Euskal katuen amiltzeaz

0.-  Martxelo Otamendik besterik uste duen arren, analisi berriak nekez egon daitezke sobran euskararen egoerak kezkatuta bizi-edo garen askoren iritziz, orain arte ehundutako diagnostiko gehienek “itxaropena ez galtzera”, “hamar urtetan 300.000 euskaldun gehiagoz” erdituko garela amestera eta “ez dakienak ikasi behar du” mezuaren ildoko jokamolde indibidualistetara bideratzen baikaituzte. 

1.- Momentuz, eta diagnostiko berriak etorri bitartean, “oldarraldiak” gora eta “oldarraldiak” behera ari gara hemen, horrela jokatuz euskalgintzaren lema behar adina zuzendu ahal izango bagenu bezala, eta azken boladako zartako judizialek aldikako gertakariekin zerikusi gutxi dutela ohartu gabe. Horiek ez dira, izan ere, lehenago suertatu ohi ziren zorizko txingor-erauntsi bakanak bezalakoak, azpian norabide ongi markatuarekin mugitzen den magma batetik azaleratutako sugar-jario bortitzak baizik. Euskaldungoaren biziraupenerako ezinbesteko diren hizkuntz eskubideak pausuz suntsitzen dituen magmaz ari gara, eskubideen urraketa sistemikoa eta sistematikoa pausatu gaberik elikatzen duena. Egoera definitzeko orduan, zalantza bakarra da ea euskaldunok zeharo asimilatuak izateko azken bortxaketa-txanpan ote garen jada, epe ez oso luze batean geure buruak arras frantses eta espainol bilakarazita uzteko. 

Diotena diotela, gizatalde bat nortzen duen aterpe nagusia zeharo erauztea da haren hizkuntza propioaren erabilera oztopatzea, hizkuntza ezabatze-bidean jartzea, hura ostea…, eta hein berean, hizkuntza aloktono batez ordezten jardutea. Horrela burutu ohi da hizkuntz komunitate gutxiarazi ororen asimilazio-prozesua. Eta ikusi nahi ez badugu ere, euskararen termometroak ez du besterik islatzen.

2.- Gure harrokerian, wikipedian aurkitu bide dugu euskaldunok euskararen lurralde “hegemonikoa”, beste hizkuntza askoren aurretik jarri eta lasaitu egiten gaituen milioi erdi testu baitugu euskaraz bertan. Gainerako esparruetan (berdin dio zein edo nola aipa: hiri, herri, auzo, eskualde, komunikabide, administrazio, erakunde, osasun-arlo, zerbitzu, industria, merkatalgo, finantza, banka, kultura, kirol…) deus ez gara hizkuntzaren ikuspuntutik. Ezta, tamalez, gure(ago) generitzen familian eta hezkuntzan ere. Elebidun eta, are, elebidun ulerkor bilakatu gaituztelako nonbait, esparru guztiak laga dizkiegu erdarei. Espazio oro irribarre goxoz eta bihotz zabaltasun leloz laga, eta orain ezin inon arnasa hartu ahal izateko oxigenorik geureganatu.

Hori horrela, oker genbiltzake judikaturetatik datorrena ere alboetako Estatuen estrategia asimilatzailearen beste pausu bat dela ikusiko ez bagenu, ez oldar koiunturala edo “aldi” batekoa. 

3.- Jon Urruxulegik berriki gogorarazi moduan, euskalduna ur irakitan egosi nahi den igela bezala tratatzea da estrategia “demokratiko”-aren gakoa. Metafora psiko-sozial horren arabera, igelak berehala egingo luke alde eltzetik ura azkar berotuko balitzaio. Ura astiro-astiro berotzea litzateke, hortaz, igela egostera iristeko bidea, odol hotza urarekin batera epelduz lihoakiokeenez, ezer nabaritu gabe iritsiko bailitzateke irakite-puntura. 

Zientifikoki egia ez bada ere, baliagarria da metafora gisa gizakiok aldaketa larriak nola onartu ohi ditugun azaltzeko. 

Ildo horretan, itxuraz epelak (hots, ikusezinak edo igarrigaitzak) diren aldaketak jasan behar izan ditu euskaldunak urtetan barrena bere igelontzi mugatuan, betiere gizarte-normaltasunaren aitzakiapean, ezin saihets daitezkeen mass-media arrotzen bitartez, mugarik onartzen ez dituen kapitalismo neoliberalaren eta globalizazioaren eraginez, etab. Orain, ustezko “oldar-aldiak” medio, igelontziko uraren tenperatura irakite-punturantz hurbiltzeko berotzeari ekin zaio, Estatu-estrategiaren adarrek argi baitute egoera berrietarako espero izaten den ohitze-prozesua jadanik aktibatua dugula euskaldunok geure baitan. Erreakziorik eza edo eskasa eta pasibotasuna sorrarazi ohi dituen ohitze-prozesu klasikoa, hain zuzen bestelako esparruetan ere atzematen dena (aldaketa klimatikoa dugu egun hurbilena eta larriena). 

Agerikoa da azken boladako erabaki judizialen berrien errutina nolabaiteko inpotentzia, asperdura eta indarren ahultzea ekartzen ari zaizkiola euskaldungoari. Eta, ondorioz, aipatutako “ohitze”-az batera, gainezartzen ari zaion eszenatoki berrira egokitzeko premia ere eragiten diola pizkanaka. Litekeena da, aldaketa klimatikoarekin gertatu legetxe, “hizkuntz aldakuntza” ere azken muturrera iritsi arte jasatera egokitzen joatea…, erreparatu gabe igelontziaren berotze geldo hori amaitu artean beste hizkuntza batek/batzuk dizkiotela burmuinak higatuko eta mihia marruskatuko. 

4.- Estatuek badakite ongi ereinda dutela estres (edo areago, etsipen) psikologikoa eta soziala euskal alorrean. Eta horretaz baliatzen segitu asmo dute, noski. Okerragoa da, ordea, euskal jenderik hautuenek, abdukzioren bat medio seguruenik, tentelkeria tipiko-topikoak jaurtitzen eta esparru militanteenetan zabaltzen dihardutela ikustea. Nork ez du entzun/irakurri, esaterako, “elebitasunaren aberastasuna” izanik, inolako hizkuntz mehatxurik ez dela hemen? Edota, ezer egotekotan, urruti dugula euskararen ordezkapen-arriskua eta denboraz gabiltzala oraindik —bidegurutzean gaudela, diote batzuk— arazoari aurre egiteko? Nor ez da eklipseari miraz begiratzen geratu hainbatek, alboetako Estatu-konstituzioen aurrean ez ikusiarena-edo eginez, gure mintzairaren ofizialtasunaren estatus juridikoa blindatu egingo dutela diotenean?

5.- Duela zenbait urte amildegiaren ertzean geundela esatera ausartu zen hark orain beldur gabe erantsi liezaioke esaldiari ordudanik hamaika pausu egin dugula aurrera. 

Harira dator “klimaren mehatxu apokaliptiko”-az mintzatzean erabili izan den marrazki bizidunetako katu edo koioteen irudia, amildegiaren hegia atzean utzita airean korrika segitzen dutenena. Haien antzera, une honetan euskaldunok ere erroitz-muturretik aurrera segitzen dugu ariniketan, konturatu gabe oinen azpian jadanik zorurik ez dugula, airean ari garela. Marrazkietan, egoeraz ohartzean hasten da katuen erorketa, ez lehenago. Gurean bezalatsu, ziur aski: orain arte ez gara ohartu bukatua zaigula “bide-gurutze” irmoaren gaineko plazer masokistaz gozatzeko zoria eta, besterik desiatuko genukeen arren, amildegitik behera erortzen hastean aurkitu dugun heriozko gurutze-bidean jardutera kondenatuta gaudela gure behialako nahi eta borondatearen kontra. 

6.- Horrela egonda, egoerak, hitzak, kontzeptuak eta diagnostikoak nahasteak eta mozorratzeak ez digute ezer konpontzen. Halere, eta nola ez dakigula, hemen gaude amildegiaren hondoa ezkutatzen diguten milioi bat euskal (erdi-)hiztun zenbakaitzekin kontsolatzen, artikulatu ezinezko hizkuntz komunitate fiktizioaz jarduten eta gure hizkuntz Doomsday Clock delakoan oraindik gauerdirako pare bat ordu faltako balitzaigu bezala jolasten. 

Onartu nahi ez badugu ere, gure hizkuntzaren amildegi-hondo horretan asimilazio-prozesu zabal baten amaiera besterik ez bide dugu aurkituko, inora itzultzen uzten ez duten zoru trinkoa eta aterpe itsaskorra, nonbait ditugunak baino bizitza, baliabide eta perspektiba errazagoak, erosoagoak eta emankorragoak eskainiko omen dizkigutenak. Eta gure lurralde, hizkuntza eta kulturarekiko atxikimendu probintzianoa gaindieraziz, unibertsaltasuna ezagutzera eta dastatzera eramango ei gaituztenak.

7.- Amildegiaren hondora bitartean, dena den, sakon eta azkar pentsatzeko, baloratzeko eta neurri erabakiorrak hartzeko balia genezake bidai denbora laburra, guk praktikan lortzen ez duguna munduko bestek erreferentziatzat izan dezaketen diagnostikoen maila teorikoa aberasteko balio baitezake apika.

Etorkizuneko kongresuetarako ekarpen preziatu hori zehazterik ez bada ere, inori ez lioke gaizki egingo haietako hainbat gairi buruz hausnartzeko ausardia erakutsiko bagenu. Honako zazpi-zortzi hauetaz, besteak beste:

-ea zenbateraino bereizten ditugun bestek egindako ekarpenak eta inork abian jarritako akulturazio-prozesuak.

-ea noraino gure egungo egoera hau hizkuntz gatazka larri baten bilakaeraren amaiera-muturtzat uler daitekeen eta, baldin hil-ala-bizikoa bada, noraino ireki litzakeen horrek hiztun-komunitate desberdinen bizikidetza zoriontsurako ateak.

-ea noraino den onesgarria Konstituzioek euskarari ematen dioten estatusa, baldin aldi berean bere Herrian hutsaren hurrengoa izatera kondenatzen badute.

-ea zergatik gatazka- eta normalizazio-estrategiak irudikatzean ezin diren aintzat hartu eskuarki xake-jokotik at utzarazten zaizkigun garrantzi gaitzeko faktoreak.

-ea noraino bizkarrera dakizkiekeen zirkulu mugatuetan bizi diren norbanako xumeei egiturazko behar luketen ardurak, erantzukizunak eta konponbideak.

-ea zenbateraino euskararen normalizazioaz kezkatzen omen diren erakunde eta bitartekari politikoek, interes partikularrei muzin eginez, ezer funtsezko eta erabakigarri burutu lezaketen inoiz.

-ea hiztun aloktono izateko erabakia hartua duten biztanleek noraino lagun dezaketen bolondreski hizkuntza autoktonoaren normalizazioan.

-ea historikoki non irabazi den hizkuntz gatazka bat irribarre batez, enpatiaz eta sinpatikoak izaten.

Zeinahi ere den amiltze-bidaian burutu hausnarketen emaitza, gogoan hartu beharko genuke guk ez dugula katuek omen duten zazpi aldiz bizitzeko aukerarik.

Kategoriak Hausnarrean, Hizka-mizka | Iruzkinak desaktibatuta daude Euskal katuen amiltzeaz sarreran

Ikurrin berria? Ala oraingoan ere iseka?

Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 90. urteurrena ospatzen ari da gaur egungo Euskal Jaurlaritza. Argazkietan, Imanol Pradales lehendakaria eta haren gobernukide guztiak lehen egoitza izandako Bilboko Karlton hotelean. Pozarren eta zoriontsu guztiak!

Politikarien familia-argazki horren alboetan, bistan da, hain egun seinalaturako prestatu izan duten ikurra, diru publikoz ordaindua:

∞∞∞∞∞∞∞∞

Harrigarriro, ofizialki gure Herriaren sinbolo, marka eta ikur bilakatua dugun Ikurrinan era askeegian inspiratutako irudi horrekin omendu nahi izan dute lehen lehendakaria izandako Jose Antonio Agirre ere. Laido handiagorik, nekez!

Imanol Pradales lehendakaria, halere, harro deusen sinboloa ez den asmakeria ergel horren ondoan.

Kaleko euskalduna, bitartean, liluratuta bezain txundituta ergelkeria berriarekin, koloreak eta aspa-gurutzeak besterik ez baitute hartu Jose Antonio Agirreren eta aurreneko Eusko Jaurlaritzaren omenaldiaren antolatzaileek Ikurrinetik. “Total! Nori axola hori!”

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gogoratu behar da, dena den, berdintsu jokatu zutela Urkullu lehendakariak eta bere gobernuak Japonian 2023ko urriaren 13tik 20ra bitartean ospatutako “Basque Week” hartan ere, Ikurrina bainoago, munstrokeria bat eraman eta erakutsi baitzieten orduko japoniarrei gure Herriaren ikur gisara.

Ikusten denez, orduan, Japoniako ikur gorriarekin enpatizatu nahian edo, gurutze gorri bat jarri zuten gurea omen zenaren aurrean, gurutze zuria izan behar zena atzealdeko fondoa bilakatuz eta aspa berdea jatorriz dagokion tokian mantenduz. Gaitz erdi, pentsatu zuten euskal ortodoxo zenbaitek, ez baita dena galdu.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gaurkoan, nonbait, itxaropena sustatzeko garaian gaudelako edo, eraginkortasun gehiagokoa iruditu zaie dena hankaz gora jarri eta aspa berdeari lehentasuna ematea. Eta horrela, gure gizartean politikarien “bekatu” larri guztiak barkakizun direla eta, San Andres-en aspa (“X” gisakoa, alegia) gurutze bilakatu dute, segidan fondo gorria ohi dena aspa bihurtu, eta gurutze zuria, azkenik, atzealdeko izara izateko geratu da:

Auskalo zer-nolako sinbolismo posmodernoak bilatuz egindako diseinua! Agian, Pradalesek adierazi nahi izan zuenarekin bat egiteko asmoz burutua? Hau da, “XXI. mendeko herritarrentzat inspiraziozko bide-orria” eta eredua izan dadin. Nork jakin, on Joakin!

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bai 2023an eta bai gaur egun ere zail du jakiten oinezko hutsak Jaurlaritzako noren berrikuntza-zaletasunak bultzatu ote zituen/dituen “ikurrin” inspiratzaile horiek asmatzera eta erabiltzera. Halaz ere, susmatzekoa da akaso administrazioan gero eta hedatuagoa den narraskeria eta arduragabekeria —“total, berdin dio!”— izan direla beste behin ere horren motibo bakarra, Ikurrina “ikur” horien alboan izanda ere ez bide baita jendea ohartzen desberdintasunaz. Pradales, adibide.

Tamalez, belabeltzak Japoniakoaz esan zuena errepika liteke bi urte eta erdi beranduago ere hemen:

Egia da Euskal Herrian inor gutxik dakiela zein den Ikurrinaren koloreen antolamendua (berdea zuriaren gainean? gorria erdian?), baina espero izatekoa zen goi mailako erakundeetan dabiltzanek ongi asko jakingo zutela Ikurrina irudikatzen, zerbaitegatik baita guztion ikur nazionala eta, areago, zerbaitetarako ordaintzen baitzaie jauregietan aterpetuta egotea. Baina, itxura duenez, zirkulu horietan ere ez dakite Ikurrina margotzen, ez behintzat begien aurrean paratutako eredu, erreferentzia edo wikipediarik gabe. Eta ez dakite, nahiz eta zirkulu politiko horietako gehienok urteak eta urteak daramatzaten esentzien “jagole” ideologiko izaten eta guztion “arduradun” politiko gisara jokatzen.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Guztiarekin ere, izango da, noski, azken laido/kirtenkeria horren errua diseinuaz arduratu den agentziari soil-soilik leporatuko dionik. Eta izan lezake akaso arrazoirik, diseinu-agentzia batzuk oso baitira berrizale. Baina horrela gertatu bada ere, ez litzateke erru guztia diseinu-agentziarena, ez guztia eta ez larriena ere, inondik ere ez. Funtsezko errua arduradun politikoena da, administrazioarena berarena, bai horretan parte hartu duten sailburutza desberdinena, eta bai lehendakaritzarena, beraiei zegokien-eta azken batean agentziak proposatutakoa ikuskatzea, begiratzea, zuzentzea eta onestea edo, kasu honetan bezala, atzera botatzea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Japoniako eta Karlton hoteleko irudimenezko ikur horiek kenduta, hirugarren saialdi bat izan lezake Eusko Jaurlaritzak hurrengo batean. Baina zalantza da ea asmatuko al duen diseinuan, Ikurrinak aldarrikatzen duen sinbolismoari muzin egin gabe.

Gogora diezaiogun, sinestun ez bagara ere: gurutze zuria aurrealdean; atze-atzean, hondo gisara, kolore gorria eta, bien artean, aspa berdea.

Ez horregatik!

Kategoriak Sailkatu gabea | Iruzkinak desaktibatuta daude Ikurrin berria? Ala oraingoan ere iseka? sarreran

Berriz ere aerosorgailuekin mokoka?

Eusko Jaurlaritzak joan den martxoan onetsi zituen Energiaren Euskal Erakundeak proiektu fotovoltaiko eta eoliko handiak garatzeko zehaztu dituen esparruak. “Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa” izeneko ebazpenak EAEn 2030era bitartean lortu nahi diren energia-xedeak ere finkatu ditu.

Aramaiori dagokionez, garbi azaltzen da bertan udalerriari bi esparru egokitu zaizkiola aerosorgailuak eraiki ahal izateko. Hartara, planoetan ekialde-sartalde lerro zabalari (Asentsiomendi-Ganborralde-Durakogain-Mugia) iparralde-hegoalde eremua (Sankristobalen pareko Atxuri eta Eperrenbasotik hasita Jarindogoitiraino) eransten zaio poligono eolikoak eraikitzeko esparru egoki gisa. Hegoalderago, Leintz-Gatzagako mugan, Jarindo aldeko eremua 800 metrotik gorako kotetara zabaltzen da. Planoan morez margotutako eremuak dira Aramaiori dagozkionak (udalerriaren mugak, marra beltzez)

∞∞∞∞∞∞∞∞

Diogun, aurrekoarekin lotuta, bitxi samarra gertatzen dela 2025eko uztailaren 25ean ALERION SPAIN S.L. delakoak emandako pausuan azaldutakoa. Enpresa horrek, izan ere, Eusko Jaurlaritzan aldez aurreko administrazio-baimenaren eskaera aurkeztu zuen Durakogain-Ganborralden poligono eoliko bat eraikitzeko. Harrigarriro, «Clúster de parques eólicos Subero y Durakogain» izendatu zuen poligono eoliko bakar hori, proiektuan aurkeztutako koordenadek Zubero (edo Jarindo) aldeko esparruaz ezer adierazten ez zuten arren.

Bazirudien, hortaz, “parques eólicos” horren atzean beste zerbait gehiago gordetzen zela eta agian berariaz utzi nahi izan zutela beranduagorako eremu horri (UTM X 532000-533000, UTM Y 759000-762000) ustez zegokion bigarren poligono eolikoa. Orain kaleratutako Ebazpenak, ordea, ez du Zuberoko eremua aintzat hartu poligono eolikoak eraikitzeko eremuak zehaztean. 

Baina irudipenak irudipen, akaso?

∞∞∞∞∞∞∞∞

Berria egunkariak zioenez, Lurralde Plan Sektorialak 35 MWeko energia eolikoa ekoizteko xedea finkatu du 2030era bitartean inguru horietako bi poligonoetarako. Horixe, bada, Durakogaineko eolikoek eta Jarindo aldekoek batera lortu beharko luketen argindarra.

Baina hori horrela izanda ere, uste izatekoa da “doikuntzak” planteatzen hasiko direla epe laburrean eta, aerosorgailuen birpotentziazioak, tamainak edota kopuruak medio, gorantz “doitu”-ko direla ekoitzi litezkeen MWak.

Ildo horretan, pentsatzekoa da aukera hori baliatzearekin jokatu duela hasieratik ALERION SPAIN enpresak ere. Izatez, iaz Ganborralde-Durakogaineko proiektu eolikorako egindako baimen-eskaeran guztira 9,9 MW ekoiztuko lituzketen bi aerosorgailu soil besterik ez zuela eraikiko adierazi zuen, bakoitza 5na MWekoa. Kontua da, perspektiba berriarekin, lurraldea “desaprobetxatzea” litzatekeela hori EVEren eta LPSren arabera eta, proiektaturiko bi aerosorgailuez gainera, potentzia berdineko beste bost (5) gehiago eraikitzeko baimena jaso lezakeela erraz asko. Hipotesi hutsen harira, noski, guztira zazpi (7) aerosorgailu izan litezke Statkraftek jadanik zeharo garatua zuen poligono horretan. Hori bai, berpiztarazitako “zonbi proiektu” gehienetan gertatu bezala (1) —eta hori besterik ez dirudi oraingo honek—, norbegiarren originala zertxobait aldatuz. Esate baterako, haienak baino haize-errota baxuagoak jarriz, Ingurumen Sailak istilurik izan ez dezan sai arre, sai zuri eta belatz madarikatuekin baimenak luzatzeko orduan.

Jarindoko poligonoa, bestalde, beranduxeagoko kontua izan liteke, askoz era lasaiagoan eta hegaztien beldurrik gabe jaso bailitezke beste bospasei aerosorgailu bertan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

(1) “Zonbi proiektua”: “Hildako”(eskuarki, administrazioak atzera botatako) proiektu berriztagarri baten berragerpena, moldaketa txikiren bat edo beste jaso ondoren. Zonbi proiektuen xedea, oro har, “no es montar eólica sino ganar autorizaciones para luego venderlas a terceros –ergo especular–” (ikus hemen).

Kategoriak Aerosorgailuak | Iruzkinak desaktibatuta daude Berriz ere aerosorgailuekin mokoka? sarreran

Hurrengo urteetako biztanleria-kopuruez eta bestez

Jakin berri da Suitzak biztanleria-kopurua hamar milioira mugatzeko proposamena erabakitzeko erreferenduma burutu asmo duela ekainean. Arrazoia? Eskuinekoa den Volkspartei suitzarra beldur omen da eztanda demografiko batek zerbitzu publiko eta sozialetan, etxebizitzen eta alokairuen mugimendu eta prezioetan eta beste hainbat esparrutan izan lezakeen eraginaz. Begien aurrean izan dute, halaber, azken hamar urteotan Suitzako populazioa %10 inguru hazi dela Europar Batasunekoa %2 baino gutxiago areagotu bitartean, eta gaur egun populazioaren laurdena osatzen duen immigrazioa izan dela hazkundearen faktorerik garrantzizkoena.

Espero izatekoa zenez, ideologiakide diren enpresariak eta finantza-sektoreak ere agertu dira eskuineko ekimenaren aurka, immigraziorentzako hesia litzatekeen mugatze horrek ekonomiaren geldialdia ekarriko luke/lieke-elako atzetik. Eta ongi asko dakite zertaz ari diren inpaktu latz horretaz dihardutenean, ez baita sekretua sektore horiek direla hurrengo urteetako panorama ekonomikoa sakonen aztertua eta zorrotzen kalkulatua dutenak.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Zail da jakiten, noski, zer-nolako bidea segituko duen Euskal Herriak etorkizun labur-luzean, baina badira gurean, hala-holako futurologorik ments ez dugun arren, horrelako aurreikuspen demografikoez diharduten ikerketa serioak. Horietako bat aurki daiteke Siadekok 2025ean, UEMAren enkarguz, Hego Euskal Herriaz burututako proiekzio demolinguistikoan (“Norantz doa Euskara?”). Haren arabera, biztanle-kopuru bertsua izango da 2026an (2.908.545 biztanle Hegoalde osoan, haietako 684.881 Nafarroan eta 2.223.664 beste hiru lurraldeetan) eta 2036an (2.981.776 biztanle). Desberdintasun kualitatibo-kantitatibo esanguratsuena ziurrenik honako hau: 2036an 65 urtetik gorako ehun eta berrogei mila biztanle gehiago izango direla 2026an baino. 834.023, guztira.

Hamar urteko epe horretan, bestalde, penintsulatik kanpoko 200.000 etorkin (haur zein nagusi) gehiago jasoko omen dituzte lau lurraldeok, etorkintzat hartutako horiek guztira biztanleriaren %23,2 osatuko dutelarik. Badirudi, aldi berean, estatu espainoletik etorritako “atzerritarren” kopuruak beherantz egingo duela (2026an baino 125.000 inguru gutxiago), biztanleriaren %10,4an geldituz. Orotara, edonola ere, milioi bat izango bide dira 2036an Hego Euskal Herrian jaioak ez diren “atzeak” (%33,6).

Ia proiekzio hori bezain sotilak agertzen dira CONFEBASK-ek 2022an Euskadi delakorako aurkeztu zituen aurreikuspenak. Haien arabera, hurrengo 20-30 urteetan milioi erdi etorkin besterik ez litzateke beharko hiru lurraldeotan: belaunaldi-erreleburako 237.000, hazkunde ekonomikoa sustatzeko 177.000 eta, “hemengo ekonomiak Estatuan zeukan tamaina errelatiboa berreskuratu” nahi izango balitz, beste 140.000 gehiago. 

Horraino langile-premiaren inguruko aurreikuspenak. Kontua da enpresa-mundua, esan bezala, langilez ari zela hori zioenean, hots, lan-mundurako 554.000 etorkin/langileren beharraz. Ez zuen aipatzen langile horiek, logikoa-edo den bezala, harrera herriaren biztanleria areagotzen duen familia eraman ohi dutela lehenago edo beranduxeago. Alegia, kalkulu xumeak erakutsi legez, etorkin langile bakoitza batez beste hiru ahaideko familia-unitatea osatuta iritsi ohi dela aintzat hartzen bada (aita-ama-haurra, adibidez), milioi eta erditik gorakoa izan liteke begiratu beharreko etorkin-kopurua.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Erantsi beharrik ez da enpresa-munduak eginda dituela bere kalkuluak eta horretan saiatzen eta xedeak betetzen segituko duela aurrerantzean ere buru-belarri. Ezin jakin, atizitik, gauza publikoaz arduratzen lehena izan beharko litzatekeen Administrazioak begiradaren bat emateari ekingo dion populazio-hazkunde itzel horrek hezkuntzan, osasun-arloan, zerbitzu sozialetan, bizitzeko azpiegituretan eta bestelakoetan izango duen eraginari. Ahaztu gabe, noski, etorritakoen integrazio-eskaintzan sortuko diren premia berriak eta euskaldunon hizkuntzaren normalizazio-bidean azalduko diren oztopo gaitzak.

Lan larria begien aurrean, beraz. 

Kategoriak Hausnarrean, Hizka-mizka | Iruzkinak desaktibatuta daude Hurrengo urteetako biztanleria-kopuruez eta bestez sarreran

Euskararen normalizatzearekin, demokrazia gehiago

Euskararen normalizazioa ez da aukera soil bat: giza-eskubide funtsezkoenetako bat da eta atzeraezinezko premia. Egunetik egunera euskal hiztunoi areagotzen ari zaigun gutxitze- eta ordezte-eredu linguizida hau normalizazio-eskeman oinarritutako eredu batez aldatzea, berez, ezinbestekoa da, lorpen historikoa izateaz gainera. Eta ezin alboratu, atzeratu edo gutxietsi daitekeen aldaketa da, aldi berean. Esan gabe doa glotozidioaren aurka borrokatzeko premia horrek eskala handiko eraldaketa ideologiko, ekonomiko, kulturala eta politikoa dakarrela, sektore guztiei eragiten diena eta konpromiso politikoak, inbertsio ekonomikoak eta epe luzerako plangintzak eta araudi egonkorrak eskatzen dituena.

Aldaketaren dimentsioa ikaragarria da, eta denbora mugatua dugu zeharo. Bi faktore horiek baldintzatzen dute prozesua, eta ezin gara erronkari aurre egiteko egoera idiliko baten esperoan geratu. Ez da errealista eta, gure ergelkeria erakusteaz batera, ez ginateke garaiz iritsiko. Horregatik ez da bideragarria ustezko euskararen normalizazioa irudikatzea dauden aktore, arau eta dinamikak kontuan hartu gabe. Normalizazioaren ideia bera hori da: hizkuntz supremazismoak gainezarria digun egoera jakin honetatik abiatu eta egoera arnasgarri batera iristea; horrek eragile ezberdinen rola aintzat hartzera eramaten gaitu, izan publikoak, komunitarioak edo pribatuak, eta parte hartzeak geure egitera.

Baina hori onartzeak ez du esan nahi edozein ezarpen eredu onargarria denik. Eztabaida politiko nagusia jada ez da euskararen normalizazioa bai ala ez, baizik eta zer bide-orriri jarraitu gizarte osoak parte hartu dezan eta onuradun izan dadin.

Euskararen minorizazioa geldiaraztea eta normalizazioa lortzea urrats erabakigarria da gizartearen bizitzarako eta subiranotasun linguistiko-kulturalerako. Aurrerapen hori lorpen estrategikotzat jo eta baloratu behar da. Baina, eraldaketa horrekin batera, beste urrats garrantzitsu bat eman behar dugu: euskararen berrindartzea eta unibertsalizazioa babestuko duen demokratizazioa.

Alde horretatik, eta Hego Euskal Herriari dagokionez, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko legeetan hizkuntzez jasotakoak ez dira inondik ere ez xede horretarako pentsatuak eta ez egokituak, eta sakonki aldatu behar dira. Are gehiago esan daiteke Espainiako konstituzioaz: zeharo irauli behar baita 3. artikuluaren bigarren puntua, honela edo utziz: «Las demás lenguas del Estado serán también oficiales en las respectivas Comunidades Autónomas y todos los habitantes de cada Comunidad tienen el deber de conocer la suya propia y el derecho a usarla». Berdintsu esan behar da Frantziako konstituzioaren 2. artikuluaren zuzentzeaz.

Lege horiek guztiak nahitaez garatu behar dira, gure jendartearen barneko perspektiba eraldatzailea zabalduz, eta kohesioa, integrazioa eta bizikidetza sortzeko aukera historikoa behingoz ezagutu dezagun. Ez hiztun gisa bakarrik, eta bai, berriz, euskal komunitatearen parte aktibo gisa ere.

Horrela, euskararen egoera legezkoa ez ezen, demokratikoa ere izango litzateke.

Berriro diogu: euskararen minorizazio-egoera aldatzea lehen mailako helburutzat behar dugu izan. Baina hori egiten dugun bitartean, gogor egin behar dugu sistema berrirako prozesuak ez ditzan garatu eta burutu hizkuntza hegemonikoek euskararekiko ohiko dituzten gutxieste-, ordezte- eta, finean, erailtze-eskema berberak.

Gakoa horretan datza: euskararen normalizazio-prozesuak eta sistemaren demokratizazioak elkarrekin egin behar dute aurrera, betiere egungo errealitatetik abiatuta, baina epe laburreko ortzimuga politiko eta linguistiko argi bat marraztuz: Euskararen erabateko normalizazio legala eta praktikoa, haren unibertsalizaziorako beharrezkoak diren bitarteko guztiak xedaturik eta Euskaldunon komunitateak luzarorako iraupena ziurtatuta izateko mekanismoak eskuragarri jartzen direlarik.

P.S.: Beste xede batekin kaleratua baina, azken buruan, testu honen jatorrikoa argitaratu duten Ander, Mikel eta Oihan-i eskainia. Itsasontzi berean gabiltzalakoan, edonola ere.

Kategoriak Euskara gurean, Euskarari erasoka, Hausnarrean | Iruzkinak desaktibatuta daude Euskararen normalizatzearekin, demokrazia gehiago sarreran

URTE BERRI ON!

Nebrako ortzi-diskoa (Alemania), duela 3.600 urtekoa.

Δέδυκε μεν ἀ σελάννα

καὶ Πληΐαδεσ, μέσαι δὲ

νύκτεσ πάρα δ᾽ ἔρχετ᾽ ὤρα,

ἔγω δὲ μόνα κατεύδω.

Safo

Pleiadeak

∞∞∞∞∞∞∞∞

Quero dos deuses só que me não lembrem […]

A quem deuses concedem

Nada, tem liberdade.

Pessoa

Garena bete dezagun,

Ez baitzaigu besterik eman.

Kategoriak Sailkatu gabea | Iruzkinak desaktibatuta daude URTE BERRI ON! sarreran

Euskarak kezkatutakoak: Enrike Zubiri Gortadi, “Manezaundi” (1868-1943)

“Manezaundi” Luzaideko plazan margotzen (1920-1930)

Luzaiden jaioa, Enrike Zubiri Arte Ederretako ikasketak burutu eta Parisko arte-giroan murgildu zen buru-belarri. Geroztik, Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan aritu zen irakasle. Margolari bikaina izateaz gainera, oso artikulugile zorrotza ere izan zen Errepublikaren garaiko prentsan (Eskualduna, La Voz de Navarra, El Dia, etab.).

Euskarari buruz idatzi zituen pasarte nabarmen batzuk dira ondokoak:


Nik gogo-bihotzean ez dut jaidura bat baizik: euskara, beti euskara! (1935).

Egiazko euskaldunak oroz gainetik behar du jakin bere mintzoa, eta eginahalak egin asmo eder hori lortzeko (1932).

Ez da deus ederragorik nola bakoitzak bere jendaki edo arrazaren hizkuntza jakitea. Enetzat bederen hori daukat ohore handiena (1933).

Ehun aldiz esana da egia handi bat. Elea dela arimaren mintzaira. Eta arraza batek bere hizkuntza ahazten baldin badu edo sekula jakin ez badu, eta arrotza ibiltzen, arrunt bestelakatzen da. Mintzairak arima eta gogo-bihotzak bereganatzen ditu. Hain du indar gaitza, non esan baitaiteke euskara ez dakien euskalduna ez dela gutarra. Odola gurea du, baina bere jitea eta adimendua bihurtu dira eta arrotz bilakatu. Horra egia huts-hutsa, bortitza eta hitsa (1936).

Euskaldunaren eginbide hertsiena da euskaldunki bizitzea (1933).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Denok dakigun bezala, azkeneko zazpi urtetan debekatua genuen ezpainetatik kanporatzea aita-amen mintzaira, gure sort-elea, baina orain gobernuak laxoago uzten du uztaia eta poxi bat mintzatu ahal gara haizutasunarekin (1930)

Espainiako errepublikako gobernu berriak hitz ematen du Euskal Herriko mintzaira, ohiturak eta bere legeak onartzen dituela lehenagoko moldetan. Agintza ederra, hori, baina hitzak ez baitira beti egiteak. Gauden, Euskaldunak, erne eta begia zorrotz! (1931).

Baina zimiko bat hemendik eta ausiki bat handik, emeki-emeki arrunt edo ia biluzi gaituzte gure behialako lege zahar ederretatik. Eta epe laburrik barne Espainiako edozein probintziaren lerroan ezarriko gaituzte azkarki uztartuak. Horra zertaratu gintuzten. Hona zer garen oraingo egunean! (1934).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Betidanik euskaldunak bere mintzaira gutxiesten! (1933).

Seaskako mintzoa ahazten edo baztertzen duenak bere gogoa, bere baita, bere izatea bestelakatzen du, eta arrotz bilakatzen da bere kidekoen artean. Horra euskara ahaztearen ondorio hitsak (1932).

Deitoragarri da herri euskaldunetan ikusten duguna. Erdara, arrotz-mintzaira, nagusitzen ari da egunez egun, erdeinu eginik gure mintzaira ederrari (1932).

Bihotza eta gogoa bereganatzen du ele arrotzak (1933).

Euskaldunak betidanik lerratu dira hitz erdaldunei, euskarazkoak jakinik ere, eta gero ahazten dituzte, eta azkenean galtzen dira. Zenbat horrelako gertatu den! (1935).

Hemen arrotza errazki nagusitzen da bere mintzairaz, ohiturez eta elez, denak hari so tenteldurik, ergelkeriak esanda ere, bere ahotik berriketa purrustan badariolarik (1933).

Harritzekoa da nola herrixka batera lau, sei arrotz etorriz gero, berehala gazteria guztia beretzen duten, haiei begira, ahoa zabaldurik! (1932).

Maiz ikusten dugu Euskal Herriko seme erdaldunak, euskarazko hitzik ez dakitenak, eta bizkitartean beti ari zaizkigu aitortzen zein handia den beren amodioa gure mintzairari, goresmenik bizienak eginik bere edertasunaz. Baina hitzak haizeak eramaten ditu eta ele polit horiek mihitik barne ez dira sartzen, ezpainek kartsuki esanak izanik ere. Non ditugu amodio horren frogak? (1932).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Odoleko deiari uko egiten da eta nolanahi erortzen dira arrotzen mintzoan (1932).

Hizkuntza! Hori da hastapena, lehen-leheneko beharra. Hizkuntza da arimaren elea, eta jakina da gizonak bere mintzaira galtzen duelarik, arrotza hartuz, honek beretzen du ez bakarrik mintzairaz, baina jitez eta izatez. Hitz batez: arima bestelakatzen zaio. Horra zer ondorio hitsak ekartzen dituen gure elea galtzeak (1933).

Ze kalte izugarriak ekarri dizkigun gure itsutasunak, gure ezaxolak, gure laxokeriak! Noraino jausi garen mailaz maila erreka zolaraino, gutaz nagusi izanik, sehi baten heineraino! (1936).

Izugarria da nola suntsitzen ari den gure euskara ederra […] Bai, hori da egia bortitza, lazgarriena, hitsena gure herriarentzat, zeren eta mintzaira gogoaren ispilua baldin bada, hura galduz gero gu geu geure etxean arrotzak izango gara. Ba ote da lotsagarriagorik? (1930).

Eta guk, gaixo zozoak, gure mintzaira alde batera baztertzen, erdarak liluratuak eta uztartuak (1930).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Orain arte esan daiteke euskaldunak barreiatuak egon garela gure artean […] Izan daitekeen makurkeria kaltekor handiena zen orain zenbait urte arte iraun duen bereizkundea, Vascos y navarros, izen izunarekin, anai odol berekoak oro ez baginen bezala. Eta nor da hobendun horrelako gaitzaz? Nor? […] Gure uzkurtasuna et nagitasuna. Bai eta ere etxean berean sartuak ditugun etsaiak (1933).

Ezagutu dezagun gure herria, gure edestia edo historia eta gure hizkuntza paregabekoa. Ezagutzatik sortuko da maitasuna. Ezagutzen ez dena ezin da maitatu (1936).

Zerbait nahi baldin badugu lortu, behar dugu mendietatik honaindiko euskaldunok elkartu. Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa denak bat egin, eta lotuak egon lokarririk azkarrenean. Bereizirik deus ere ez dugu erdietsiko. Elkartasunean eta batasunean da indarra (1931).

Eta hemen lan gaitza eta luzea egin behar bada ere gehienak euskalduntzeko, ez gaitezen horregatik lotsa; ez dugu etsitu behar. Egin dezagun inurriaren lana, zalantza gabe bermatuz, nahikunde saminarekin, zazpi ahalak eginik, bururik itzuli gabe tira ahala. Erein eta heda euskara: goldea eta aitzurrarekin irauliz gure mintzairaren alorrean, eta ahurtaraka hazia ildoskan boteaz, geroago ereintza horretatik bil ditzagun uzta eta mozkin ugarienak (1933).

Altxa ditzagun, beraz, gure mintzaira, gure ohiturak eta legeak, baina bitartean egon gaitezen beti irmo eta zut, etsaia begitik utzi gabe (1931).

Gauden euskaldun Euskal Herrian! (1932).

Kategoriak Euskara gurean, Euskarari erasoka, Hausnarrean | Iruzkinak desaktibatuta daude Euskarak kezkatutakoak: Enrike Zubiri Gortadi, “Manezaundi” (1868-1943) sarreran