ondoan. Gainera, jakin nuen gaineko lursaila ere –Oriamendi ingurua eta hango etxe pare bat, bere karga historiko guztiarekin- Kutxarena zela. Ondoan zegoen Miramon, eta bertan zientzia museoa, gero Eureka deituko zena. Eta egun batean eldarnio moduko bat izan nuen, eta imajinatu nituen korridore batean elkar lotuta oinez edo bizikletaz Miramon (zientzia, teknika), Oriamendi (historia, jendea), Zabalegi (natura, animaliak) eta Zabalaga (Txillida, artea). Buruak ia eztanda egin zidan, Donostia/Hernani arteko marabilla hura amesten jarri nuenean!

Lurrera bueltan, nahi izan genuen Zabalegi ez izatea soilik gune fisiko bat, baizik eta Gipuzkoa osoko sare dinamiko baten epizentroa, ekimen ekologista eraginkorra delako tokiko logikarekin uztartzen denean. Bi adibide jarriko ditut. Bat izan zen Gazte Ekoliderrak programa: lurraldeko gazte motibatuei ematen zitzaien aukera ekimenean trebatzeko, ekintzaile bihurtzeko prestaketa konpleto batekin. Helburua zen bakoitza bere herrian eragile izatea, eta elkarrekin lurralde osoko sare bat ehuntzea. Bestea zen Gipuzkoako baratze-parkeen sarea, herriz-herri sortzen ari ziren ekimenei sostengua, baliabideak eta bateratasuna eskaintzeko.

Ekogunean izan nuen Albaola ekimenaren lehen berri, Jakoba Errekondoren ahotik, eta liluratu egin ninduen, sekulako herrigintza-tresna iruditu zitzaidan. Segituan jarri nintzen harremanetan bertako arduradunekin, Xabier Agote eta Erme Pedroso-rekin, eta ikusi nuen 2010 hartan oraindik amets handi baten hastapenetan zeudela, hura gauzatzeko zailatsun handiekin. Taldea jarri nuen lankidetza formulen bila, eta aurkitu genuen modua proiektuari bultzada emateko. Geroztik Xabierrek berak aitortu izan dit une erabakiorrean iritsi ginela. Noski, barne-poz izugarriz ikusten dut egungo Sanjoan baleontzia eta zinez eskertzen diot ekimen honi gure herriaren iraganaz genuen pertzepzioa errotik aldatu izana. Punta-puntako herria ere izan gara, itsasoari begira jarri garenean.

Ekologia ardura nagusienetakoa izan nuen fundazioan, baina kultura ere nire ardurapean zegoen, eta hor ere bizipen oso aberatsak izan nituen. Gogoan dut nola, hasiera samarrean, Kubo aretoko arduraduna zen Maribi lankideak aipatu zidan urte hartako Arco feriaren atarian jakin zuela artelan interesgarri bat erosteko aukera zegoela; zehazki, Alejandro Garmendia artistaren La cinta de Moebius koadroa. Azaldu zidan zergatik zen aukera ona hura erostea eta nolako ekarpena egiten zion Kutxaren arte bildumari. Konfiantza nuen Maribiren jakindurian, eta mugitu nintzen erosketa posible izan zedin. Baietza eman nioenean, Maribi harritu egin zen: “Hemendik aurrera, ondo pentsatu beharko dut zer proposatzen dizudan, jakinda gauzatu egin daitekeela!”

Oso polita izan zen Baionako Euskal Museoa-rekin batera antolatu genuen Nestor Basterretxea-ren erakusketa handia, lehenbizi han eta gero Kubon ikusgai egon zena. Gogoratzen dut irekiera egunean, jendez lepo betetako gelan, nire hitzartzea hasi nuela bertan zegoen Jean Haritxelhar euskaltzainburua agurtuz, eta nola gero mahaikide nuen Nestorri adierazi nion nire ustea, alegia, bere Euskal Kosmogonia bihurtu zela gure belaunaldiarentzat euskaltasunaren irudikapen estetikoa, Ez dok amairu soinu-banda izan zen bezala.

Nestorrekin harreman polita izan nuen gero ere; tartean aukera izan nuen bere Jaizubiako baserrian Kosmogoniako eskulturak patxadaz eta egileak berak lagunduta behatzeko, plazer handiz. Arantzazun ere izan ginen, santutegiko Kripta-ko horma-pintura ikusgarriak biziberritzeko laguntza eman genionean, haren inaugurazioan. Elur artean igo ginen eta Nestor bihurri zegoen. Bere hitzartzean elizari ziri batzuk sartu zizkion, eta munduaren injustiziaz ari zela aipatu zuen:Ikusten duzue Jesukristo gorri horrek ze haserre aurpegia daukan? Ba gaur marraztuko banu, are haserreago jarriko nuke!”

Bitxikeria bat: Basterretxearen Baionako erakusketaren aurkezpenean mahaikide izan nuen Jean Rene Etxegarai, orduan hiriburuko zinegotzi eta gerora Ipar Euskal Herriko lehen lehendakaria. Erakusketa Donostiara ekarri genuenean berriro mahaikide izan ginen, bai aurkezpenean eta baita ondorengo bazkarian ere. Jean Rene eta bere txoferra, Maribi eta laurok elkartu ginen, Zurriolako jatetxean, giro onean. Ardoarekin egon ziren bereziki gustatuta gure gonbidatuak eta, nola bigarren botila ez genuen amaitu, txoferrak eraman zuen jakaren poltsikoan sartuta.

Gogoratzeko daukat, baita ere, Xavi Mariscal ospetsuaren erakusketa antologikoa prestatu genuenekoa. Aurrez espazioa bisitatzera etorri zenean, bizitzarekin pozik zegoen artista; eta nik aipatu nion sentimentu hori adierazteko euskaraz bagenuela hitz bat oso polita: bizipoza. Liluratuta geratu zen hitzaren soinuarekin eta erakusketari izenburu hori jartzeaz gain erakusketarako propio sortu zituen eskultura bat eta koadro bat b-i-z-i-p-o-z-a hizkiekin. Ni oso pozik, noski.

Beste kontu asko aipa ditzaket, bizipenetan oso aberatsa izan baitzen aldi hau. Bat da La Fura dels Baus talde handiaren ikuskizun bat, Degustación de Titus Andronicus, Donostiako Tabakalera zaharrean estreinatu zenekoa. Gizpuzkoako Aldundiarekin lankidetza estuan genbiltzan eta elkarrekin egin genuen ahalegina produkzio handi haren mundu mailako estreinaldia Euskal Herrian gerta zedin. Bide batez, aukera eman zidan La Fura Katalunian bisitatzeko, eta mundu berezi bat aurkitu nuen haien artean.

Eta bigarrena izan zen Kutxaren Fototeka irekitzea. Milioitik gora Gipuzkoako argazki zahar geneuzkan metatuta, balio handiko funtsean, eta kopiak saltzen ziren herritarren eskariz. Paradigma erabat aldatuta, funtsa digitalizatzea azkartu genuen eta, Aldundiaren Gure Gipuzkoa zerbitzuarekin bat eginez, libre jarri genituen zientoka mila argazki sarean, herritarren eskura.

Azken txanpan, fundazioaren egoitzari eman genion bultzada handia. Garibai kalean, Kutxaren jauregiaren parean, soto batean zeuden langileak eta kale mailan prentsa aretoa. Horri erantsi genion lehen solairua eta guztia eraberritu genuen, sotoan ondare bilduma ederra paratuta, lehen solairuan bulego/lantokia eta kale mailan, prentsa aretoaz gain, bilera gelak eta harrera espazioa. Egoitza zoragarria sortu genuen, Txema Garcia Amiano diseinatzaile bikainaren laguntzarekin, eraikitzen ari ginen erakunde modernoaren irudikapen estetikoa izan zedin.

Eraldaketa hauekin guztiekin, Kutxa fundazioa asko garatu zen eta Kutxarekiko zeukan mendekotasuna gutxitzen hasi zen. Hain nabarmen, Kutxako lehendakari Xabier Iturbek, berarekin sarri genituen bileretako batean, antzeman zigula egiten ari ginenaren ondorioa: Kutxa orduan baldin bazen banku bat, zintzilik zuena fundazio sozial bat bere ospe onerako, gerora bihur zitekeen fundazio sozial bat, zintzilik izango zuena banku bat, diruz hornituko zuena. Hau da, galtzerdiari buelta ematea.

Hain zuzen hauxe gertatu zen Kutxabank-en sorrerarekin. KUTXA, VITAL eta BBK fundazioak dira Kutxabank-en jabe, eta honen mozkinak dira haien jardueraren diru-iturri nagusia. Gurea antizipazio ariketa polit bat izan zen.

19. MAHASTIZAINTZA

Tentazio berria, eta jausi. Ustezko lan gutxi benetan lan asko bihurtzen denean. Mahastizaintzaren gogorra eta plazer zerutiarrak: egunsentiko lana, juntadizoak, txoriak, uxuala… Naturarekiko kezka eta esperimentuak. Orain, ardo naturalak, besteek eginak.

Esteñibarren erosketa formalizatzeko laguntza bila iritsi nintzen Txeluren gestoriara, Elorrion. Berak egin zizkidan izapide fiskalak eta bideratu notaritzakoak. Prozesu konplexua izan zen, sarri elkartu behar izaten genuen, oso ondo konpondu ginen eta amaiera orduko adiskide bihurtuta geunden. Bidean kontatu zidan nola hasi berriak ziren Mendraka auzoan izen bereko txakolina egiten. 95a zen, txakolina eraldaketa betean zegoen eta Txeluk ilusio handiz hitz egiten zidan gaiaz. Tentazioak hor hasi zuen bidea.

Esteñibarreko lehen bizpahiru urteetan nahikoa lan izan genuen ingurua itxuratzen eta gu bertara egokitzen. Baina Mendrakara hurbiltzen ginen tarteka, upategiak berea baino mahats gehiago behar zuen, Txeluk azaldu zigun gure lursailak (hegoaldera etzanak) aproposak zirela mahatsa jartzeko, eta mahastiak etzeukala lan handirik (oraindik leporatzen diogun gezur galanta); horrekin guztiarekin, poliki-poliki mahastiaren aukera gure buruetan bidea egiten joan zen. Errematea 99an etorri zen, udan Dordoña eskualdean bizikletaz egin genuen bidaiarekin. Hango mahasti liluragarriak ikusita, Monbazillac gaztelu-upategia esaterako, erabat konbentzitu ginen: halako inguru bat nahi genuen Esteñibarren.

Uda hartan Goiena sortzeko eszedentzia hartzea erabaki nuen eta energiaz beteta nengoen. Beraz, udagoienean lurra prestatzen hasi ginen hurrengo udaberrian landatzeko: goldatzea, sakoneko ongarritzea, landaketa-markoa (iladak, tarteak) zehaztea, landareak jiratzea… Eta 2000 urteko martxoan, Sanjose inguruan, sartu genituen 600 mahatsondo. Hasieran nahikoa zen landare bakoitzari tutore bat jartzea, lehen urteko kimuari eusteko; eta, beti ere Txeluren esanari jarraiki, landare artean geotextila jarri genuen, belarrari eutsi eta mahatsondoari abantaila emateko. Landatu eta urte berean landare gutxi batzuk mahats-luku ñimiño bana eman zuten, eta haiekin osatu genuen gure ‘lehen uzta’: kilo erdi inguru mahats-miniatura. Harro asko eraman genituen tupper batean Mendrakara hango uzta egunean, eta bertakoarekin nahastu!

Hurrengo urtean hasi ziren benetako lanak. Alde batetik, besorako (‘espaldera’ euskaraz, Mikel Garaizabal-en liburu bikain honen arabera)) eroate-sistemak eskatzen zuen egitura bat eraikitzea mahatsondoen hazkundea gidatzeko. Lehen lana zen zurezko olaziak (R. M. Azkue) lurrean sartzea. Guk hori eskuz egin genuen, hau da, Fatima behean olaziari tente eusten eta ni eskilara puntan igota hari borra-kolpeka. Eta gero olazietan kranpilloiak iltzatu behar ziren altuera ezberdinetan, haietatik alanbre kilometroak pasatzeko. Azkenik, alanbrearen bi muturrak gripple batetik pasatu behar ziren, tirada osoa tenkatu ahal izateko. Hasierako lana handia izan zen, gero urtetik urtera aski zen gripple-ak estutzea, mahatsondoen kargak lasatutakoa tenkatzeko.

Baina mahastiak erabat harrapatu gintuen eta, lehen sailari segida emateaz gain, bigarren bat landatu genuen 2001ean, 900 mahatsondokoa; eta 2002an hirugarrena, beste 800 landarekoa, kasu honetan lur mugimendu handi bat egin ondoren, gehiegizko pendiza makinek ahal zutenera egokitzeko. Guztira 2.300 mahatsondora iritsi ginen, hektarea bateko azaleran. Eta uzta hauek jaso genituen urtez urte:

Agerikoa da urtetik urtera alde oso handiak izan genituela, klimak gurean eragin itzela baitauka mahastiaren osasunean. Hala ere, uzta guztien batura 80 tonatik gorakoa dela ikusteak harrotasun puntu bat pizten dit, lan gogorraren poderioz lortutakoa delako.

Teknologia aldetik hasierako garaiak oso gogorrak izan ziren. Ez geneukan hazkunde plan argirik eta apaletik hasi ginen, apenas geneuzkan belarra mozteko makina xume bat eta orgatxo bat fumigatzeko. Desesperazio eta beldur asko pasa ondoren, garapen teknologiko bat egin genuen: belar-makina indartsuago bat erosi eta hari lotzen genizkion, traktorea balitz bezala, fumigatzeko orga birmoldatua eta garraiorakoa. Hobeto bai, baina ondo ez. Azkenean, etsi-etsian onartu nuen hasieran gehiegizkoa iruditzen zitzaidana: traktore formala erostea, berdin-berdin 400 kilo mahatseko palet-a edo ume koadrilla eder bat eramaten zituena. Handik aurrera, fumigatzaile handia, karga-kaxoi ganorazkoa, kaskoa arnas-filtroekin… Ikasi nuen lan-baldintza egokiek segurtasuna eta aldartea hobetzen dutela, hor ez dela aurreztu behar.

Tresnak jiratzearekin batera haientzat tokia atondu behar izan genuen, eta txabola bat eraikitzeari ekin genion. Lurraren desnibel bat baliatu nahi izan nuen, txabola ahalik eta gordeen gera zedin. Kontua da zoruko hormigoi-plaka bota, haren gainean hormak altxa eta teilatua hasteko geundela hilabetez etengabe euri handiak bota zituela, eta luizi batek goikaldeko lurrak txabola gainera ekarri zituela. Kostatu zen berriro lanerako aukera egotea, zapata eta horma askoz sendoagoak eraikitzea, eta luizia bere tokira eramatea. Ez nuen hilabete ederra pasa, goiko baserria ere behera etorriko zen beldurrez.

Tresneria eskuratuta eta lana sendo eginda, une askotan gure mahastia lorategi eder bat bihurtzen zen, Dordoñan ikusitakoen antzekoa. Halakoetan poz berezia ematen zigun bisitak jasotzeak. Behin gogoan dut Mikel Garaizabal gure enologoarekin etorri zela Luberri upategiko Florentino Martinez handia. Mahastia hain polit ikusita, argazki mordoa atera zion: “Nire mahastia dela esango dut”, nahiz bazekien berdeegia zela Eltziegon egoteko.

Txeluk esandakoaren kontra, mahastiak lan handia eskatzen zuen, behintzat Montbazillac-ekoaren edertasunera arrimatu nahi izanez gero. Urtea hasten zen kimaketarekin, mahatsondoari urtean emandako ia egur dena kentzen zaio fruta eman dezan. Mendrakak gidatuta, Guyot metodoa erabiltzen genuen: bi adar berri aukeratzen genituen garapenerako, eta bi hatz hurrengo urteko adar izateko. Oso lan polita zen landare bakoitzaren joera irakurtzea, eta bere bilakaerarik egokiena bilatzea; beti ere helburu produktiboekin, artean ez neukan naturaren ikuspegi sistemikorik.

Behin mahatsondo guztiak ebaki ondoren, alanbrean trabatuta zeuden adarrak ‘jaitsi’ egin behar ziren. Hau lan astuna zen, adarren kiribil egurtuak ez zirelako samur askatzen, eta halakoetan artazia nahiz tirakada erruz behar izaten zirelako. Adar sobranteak lurrean bertan txikitzen genituen, hura ongarritzeko, aurrez sorta batzuk gordeta arkume-txuletatxoak erretzeko. Ondoren, landare soildua alanbreari lotu behar zitzaion eta hau lan delikatua zen, izan ere urte beteko adar tenteak nahiko bigunak ziren eta etzaterakoan batzuk apurtu egiten ziren. Landareak lotutakoan, alanbreak tenkatu behar ziren, gripple-etan eraginda. Horrekin urteroko ziklo-hasierako lanak dominatuta zeuden.

Mahatsondoak apirilarekin batera hasten ziren mugitzen. Klima hezean ernamuin ugari ematen dute, eta posizio egokienean daudenak hobetsi behar dira, aurrera egin dezaten. Haiek luzatu ahala alanbre aldera errenditu behar dira, trabatu daitezen, eta asko luzatzen direnean kimaketa berdea iristen da. Hezetasunaren eta ongarritzearen ondorioz, landareek sekulako kemena dute hazteko, eta akordatu orduko sortzen da anabasa mahastian.

Lan mekanikoetan azkena zen, behin Sanjoan bueltan lorea fruitu bihurtutakoan, haren inguruan landareei hostoa bakantzea, fruitua aireztatzeko eta hezetasuna gutxitzeko. Gipuzkoan eta Bizkaian hezetasuna da mahatsaren etsai nagusia, tomatearena den bezala; gorrinak erre egin lezake fruitua oso azkar. Gorrinaren borrokan garrantzi handikoa zen, halaber, mahastian belarra motz mantentzea, bereziki landareen azpian. Hau etengabeko lana genuen, apirila hasi eta uztaila amaitu arte.

Zoragarria zitzaidan, Kutxara joan beharrik ez nuenean, egun sentian jeikitzea eta birigarroen kantu artean goizeko freskuran lan saio bat egitea. Halakoetan sentitzen nuen zirrara hain zen indartsua, zentzu erabatekoa ematen ziola Esteñibar erosteko eta mahastia eraikitzeko egindako ahalegin handiari.

Ez zen hain atsegina mahastiaren lanketa kimikoa. Bizkaiko Aldundiak ezartzen zigun fumigazioen txantiloia eta upategiak ekartzen zizkigun produktu fitosanitarioak. 10-12 tratamentu ematen nizkion mahastiari urtero, eguraldiarekin borrokan eta arrakasta segururik gabe. Gainera gero eta kontzienteago ginen lurrari kalte egiten ari gintzaiola. Behin izan genuen armiarma horiaren izurrite bat; eta teknikariak azaldu zigun tratamendu kimikoekin onddoak bakarrik ez, akabatu genuela baita ere armiarma horiaren harrapakari naturala, hortik zetorrela izurritea.

Eta erabaki genuen urrats bat egitea, ekoizpen ekologikora bidean. Jakoba Errekondo lagunari eskatu nion laguntza, eta mahastiaren zati batean hasi ginen erabiltzen kimikaren ordez salda bordelesa, azeri-buztana, asun-ura, behi-esne osoa… Baina fumigazio kopurua handiagoa ere izan zitekeen ekologikoan, prestaketa lana bikoiztu egin zitzaigun eta emaitza apalagoa izan ohi zen kimikoan baino. Ondorioztatu genuen Bizkaia eta Gipuzkoa bezalako lurralde hezeetan mahatsa sartzea berez ez dela ekologikoa, hemen sagarra eta sagardoa direla berezko hautu ekologikoa. Horretan geunden, Esteñibar utzi eta mahastia kentzea erabaki genuenean.

Mahats urtea ona edo erdipurdikoa izan, ahaztezinak ziren beti mahats-batzeak. Hasiera-hasieratik bihurtu nahi izan genituen jai egunak, familiak eta lagunak elkarrekin gustura egoteko. Horretarako, talde behar baino handiagoa biltzen genuen, lanean estu ez ibiltzeko, eta antolatzen ginen bazkal ordurako lanak amaitzeko. “Goizean lana, arratsean jaranahartu genuen lelo. Eta baita bete ere! Goizean polita zen elkarrekin lanean ikustea adinekoak, gazteak eta umeak; bazkari ganorazkoa ematen genien denei azken pisaketaren emaitza jakin bitartean; eta arratsaldean, kantu eta dantzarako astia hartzen genuen, nekearen gozoa, uztaren poza eta igurtziaren energia barneratzeko. Egun gogoangarriak izan dira, talde-komunitate sentipena areagotu digutenak, beti irribarre batekin gogoratuko ditugunak.

Mahatsarenak ekarri zuen katiatuta beste abentura bat ere: uxualarena. Mendraka upategian bazuten alanbike eder bat Galiziatik ekarritakoa, hain zuten txakolinaren patsa destilatzeko. Baina destilazioa egin behar zen muztioa hartzitzen ari zen bitartean, eta upategian etzeukaten bi prozesuak bereizteko adina tokirik. Arazoa konpontzeko, proposatu nien guk tresneriaren txabola egiten genuenean han bertan jartzea gelatxo bat propio destilatzeko. Horrek eskatzen zuen txabolan, ura eta argindarraz gain, gasa ere sartzea; hau da, inbertsio serioa. Horrela murgildu nintzen destilazioaren unibertsoan.

Gure kasuan ez genuen zehazki patsa destilatzen, baizik eta muztioaren dekantazioan barrenean geratutako txakolin-hondar sendo baina likidoa, ‘segundako txakolina’ esango genukeena; beti ere ardoa destilatuta uxualaren kalitatea hobea delako patsarekin lortzen dena baino.

Destilazio-saioari ‘potada’ esaten zaio (alanbikearen ontzi nagusia ‘pota’ delako) eta 300 litroko potada batek behar izaten zuen 12-14 ordu. Beraz, bezperan uzten nuen pota beteta eta goizeko 6:00ak aldera jaikitzen nintzen sua pizteko. Bizpahiru ordutan hasten zen irekiten eta orduan kondensazio-deposituaren tenperatura erregulatu behar zen urarekin, uxualaren irteera ahalik eta geldoena izan zedin, justu zurrusta fin bat, amaieran tantatan hautsiko zena. Orduan isuriaren alkohol gradua neurtzen hasi behar zen, alkoholimetroa erabilita. Haiserako ‘burua’ 80ºtik gora irteten zen, eta hori baztertu beharra zegoen, osasunerako arriskutsua zelako. Behin alkohol maila 60ºra jaitsitakoan gordetzen hasten nintzen, 20º ingurura iritsi arte (handik atzerako ‘isatsa’ eskasa zen), horrela nahasketa 40ºtan geratzen zitzaidan. Gaueko 20:00etan edo, ontzia garbitu eta amaitzen zen potada.

Nik erabiltzen nuen kobrezko alanbikea berri-berria zen eta hasieran metal gustu handia ematen zion uxualari, kafeontzien antzera. Akats hori kenduta, edari oso garbia zen, edanerraza eta gorputzak erraz onartzen zuena. Egindako potaden poderioz metal gustua apalduz joan zen, eta uxuala arrakasta izaten hasi zen dastatu zutenen artean. Dena den, edari destilatuek zerga altua ordaintzen dute eta destilazioa errentagarri egitea lan serioa da; upategiak nahikoa lan bazeukan txakolinarekin eta ni, laguntzeko bai, baina ez nengoen gurdi hari tiraka hasteko moduan. Beraz, eten egin genuen esperimentua.

Bitartean ikasi nuen destilatu guztiak gardenak direla, zernahi dela ere destilatzen dena, eta usaina izan dezan potadan lurrundu ondoren eta kondentsatu aurretik jarri behar zaiola aromatizatzailea; egiaztatu nuen likoreen koloreak eta usainak erantsitakoak direla; jakin nuen uxualak berriro destilatzen direla edari finagoak eta kontzentratuagoak lortzeko… Eta bitxia izan zen gero alokairuan egon ziren lagunak nola probatu zuten alanbike bera lurrinak destilatzeko.

Mahastizaintzak txoriekin harreman berezia ere ekarri zigun. Mahatsondoen urteroko garapena oso aproposa zitzaien adar berrien artean habiak egiteko. Eta hostoak bakantzen ari ginenean sarri aurkitzen genituen, arrautzekin edo txitoekin. Haiek babesten saiatzen ginen, nahiz bagenekien udazkenean mahatsa heltzean hura jaten hasiko zirela, eta etsai izango genituela. Txoriei aurre egiteko, nola pertsonen zaratek uxatu egiten zituzten, guk transistore mordoska jartzen genuen martxan mahastian zehar, irrati ezberdinak sintonizatuta. Hiru bat astez astuna zen goizero lanera joan aurretik transistoreak jartzea eta iluntzean jasotzea, baina sinetsita gaude txoriei errespetua sartzen ziela. Hori bai, auzoan zabaldu zen mahatsa heldu zedin musika jartzen geniola…

Mahastiaren beste ondorio bat izan zen ardotan ‘aditu’ bihurtu nindutela, nahiz batak ez dakarren derrigorrez bestea. Lagunarteko juntadizoetan, ohikoa bihurtu zen ardoa nik aukeratu beharra, mahastizaina nintzelako. Egia da ardo asko dastatzen nuela orduan, baina ez ditut usainak ondo bereizten, eta ez daukat berezko dastamen finik. Informazio dezente metatu dut, hori bai, eta horrekin manejatzen naiz konpromisoetan.

Azken urteotan, lagun katalanei esker ezagutu ditut ardo naturalak, zorionez gurean ere hedatzen ari direnak. Arduraz ekoizten dira, naturarekiko errespetuz eta teknologiaz apal. Bizi-filosofia baten ondorio dira, eta industria kontzeptutik urrun daude. Horregatik aldiro dira bereziak, uztaren eta unearen araberakoak. Berriro hasi beharko banu, hau litzateke bidea.

Baina ez, mahastizaintza gazteentzat da, sasoiko jendearentzat; zahartzaroan gehiegizko lana bihurtzen da. Garaiz ikusi genuen zetorrena eta zentzuz hartu genuen uzteko erabakia. Mahastia errotik erauztean pena apur bat hartu genuen, baina handiagoa da 20 urtez eman zigun poza, eta eskertzekoa orain daukagun lasaitasuna. Bitxia bada ere, guk mahastia kendu eta gutxira, Mendraka upategia ere desagertu egin zen. Familian ez zeukan segidarik, eta istripu kimiko batek mahasti gehiena kaltetu zien. Patuak lotu zituen bi proiektuak, nonbait.

17. ESTEÑIBAR

Nola erori ginen baserriaren tentaldian. Lan handiak, fantasiak eta zorrak. Mateoren ‘izpiritua’ eta beste aurkikuntza batzuk: katuak, ortua, aingura, magia… 25 urtez asko eman eta gehiago jaso ondoren, ezina deskubritu genuenekoa.

93an Arrasaten bizi ginen, pisua erosi eta gure gustura moldatuta, obra handi samarra egin ondoren. Fatimak lana Arrasaten bertan zeukan eta nik Bergaran, eskura. Lanetik aparte, herrigintzan aktibo nenbilen ARKOko lehendakari gisa eta, oro har, egoerak oso egonkorra zirudien. Baina…

Esana dut Asier Aranguren aholkulari geneukala ARKOn. Elkarlanean lagun egin ginen, eta sarri afaltzen zuen etxean bileretara zetorrenean. Egun batean kontatu zigun Elorrion baserri eder bat aurkitu zuela salgai, bi etxebizitza egiteko aukerarekin, eta bizilagun bila zebilela. Ez gu izango ginelakoan, noski, ez baitzuen imajinatzen gure egoeratik jauzi egingo genuenik. Baina…

Kontua da hamar bat urte lehenago ibiliak ginela baserri bila. Ez bereziki lurraren deia sentitzen genuelako; baina bai intuizio batek eraginda, alegia, landa ingurunean bizitzeak aukera berriak irekiko zizkigula. Tamalez baserri gutxi zegoen orduan salgai, eta gure determinazioa ere ez zen erabatekoa; labur, ez zitzaigun erosteko proportziorik parean suertatu. Baina Asierrek Elorriokoa kontatu zigunean, niri barrenak mugitzen hasi zitzaizkidan. Eta bisitatzea eskatu genion.

Eguraldi ederrarekin ezagutu genuen Esteñibar, eta maitemindu egin gintuen: Udalaitz ezkerrean, Anboto eskuinean, baserriak inguruan baina ez hurbilegi, herria aparte baina ez urrunegi… Ifrentzuan, zaharkitua zegoen oso, sekulako zaharberritzea eskatzen zuen. Burua martxan jarri zitzaidan, Fatimaren espanturako. Aukera ezin genuela pasatzen utzi, erosi behintzat egin behar genuela, nik. Arrasatekoa ezin genuela saldu, lanera biok kotxez joan beharra, han isolatu egingo ginela, berak. Azkenean erosi genuen, erosotasunak agintzen zuenaren kontra, eta hasi ginen bertan egin beharreko lanetan pentsatzen.

Oso presente daukat Fatimaren gurasoei albistea eman genienean aitak hartu zuen disgustua: “Berriro baserrira?” Baserrian jaioa zen, 14 urterekin fabrikara joana eta harrezkero kaletarra. Baserriaren gogorra ezagututa, gure erabakia atzerapausoa iruditu zitzaion eta pena hartu zuen; harik eta, obra amaituta, baserri eroso bizigarria ikusi zuen arte. “Holan bai!” aitortu zuen. Eta gustura etortzen zen.

Lan handitan sartu ginen, mendi-jan eta guzti. Barruan argia nahi genuen eta leihoz josi genuen fatxada. Zulo berriei logika emateko, arkitektoak proposatu zigun hegoaldean fantasia bat: Elorrioko jauregietan hain ugaria den loggia elementuari omenaldi garaikidea egitea. Esteñibar XVI. mendeko etxea zen, eta berak ondo bereizten zituen aldi ezberdinetan erantsitako puskak, bakoitza bere garaiko ezaugarriekin. Guk XX. mendeari zegokion puska erantsiko genion etxeari, hormigoizkoa. Emaitza estetikoki eztabaidatua izan zen, baina funtzionalki sekulako ekarpena egin zion etxeari, hegoaldeko leihotzarrak integratzeko.

Urte t’erdiko obraren ondoren Esteñibarren bizitzen jarri ginen, Arrasateko pisua saldu eta, hala ere, zorrak txapelaren txortenaren punta ere estaltzen zigula. Hain zuzen, Sanjoan gaua izan zen bertan lo egin genuen lehena; aurretik, lagunekin festan egunari zegokion sua piztu genuenean, hipotekaren fotokopia bat erre genuen, horrek zorte ona ekarriko zigulakoan. Baita ekarri ere, soilik 15 urte geroago zor guztiak kitatuta izatea lortu genuen eta!

Handik gutxira familiak bildu genituen etxe-sartzea ospatzeko, festa galanta antolatuta. Gogotik aritu ginen dantzan belaunaldi ezberdinak elkarrekin, eta oso pozik sentitu ginen amaieran Esteñibarreko etxagun berriak, ikusita ze toki aproposa zen halako ospakizunetarako. Makina bat egin genituen ondorengo 25 urteetan!

Lehen txanpan etxearen zati bat geratu zitzaigun berritu gabe, dirua ez baitzen denerako iritsi. Bi zati eginda ere, bakoitzaren etxebizitza oso handia zen; eta gure zatiaren parte bat erabili gabe ere, 200 metro karratutik gorako etxea geneukan, hiru gelakoa, bi solairu gehi sotoa eta ganbara. Eta kanpoan bakoitzak hektarea batetik gorako lursaila. Nahikoa entretenitzeko!

Guk fatxada mendebaldera zeukan partea hartu genuen, etxostekoa. Horrek esan nahi zuen jareginago zegoela, antolatu eta zaindu gabe. Horretan eman nuen hilabete askotako lana, harrizko horma sikuak eraiki, terrazak atondu, terrenoari logika eta erabilgarritasuna eman… Sekula halako lanetan ibili gabea nintzen; baina premiaz ekin nion eta, jardun ahala, sentitu nuen sena zetorkidala, nolabaiteko jakinduria zaharra. Kontatu ziguten etxeko aitona Mateo hormagin amorratua zela, beti harri karretoan ibiltzen zena. Eta ilusioa hartzen nuen pentsatuta Mateoren izpirituak gidatzen ninduela harriekin nenbilenean. Baina kontatu ziguten, baita ere, Mateok zahartzaroan haginak galdu zituenean, behean hortz bakar luzea geratu zitzaiola eta ahoa estututa hortzaren punta sudurtzuloan sartzen zuela. Ilusiorik batere ez zidan egin beheko hortz bat apur bat etzan eta goruntz luzatzen hasi zitzaidanean, Mateoren eraginak maldizioa ere baleuka bezala. Badaezpada atera egin nuen hortz hura, sudurtzulora ailegatu baino lehen.

Etxean bizitzen jarri, txorizoa iltze batetik zintzilikatu eta segituan hasi ziren saguak hura jaten. Gu baino lehenagotik bizi ziren bertan eta urte t’erdiz eduki genituen etxetik kanpo kanpinean, obrek iraun bitartean. Haiei eusteko katua beharko genuela eta berehala ekarri ziguten kumetxo bat. Dena ikasi behar izan genuen berarekin. Autoak harrapatuta hil zen hilabetera eta sekulako inpresioa jaso genuen. Harrezkero ez dugu sekula katurik falta izan.

Bigarren katakumea garajeko ateak harrapatuta hil zen bi hilabeterekin. Hilkortasun altua ikusita, badaezpada bi ekarri genituen hurrengo, Itziarko Ixamanetik, Txuri eta Gorri. Eta, biak antzutzeko geundela, zuri erabatekoa zen gure emea beltz erabatekoa zen auzoko ar batekin kateatu zen, eta katakume bakarra ekarri zigun, hura ere beltz erabatekoa, Beltxi. Urte luzez hiru katu izan genituen: ama zuria, seme beltza eta izeko gorria; asko-asko gozatu genuen haiekin. Besteak hil, eta zuria azkenetan zegoela, ekarri ziguten Txato 2011n. Oraindik gurekin dago Mendrakan.

Ez ginen Esteñibarrera joan lurrak deituta, ez genekien ezer baratze kontutan. Baina behin han egonda oihartzunak entzuten hasi ginen, handik eta hemendik. Fatimaren ama Paula izan zen lehena: egun batean aitzur txikia hartu eta baratxuri ale batzuk erein zizkigun iskina batean, “lur ahalik eta takarrena” komeni zitzaiela esanaz. Berehala ernatu ziren, gure harridurarako. Hurrena Txapas errementaria izan zen, etxeko barandak bukatu zituenean tomate eta piper landare batzuk sartu zizkigun ortutarako prestatzen ari ginen parajean. Egia esan, ez genekien tomate landareari fruitua non egiten zitzaionik ere, beraz Txapas-ek sartutakoen garapena ere mirari baten antzera bizi izan genuen. Harrezkero ez dugu hutsik egin, urtero bizi izan dugu baratzeko erritu magikoa.

Gazeta auzoan dago Esteñibar, eta auzoak nortasun handia dauka, ermita eder baten eta elkarte gastronomiko aktibo baten inguruan. Auzotarrek ondo hartu gintuzten, nahiz hasierako bertsioan ‘ETBko jefe bat eta bankero bat’ omen ginen auzokide berriak. Fatimak eta biok gure bizimodua eta lagunartea eraman genituen Esteñibarrera, ez ginen bete-betean murgildu auzo bizitzan; horregatik sentitzen genuen apur bat ‘arraro’ ginela haientzat. Baina ondo konpontzen ginen denekin eta, batez ere mahastia jarri genuenean, behargin fama irabazi genuen; horrek bestelako gabeziak konpentsatu zituen.

Esteñibarrek bizi-estilo bat eman zigun: denbora asko ematen genuen etxe bueltan, lan ezberdinetan, natura gozatuz eta senide nahiz lagunekin paraje eder hura partekatuz. Isolatu ordez bizitza sozial betea egin genuen, etxea ohiko bilgune bihurtuta. Nik ikasi nuen gaua iluna dela baina ez beltza, eta iluntasunari beldurra kendu nion. Ohartu ginen mendira joatea kaletarren ohitura dela, baserrira joanda ez genuen mendirako premiarik sentitzen, hain zuzen goizean jaiki eta mendian geundelako.

Niretzat, bereziki, Esteñibar aingura eta ardatz bilakatu zen. Ordurako banekien ekimen askorekin motibatzeko gai nintzela, eta Kutxan denbora neukan horretarako. Arrisku handia neukan dispertsiorako, saltsa askotan sartu eta bizitzaren perspektiba galtzeko. Baserriak okupatu zidan interes eta denbora sobrantearen zati handi bat, lehentasunez etxeko lanak eraman behar nituen aurrera, eta horrekin asko zentratu nintzen. Jarraitu nuen beste hainbat konturekin gero ere, baina haiek pisu mugatua zuten nire ardura nagusien ondoan.

Eta jarraitu genuen une magikoez gozatzen. Lehen urteetan zaborrontzia etxetik 200 metrora zegoen eta bakarra zen, artean ez genuelako zaborra bereizten. Hain zuzen horregatik ia egunero betetzen genuen poltsa bat. Eta erritu bihurtu zen afalondoren zabor poltsa eramatea zaborrontzira, ilunpetan eta prozesioan, katuek formal-formal lagunduta; etxera bueltan, uda parteko gauetan harrizko orman sarri iputargiak pizten zitzaizkigun.

Magia zuen baita ere Sanjoan suak. Erretzeko materiala ugari izaten genuen eta su ganorazkoak egiten genituen. Askotan koadrilla handia elkartzen ginen suaren bueltan, luze, best.e baserrietako suak ere bistan, eta Sanjoan kantu zaila ganoraz kantatzeko ahaleginean. Gogoan dut aspaldi lagun batek osasun arazo larri bat izan zuela justu Sanjoan bezperan, eta bera bihotzean bota genuela bakoitzak adar bat sutara. Kalte handia jasan zuen arren, bizirik eta bizipozez jarraitzen du oraindik.

Uztak ere oso une ederrak izaten ziren. Mahatsarenak atal berezian kontatuko ditut, baina izan ditugu tomate uzta bikainak, esaterako, ortuan; sagarra ere asko eta askotarikoa jan dugu, tartean sagar gorri berezi bat bertan hilzorian zegoena eta berreskuratu genuena; intxaurrak euriarekin erortzen ziren eta baldekadaka jasotzen genituen; kiwiak berdin, landare gutxi genituen baina hain emankorrak ziren…

Bigarren aro bat ere bizi izan genuen Esteñibarren, are biziagoa, lanetik libratu eta bertan erabat murgildu ginenean. Horrek ere atal berezia izango du. Baina 2018a urte erabakigarria izan genuen: Fatimak minbizia jasan zuen eta ni estres fisikoak jota egon nintzen, gorputz osoa minduta; eta, hala ere, ezin jare egin mahastia zaintzeari. Orduan konturatu ginen zer zen ezina, eta momentuko zulo hartatik irtenda ere, etorkizunak hori zekarrela: etxe handia eta eskailera asko, mahastiak urtero lan berdina, eta guk urtez urte ahalmen txikiagoa. Hau da, Esteñibarren gure bertsioa gehiegizkoa zela zahartzarorako. Aukera jasangarriago baten bila hasi eta. zorte handiz, sudur parean geneukan Mendraka ‘aurkitu’ genuen.

Eta Esteñibarren gure aldea salgai jarri genuen. Gure desioa zen hura erostea etxeari etekina aterako zion norbaitek, gu sartu ginenean bezain gazte eta ausarta izango zena. Baina agertu zen bost laguneko talde bat, esperientzia kolektibo bat bizi nahi zuena, etxea alokairuan hartuta. Gustatu zitzaigun haien asmoa eta, errematerako, taldean bazeuden Arrasateko eta Ormaiztegiko pertsonak, Fatima eta ni bezala. Harreman oso polita sortu zen gure artean eta, saltzeko asmoa atzeratuta, alokairua onartu genuen. Ia lau urtez egon ziren bertan eta, taldea elkarrekin bizitzeko beste egonkortu ez bazen ere, oso pozik daude Esteñibarren izandako esperientziarekin. Harreman gozoan jarraitzen dugu haiekin.

Duela urtebete saldu genion Esteñibar gu ginen moduko bikote gazte eta kementsu bati. Gurearen pareko zorte ona opa diegu. Izan ere, guk 25 urte bikain eman genituen Esteñibarren; eta gure bizitza erabat aberastu dute han emandako denbora, egindako lan eta gozatutako une guztiek.