Hizkuntz ordeztearen mekanika: bi adibide hurbileko

∞∞∞∞∞∞∞∞

Duela astebete inguru hemen bertan idatzitakoa argitzera datozen bi adibide esanguratsu eskaini ditu azken egunotan prentsak. Lehena Nafarroan 2022ko azaro aldean gertatua, eta bigarrena 2023ko lehen egunetan EAEn. Bi-biek jotzen dute euskararen normalizazioaren flotazio-marran, Hegoaldeko hizkuntz ordezte-prozesua modu sistematikoan burutzen ari dela erakutsiz. Honatx adibideok:

ZIZUR NAGUSIA (Nafarroa)

-Udalak profil elebiduna zeukan Kirol Zerbitzurako koordinatzaile-lanpostua plazaratu zuen, euskarazko ekimen-jarduerak aurrera eraman ahal izateko.

-UGT sindikatuak kontrako errekurtsoa jarri zuen.

-Nafarroako Administrazio Auzitegiak arrazoia eman zion UGT sindikatuari eta Zizur Nagusiko Udalak profil elebiduna kendu behar izan zion plazari.

-OHARRA: Formalki, Nafarroako Euskararen Foru Legeak euskararen normalizazioa du helburu (17. artikulua) eta, hori dela medio, lanpostuetan profil elebidunak ezartzeko eskumena aitortzen die udalei. Halere, eremu mistoko udaletako lanpostuei profil elebiduna kentzeko erabakia hartua du Administrazio Auzitegiak.

BARAKALDO (Bizkaia) 

-Udalak herriko kultur programak burutzeko enpresa baten kontratazio-deialdia plazaratu zuen. Herritarrekin harreman zuzena izango zuten 26 langileei euskarazko B2 edo C1 maila izatea eskatu zitzaien.

-CCOO sindikatuak kontrako helegitea jarri zuen, diskriminazioa argudiatuz.

-EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio sindikatuari.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Toki desberdinetan gertatu arren, berdinak dituzte kasu biek bai barneko eskema eta bai mekanika:

  1. Erakunde publiko batek –kasu hauetan, udalerri batek– euskaldunei eta euskararen normalizazioari erantzun ahal izateko lanpostu elebidunak betetzeko deialdia egiten du.
  2. Sindikatu batek kontrako errekurtsoa jartzen du justizia espainolaren aurrean, Euskal Herrian euskara ERE eskatzea gehiegikeria/diskriminazioa/inposaketa ei delako.
  3. Justizia-sistema omen denaren ebazpena sindikatuak jarritako errekurtsoaren aldekoa da eta, ondorioz, hizkuntz eskakizunak zaindu nahi zituen udal-deialdia deuseztatuta geratzen da.

∞∞∞∞∞∞∞∞

EAEko Auzitegiaren ebazpenaren ondoren, oso izan dira bitxiak sindikatu errekurtso-jartzaileak euskararen normalizazioari buruz luzatu dituen azalpenak. Idazkari nagusiaren hitzetan, CCOO sindikatuan

Están de acuerdo en extender el uso del euskera y en aplicar políticas públicas para ellopero…

Defienden que se promuevan políticas públicas para que la extensión del conocimiento del euskera se haga al conjunto de los trabajadores, pero…

–CCOO Euskadi se ha mostrado favorable a “potenciar” el uso del euskerapero…

Eta jarraian, gaztelaniaren esparruan aplikatzen ez dituzten “inposaketarik gabeko” hizkuntz politika guriak eta hizkuntz plangintza laxoak eta hizkuntz profil malguak… proposatzen dituzte euskararen normalizaziorako.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Lau iruzkin labur

1.- Lanpostu-deialdi horietan ez zen esaten euskara zela jakin beharreko hizkuntza bakarra. Ez. Deialdietan esaten zena zen plaza horiek eskuratzeko EUSKARA ERE jakin behar zela, hau da, inguruotan koofizialak omen diren hizkuntza biak jakin behar zirela, herritarrek euskara erabiltzeko eskubidea ere badutelako.

2.- Ez sindikatuak eta ez Auzitegiak ez dute kontuan hartu nahi izan EAEko Hezkuntza Sisteman euskara irakatsi dela 1983tik hona A, B eta D ereduetan. Berrogeita bost urtetik beherako hiritar guztiek izan dute, beraz, euskaraz ikasteko doako irakaskuntzaz eta “liberazioaz” baliatzeko aukera. Horrelako lanpostuetara aurkezten diren gehienen adinekoek, oro har.

3.- Euskal erkidego bakoitzeko Auzitegiek argi bide dute espainola dela bermatu behar dena, hizkuntz diskriminaziorik izatekotan, inoiz ez baita gertatzen euskaraz bizitzeko eskubidea duten euskaldunekiko edota euskararekiko. Bestela esanda, ia 600 milioi hiztun dituen hizkuntza da beti diskriminatua eta kaltetua gertatzen dena, eta ez, harrigarriro, hiztun-kopuruan mila aldiz txikiagoa izanik, arnasestuka dabilena.

4.- Mekanika orokorrean, lehenago espainiar Gobernuko ordezkariek egiten zuten helegite-lana horrelako “diskriminazio”-kasuen aurrean; orain, antza, sindikatu batzuk hartu dute ardura hori bere gain.

Korolarioa

Euskaldunek ez dute txintik ere esaten.

“Hemen zaude azkenean, zeure oreka termodinamikora iristen”

Kategoria: Ordezte-prozesua Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude