Estilo liburua behar bat da

Ea ze albiste egin behar dudan gaur galdetu diot. Baina komunikazio arduradunak badu gaur Kultur Aste hau baino lehenagoko ardurarik.
Pernambucon bertan, lur-jabeen pistoleroak kanpamentu batean sartu dira eta erre egin dute.

 (Jon Sarasua, `Ertzeko zatiak´,)

Estilo liburu barik hasi ginen euskaraz informatzen. Egin egiten genuen, baina gaur, argitaratze hutsa baino aurreragoko lanik badugu. Kontzientea izan behar du egiten dugun lanak eta balioan jarri behar ditugu, besteak beste, estilo liburua aintzat hartuta jarduten duten kazetari kritikoak, ausartak, gaiak zehatz sakontzen dakizkitenak, euskara egoki darabiltenak, eta baita, proiektuarekin atxikimendua izan eta enpresaren misio eta printzipioekin bat egiten dutenak.

Ez da gauza bera talde politiko jakin bati lotuago dagoen editoriala ipar duen kazetaritza egitea, edo, justu, arerio den talde politikoari lotutako hedabiderako idaztea. Ez litzateke gauza bera izan behar, ezta ere, euskarazko tokiko hedabide bateko kazetaria izatea, zerbaitegatik baita “tokiko” eta zerbaitegatik “euskarazko”. Gure txikian menpekotasun apalagoa dugu nazioarteko agentzia, merkatu eta komunikazio taldeena eta horregatik dagokigu gure analisia kritikoagoa izatea tendentzia politiko edo sindikaletatik libre. Gure kalea asfaltozkoa zein birtuala da, eta jakina da, herrietan askotariko bezeroak ditugula. Pentsamolde guztietarako egin behar dugu lan eta hori idatziz jasoa izan behar da lanerako oinarri izango den arau eta gomendio multzoan. Behar bat da estilo liburu bat izatea kazetaritzan dihardugunondako, euskararendako, bezero dugun jendartearendako eta baita komunikabidearen nortasuna eratu eta indartzeko ere.

Pernanbucoko kultura astea zein erreketak haizatu behar dira kazetaritza estilo honetan. Gertuko gertaerak ere halatsu. Hedabideon ardura da eduki horiek ahalik eta jende gehienengana hel daitezen lan egitea. Berme ona da kazetaritza egiteko modu orekatu, kontrastatu, inpartzial eta ulergarria. Beti, euskara zaindu eta egokia erabiliz, euskal kultura bultzatuz eta helburu bera duten elkarte eta erakundeekin elkarlanean jardunda.

Liburu elektronikoen sasoia bada

Bihar egingo du aurkezpena Susa argitaletxeak eta datu gehiago eta primizia gehiago emango dituela seguru. Hala ere, tuitak badabiltza dantzan eta dagoeneko harrera ona egin diote ekimenari. Ia irakurleek ere halatsu egiten dioten. Badabil bada notizia eta pentsatu dut hona ekartzea Susaren apustu sendo eta beharrezkoaren berri. Zer eta gainena idazleek gehiago irabaziko dutela molde berri honekin, zer eta sortzaileak irabazle nagusiak, kateko lehenengoak eta garrantzitsuenak. Tumatxa!

Epub eta .pdf formatuan emango ditu liburuak, DRM barik, giltzarrapo barik. Hau berez  da notizia eta horregatik ere bai apustua! Baina ez da hor geratzen kontua. Liburuen prezioak eragingo du presioa. Susak hasitako bideak ekarriko du segidarik, seguruen. Liburuen prezioa zein den? 3,54 euro. Ole! 3,54 euro. Eta liburu guztiak prezio berean! BEZ barne dago (0,54). 3,54 euro horietatik 2 izango dira sortzaileendako eta bakarra argitaletxearendako. Ia 150 liburu prezio merke horretan. Demasa!

Hemen liburuak: https://susa-literatura.com/ebook/

Nago, Euskal Herrian ez dugula ohitura handirik liburuak digitalean irakurtzeko, baina horrelako ekimenek bizkortuko dutela seguru. AEBn, astean liburu bat edo gehiago irakurtzen dutenen %25ek digitalki irakurtzen du dagoeneko. Eta kuriosoa da zeren uste baitzen paperjaleenak izango zirela azkenak… baina ez, moldatzen lehenak izan omen dira han. Book Industry Study Group-en datuak dira hauek.

Nobela eta zientzia fikzioa dira salduenak, antza. Uste zen entseguak eta liburu akademikoak izango zirela digitalki salduenak, baina ez da horrela izan. Irakurleak erosteko ohitura hartu du (gehienak emakumeak AEB-n), pirateatu baino erosi egiten ei ditu liburuak BISG-k dioenez. Poztuko nintzateke Susak asmatuko balu. Nik ez dut liburu irakurlerik, baina gero eta seguruago nago hasiko naizela noizbait horrela irakurtzen. Gaur, bihar edo etzi, baina denbora asko ez da pasako.

QR-en erabilera bat informazio orrietan

Iraileko lehen zenbakiarekin hasi ginen QR-ak erabiltzen notizietan. Blog hau irakurtzen duzuen gehienok jakingo duzue bi dimentsiotako irudi hauek (munduari bira-ko pertsonaiak moduan 🙂 zer diren. Kodigo bat da eta horren atzean informazioa eta informazioa dago. Hori eskaneatu eta informazio gehiago lortzea da helburua.


Lehenago hasi ginen Goiena Klubean erabiltzen. Gero publizitatean, sailkatuetan-eta. Ordukoan, etxe bat salgai jartzen zuen bezeroak eta qr kodigo bat jarrita etxe guztiko erretratuak erakutsi zitzakeen esaterako, edo bideo batekin etxea erakutsi, edo, behinik behin, informazio osagarria erakutsi.

Irailetik, papereko edizioan erabiltzen dugu sarriago, albisteen barruan erakutsita. Erabilera finkatu eta erabaki dugu:

  1. Erabiliko dugu informazio gehigarriren bat ematen badugu: elkarrizketa bat paperean atera eta elkarrizketa luzeagoa mp3an, edo bideoan, edo… Gurean eskaneatzera animatzen denak zeozer gehiago jasoko du beti.
  2. Argazki galeriak ditugunean. Paperean sartzeko baino argazki gehiago ditugunean erakusteko: jaiak, kontzertuak, albiste interesgarriak irudi aldetik… Oñatiko jaietan paperean atera genituen 5 argazki, baina 100etik gora genituen goiena.net-en.
  3. Ez dugu erabiliko paperean dagoen gauza bera qr bidez lortzeko. Jakinekoa da interesa ere izan dezakeela helbidea gordetzeko eta geroago irakurtzeko, etab.  Baina ez dugu horrelakoetan erabiliko.
  4. Ez dugu QR-ekin ale guztia josiko. Neurrian asmatu behar da. Erabili behar direnean erabili eta kito. Erabiltzearen aldeko, baina plastadarik eman barik.
  5. Erabili QR dezenteak. Hau da, behin inprimatzen ditugula ez daitezela txikiegiak izan. Edozein doako programarekin erabiltzeko modukoak izan daitezela tamainaz.
  6. QR-en ondoan ez jarri azalpen luzerik “hemen aurkituko dituzu jaietako argazki gehiago…” horrelako esaldirik ez. QR-a nahikoa da huts hutsean.
  7. Telebista saioetan ere erabili izan dugu. Kasu honetan saioa amaitu osteko kredituetan.
  8. Arrakasta? ikusiko dugu. Gura dugu probatu. Kontuan izan Estatuan 12 milioi lagun baino gehiago sartzen direla sarera eskuko telefonotik… Gazteen kontua dela esaten dute askok… bai zera! Sartzen diren horietatik %50 dira 35 urtetik gorakoak

Urteurrena asteburuan: duela 75 urte, gelditu zituzten Francoren tropak Elgetan

75 urte bete dira Elgetako frontea ezarri zela. Gudari eta
milizianoek zazpi hilabetez gelditu zituzten Francoren tropak
Intxortan. Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 kultura elkarteko kideek ez
dute Espainiako gerrako pasarte hori oharkabean pasatzerik nahi ezta elgetarrok ere.
Urteurrena gogora ekartzeko ekitaldiak gertatu dira domekarako.

Zure nabigatzaileak ezditu iframeak onartzen.

Egitaraua

09:30ean kanpai eta etxafuego hotsa izango da Elgetan; 10:00etan
hasita Intxorta 1937 kultura elkarteko kideen eskutik bisita gidatu
berezia Intxortako ibilbidean. Eta ostean, Gerra zibileko harrera gunea bisitatzeko aukera.

Ekitaldi nagusia 12:00etan egingo dute Intxortako Atean. Jarraian,
martxa egingo da Elgetara “Egia, justizia eta kalte-ordaina zauriak
ixteko, askatasunez bizitzeko” lemapean.

Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak (Iturriotz, Joxemari. Alberdania. Irun, 2011) liburutik atera dugu pasarte hau ordukoak gogoratuz:

Gero egun batzuetako atsedena eman ziguten. Errusia
batailoiaren kuartelean pasa genuen, Bilboko Atxuriko eskoletan, eta
handik Elorriora joan ginen. Egun haietan ni kapitain izendatu ninduten
eta Julian Erdozia teniente. Elorriotik Elgetako frentera atera ginen,
Intxorta mendira, Martiartu, Larrañaga, Saseta eta beste batailoi batzuk
indartzera, etsaiak eraso izugarria prestatu baitzuen Bergaratik
etengabe tiro egiten zuten 80 hegazkin eta 156 kanoirekin. Goiko aldean
Santa Kruzen garaiko gotorlekuak zeuden eta berak idatzitakoak
harkaitzetan. Ondo samar gorortua zegoen, baina Deskarga gainaldean
kanoi bat jarri zuten, beti haitzari jotzen ziona, eta tonaka ateratzen
ziren harriek hegazkinek baino hil-zauritu gehiago eragiten zizkiguten.
Aste hura kalbario bat izan zen egunero erasotzen ziguten hegazkin,
artilleria eta infanteriarekin, baina eraso guztiak bota genituen atzera
eta hil-zauritu mordoxka egin genizkien. Ikusi zutenean gure frentea
ezin zutela urratu, Karraskainetik eraso ziguten eta gutako franko hil
zituzten, tartean Arregi izeneko mikelete bat, eta hildakoak eramateko
gaizki samar ibili ginen batzuek bi egun edo gehiago zeramatzatelako
hilik. Azkenean iritsi zen gaua eta arnasa hartzeko unea, baina gero
Karraskainetik Abadiño aldera sartu ziren eta tristura handiarekin utzi
egin behar izan genuen Intxorta, Elgeta gainean dagoen mendia,
Gipuzkoako azken herria.

Gerra guztiak dira krudelak, eta hori ongi erakutsi
zuten Elgetan, urte askoren buruan jakin baitzen zenbaterainoko
ankerkeria erakutsi zuten jendea bortxatuz eta fusilatuz. Baina Sosota
baserriko alabak eraman zuen parterik txarrena, bortxatu ondoren bere
aurrean akabatu baitzituzten bere gurasoak. Gehiago ezin zioten egin”.

Elgetarrok badakigu “Sosota” baserria idazten den lekuan Sesto baserria behar lukeela, edo zuzenago Sesto Gain. Baserriko krimena, haren lekuko eta biktima izandako Anttoni Telleriak kontatu zuen 2003an (Anttoni 2007an hil zen).

Leo Bassi, Bizardunak, eta ‘Urte berri on, amona’

Halaxe tokatu da eta hiru plan horiek izan ditut eskura.

  • Leo Bassi

Palestinatik etorri zen Leo Bassi Elgetara. Aluzinatuta zegoen han bizi izan duenaz. 6.000 lagunen aurrean egin zuen bere aktuazioa. Familiatik datorkio pailazo sena. 1840an hasi zen bere aitona ere. Radikala zen hura bai kapitalismoarekin eta bai eliza katolikoarekin eta hari horri tiraka osatu zuen bi orduko emanaldia. Aitita internazionalista dela zioen eta XIX. mendean internazionalista izateko modua zirkuak ematen omen zion. BASSI berbak, italieraz, “maila sozial baxuko” esan gura du eta horrekin abizenorrekin jaiotzeak poztu egiten zuela kontatu zigun. I. gerra mundialeko 1.450.000 hildakoak izan zituen gogoan eta lotura egin zuen Elgetan Gerra Zibila aitzaki hartuta Espaloian dagoen erakusketarekin. Aznar, Gay eta lesbianak… proposatu zuen urriaren 12ra pasatzea gay eta lesbianen eguna 🙂  Balore eta etika krisia dagoen garaiotarako errezetaren bat ere eman zuen, utopia ikusten lagundu zigun batu ginen 100 lagun ingururi (benetan gutxi!). Badu bere xarma Bassik. Antzerkia egin ostean ere oso interesgarria den tipoa, benetan.
Leo

  • Zapatuan Bizardunak Oñatin, karpan

Karpa baten jo zuten eta giro ederra zegoen heldu ginenerako. Komentagai, hala ere, Ulmaren kontrako kartel hau. Aluzinatu egin genuen. Zenbat bazkide, hau da, JABE egongo ziren karpapean? pentsa, txosnako garbilekua ere enkofratuak egiteko Ulmako materialarekin zegoen eginda… Seguru oñatiar askoren ahotan izan zela kartel hori. Han zegoenez gero adostuta jarriko zuten-edo…

IMG_1995

Bizardunak ondo egon zen, betiko erritmoan eta jai giroan. Zegoen eguraldiarekin eta giroarekin kanpoko taulan ere ondo leudeke, baina… Geroko erromeria ere ondo. Animatua.

  • Domekan zinera: urte berri on, amona

Oñatin luzatu eta domekan zine eguna. Urte berri on amona komedia beltza da.  Amona berezi xamarra zaindu behar duen familia baten gora-beherak. Ikustekoa, dudarik ez. Xabier Mendigureni oso oso ona iruditu zaio, esaterako. Niri ez horrenbeste, ondo eginda dagoen arren. Informazioa: http://www.urteberrionamona.com/

Bagara Martin Larralde

Gaur pintxo poterik ez (kaleetan bai, han jende uholdea zegoen), baina pintxoak eta ardoa zeuden ekitaldi bitan egon naiz, izan ere, Bilbok Xiberua letxe eta Nafarroak Albania, pertsonok ardoa… Bata, Bagararen urteko jardunaren azalpen ekitaldia; bestea, “Martin Larralde” liburu-diskoaren aurkezpena.
FX PhotoStudio Image
Lehenengoa ofizial-ofizial joan da. Kultura etxe ederrean, Arrasaten. Alkate gutxi entzuten, baina Ahaldun Nagusia han zen, lehenengo lerroan (eskukoak ere jo dio eta enteratu gara Aldundian iPhoneak erabiltzen dituztela :-). Jende dezente eta ezagun asko ekitaldian. Bagarak merezi du eta esango nuke begi asko daudela Bagarari begira. Gaur begira egon barik parte hartzera ere gonbidatu dute jendea. Gustatu zait egin diguten eskaera: “norbere txiringitotik harantzago begiratu eta ikusi. Komunitate osoaren eta Euskal Herri osoaren interes globalari egin jaramon. Manejatu plano zehatza eta orokorra. Oso garbi izan behar da epe motzera beharbada ez, baina epe ertain-luzera perspektiba laburrak kalte handia baino ez dakarrela”. Ia kapazak garen gizarte eragileak, pertsonak eta kooperatibak konfluentziara ekartzeko eta begirada altxatu.
FX PhotoStudio Image
Bagarak badu zerbait barrua mugitzen didana, baina gaur bigarren ekitaldian sentitu ditut tripak. Etxe horretan badakite autoantolaketa zer den eta gaur ere erakutsi dute. Ez da hitz bat, bizi filosofia bat da. Eneko Barberenak egin digu harrera, ondo egon da. Bere liburuaren aurkezpena egin eta ez du bertako testu bat ere irakurri. Prezzirekin egindako aurkezpen elegante bat ekarri du eta polito sartu ditu musikak, bideoak… berririk ez, baina bai ondo sartuak. Koblakariez jardun du, eta beharbada, entzuleoi, baita koblakari izateko grina sortu ere. Ikusi dugu koblakaria ez dela bizi gela txiki, itxi eta ilun batean, leihotik begira. Idazle hau ez dago, behitzat, zain.

‘Arriya’: ikusi eta gozatu

 

Durangon ikusi nuen filma, “Arriya”-n agertzen
den autobusa baino dezente zaharragoa den aretoan, pantaila handi-handian eta
butaka erosoetan. Azkenengoz “munduaren bira, doan!” ikusten egon nintzen areto
berean. Gehiagotan gozatu beharko genukeen aretoan… Amaieran gustura atera
nintzen, pozik, film polita ikusi izana komentatuz lagunekin. Laurok geunden
ados O’Connor’s-en. Merezi du eta gomendatzekoa da.

Gutxienekoa plaza-harria edo meza-harria; zein
mandoa edo zaldia. Pisua duten elementuak narrazioan eta pisuago zirenak gaur
direnak baino. Berdin errotarria, sentimenduak ere ehotzeko lain izan dena eta
meza-harria baino elementu magikoa filman. Ez dut ulertu “arriya” deitzeko
beharra filmari, hala ere. “Harria” ere ederra zatekeen olerkari bilbotarrak 1962rako
idatzi bezela. Film amaierako kredituak ez ditut topatu webguneko kredituen
atalean

eta bazegoen bat euskara jatorraz Iban Garate arduratu dela zioena… Ez dakit
euskararen izenean deitu zaion “Arriya” edo zergatik, auskalo!

Garate aipatu dudanez, esan dezadan kriston
aktorea ikusi dudala pantailan. Demasa. Malagako zinemaldian sariak eman
dizkiete Begoña Maestreri (emakumezko aktore onena), Saioa Larari (jantzirik
onenak), Gaizka Bourgeaudi (Fotofilm Deluxe irudi onena), Gorritiberea
zuzendariari berari Asecan saria eman diote, baina niri, bereziki, Garateren lana gustatu zait. Zaila izan behar da, benetan, erabakiak hartzen ez dituenaren
papera jokatzea. Sinesgarria egindako lana eta pertsonaiarekin identifikatzen
zaila den arren lortu ere egiten duena. Amigo, ez da ez erraza erabakiak
hartzea!

Bingen Mendizabal ere saritu dute Malagan, eta
sarituko dute aurrerago ere. Zelako soinu banda! Historian eta istorioan sartzen
zaituena, filma laguntzen duena eta irudiak begietatik sartzeko gozagarri dena.

Herrigiro eta familiagiro gordinari ihesa
pantailan. Seguruenik gehien espero nuen aterabidea momentu batera helduta,
baina ez horregatik errazena ehotze-lekua ere konponbiderako leku izan zitekeenean.

Atzera aurrerak despistatzeko aukera ere
ematen du, baina uste dut oso markatuak direla eta bigundu egiten duela
kontaketa, lagundu erraztu ez arren. Gustatu zait erloju xaharraren martxa, baita geldi dagoenekoa ere detaileak gozatzeko behar beste
denbora hartzeko abisatuko baligu bezala, akzio zaratatsuetatik ihesi eta
kolorean indarra eginez koadroa osatzeko.

Amodioa ardatz eta gorrotoa lagun, ume-jolasa,
adinduen jokoak, ezinikusiak, mugaldeko garai bateko herri “tipikoa”:
hiru hizkuntza, ehiztariak, erromeriak (oso ona Pottoka), jaiak, herri-kirolak, musa, Guardia
Zibila, eliza…). Herriko turista izateaz haratago filman
barru-barrura sartu eta integratzea merezi duena. 5 eurogatik gauza asko eta
onak.

Telesforo Monzon pastorala Larrainen


Larraindarrek kantatu zuten atzo:

Monzon jauna, zü bezala,
Larrainen oldartzen gira,
Herri honen düintasuna,
Nihork ez dezan, aztaparka!

Eta azken perediküan:

Eüskaldunek ïken düe
müga bat üsü erdian
Eta noiz ahal dateke
ibilten ber baratzean

Gu ere ber baratzean, etxean moduan sentitu ginen Larrainen. Bueltan, Donostiara. Eta han beste baratz bat, Marta Sanchez kantuan, sekula, 26 urtean, egon ez den hirian.

Ia 4 orduko pastorala Larraineko inguru ikusgarrian. Guztiak ez dira ber baratzak, baina… irailaren 17an Bergaran. Merezi duen herri ekimena.