1966ko abenduaren 14ko Erreferendumaren saboteatzaile txikia (Ipuina izan zitekeen istorioa)

Hamar urte besterik ez zuen, baina ondo gogoratzen ei da orduko guztiaz. Aramaion garai hartako eskolan dena egiten zen erdaraz: irakurri, ikasi, hitz egin. Eta horretxegatik, hain zuzen, iruditu zitzaion berebiziko aurkikuntza aurreneko “bisitaldian” beste umeekin batera egindako hura, ustekabean ezagutu eta lehenengo aldiz irakurri ahal izan baitzuten erlijiozkoa ez zen paper-sorta bat euskara hutsez idatzita. Egokiago litzateke hala moduzko euskaran idatzitako propaganda zela esatea, baina hobe gauzak ez aurreratzea. 

Esku-orri urdinetan zein horitan inprimatutako testuak ziren eta erdarazko panfletoen itzulpena eskaintzea bilatzen zuten. 

Mukizu xaloak, halere, azkar samar sumatu zuen arrunta ez zen zerbait, alegia, euskarazko propaganda hura etxez etxe banatzekotan zebiltzan haiek ez zirela, inguruan ahapeka esaten zen bezala, geuriek. Aurretik ikusia zuen herrian bestelako haiekin zegoen begiramen behartua, eta beharbada begiramen hark eta giroak berak transmitituriko sentsibilitatea izan zuen geroagokoaren eragile. Baina horretaz bera ez dago erabat ziur.

Edozein modutan ere, herrian denek zekiten kutxaka zekartzaten paper urdin-horiak haien interesekoak zirela, haienekoak bakarrik. Mutikoak, behintzat, ez zuen nabaritu 14rako antolatua zegoen erreferendum hura etxeko inori erakargarri egin zekiokeenik. Are gehiago: antolamendu haren guztiaren gain-gainean zegoena ongi ezaguna zuten herrian, besteak beste, haren argazkia eskolan jarrita zegoelako. Eta kuartelean ere bai, bertaratuek ziotenez, lauzpabost gelatan. Eta udaletxeko areto nagusian, nahiz eta gehienetan ezkutaturik, zeren eta areto hura igandeetan filmak proiektatzeko erabiltzen zenez, Franco diktadorearen argazkia pantailaren osteko horman geratzen zen estalirik.

∞∞∞∞∞∞∞∞


Erreferendum hitz ahoskaezin hura kalean nagusien ezpainetatik eta eskolan maisu-maistrenetik entzuten bazen ere, ezin zehatz liteke noraino ulertu zuten mukizuek haren xedea. Halere, haizea bezala zabaldu zen haien jolasetan doinu aspergarri batez errepikatzen ibiltzen ziren leloa: “Votar sí, votar no, votar en blanco es votar a Franco!”.

“Ixo, mutikua! Kartzela erungo haue-ta!” ohi zen nagusiek ahapeka esaten zietena, irribarre maltzurño batekin, kantatutakoa onesten zutela zirudien bitartean.

Azaroaren amaieran ekin ei zion aparatu frankistak Erreferenduma modu agerian antolatzeari herrian. Eta eskolan ere inork ulertzen ez zuen “Ley Orgánica del Estado” izeneko zerbait bozkatu behar zela azaldu zitzaien umeei. 

Lan pedagogikoa nagusiekin egin behar zuten, horratik.

Beraz, Aramaio Arabako udalerri euskaldun bakarra izanik, frankistak ondo ohartuta zeuden bertako hizkuntza erabili behar zutela bozka-emaileak konbentzitu nahi bazituzten. 

Abenduaren lehen astean, Arabako Diputazioan inprimatutako panfleto mordoa iritsi zen herrira, haietako asko, itxura zuenez, Aramaiorako bakarrik prestatutakoak, testua euskara hutsez idatzita baitzekarten.

Herriko umeek ondo ezagutzen zuten udaletxeko txoko batean gorde zituzten panfleto haiek guztiak.

∞∞∞∞∞∞∞∞


Honaino iritsita, komenigarria da diktadura ezagutu ez dutenentzat Erreferendum hari buruzko zenbait “ñabardura” garrantzizko gogoratzea. Bozketa derrigorrezkoa zen. Bai, hala zen: nahitaez bozkatu behar zuten hogeita bat urte baino gehiago zuten biztanle guztiek. Edo beste modu batean esanda, ez zen abstentziorik onartzen eta kode penalarekin zigortua zen bozketan parte ez hartzea. Eta jakina, oso arrazoi larriak behar ziren bozkatzera ez joateko.

Horrek esplikatzen du garbienik egun hartan Aramaion izan zen gaixo-kopuru ezohikoa, jende nagusiak argi ikusten zuen-eta noraino beteko zen umeek kalean inozo-inozo egindako profezia: “Votar sí, votar no, votar en blanco es votar a Franco”. 

Orduan haurra zenak oroimenean du oraindik bere etxean ere izan zela abenduaren 14 hartan ohetik jaiki ez zen nagusirik. Gaixorik, nonbait. 

Ondo begiratuta, gaixotasunarena zen gerra galdu zuten espiritu menderakaitzei gelditzen zitzaien amarru bakarra frankismoak antolatutako zirkuan parte ez hartzeko.

Emaitzek berretsi baino ez zuten egin herriko umeek aurreikusitakoa: ia % 90eko parte hartzea izan zen Estatuan, eta haietatik % 95,90ek baietza eman ei zioten diktadoreari. Aramaion ere Francok irabazi omen zuen. 

Estatuko irratiek esaten zutenaren arabera, Informazio eta Turismoko ministroa zen Fraga Iribarne ez zen alkandoran kabitzen Francoren aldeko baiezkoen kopuruak ematerakoan! Ahaztu egin zitzaion esatea, antza, bozka-kopuruek leku guztietan gainditzen zituztela hautesleenak, nasaiki gainditu gainera, eta Estatuko lurralderik hustuenetan ere ikaragarri puztuta zeudela “ibiltari” edo behin behineko egoiliar gisa agertutakoen kopuruak –eta baiezkoak–, eta Gandiako alkate frankistak herriko biztanle guztien ordez bozkatu zuela (22.000 biztanle), eta… 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bizkarrean hamar urte inozo zeramatzan ume hark ere izan zuen erreferendumean nolabaiteko parte-hartzea. Bere erara, noski.

Inork ez daki frankistek beharrezko ikusi ote zuten Aramaion erdarazko panfleto askorik banatzea, baina, esan bezala, ez zitzaien ahaztu Araban beste inon banatu ez zen euskarazkoa zirudien bertsioa eramatea. Eraman eta txukun-txukun gorde ei zituzten panfletoak udaletxeko atari nagusian, eskaileren ezker aldean dagoen txokoan. 

Ezin jakin daiteke haurren kuriositate naturalak, herri-soziologiak edota familiaren gorri-izaerak kutsatuta gertatu zen, baina kontua da gure umeak bigarren bisitaldi bat egitea erabaki zuela, eta frankistek banatzeko zituzten panfletoak eskuratzera abiatu zen banaketa hasi aurretik. Euskarazko panfletoak bakarrik eskuratzera, alegia, agintari espainolek herriko etxe eta baserrietan euskaraz barreiatu behar zituztenak. 

Hartara, inori esan gabe eta inork ikusi ez zuela, inoiz lapurretarik egin gabeko ume hura udaletxeko biltegi gisakora joan zen, ahalik eta panfleto gehienak eskuratu eta ondo baino hobeto gorde ei zituen segidan etxean, altzari, ontzi, kutxa eta jostailuz betetako gela batean. 

Mutikoa pozik geratu zen konfiskatze harekin, baina bazekien ezin ziola ezer esan inori. Orain arte.

Morroi frankistek panfleto haien falta sumatu bazuten, iskanbilarik gabe jarraitu zuten propagandarekin, erdarazkoen kutxak behintzat ukitu gabe geratu ziren eta.

Gure haurra orduan hasi zen ikasten euskararen eta euskaldunen arerioak ere euskaraz mintzo zitezkeela eta euskara ere baliatu zezaketela beren interesetarako. Panfletoetako euskararen kalitateaz zertxobait beranduago ohartu zen, baina, han-hemen galdetzen aritu izan den arren, ez du itzultzailearen izena inon aurkitu. 

Nolanahi ere –bereziki azpimarratu digu puntu hau–, inork ez dio oraindik argitu hizkuntz “begirune” berdinarekin jokatu ote zuen frankismoak “probintzia traidoreak” ziren Bizkaia eta Gipuzkoako euskaldunekin; edo “traidore” ez ziren Nafarroakoekin. Ez daki, hortaz, lurralde bakoitzean panfleto gehiago atera ote zuten “euskaraz”. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Mila inguru izan omen ziren gure haurrak errekisatutako panfletoak; halere, erdia baino gehiago desegin edo bota egin zituen handik urte batzuetara. Gorde zituenak –gaur arte argitaragabeak, nonbait– istorioaren hasieratik hona erantsitakoak dira.

Jatorrizko testua daramatenekin alderatzeko ezarriko dira jarraian erdaraz banatu zirenak ere. Dena den, behean azalduko diren arren, ez bide ziren euskarara itzuli 1936ko gerraren erreferentzia egiten zuten panfletoak eta ez dirudi erdaraz ere banatu zirenik Aramaion, kanpainaren arduradunen batek ez zuen-eta zuhurtzat jo urkatuaren etxean soka aipatzea, “Franco triunfó en el pasado” eta “Franco nos dio la Paz” mezuekin aramaioarren bekozkoa ilunago eta jarrera aurkakoago bilaka ez zitezen (ikus gaztelerazko laranja eta arrosa kolorekoak). Nahikoa iritzi zioten, bada, diktadorearen irudia Bakearekin, Askatasunarekin, Etorkizunarekin, Aberastasunarekin… lotzeari.

Kategoria: Sailkatu gabea Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude