Statkraften azpiegiturekin kritiko direnentzako mandamentua

Berezkoa omen duen gardentasun-politikaren barnean, Statkraftek bere webgunean segitzen du esaten ez duela oraindik erabaki zein koordenadatan kokatuko dituen Aramaioko aerosorgailuak: 

En estos momentos nos encontramos estudiando muy cuidadosamente la ubicación exacta de cada uno de los ocho aerogeneradores del proyecto, ya que se deben tener en cuenta multitud de factores hasta llegar a dar con la localización adecuada para su instalación (2022/12/21ean kontsultatua).

Paradoxikoki, eskatuta dauka “Eraikitze Baimen Administratiboa”, baina, itxura duenez, aerosorgailuen koordenadak jarri gabe. Ezin jakin eskatzea falta zaion “Obrei ekiteko lizentzia” delakoan bakarrik zehaztu beharko dituen kokapenok. 

Gardentasuna deritzoten hori dela eta, ez dago azpiegitura eolikoen inguruko baloraziorik egiteko modurik. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bitartean, ordea, energia berriztagarrietan aditua den Mikel Otero prentsan azaldu da Statkrafti buruzko hainbat kontu argitzera eta “gomendio”-ren bat edo beste luzatzera. Bitxiena, honako hau: “cuando se dice que no a una infraestructura, hay que explicar cuál es la alternativa”. Alegia, datu guztiak izan arte (kokapenari dagozkionak barne) ezin da deus esan…, funtsezko ezeri lotzerik ez dagoelako; eta gero, ezezkoa bota nahi izatekotan, alternatiba ere bilatu behar zaio azpiegitura ezetsiari. 

Uste izatekoa da, ezker abertzalean dauden sentsibilitate desberdinak medio, ez duela Oterok inongo ortodoxiatik hitz egiteko asmorik izan, baina esaldiak badu, bai, mamirik eta iruzkintzekorik. 

Itxuraz, behintzat, bitxikeria horrekin “sektore ekologista” batzuetatik etor litezkeen kritikei aurreratu nahi izan zaie Otero, berak jadanik garbi baitauka zein den panorama energetikoan jarduteko norabidea:

Tenemos que decidir un modelo propio, un modelo vasco de generación de renovable también a escala intermedia y grande. No podemos renunciar a disputar la democratización de la generación energética renovable a estas escalas. Y lo que tenemos con Statkraft en este momento es un hecho diferencial respecto al resto de proyectos, y es que se ha abierto a que sea una copropiedad en la que puedan participar agentes públicos locales y a nivel autonómico. Entendemos que esa es la vía transitoria hacia un objetivo final que debe ser acometer este tipo de proyectos desde un esquema solamente público-comunitario.

Oker ibiltzeko arriskua gorabehera, edonork pentsa lezake Oterok ezin izan duela “hecho diferencial” delakoaren eragin instituzionalista ezkutatu eta zuzen apuntatu nahi izan duela Statkraftek eraiki asmo dituen azpiegitura erraldoiei aurre egiteko sor daitezkeen dinamiken kontra, aitzinetik ahulduta gera daitezen. Eta edonork pentsa lezake, halaber, beldur-edo dela aerosorgailu horien kontrako jarrerak Aramaio edo Azpeitia erdigune dituzten udalerrietan indar daitezen. 

Hala izanda ere, ez du ematen horrek bestelako estrategiarik suntsi lezakeenik, baina ulergarria da estrategia energetiko orokorraren markoan garautxo bat besterik ez diren azpiegitura horiek sor dezaketen tentsionamendua lehenbailehen gaitzetsi nahi izatea, beste zerbait ere honda bailezake elur-bola handitzen hasiz gero.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Mintzatu denean, segurua da ez zituela ahaztuta irailaren 19an Hamaika Irratian esan zituenak (“trantsizio energetikoaren planifikazioa enpresa handien esku egon da”). Eta halere, enpresa estatal norvegiarra ikustean lausotu egin bide zaio perspektiba, Statkraft –Europako energia hidroelektrikoaren ekoizlerik handiena, besteak beste– enpresa txikitzat-edo aurkeztu eta harekin trantsizio energetikoa herritarron interesen menpe geratuko balitz bezala mintzatu baita. 

Horrezaz gainera, Oteroren ustez, orain arte inguruotan ezagutu ez den kode etiko-politiko-ekonomiko izugarri distiratsua baliatzen du Statkraftek ingurunearekiko eta jendearekiko.

Hala izango da, hala bada, baina Statkraftek ez du ezertan erakutsi kode eredugarri hori jendaurrean izandako azalpenetan. Are gehiago, garai berriak iragartzen dituen espiritu kolonialistaren lehen seinalea ere erakutsi du ingurunearekin zerikusirik ez duten izen asmatuekin bataiatu dituenean azpiegitura eoliko erraldoi horiek: *ItsarazAramaion eta *Piaspe Azpeitian.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Guztiarekin ere, Oterok badaki horrelako azpiegitura bati ezetza ematen zaionean, azpiegitura horri esaten zaiola ezetz eta ez energia-estrategia orokor bati. Eta hamaika arrazoirengatik eman dakiokeela ezetza, besteak beste, azpiegitura horiek egunero jasan behar dituzten herrietan demokratikoki onetsia izan ez delako; edo, besteak beste, lurraldean bizi den komunitateak energia-azpiegitura horien onuraduna izateko inolako bermerik ez duelako; edo leku arras desegokian kokatu nahi delako; edo inguru horietan azpiegitura desberdinek sortutako saturazio-atalasea bera gainditua delako lehenagotik eta jasanezina egiten zaielako inguruneari eta inguruko biztanleei, edo… 

Aspalditxo dela, EAEn ezarri nahi izan zuten beste azpiegitura bati eman zitzaion ezezkoa sozialki eta politikoki biribila izan zen (ez dezala inork gaizki pentsa: Subillana-Gasteizen antolatu nahi zuten frakingaz ari gara), eta, oker ez bagaude, ez zen gero inor alternatibarik bilatzen aritu herri-biltzarretan.

Areago, koherentziak koherentzia, Mikel Oterok ez du alternatibarik aurkeztu Aixeindarrek (Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak osatutako erakundeak) Azazetan eraiki asmo duen zentral eolikoaren proiektuari ezezkoa eman dionean, ongi baitaki berak gaitzespena eta ezetza jasotzen dituzten azpiegituren alternatibak bilatzea, azpiegiturak berak inposatu eta ezarri nahi dituzten “horiexei” dagokiela, ez beste inori. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Diotena diotela, demokratikoki onetsia izan gabe etorri da norvegiarren proiektu eolikoa Aramaiora. Honelatsu islatu zituen Statkraftek bere “hecho diferencial”-a eta espiritu demokratikoa azaroko lehen bilera publikoan: “guk zuekin ez dugu zertan negoziatu edota adostu; zuen ordezkari politikoak ditugu horretarako”. Bertaratu guztien odola ozpinduta uztea lortu zuten mezu horrekin. Eta harrezkero, inork ez daki besterik.

Baina etorri da, edo etortzear da, jakina, erakunde politiko nagusiek proiektua Aramaion ezartzea eta garatzea erabaki dutelako. Eta etorriko da, dirudienez, parke eoliko itzel hori gutxienez hogeita hamar urtez jasan beharko duen herriaren borondate demokratikoaren kontra bada ere. 

Kategoria: Aerosorgailuak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude