Xabier Lete hil da

Xabier Lete orain urtebete egon zen gure herriko kafe antzokian Josean Goikoetxea lagun zuela. Jendez beteta zegoen eta poemak irakurtzera etorri zen, errezitaldi musikatua egitera iazko azaroaren 29an. Orduan ere pattal zebilela zioen berak afaritan eta urtebetean…
Oso gogorapen ona dut egunaz. Poesia entzuten belaunaldi askotako jendea eta taula gainean orduko poeta, hasiera haietako poeta eta kantaria, Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetakoa. Guretako luxua izan zen gure etxean tamaina horretako lagun bat izatea eta berarekin afaloste goxo bat konpartitzea. 

Emanaldia bera sakona eta hunkigarria izan zen eta jende askoren malkoak ikusi genituen errezitaldi ostean. Ikaragarrizko indarra erakutsi du Letek errezitaldia
interpretatzen eta jendearen galderak-eta erantzuten, Liburuak sinatzen, elkarrizketan, antolatzaileokin eta lagunekin afaltzen jardun zuen. Horrekin geratuko naiz eta duela bi urte argitara eman zuen  “Egunsentiaren esku izoztuak” liburuarekin.

Ordukoa da argazkia (goiena.net):
XabierLete

Eta Espaloiko argazki eder gehiago atera zituen Atauri blogean Jose Felix Diaz de Tuestak.

Xabier Leteri kantuan egin diote domeka eguerdian kantu-jiran. Beste omenalditxo bat.

                        XX

Azken oihurik gabe aldenduko naiz
argia gandutu zen menturazko lurraldean barrena,
ez diot nehork itzalari abegirik eskainiko
baina itzalaren erresuman itzaliko gara,
zer pena bizitza galtzea diozu ilunabarrean
maite dituzunak gogoeta xehe iheskaria direnean
eta ibaiarekin batera aldenduko zarela jakitean
nehork mintzirudikatu ez zuen
haraindiko ibar urrunera,
hala ere, ederra zen bizitza eta bizi izatea
azkenik galeraren zerrenda ankerretan
idatzia utzi bagenuen ere
gurutza ditzagun elkarrekin, maite
azken belazea, azken loredia.

                               III

Eskatu, dena eskatu genion bizitzari

argia, gozamena, jakituria,

paradisuetako hondartzetatik

erbesteratuak zian ginen arte…

baina trenek gauerdietan

xixtuz iragarritako bidaia

helmuga harrigarrietara egitean

ni ere bidaiari izanen naiz

bizidun ororen edalontzia hondarreraino ustuz…

baina birlotua orain uneari, orduei

urruneko hiri ederren itxaropenik gabe

larrosen urrinaz oroitzen naiz

eta gorputz jainkotuen erakartasunaz…

Hor jardin isila baratzondoaren ezkutuan

etxearen ibilgune beti berrasmatuak

oihan hezearen abaroa mendi hegaletan

eta palmondoen itzalean

dohain eta amaitzen ekialdeko itsasegiak…

haruntz noakizue betirako, ametsen galbidetik

adiskide maitatu gaur ia ahaztuok.

Oh.: “Egunsentiaren esku izoztuak” liburuko Vulnerant ommes kapituluko hogeigarren eta hirugarren poemak.

Tuiten gainean sortutako iritzi-trukea: ondorio batzuk

Hainbat ondorio atera ditut CodeSyntaxek antolatutako iritzi trukaketatik. Neure ondorioak, eta ez han geunden guztion artean adostuak.

http://eu.umap.eu/n/ bada hedabide bat. Robot batek kudeatutakoa da eta bere alde on eta txarrak ditu. Niri gustatzen zait produktua eta gustatzen zait batez ere ez delako mugatzen 140 karakteretara. Tuitak oinarria dira, baina ez azken produktua. Flipboard gogorarazten dit eta asko gustatzen zait iPad-eko aplikazio hori.

– Tuit gehiago balego hobeto funtzionatuko luke umap moduko robot batek. Seguru baietz. Baina horretarako idazleen denbora inbertsio handiagoa behar da robotak bere lana hobeto egin dezan.

– Jarraitzen dut pentsatzen Twitter badela izan sorkuntza garaturako kapagailu.

Twitterrek jende gehiago jarriko badu euskaraz idazten: ondo etorri. Hori ona da euskararendako. Hala ere, seguruenik gero eta lotura gutxiago egingo dira euskarazko testuetara testu gutxiago egongo direlako. “Egunak 24 ordu, halaxe ikasi nuen nik”.

Sustatu dut maiteago ze hor bai, hor kazetari lana dago, editore lana…  robotek egin ezin duten horrek balioa ematen dio Sustaturi. Sustaturi, adibidez. Eta eguneko lauzpabost albiste horiek iragazi dizkidan pertsonen hedabide hori nahiago dut erabiltzaile modura. Besterik da profesional modura, ze tuitak jarraitzen ditut eta oso baliagarri zaizkit. Beraz umap + sustatu +… darabilzkit.

– Twitter ez da hedabide bat. Eta arrakasta, hain zuzen, horretxek ere badakar. Hedabide mailan kokatuko ez nituzkeen tuit asko daude Twitterren, gehienak. Twitter “what´s happening?” galdetzen hasi zaigun arren asko dira “what are you doing?” galderari erantzuten geratu direnak.

– Niri, interesatzen zaizkit nire lagunen mezuak nahiz eta ez izan landuak, serioak, informazio funtsezkoak daramatenak, lotura barik… Gustatzen zait jakitea laguna etorri dela X kontzertutik, edo gaur jaiki denean bururatu zaion hau edo beste, edo halako herrixketan egon ostean bueltatu dela etxera, edo kontrolean geratu dutela autobusean zihoala… Hain zuzen ere, horrek balio bat du eta da GERTUTASUNA. Eta bada, kontrara, motibo bat tuiterlari gehiago ez jarraitzeko ze horrelako asko zarata izatera ere heltzen da. Jarraitzen ditudanak oso gustura jarraitzen ditut eta hala ez balitz ez jarraitzea oso erraz jartzen du Twitterrek.

– Pertsona batek ikusi dezake eta bakarrik ikusi besteek egiten-esaten dutena. Libre da, noski. Hori jasotzaile hutsa da eta ez da ezinezkoa hori egitea. Hori bai, denek hori egingo balute… umap makalago bat, adibidez.

– 190.000.000 erabiltzaile dira. Horri ez dago bizkarra ematerik eta horiek ere badira jokatzeko moduak markatuko dituztenak. Profesioan gabiltzanondako oso kontuan hartu beharreko errealitatea da Twitterrek ekarri duena.

– Twitterreko erabiltzaileek botatako mezuen edukietan %4 dira albisteak. Hala ere, informazioaren ikuspuntutik oso interesgarriak dira elkarrizketak (%38). Lotura interesgarriak lortzeko modu oso ona ere bada (%9). Eskerrik asko Joxe Aranzabali datuok ekartzearren.

– Twitterrek ez du papera hilko. Borobila da esaldia, baina ez dago hori pentsatzeko arrazoirik.

– Amaitzeko, “Tuit hauek” libreago idatzi ditut, batzuk luzeago edo motzago. Ui, ez dira tuitak, puntuetako batzuk 140 karaktere baino gehiago dute, gehienek. Ez da zailagoa muga barik idaztea, 140 karakteretan sartu beharrak ez du errazten (quark-eko kaxa gogorarazten dit batzuetan)
Mezu hau argitaratu dut blogean. Eta batzuk irakurriko duzue goiena.net-eko portadan dagoelako, beste batzuk RSS jarioei esker, beste batzuk blog hau bisitatzen duzuelako noizbait, beste batzuk tuit batetik etorriko zineten honaino ze tuitok izan badira zabalkuntzarako erreminta ona, gero eta jende gehiagorengana heltzen dena, portzierto.
CS10Urte
Eta ahaztu barik: zorionak Codesyntaxi. 10 urte Getariako baxu hartatik Kantoi gasolindegi parera (han ezagutu nuen nik hiru laguneko enpresa) eta orain Azitainera. Uste askotarako!

NABAI dala eta ez dala tertulixan

Gaur kuadrilliakin afaldu dogu eta mahai gaiñian NABAI berbagai. Eta baitta gure elkartian egoten diran lau periodikuen (papera) titularrak be. Honetxek:

– BERRIA: EA eta Aralarrek jarrera onez hartu dute ezker abertzalearen proposamena

– GARA: EA también desea “construir nuevos puentes” en Nafarroa.

– NOTICIAS DE GIPUZKOA: Aralar y EA descartan otra marca electoral con Batasuna

– DIARIO VASCO: Aralar y EA responden a Batasuna que sea ella quien se sume a Nafarroa Bai

Ba ez dakit zer esan… egunkari bakoitzeko irakurliak etarako dau ondorixo bana.

Hona ez dot ekarri, baina mezularian Maiorga Ramirezi Jaime Otamendik eta Aritz Arregik egindako elkarrizketia be… Galderak egittia ez da nahikua erantzunak lortzeko, antza. Ez dakit mp3 hori sarian dagon, baina entzutekua zenbat buelta.

Goiena taldean berritasunekin gatoz

Telebistan berrituta, paperean ere bai, Interneten ere bai… Denok ikusiko dituzue aldaketak, baina lehenengo-lehenengo aldaketa on line dago. Beti, edo gehienetan izaten da informazio iturri azkarrena Internet. Gaur ere halaxe.

To azalaren pantailazo bat. Eta noski, goiena.net berrituan nabigatzeko aukera oraintxetik.
GoienaBerria.jpg

Bueno, onena izango da goiena.net-era bertara egitea kilik… Baina berritasun handiena marka bateratuan dago. Goiena deituko dira gure produktu guztiak. Desagertuko da GOITB, desagertu GOIENKARIA… eta lekua lagako zaio papereko GOIENA-ri, Interneteko GOIENA-ri, eta GOIENA telebistari. Izan ere, gure irakurle-ikusle-entzuleak horien batura dira eta edukia ere jende berak sortzen du hedabide ezberdinetarako.

Gaur bertan telebistan dekoratu berriak, eduki berriak… eta paperean ere berritasunak dezente: irudi berritua, kolore korporatibo berria, eduki ezberdinak…

Ia asmatzen dugun aldaketokin. Nik badut esperantza.

Twitter sorkuntza kapagailu: sakontasuna behera eta zitak gora

Hilabete da. Hilabete osoa baino gehiago blog honek ez duela letrarik jaso. Eta blog hau balitz salbuespena…

Nik ez dut sekula egin collagerik artaziekin papereko argazkiak eta
testua elkartzen, quark-a betetzea tumatxa zen garaian hasi ginen gure
belaunaldikook kazetaritzan. Gero etorri ziren web estatikoak-edo eta
hori berori ere aurreratzea izan zen. Horren ostean blogak, eta hau bai
benetako hedabide baten “jabe” izatea: norberak ahal eta gura duenean
idatzi, idazteaz bat publikatu, banaketa sisteman eurorik gastatzeke,
karaktere zehatz batzuetara makurtu barik, erretratuekin zein bideoekin
lagundutako artikulu multimediak, norbera editore, azalpenik eman
beharrik ez inori bertan idatzitakoaz…

Hala eta guztiz, hilabete idatzi barik blog honetan… Bitartean twitter
izan dut inoiz baino gogokoago, Facebook-en bolada ere atzean
geratzeraino. Horren kulpa dute twitterrek berak, jarraipena egiteko
darabildan tweetdeck irakurgailuak eta zein euskaldunek tuiteatzen duen ikusteko ere balio izan didan umap-ek.
Gustatzen zait 140 karaktereko esaldia pentsatu beharra ere, laburtu
beharra, lastoa kentzeko askok (ez denek) egiten duten ahalegina…
Twitterrek iraultza berria dakar. Oraindik falta da irakurgailuak
gizartean zabaltzea, baina hori pasatutakoan geratu ezineko trena izango
da. Hori badaki iPad batean tuiten eta Facebook-eko mezuen jarraipena egin duen edonork Flipboard edo antzeko tresna batekin.

Baina edukia? Eduki berria ere badakar?

Uste dut twitterrek sorkuntza mugatzen duela. Edo esan beharko nuke 140
karakterera ekarri duela esateko dugun hori guztia. Idazle gehiago
ikusten ditut twitterri lotuagoak blogari baino azkenaldian. Eta zer
gertatzen da hau horrela izanda? ba ez dagoela sakontasun larregirik
esaten direnetan. Artikuluak erlazionatzen ditugu, harek edo bestelakok
idatzitakoa retuiteatu. Besteen pentsakerak gure twitter perfilarekin
errepikatu (askotan gazteleraz edo ingelesez, eta euskal esparrutik
kanpokoak). Mugatu dugu “gure” edukia 140 karakteretako mezu batzuetara
eta esan beharrik ere ez dago blogean aipatuko ez genituzkeen errazkeria
asko ere sartzen ditugula tuit batean.

Tuitek balio dute hainbat ideia jende gehiagorengana zabaltzeko, baina
ez ideiak sortzeko eta garatzeko. Eta hori da twitterretik gogoko ez
dudan elementurik nagusiena. Sorkuntza zikiratzaile ere bada, bai
behintzat, sakontasun handiagoko euskarriak (blogak, papereko
artikuluak…) erabiltzeari lagatzen diogun heinean. Eta jakina,
lagatzen dihardugu.

Blogen eta paperaren defentsa

Die Zeit egunkariko zuzendariari irakurri
diogu erabaki zutela artikulu luzeak egitean jarraitzea, dokumentatuak,
serioak, baita zailak ere. Etorkizuneko paper-prentsan, berak dioenez
etorkizuna egon badagoelako eta “orientazio eta sakontze kazetaritza”
eginez emaitzak onak direlako. Arrakasta kasu bat da Alemaniako egunkari
honena eta argi du kalitateak dakarrela dirua. Harpidedun berri gehienak
20-30 urteko gazteak dira gainera… Sinestezina guk bizi dugunetik
begiratuta.

Baina paperari lotzen badizkiogu sakontasuna, kalitatea, orientazioa…
moduko berbak ez dago zertan hitz horiek ez erabili blogeko artikuluei
gagozkionean. Pentsatzen dut Interneten ere badagoela horrelako
artikuluendako lekua, diferentzia txiki (barkatu, bakar) batekin:
paperak ematen du dirua eta Internetek ez.

Arrakasta: multimedia ondo erabiltzea

Beraz, badirudi, oraingoz, sormen garatua agerikoago dela paperean eta
blogetan, esaterako. Hor lantzen dira gai potolo horiek guztiak eta
gero, zabaldu, tuit bitartez-eta ere egin beharra dago 2010ean.
Arrakasta, tresna guztiak egoki erabiltzetik etorriko dela dirudi.
Inbertitu beharko da digitalean eta asko, baina “ez dago paperagatik
gaizki-berbaka jarduterik” Giovanni di Lorenzok esaten duen moduan. Etorkizuna eta oraina ere multimedia da.

Dantzaldi irekia

Hankak ditut mugitzen hau idazten nagoela. Tapiaren “Maritxu tabernerea” jarri du dantza gidariak, Patxi Monterok. Trikitia da dantzan egin daitekeen bat, baina ez bakarra. Kataluniako Ball Rodó, Alunelul errumaniarra, Pasodobleak,
baltsak, fandango eta arin-arina, porrusalda, Bretainiako Hanter Dro, Ameriketako Estatu Batuetatik polka bat, borobil zirkasiarra… eta harrapatuta naukaten jauziak eta jauziak eta jauziak.
Dantzaldi irekia

Domeketan izaten da, hilean behin. Hileko azkenengo domeka. Espaloia kafe antzokian batzen da dantza hauek erraz-erraz egin gura duen jendea eta zelako izerdiak!  Edadetu gazteak, ume gazteak… Alboko herrietatik etorritako jende dezente, Bilbotik ere bai dozena erdi, eta herritarrak ere bai, zelan ez. A! eta ez dantzara etorritakoak bakarrik, gustura asko kafetxoa hartu eta dantzaldia ikusten egoten direnak ere makina bat dira. Erromeria bat, horixe, erromeria bat.

Azkartxoa Tapiaren kantua. Eta orain beste bat, buelta, klaro. Aprobetxatuko dut deskantsurako hau ere bizkor xamarra da-eta! “Aspaldi galdua da Elgetaren kasta…” dio kantuak Jazinto Rivas gogoan. Eta amaitu dezadan blogeko sarrera hau. Bozgoragailuetatik ahots sarkor bat. Aibalaletxe! Manuel Lekuonak Ondarroan batutako pieza da! Balseora Ana Juanixerekin (Hiru truku).

eta tiro eta tunba

Hurrengo astea dantzarako ez dakit izango den, baina Joseba Tapia bere lan berriarekin izango dugu Espaloian, diskoa aurkezten. Gogoz nago ia zein proposamen dakarren. Urriaren 3an aurkeztuko du “eta tiro eta tunba”, arratsaldeko 19:00etan Espaloian. Ze ondo!

‘Non lotu dezaket esan, zure altzuan izan ezik’

Bakarrik harritzarraren kontra-edo.
IMG_3665

IMG_3666

IMG_3667

IMG_3668

Eta espero izan leike gerrikuaren beste aldian egotia aitta, edo lagunen bat, edo… Bueno, akaso laguna izango dau furgonetia…

Non lo egin dezaket esan
Zure altzoan izan ezik
Non gitarra gorde, erretzekoa
Hau miseria latza

Ez dau furgonetiaren altzuan lo egingo, ez gitarra eta erretzekua gordeko Ruperrek letxe. Baiña harrixak bai, harrixak gordetzen dittu, eta baitta gerrikuaren puntia lotu be. Autokudeaketa… 🙂

IMG_3669