Begi-bistakoak, begien aurrean

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hizkuntzak ez dira ezer hiztunik gabe. Zulo beltz hutsa baino ez da hiztunak galdu dituen mintzaira. Hiztunok gara hizkuntzaren arima, hiztunok ematen diogu bizitza. Gu gabe, hiztegi izoztua eta gramatika-gorpua besterik ez da hizkuntza delakoa, hizkuntza hila alegia. Gurekin, berriz, izaki bizi bilakatzen da, eta aldi berean gu gizaki bilakatzen gaituen miraria da hizkuntza. Gu gabe ez da ezer; gu, hizkuntzarik gabe, hutsaren hurrengo soil. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hizkuntzek berezkoa dute aldaketa-premia, etengabeko egokitzapena dute-eta mendetan zehar bizirauteko berme bakarra. Alabaina, aldaketa-prozesua guk geuk, hiztunok, eragiten diogu hizkuntzari. Onerako zein txarrerako, geu gara haren bizi-emaile eta, horretxegatik hain zuzen, baita haren bilakaeraren motor eragile ere.

Eta eragileak geu garelako, ez dira beti gertatzen egokitzapenok eta aldaketok lasaitasunez, hizkuntzaren moldeen barruan edota hiztunoi gustatuko litzaigukeen moduan.

Normalean batasun-beharrak, modernizazio-premiak edota bestelako beharrizanak ohi dira aldaketa-faktore bultzatzaileak. Eta eskuarki ontzat hartzen ditugu, hizkuntzaren onerako edo deritzegulako. 

Sarritan, horratik, hiztunon erosotasuna eta axolagabekeria ezkutatzen dira hizkuntza baten baitan gertatzen diren aldaketetan. Gure kasuan, Euskararen baitako aldaketetan. Ildo horretakoak dira, esate baterako, beharrik gabe beste hizkuntzetatik hartzen diren hitzak, esamoldeak, kalkoak, irainak, biraoak, etab. Horiek guztiek gero eta pobretze-bide latzagoan jartzen dute Euskara, eta balio eta prestigio gehiago ematen dizkiote aldi berean mailegu horien hizkuntza-emaileari. 

Horrela jokatzean, gainera, inguruko hizkuntza erraldoiek hizkuntza ahulagoekiko duten jokabide-soka berean jartzen gara kontzienteki nahi izan gabe ere, hizkuntza erraldoi horiexek baitira, azken buruan, funtsezko egoera-aldaketarako behartzaileak.

Jakina denez, haiek sorrarazi nahi duten eraldaketak urrunago eta sakonago joan nahi du. Haien helburua ez da hizkuntza txikiari edo gutxituari garatzen laguntzea edota bizirauteko baliabide eta baldintza berriak eskaintzea, beste zerbait baizik: hizkuntza gutxitua poliki-poliki itotzea, desagerraraztea eta haren tokia hartzea dute xede. Hizkuntza gutxitua esparru eta funtzio guztietan (familian, kalean, komunikabideetan, politikan, kulturan…) ordeztea da haien xedea.

Azken hau, beraz, Euskararen kasua. Berdin Hegoaldean zein Iparraldean gure hizkuntza ezabatzea eta ordeztea bilatzen dute Estatu biek. Haien konstituzioak garbi mintzo dira horretaz, eta haien menpeko epaileek ebazten dituztenak ezin garbiago oraindik. 

Eta haien komunikabideak, zer esanik ez, besteren artean informazioaren aitzakiarekin hizkuntz oldarrerako falaziak eraikitzeko tresna bihurtzen direnean, ondoko kasuan bezala:

Falaziak eraikitzen: zer da hobe Euskal Herrian? Doktoretza egin duen mediku bat ala euskalduna dena?

∞∞∞∞∞∞∞∞

Eta gu geu ere, oharkabean edo jakinezaz, laguntzaile zital gerta gaitezke aspaldidanik abian den Euskararen ordezte-dinamika honetan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

URTE BERRI ON!

Kategoria: Ordezte-prozesua Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude