Berriz ere aerosorgailuekin mokoka?

Eusko Jaurlaritzak joan den martxoan onetsi zituen Energiaren Euskal Erakundeak proiektu fotovoltaiko eta eoliko handiak garatzeko zehaztu dituen esparruak. “Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa” izeneko ebazpenak EAEn 2030era bitartean lortu nahi diren energia-xedeak ere finkatu ditu.

Aramaiori dagokionez, garbi azaltzen da bertan udalerriari bi esparru egokitu zaizkiola aerosorgailuak eraiki ahal izateko. Hartara, planoetan ekialde-sartalde lerro zabalari (Asentsiomendi-Ganborralde-Durakogain-Mugia) iparralde-hegoalde eremua (Sankristobalen pareko Atxuri eta Eperrenbasotik hasita Jarindogoitiraino) eransten zaio poligono eolikoak eraikitzeko esparru egoki gisa. Hegoalderago, Leintz-Gatzagako mugan, Jarindo aldeko eremua 800 metrotik gorako kotetara zabaltzen da. Planoan morez margotutako eremuak dira Aramaiori dagozkionak (udalerriaren mugak, marra beltzez)

∞∞∞∞∞∞∞∞

Diogun, aurrekoarekin lotuta, bitxi samarra gertatzen dela 2025eko uztailaren 25ean ALERION SPAIN S.L. delakoak emandako pausuan azaldutakoa. Enpresa horrek, izan ere, Eusko Jaurlaritzan aldez aurreko administrazio-baimenaren eskaera aurkeztu zuen Durakogain-Ganborralden poligono eoliko bat eraikitzeko. Harrigarriro, «Clúster de parques eólicos Subero y Durakogain» izendatu zuen poligono eoliko bakar hori, proiektuan aurkeztutako koordenadek Zubero (edo Jarindo) aldeko esparruaz ezer adierazten ez zuten arren.

Bazirudien, hortaz, “parques eólicos” horren atzean beste zerbait gehiago gordetzen zela eta agian berariaz utzi nahi izan zutela beranduagorako eremu horri (UTM X 532000-533000, UTM Y 759000-762000) ustez zegokion bigarren poligono eolikoa. Orain kaleratutako Ebazpenak, ordea, ez du Zuberoko eremua aintzat hartu poligono eolikoak eraikitzeko eremuak zehaztean. 

Baina irudipenak irudipen, akaso?

∞∞∞∞∞∞∞∞

Berria egunkariak zioenez, Lurralde Plan Sektorialak 35 MWeko energia eolikoa ekoizteko xedea finkatu du 2030era bitartean inguru horietako bi poligonoetarako. Horixe, bada, Durakogaineko eolikoek eta Jarindo aldekoek batera lortu beharko luketen argindarra.

Baina hori horrela izanda ere, uste izatekoa da “doikuntzak” planteatzen hasiko direla epe laburrean eta, aerosorgailuen birpotentziazioak, tamainak edota kopuruak medio, gorantz “doitu”-ko direla ekoitzi litezkeen MWak.

Ildo horretan, pentsatzekoa da aukera hori baliatzearekin jokatu duela hasieratik ALERION SPAIN enpresak ere. Izatez, iaz Ganborralde-Durakogaineko proiektu eolikorako egindako baimen-eskaeran guztira 9,9 MW ekoiztuko lituzketen bi aerosorgailu soil besterik ez zuela eraikiko adierazi zuen, bakoitza 5na MWekoa. Kontua da, perspektiba berriarekin, lurraldea “desaprobetxatzea” litzatekeela hori EVEren eta LPSren arabera eta, proiektaturiko bi aerosorgailuez gainera, potentzia berdineko beste bost (5) gehiago eraikitzeko baimena jaso lezakeela erraz asko. Hipotesi hutsen harira, noski, guztira zazpi (7) aerosorgailu izan litezke Statkraftek jadanik zeharo garatua zuen poligono horretan. Hori bai, berpiztarazitako “zonbi proiektu” gehienetan gertatu bezala (1) —eta hori besterik ez dirudi oraingo honek—, norbegiarren originala zertxobait aldatuz. Esate baterako, haienak baino haize-errota baxuagoak jarriz, Ingurumen Sailak istilurik izan ez dezan sai arre, sai zuri eta belatz madarikatuekin baimenak luzatzeko orduan.

Jarindoko poligonoa, bestalde, beranduxeagoko kontua izan liteke, askoz era lasaiagoan eta hegaztien beldurrik gabe jaso bailitezke beste bospasei aerosorgailu bertan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

(1) “Zonbi proiektua”: “Hildako”(eskuarki, administrazioak atzera botatako) proiektu berriztagarri baten berragerpena, moldaketa txikiren bat edo beste jaso ondoren. Zonbi proiektuen xedea, oro har, “no es montar eólica sino ganar autorizaciones para luego venderlas a terceros –ergo especular–” (ikus hemen).

Kategoria: Aerosorgailuak. Gorde lotura.