Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 90. urteurrena ospatzen ari da gaur egungo Euskal Jaurlaritza. Argazkietan, Imanol Pradales lehendakaria eta haren gobernukide guztiak lehen egoitza izandako Bilboko Karlton hotelean. Pozarren eta zoriontsu guztiak!

Politikarien familia-argazki horren alboetan, bistan da, hain egun seinalaturako prestatu izan duten ikurra, diru publikoz ordaindua:

∞∞∞∞∞∞∞∞
Harrigarriro, ofizialki gure Herriaren sinbolo, marka eta ikur bilakatua dugun Ikurrinan era askeegian inspiratutako irudi horrekin omendu nahi izan dute lehen lehendakaria izandako Jose Antonio Agirre ere. Laido handiagorik, nekez!
Imanol Pradales lehendakaria, halere, harro deusen sinboloa ez den asmakeria ergel horren ondoan.

Kaleko euskalduna, bitartean, liluratuta bezain txundituta ergelkeria berriarekin, koloreak eta aspa-gurutzeak besterik ez baitute hartu Jose Antonio Agirreren eta aurreneko Eusko Jaurlaritzaren omenaldiaren antolatzaileek Ikurrinetik. “Total! Nori axola hori!”
∞∞∞∞∞∞∞∞
Gogoratu behar da, dena den, berdintsu jokatu zutela Urkullu lehendakariak eta bere gobernuak Japonian 2023ko urriaren 13tik 20ra bitartean ospatutako “Basque Week” hartan ere, Ikurrina bainoago, munstrokeria bat eraman eta erakutsi baitzieten orduko japoniarrei gure Herriaren ikur gisara.

Ikusten denez, orduan, Japoniako ikur gorriarekin enpatizatu nahian edo, gurutze gorri bat jarri zuten gurea omen zenaren aurrean, gurutze zuria izan behar zena atzealdeko fondoa bilakatuz eta aspa berdea jatorriz dagokion tokian mantenduz. Gaitz erdi, pentsatu zuten euskal ortodoxo zenbaitek, ez baita dena galdu.

∞∞∞∞∞∞∞∞
Gaurkoan, nonbait, itxaropena sustatzeko garaian gaudelako edo, eraginkortasun gehiagokoa iruditu zaie dena hankaz gora jarri eta aspa berdeari lehentasuna ematea. Eta horrela, gure gizartean politikarien “bekatu” larri guztiak barkakizun direla eta, San Andres-en aspa (“X” gisakoa, alegia) gurutze bilakatu dute, segidan fondo gorria ohi dena aspa bihurtu, eta gurutze zuria, azkenik, atzealdeko izara izateko geratu da:

Auskalo zer-nolako sinbolismo posmodernoak bilatuz egindako diseinua! Agian, Pradalesek adierazi nahi izan zuenarekin bat egiteko asmoz burutua? Hau da, “XXI. mendeko herritarrentzat inspiraziozko bide-orria” eta eredua izan dadin. Nork jakin, on Joakin!
∞∞∞∞∞∞∞∞
Bai 2023an eta bai gaur egun ere zail du jakiten oinezko hutsak Jaurlaritzako noren berrikuntza-zaletasunak bultzatu ote zituen/dituen “ikurrin” inspiratzaile horiek asmatzera eta erabiltzera. Halaz ere, susmatzekoa da akaso administrazioan gero eta hedatuagoa den narraskeria eta arduragabekeria —“total, berdin dio!”— izan direla beste behin ere horren motibo bakarra, Ikurrina “ikur” horien alboan izanda ere ez bide baita jendea ohartzen desberdintasunaz. Pradales, adibide.
Tamalez, belabeltzak Japoniakoaz esan zuena errepika liteke bi urte eta erdi beranduago ere hemen:
Egia da Euskal Herrian inor gutxik dakiela zein den Ikurrinaren koloreen antolamendua (berdea zuriaren gainean? gorria erdian?), baina espero izatekoa zen goi mailako erakundeetan dabiltzanek ongi asko jakingo zutela Ikurrina irudikatzen, zerbaitegatik baita guztion ikur nazionala eta, areago, zerbaitetarako ordaintzen baitzaie jauregietan aterpetuta egotea. Baina, itxura duenez, zirkulu horietan ere ez dakite Ikurrina margotzen, ez behintzat begien aurrean paratutako eredu, erreferentzia edo wikipediarik gabe. Eta ez dakite, nahiz eta zirkulu politiko horietako gehienok urteak eta urteak daramatzaten esentzien “jagole” ideologiko izaten eta guztion “arduradun” politiko gisara jokatzen.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Guztiarekin ere, izango da, noski, azken laido/kirtenkeria horren errua diseinuaz arduratu den agentziari soil-soilik leporatuko dionik. Eta izan lezake akaso arrazoirik, diseinu-agentzia batzuk oso baitira berrizale. Baina horrela gertatu bada ere, ez litzateke erru guztia diseinu-agentziarena, ez guztia eta ez larriena ere, inondik ere ez. Funtsezko errua arduradun politikoena da, administrazioarena berarena, bai horretan parte hartu duten sailburutza desberdinena, eta bai lehendakaritzarena, beraiei zegokien-eta azken batean agentziak proposatutakoa ikuskatzea, begiratzea, zuzentzea eta onestea edo, kasu honetan bezala, atzera botatzea.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Japoniako eta Karlton hoteleko irudimenezko ikur horiek kenduta, hirugarren saialdi bat izan lezake Eusko Jaurlaritzak hurrengo batean. Baina zalantza da ea asmatuko al duen diseinuan, Ikurrinak aldarrikatzen duen sinbolismoari muzin egin gabe.
Gogora diezaiogun, sinestun ez bagara ere: gurutze zuria aurrealdean; atze-atzean, hondo gisara, kolore gorria eta, bien artean, aspa berdea.

Ez horregatik!
