34. HIRUROGEITA HAMAR URTE

2025eko azaroan hasita, 33 astez jarraian aritu naiz nire ekintzaile ibilbidearen atalak errepasatzen. Zerrenda bat egin nuen, eta atal bakoitzari zegozkion jardun eta bizipenak berreskuratu ditut astero, berez gogora etorri ahala. Azken atal hau, aldiz, patxadaz idatzi nahi izan dut; hain zuzen, beste guztietan mugitu zaidanaz hausnar eginda.

Aspaldi jarri nuen 70 urteetan mugarria nire bizimoduaren erritmoa jaisteko eta barrua baretzeko. Iraultza moduko bat irudikatzen nuen eta, nahiz zatirik agerikoena aurretik egina neukan mahastia kendu eta etxea aldatzearekin, mugarrira iristean zailena falta nuen: ekintzaile aktibo izateari uztea eta barne sosegua lantzen hastea. Adrenalina oso droga adiktiboa da, norberarengan sekulako gaitasunak azalarazten baititu; baina trukean bizitzaren erritmoa inposatzen du, eta burua kolonizatu lezake kontrol oinarrizko batzuk galtzeraino. Nik behintzat horrela bizi izan dut nire jarduna memoria daukadanetik; etenak tartekatu behar nituen maiz, eta geldiuneak baliatu erabat ez deskarrilatzeko. Urteetan aurrera, jabetuz joan naiz zahartzaroan ezinbestekoa nuela menpekotasun horretatik askatzea eta sosegua bilatzea. Eta azken bi urteotan trantsizioa egin dut, sikologo batek lagunduta. Bidelaguntza baliagarri izan zait ideiak argitzeko, aldarteak orekatzeko, eta prozesua lasaiago egiteko.

Oro har, nire bizitzako jardun guztiak bateratsu ikustean deigarria iruditu zait egindakoaren tamaina, aniztasuna eta ausardia. Adrenalina-txuteen poderioz gai izan naiz saltsa potolotan sartzeko eta eroso samar ibiltzeko, drogaren efektua pasa ondoren sinestezin egiten bazait ere. Gustatu zait ekimenen aniztasunean koherentzia aurkitzea, badago hari bat ibilbidean. Eta konturatu naiz bizitza betea izan dudala, trinkoa; parean suertatutako aukera guztiak baliatu ditut eta, Txirritak bezala, “ahaleginaren faltan ez daukat kontzientzian zorrikan”.

Nire izaera gehien markatu duen faktorea aita Migel Mari izan da. Ekintzaile eta berritzaile zen, eta familia-enpresaren ardura hartu zuenean nigan jarri zituen etorkizuneko esperantzak, horretarako egoki zeritzon prestakuntza emanda. Ondorioz, haurtzaro gogorra izan nuen, sakrifizio asko eskatu zidana eta heldu goiztiar bihurtu ninduena. Oso arduratsu gogoratzen dut nire burua txiki-txikitatik, bihurrikeriarik gabe.

Eta ardurak hartu du nire bizitzaren ardatza. Gauzak hobetzeko egin nezakeen hori eginbehar bihurtu izan zait, eta buru-belarri heldu behar nion ezinbestean. Horrek eraman nau beti trakzio lanetan jardutera, gehienetan nire ahalmenen mugan, estu antzean.

Umetan bizi izandako egoeren ondorioz, autonomia pertsonal handia garatu nuen. Bizitzako erabakiak nire kabuz eta azkar hartu ditut beti, ez dut luze pentsatzeko edota inorekin kontsultatzeko joerarik izan. Fatimarekin ere, berari erabakiak hartzea gehiago kostatzen zitzaionez, ohikoago izan da nire erabakia harekin negoziatzea, elkarrekin erabakitzea baino. Orain konturatzen naiz autonomia erradikal honek areagotu egiten zuela erabaki txarrak hartzeko arriskua; zorionez, errepasoan zehar ez dut akats handirik aurkitu.

Autonomiaren ifrentzua izan da sozializazio ‘auto-mugatua’. Aitak hara eta hona ibili ninduenez, ikasi behar izan nuen ez inon itsasten, ez sufritzeko; harremanak bai, baina dependentziarik ez. Ekintzaile ibilbidean harreman asko eta askotarikoak izatea tokatu zait, eta nahiko ondo manejatu izan naiz; baina harreman pertsonalagoetan gabezia nabarmenak izan ditut. Independentzia mantendu beharrak eragin dit halako bakartasun emozional bat, pertsonekiko hurbiltasuna mugatu didana. Ez dut lagun koadrilarik izan egunerokoa partekatzeko, ekintzaile ibilbidea ez zait normalean ingurune hurbilarekin uztartu, eta askotan sentitu dut besteengandik errei paralelo batean nenbilela. Sarri, ingurukoek ez dute nire ekintzen berri handirik izan, eta nik ere ez dut askotan haiekin interesatzeko joerarik izan. Inkomunikazio hau kezka bihurtu zait zahartzaroan, ekintzaile kontuak bukatu direnean ohartu naiz zenbateraino atrofiatuta ditudan oinarrizko trebetasun sozialak.

Aitaren eraginetan ezin aipatu gabe utzi enpresaren kultura eta kooperatibagintza. Aita pertsona exekutiboa zen, gauzak egiteko modu eta logika bat ezagutu nion, gerora oso balekoa izan zaidana. Eta kooperazioa giroan neukan, umetatik sentitu izan dut lankidetzak indarra sortzen duela. Horrekin batera, aita alkate lanetan ikusita barneratu nuen herrigintza-sena, komunitateaz arduratzeko bokazioa.

Lehen kapituluak irakurri zituenean lagun batek esan zidan: “Aita oso presente dago; eta ama? Zain egon naiz ea ama noiz agertzen zen.” Nire bizitzako lehen urteetan bera anai-arrebak erditzen eta hazten ari zen. Haiek koskortzen hasi orduko abiatuta zegoen nire etxetik kanpoko erromesaldia, barnetegiz barnetegi. Urte horietan ama izan zen, beste ezer baino gehiago, absentzia mingarri bat. Geroago konektatu genuen, aitarekiko harremana zapuztu zitzaionean, nik 14 bat urte nituela; baina konektatu genuen heldu gisa, nik berari sostengua eta aholkua emanez.

Hori bai, amaren Telleri-zaharreko familian ezagutu nuen errebeldia, injustizia borrokatu beharra; eta haiek jasotako errepresioaz jabetzean sentitu nuen ‘galtzailearen arantza’, Xabier Leteren hitz aproposetan. Oso goiz jakin nuen zein zen nire bandoa. Bizikidetza zaindu zalea izan naiz, oro har, zuri eta beltz arteko grisen esploratzailea; baina analisiak katramilatu zaizkidanean, argia eman dit beti oinarrizko iparrorratz honek: “Non daude zapalkuntza, agintekeria edota neurri gabeko irabazia? Ba ni beste aldean nago”

Osagai horiekin kozinatu nuen munduan egoteko nire postura: komunitateari lotua baina nire iritzien jabe, iraultzaile bainoago eraldaketa zale, ameslari ausart-arriskutsu, ekintzaile intermitente… Beti ere tentsioan, bor-bor, inoiz egoera solidora iritsi gabe.

Ibilbideko ekintzak, gutxi-asko, aurreko kapituluetan daude xehetuta. Ikasitako batzuk aletzea dagokit orain.

Tribua, herria, komunitatea, kolektiboa, komunala… Izen ezberdinekin bada ere, hori da nire mundu ikuskeraren subjektua, euskaraz bizi nahi duen pertsona multzo trinko eta kohesionatua, munduaren zati honen gainean aurrera egiten saiatzen dena. Zentzu honetan erabat soziala naiz, nire ongizatea itsatsita dago tribuarenari.

Baina, ekinez ikasi dut pertsona banakoen garrantzia. Pertsona jakin batzuk erabakigarriak izan dira nire bizi-ibilbidea izan zedin egin dudan hau, eta ez beste bat. Eta ibilian ikasi dut giza multzo guztietan daudela pertsona konbergenteak eta dibergenteak. Lehenak abiatu daitezke posizio urrunetatik, baina ahalegintzen dira puntu komunak aurkitzen, elkarri eransten, eta ezinbestekoak dira herri dinamika batek bere helburuak lor ditzan. Dibergenteek, aldiz, ñabarduretan jartzen dute azpimarra, diferentziak bihurtzen dituzte enbor, eta sarriegi lortzen dute dinamika bateratzaileak zapuztea. Batzarretan berehala antzematen dira joera bat ala bestea duten pertsonak; lortu beharrekoa da, noski, konbergenteak auspotzea eta dibergenteak ahultzea, emaitza positiboa izan dadin.

Ikasi dut eraldaketarako oztopo nagusiena inertzia dela; edo, agian, inertziak. “Bertan-goxo” da seguruenik ezagunena, hau da, aldaketen aurrean sistematikoki erosotasuna aukeratzea. Kasu honetan trakzio egoki batek lortu lezake mugimendua hastea. Baina badago baita ere “ez-dut-ikusten” forma, gainditzen zailagoa dena: pertsona batzuk soilik ikus dezakete dagoeneko existitzen dena, ez dute irudimenik zerbait berria eta ezberdina imajinatzeko. Eta hau oztopo handia da, ze eraldaketarako beharrezkoa da existitzen ez dena irudikatzeko eta desiatzeko gaitasuna, horren faltan beti hobetsiko da badagoena. Heziketak, eta gizarteak oro har, landu beharko lukete berariaz pertsonen sormena eta irudimena, mundu aldakorrean oso baliagarriak baitira. Haragokoa ikusteko gaitasuna beharrazkoa zaigu egungoarekin konformatu nahi ez badugu. Bitartean, inertzia ezkorrak gainditzeko bi palanka erabil daitezke: trakzioan ari direnekiko konfiantza sendotzea (“ez dut ikusten, baina fidatzen naiz”) eta gehiengoarekiko jarrera konbergenteak sustatzea (“denak ez dira oker egongo”, edota “ze arraio, bizi naiteke horrekin!”).

Euskaldunok komunitate trinkoa behar dugu ezinbestean. Internetek sare erraldoi bihurtu du mundua, eta horrek askotariko ondorioak izan ditu, baina nagusitzen ari da bat oso larria: sare erraldoia baliatuta jauntxo bakan batzuk sortu dira, gure dependentziari esker aberastasuna eta boterea neurri gabe metatzen ari direnak, arau sozial guztien gainetik jartzeraino: ez dute zergarik ordaintzen, ez dute demokrazia errespetatzen, ez dute kupidarik dirua eta boterea erabiltzeko orduan.

Jauntxo beldurgarri horiei aurre egitea da lehentasuna, eta tokiko komunitateak garatzea da daukagun tresnarik ahaltsuena. Indibidualismoaren ordez, komunala sustatzea; dependentzien ordez, burujabetzak; unibertso ultraliberalaren lekuan, tokiko fedibertso auto-arautu eta solidarioak. Sare erraldoi erregularrak sakabanatu egiten gaitu eta ahuldu; dispertsioa ekiditeko amarauna behar dugu, sare autozentratua, hurbilean trinkoagoa, digitalean ere komunitate egingo gaituena.

Erronka itzela da, eta hurbilean metatu ditzakegun indar guztiak behar ditugu, ortodoxiak gurtu gabe.

Ze sarri aurkitu dut gurean joera ortodoxia zurrunak eraikitzeko, “hau horrela da, eta hori zalantzan jartzen duena etsaia da, egurra merezi du”. Bitxia da joera hau berdintsu topatu daitekeela ingurune tradizionaletan zein progresistagoetan. Ez da fenomeno lokala, irudipena daukat munduan eztabaida ideologikoa erabat pobretu dela, argudioen tokia erasoek hartu dutenean. Eta gurean berria ere ez da, 80 eta 90eko hamarkadetan borroka politikoaren gogorrak setakeriara ohitu gintuen, eta etsai handienak hurbilean ikusarazi, enbor bereko ezpalen artean.

Herri sentimendu sendoago batek ekarri behar liguke dibergentzia eta disidentzia onartzeko gaitasun handiagoa, interes eta jomuga komunen kontzientziak mugatu behar lituzke gure arteko diferentziak. Nire etsairik handiena Elon Musk da, eta Euskal Herri trinkoa behar dut, batez ere, haren erasoetatik babesteko.

Eta saski hori egiteko badugu zumitzik. Bere akats guztiekin, gizarte ekimen eredugarria garatu dugu euskaldunok azken bospasei hamarkadetan. Lehenago ere auto-antolaketarako gaitasun hori izango genuen faktorerik eraginkorrena herri gisa irauteko; bada berdin aurrera begira, herritarron adimen kolektiboan jartzen dut nik biziraupenerako esperantza nagusia.

Gure iragan instituzionalean gabezia handiagoak ikusten ditut, besteak beste ez dugulako lortu egitura politiko egonkorrik blindatzea. Hori esanda, zalantzarik ez daukat herrigintzan lagungarri zaigula erakunde eta baliabide propioak edukitzea. Lagun katalanek inbidia galanta diote gure kontzertu ekonomikoari. Eta Ipar Euskal Herriko herrikideek ez dute egungo Elkargo ahula baino gutxiago nahi, gehiago baizik.

Zorioneko gara bi hanka ditugulako bidean aurrera egiteko: gizarte ekimen indartsua eta erakunde ahalmendunak, bakoitza bere ajeekin bada ere. Iragan hurbileko talka erabatekoak atzean utzi, eta biak koordinatuta erabili behar genituzke aurrerantzean, gatazka zehatzei eta konfrontazio partzialei bide emanda. Gizarte ekimena eta erakundeen ahalmena sendo uztartu behar ditugu herri garapenerako. Herri irauteko ezinbestekoa dugu.

Ekinez ikasi dut eraldaketa kolektiboa ez dela berez gertatzen, prozesu sozialak ez direla dirudien bezain espontaneoak. Behin hainbat faktore metatuta eraldaketarako baldintzak sortzen direnean, trakzioak behar dira berriak zaharra ordezka dezan. Oro har, ez gara lidergoak aitortu zale, baina aurrera egin duten prozesu guztietan aurkitu izan ditut pertsona, taldetxo edo konexioak, erabakigarri izan direnak arrakasta erdiesteko. Gure herrigintzari mesedegarri litzaioke katalizatzaileen funtzioa aitortzea eta lantzea.

Noski, ez naiz liderraren ohiko karikaturaz ari. Pertsona bakarraren pentzuan dauden dinamikak ez zaizkit interesatzen ez badute kolektiboa indartzen, aurrera joan ahala. Horretarako, deliberazioa da bidea, espazio irekietan eztabaida antolatu, elikatu eta bideratzea, interes eta jomuga komunak sendotzeko, dibergentziak azaleratu eta mugarritzeko. Esango nuke deliberazioaren kultura garatzea eta hedatzea dela hurrengo hamarkadetan Euskal Herriari egin diezaiokegun ekarpenik baliotsuena.

Liderra deliberazioaren bitartez kolektiboaren esanetara jarri behar den bezala, berdin kontraliderra ere. Eraldaketa prozesu batean kontraliderra da uneoro atzerakargan dabilena, iluntasuna edota ezintasuna proiektatzen. Hau ere deliberazioarekin konpondu behar da, gehiengoak aurrerako bidea ikusten duenean kontraliderrak ez dezan bilakaera blokeatzeko paradarik izan.

Eta deliberazioak, eraginkorra izateko, eskatzen ditu espazio seguruak, non askatasuna eta errespetua parean zainduko diren; eta, ororen gainetik, deliberazio eraginkorrak ezinbestekoa du botere banaketa, partaideak baldintza parekidetan aritzea eta denak prest egotea gehiengoak hobesten duena bere jardunean txertatzeko. Hierarkiak, sarrerako atearen kanpoaldean hobe.

Motxila horrekin iritsi naiz 70 urteen mugarrira, ekintzaile aktibo izateari utzi eta, norbaitek zerbait eskatzen badit, laguntzaile xume bihurtzeko. Nire bizitzaren erritmoa erabat apaldu da, agendan ia ez dut konpromisorik eta egun asko ematen ditut autoa hartu gabe. Bizikleta elektrikoan edo oinez ibiltzen gara Fatima eta biok, hankak gogortze aldera; kitarra klaseak hartzen ditut, nahiz asko ez dudan hobetzen; eta plaza-dantza ikastaroen inguruan sortu den lagun taldearekin elkartzen gara sarri, pintxopote, merienda, bainuetxe edo erromerietan. Horrez gain, Mendraka gure auzoan ere baditugu ardura partekatuak auzolanean kudeatzeko, eta auzo-bizitza indartu nahian gabiltza. Eta hor daude familiak, gehi Katalunia eta lagun zaharrekin tartekako juntadizoak.

Ingurune horretan saiatzen ari naiz atrofiatutako trebetasun sozialak berreskuratzen. Kontzientzia hartu izana lagungarri zait, nahiko samur errenditzen naiz taldearen joeretara. Ahalegintzen naiz besteen unibertsoetan interesa jartzen, eta gai naiz naiz jende artean isilik eta eroso egoteko.

Badut kezka teknologiarekin. Kostata iritsi naiz erabiltzaile arrunt izatera, eta amorrarazi egiten nau digitalizazioaren hedapen unibertsalak, ez delako batere abegikorra baldar samar garenokin. Gainera, arazoak okerrera bakarrik egingo du adinean aurrera; teknologikoatik eteteko unea etorriko da, eta seguruenik ez dago urrun. Horrek beldurra eragiten dit. Beraz, beude baliabide digital aurreratuenak eta irekiak erabiltzaile trebeak azkar ibil daitezen, baina gizarteak ez gaitzala adineko baldarrak atzean utzi.

Trantsizioaren hasieran hutsune moduko bat sentitzen nuen: denbora libre, burua martxan eta ekintzarik ez. Depresiora hurbilduko ote nintzen ere pasatu zitzaidan burutik. Diziplina ezarri behar izan nion nire barruari: “Ez egin, egon!” Poliki bada ere, ohitzen ari naiz estimuloen aurrean ez erreakzionatzen derrepente. Tarteka oraindik kosta egiten zait amorruari eustea, munduan gauzak nola doazen ikusita. Baina zarata interesatuarekin distantzia hartzen ari naiz, eta hurbilekoa zaintzen dut gero eta gehiago; horrekin, bizi guztian urdailean izan dudan estutasuna desagertu egin zait, eta inoiz baino hobeto egiten dut lo.

Hemendik aurrera etorriko den gainbehera fisiko eta mentalak ez nau izutzen. Bizi-testamentua egina daukat, nire sufrimendua eta ingurukoena mugatzeko. Eta azken urte hauetako bilakaerarekin sosegua hasi da nireganatzen.

73 urteak hurbil eta ekintzaren adrenalina aldenduta, ondo bizi naiz, maiz pozik ere bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude