Zenbateraino aldatzen ari da Aramaioko euskara?

Denon buruan dago Aramaioko haranaren –Gainbarruaren– konfigurazio orografiko-geografikoak babes eskerga ekarri izan diela bertako bizimodu tradizionalari, ohiturei eta, batez ere, euskarari. Euskarari, gainera, erabilia izaten segitzeko babesa eskaini dio luzaroan, eta babes handia, orobat, gaztelaniaren interferentzia gehiegirik gabe iraun ahal izateko. Eta urtetako lege-debekuek eta errepresioak euskara desagerraraztea bilatzen bazuten ere, ez zuten horratik eragin kaltegarri lar izan Aramaioko hizkera-motan eta hizkuntz moduetan, besteak beste, etxeko eta lagunen arteko mintzaira nagusi edo bakar bezala gordetzean, hizkeraren bereizgarri gehienak bere hartan mantendu ahal izan zirelako.

Hala uste zuen –eta ondo uste zuen– XX. mendearen lehen erdialdean hizkuntz eta etnografi ikertzaile ibili zitzaigun R. M. Azkue jaunak, eta hala uste zuen beranduago ezagutu gintuen Gotzon Garatek berak. Eta hori erakusten dute oraindik bertako euskararen hainbat eta hainbat ezaugarrik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gaur egun, ordea, ez dago orain artekoa bezalako babesik eman dezakeen gorabehera orografiko-geografikorik, “globalizazioa” delakoa eta komunikabideak tarteko, muga fisikoen gainetik zabaldu eta orokortu baitira bizitzaren alderdi guztiak eta gero eta handiagoak gertatzen ari dira gizarteen arteko harremanak eta elkarren arteko “trukaketak”. 

Horren guztiaren ondorioz, badirudi XXI. mendera arte irmo samar iraun duen euskalkia hibridatzen hasia zaiola Aramaiori ere, oraintsura arte jatorrizkotzat-edo jo izan dugun euskara-mota gero eta periferikoago bilakatzen ari delarik haranean bertan. Hau da, auzo eta baserrietan irauten duen euskarak eta kaleko pertsona nagusiek dutena gero eta urrunago geratzen ari da hirurogei urte baino gutxiago dutenen hizkeratik.

Egia da –eta ez da oraingo fenomenoa bakarrik– Euskal Herri guztian atzematen dela errazenera jotzeko eta beste hizkuntzetatik xurgatzeko joera. Berdin lexikoaren arloan (frigorifikue, labadorie, junixue, julixue, periodikue, suegrue, erre otxue [R8], kuatroelie [4L], merkadu edo plaza berdurie), zenbaki-kontuetan (bentizinko, zientodoze...), zein bestelakoetan (es keporke, ya ke, en plan, ya te bale), euskaldunok ahalegin gutxi egiten dugu euskararen baliabide propioak ikasteko eta garatzeko. Eta gehienetan, gainera, ez da ikusi nahi izaten euskararen hizkuntz sistematik kanpo dauden faktoreak direla horren eragile nagusiak (gaztelaniaren zapalgailua Hegoaldean eta frantsesarena Iparraldean, eskuarki).

Badira, dena den, euskararen barneko eboluzioaren edota beste euskalkiren baten eraginagatik sortutako aldaketak ere, eta, batik bat, horietaz arituko gara jarraian.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Esate baterako, euskara estandarrean aditz aspektuarekin zerikusia duten -tzen askok (-tuz bukatzen diren aditzetakoek, hain zuzen) Aramaion -ketan egin izan dute sistematikoki. Orain, berriz, ikasketen, irakurketen eta beste euskara-moten eraginez, gero eta ohikoagoa da bertako hizkera erabili nahi dutenen ezpainetan -t[z]en entzutea: apurketan > apurtzen, [ah]azketan > [ah]azten, a[d]iketan > a[d]itzen, aldaketan > aldatzen, agerketan > agertzen, mozketan > mozten, pozketan > pozten…

Ez da, baina, azken boladan sumatzen den aldaketa bakarra. Ondoko lerrootan beste hiruzpalau fenomeno gehiago eskainiko dira hausnarketa-gai gisara.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Lehenengoa, eta ez harrigarriena, bustidura izeneko fenomenoaren galera dugu. 

Ezaguna da i+hotsen elkarketak hots berria sorrarazten duela Hegoaldeko hainbat lekutako hiztunen hizkeran, eta Aramaion bereziki. Konbentzio hutsa den arren, maila idatzian modu errazean irudikatu izan da aspaldidanik bustidura delako hori: it > itt.

Hots goxoa izateaz gainera, guztiz esanguratsua eta markatua da harremanen eta komunikazioaren esparrua. Hori dela eta, bitxi samarra litzateke, adibidez, apaiz batek sermoian maittie esatea, Bihotz Sakratuari-edo zuzenduta ez bada behintzat, baina gurean ez da hori ilobei esaten ez dien amamarik.

Aramaion badira, gainera, hitz batzuk bustidura fosilduta dutenak. Berbarako, inguruko hizkeretan ez bezala, herrian ez dago *aite edo *polite esaterik, beti daroate-eta bustidura: aitte, politte.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Jakina, bustidura adierazten duen –itt- multzoa egungo hiztun askoren belarriei berdintsua zaien –itx- delakoaren bitartez transkribatzen bada, konbentzioz ez dagokion beste hots baten esparrura sartzen da hitza eta galtzen du, aldi berean, bustiduraren xarma. Egunotan iritsitako mezuen artean, adibidez, honako hau jaso izan da hainbaten watxapetan: “Urtie ondo amatxu eta hobeto hasi!”. Garbi da hori idatzi duenak ez dakiela amatxu eta amaittu bereizten.

Fenomenoa hedatuz doan heinean, beraz, galdu egiten da euskararen baliabide zoragarri bat. Gaitz erdi litzateke hiztunak ahozko mintzairan ongi gordeko balu idatziz oker adierazten duen hori, baina, zoritxarrez, gaizki idatziak –idatzitakoa irakurtzearen poderioz– gaizki ahoskatzera eramaten du segidan. Aski lege finkoa ohi da hori. 

Garaiz da oraindik jakiteko horrelakoxea ote den Aramaion gertatzen ari dena, baina dagoeneko (e)itten (egiten > eiten > eitten > itten) beharko lukeena *itxen entzun eta irakurtzen da gero eta maizago kaletarren artean. Eta *aitxe (aitte), *politxe (politte), *jakitxeko (jakitteko), *e(d)ukitxeko (eukitteko), *argitxeko (argitzeko), etab.

Zaindu beharreko kontua, hortaz, etxe-atarian dugun ahoskatze/idazte-modu hori zabalduz eta arrunt bilakatuz joan ez dadin. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aurrekoarekin lotua, baina hizkuntza hegemonikoaren eragin zuzenagatik oraingoan, –il- elkarketetan eman ohi den bustidura ere galtzen hasi da. Aramaioko euskaran –il- delakoa [ill ] ahoskatzen da oraindik: mutille, zibille… 

Gaur egun, ordea, gutxi dira “motxila” hitza “motxilla” ahoskatzen dutenak, eta arrazoia ez datza bakarrik hitza bustidurarik egiten ez duen beste hizkuntza batetik hartua izatean, jatorrizkoak diren hitzetan ere bustidura-ezabatze berdina ematen ari da-eta: hilibili, etab. 

Kontsolagarriegia ez den arren, jakin bedi euskal lurralde guztietan jazotzen ari den gertakaria dela honako hau ere. Ondokoa bezalatsu.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hegoaldeko hizkuntza hegemonikoa “eredu”, hartan aspaldidanik gertatzen hasitako beste fenomeno baten eragina dugu geurean ere: [ll] hotsaren apaltze-desagertzea. Oro har, soinu hori ahoskatzerakoan, antzekoa den beste errazago batez ordeztera jotzen du hiztunak: [y]. Hori dela eta, jadanik desagertua da gaztelaniaren hiztun askoren ezpainetatik hots hori, eta “caballo” zena, adibidez, “cabayo” ahoskatzen dute. 

Hiri handietako euskaran ere joera berdintsua antzematen hasi da, eta bustidurarekin ahoskatu ohi zena orain, bustiduraren “zailtasunagatik” nonbait, yeismoaren bitartez egokitzen da: abantaila > abantailla > *abantaia. Eta horrelatsu, beste asko eta asko: langiieria, garbigaiu, miia miioi, suhiltzaie, etab.

Erantsi beharrik ez dago hobe litzatekeela, hots hori ahoskatzeko ezintasunak iraun bitartean behintzat, ekialdeko euskalkietan ohikoago den eran ahoskatuko balitz, alegia, idatzi bezalaxe: langileria, abantaila, mila, garbigailu…

∞∞∞∞∞∞∞∞

Horiek guztiak baino bitxiagoa da, ziurrenik, beste hizkuntz aldaketa batzuen agerpena Aramaioko hizkeran.

Ez dago beti argi nor-zer dela bide iristen diren, baina uste izatekoa da inon erabilitako hizkuntz kodearen prestigioak edo modak berak eraginda onartzen direla forma berriak, oro har. 

Arazoa da forma horiek hedatuz joan ahala, betidanik bertakoak izandakoak baztertu egiten direla eta, azkenean, mailegu etorri berriei jatortasunaren zigilua ematen zaiela eta, aldi berean, jatorrizkoak direnak arrotzak balira bezala tratatzen direla, hizkuntz kodetik eta eguneroko erabileratik betiko jaurtikiz. 

Hori da, esaterako, Nor-Nork aditz-paradigmako lehenaldiko forma zenbaiten kasua. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Nabarmenena, ziurrenik, betidaniko auen aditz-formarena dugu (erosi auen, ikusi auen). Euskara batuko zuen delakoaren ordain honek ongiegi ulertzen ez den sarrera izan du Aramaioko hizkeran. 

Urrun samar geratzen den Bermeoko hizkerak kutsatua edota auskalo zer-nolako hizkuntz inferentziaren fruitu izanik, ez AUEN eta ez ZUEN den forma hibridoa mailegatu/hedatu da azken boladan hiztun askoren artean, gazteenetan bereziki. Une hauetan ZAUEN [SAUEN] forma da Aramaioko Kalean (eta dirudienez, Debagoiena guztian) hiztunek barneratu dutena. 

Egia bada duela ehun urte R.M. Azkuek bere Morfologia vasca liburuan zioena (“Habiendo alguna rarísima flexión del auxiliar en algún rarísimo pueblo que lleva esa z. Berak esan zauen dicen en Bermeo por berak esan eban él lo dijo”), berrikuntzaren oinarrian ezezko perpausetan entzuten denaren “erregularizazio-nahi” lauso bat egon liteke. Hau da, ez auen ekarri > esauen ekarri entzutean, baiezkoetan hiztunak ekarri sauen esan behar duela pentsatu bide du. 

Guztiarekin ere, hiperzuzenketa horrek ez du ematen bestelako euskarririk daukanik. Beraz, Aramaioko “identitate” linguistikoa zaindu nahi bada, forma zaharren erabilerara itzuli beharko litzateke bai ala bai: AUEN eta, pluralean, AUIEN.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Berdintsu esan liteke euskara estandarreko nuen formari dagokionez: gero eta sarriago entzuten da sauen-en ahaidea dirudien nauen aditz laguntzailea (erosi nauen). Aramaioko betidaniko aditz-paradigman, horren forma zuzena ezin hurbilago dago euskara batuak eskaintzen duenetik, nuen > n[u]en > NEN egiten baita Gainbarruan. 

Eta gauen formaren ibilaldia ere desberdina ez denez, esan dezagun labur baino laburrago GEN GENEN formak direla Aramaioko Gainbarruko usadioak erakusten dituenak (bi-biak, agerikoa da, genuen-etik sortuak).

Beraz, bertako euskara gordeko bada, horiexek ditu hiztunak erabili beharrekoak.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Azentuazioari buruzko ohartxo bat, amaitzeko. Posesiboak, gaztelaniaz ez bezala, euskaraz –eta era berezian Aramaioko euskaran– azentudunak dira; azentua daramate. Ezin dira, hortaz, ondoren doakien izenarekin urtu eta azenturik gabe utzi. 

Adibide batekin ulertuko da. Irratian, telebistan, kalean, gero eta maizago entzuten dira “gureáma”, “zureáita”, “nirekotxéa”, “zuenamóna”, “berelagúna” bezalakoak. Erdarazko “mipádre”, “tumádre” modukoen azentuazioarekin guztiak. 

Aramaioko hiztunak –Euskal Herriko gainerako hiztunek bezala– behar legez egin izan du hori betidanik: “guré amà”, “zuré aità”, “niré kotxeà”, “zuén amonà”, “beré lagunà”.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Badakigu hizkuntzek ere bilakaera izaten dutela urteen eta indar desberdinen poderioz. Badakigu, halaber, hizkuntzek, tresna malgu eta eraginkor izango badira, etengabe eguneratzen aritu behar dutela, bai lexiko berriaz aberasten, bai sintaxia egokitzen eta bai beste zenbat operazio berri egiten. Hori guztia badakigu. Halaz ere, hizkuntza horrek, biziko bada, indar zentripeto eta kontserbazionistei ere begiratu behar die arretaz. Gerta daiteke, bestela, garai batean hizkuntza izandakoa denbora laburrean mordoilo –pidgin– huts bilakatzen hasia aurkitzea. 

Horretan legoke gurean ere arazoa, inon izatekotan: betidaniko euskalkiaz baliatzen ari garela pentsatu eta, denbora laburrean, inork aurreikusia ez zuen beste zerbaiten aurrean aurkitzea, une batean lexikoa edo morfologia edo sintaxia edo hizkuntz alderdi horiek guztiak batera, gure erosotasunagatik lardaskatzen edota ez behar bezala zaintzen hasi ginelako.

Kategoria: Euskara gurean Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude