140 karakteretan haserretu? horixe baietz!

Goiena paperean argitaratu zuen, baina sarean jarri duten arte irakurri barik nuen Andoni Urtzelai lagunaren artikulua. Han dioen zati honek eman dit zer pentsatua:

Bruselako politikariek beraien bidaien inguruan onartutakoak
zalaparta ekarri du Interneteko sareetara. Hemen, horren harira, bestean
Cuatroko esatariak informatiboan zioena: Internet bezalako tresna
eskura edukita, protesta eta eragiteko zein baliagarria den ikusita,
kalean manifestatzeak ez du jada zentzurik, hori beste garai bateko
anakronismoa da… Ez, gainera putre hauek kaleetatik atera nahi gaituzte,
Twitterreko 120 karaktere nahikoa direlakoan gure haserrea erakusteko…

Eztabaida hauxe erabili dugu lagunartean geuk ere. Nire iritziz “kalea gurea da” pintada gaur gaurkoa izan badaiteke ere egia berdaderoa da 140 karakterek kalea bezainbesteko garrantzia izan dezaketela gaur, edo handiagoa.

Tabernetan 140 karaktereko komentario asko egiten ditugu guk (eta Andonik eta biok txanda noiz hartuko): harek esandakoa errepikatu, handik ekarritako bat mahai-gaineratu, ideia berri bat bota, ondokoari entzun, kuadrilako beste baten komentarioa ezagutarazi, uste batekin kontrastatu, aipu berri bat erantsi… Eta ederra da elkarrizketa hori kaña batekin eskuan. Ez dago dudarik, “taberna gurea da”. Hala ere, pintada egileak gaur sare-sozialetan ere badaude esaten, entzuten, elkarrizketan… Horixe da 140ko jarduna, tabernako jardun bat kaña barik 🙂

140an haserretu? ez zara haserretuko ba! Hori bai, Twitterreko 140 karakteredun mezu asko behar dira gure haserrea (ere) kolektiboa dela erakusteko eta jarritako adibidean balio izan dute baita eragiteko ere.

Irigoienazpikoa: ‘informazio eta komunikaziorako teknologia berriak eta hizkuntza ertainak. Arrakasta kasuen arrantzan.’

Apirilak 7 ere heldu zen eta hori zen eguna ordu askotxotan landutako ideiak aurkeztekoa. Euskara ardura zaien dezente entzule, 70etik gora, ezagun eta lagun asko. Egun osoko mintegia izan zen eta “zierrakarrerasa” izatea tokatu zitzaidan. Aurretik hitzaldi interesgarriak Kataluniatik eta baita Elixabete Larrinagarena ere. Denak publikatuko dira aurrerago.
Nik, euskara, komunikazioa eta IKT-ak izan nituen berbagai. Lisboan, opor egun haietan landutako zirriborroaren garapena aurkeztu nuen, txosten osatu izatera helduko dena eta Irigoienazpikoa zer izango den zehatz kontatuko duena. Oraingoan, teoriatik baino gehiago praktika egingarritik.

Eta aurkeztutakoa laburtzekotan… Irigoienazpikoa izango da:

  • Hizkuntza ez-hegemonikoen jakintza trukerako gunea. Euskaratik lan egingo duena beste hizkuntzei ateak zabalik dituelarik. Europa, mundua…
  • Bereziki, hedabideek eta IKTek hizkuntza ertainetan duten eragina aztertuko du. Bestetik, teoriak praktikan jartzeko, behatzeko, datuak lortzeko… lekua izango da. Horretarako proposatu da EUKOA (Euskal Komunikabideen Audientziak) enpresa. Euskaraz jarduten dugunok behar ditugu audientzia datu zehatzagoak, kuantitatibo zein kualitatiboak. Sektorea eskatzen diharduen ekimena da eta erakundeak ere inplikatuko direla ez dago dudarik. Eukoa izango da neurketa enpresa independente eta plurala eta bere egitekoa euskaraz ere jarduten den leku guztietan merkatu ikerketak egitea. Enpresa hau sektorearekin kontatuta egingo da, zelan ez. Sektoreko enpresak eta erakundeak izango dira jabe eta ez du irabazi asmorik izango. OJD, CIES, KANTAR… 4-5 enpresa ezberdinekin egin dugu kontaktua eta Pazko aste ostean joango gara Bartzelonara “El Baròmetre de la comunicació i la cultura: fundacc” sakonago ezagutzera. Orain ere asko dugu ikasteko gainontzeko hizkuntza ertainetatik. Kataluniakoa izango da guk gura dugunera gehien gerturatzen den adibidea.
  •  Laborategi-platoa izango du gune zentraltzat egitasmoak. Bueltan-bueltan ispilu polarizatua izango du eta behaketa zuzena egin ahal izango da. Laborategirako sarrera librea izango da eta hango erabiltzaileek emango diete gura beste esperientzia behatzaileei. Berrikuntza da jendea dagoen leku batera (erabilera libreduna, irekia) joan ahal izango direla behatzaileak. Hizkuntza ertainendako ikerkuntza gunea izango dena bi zatitan banatua egongo da:
  1. Erabilpenerako espazio librea (alde ludikoa zainduko duena):  Gura beste IKT aparailulerkin. Prentsa digitala irakurtzeko gailuak, liburu irakurgailu ezberdinak: (e-bookak, iPada…), Bideo-jokoak, telebista interaktiboak…Telefonia da oraina dagoeneko eta modelo ezberdinak, (aplikazioak…). Eta egoteko leku eroso eta modernoa. Kafea hartzeko leku bat? baita!
  2. Platoa: Pre-zero programak: bai telebistetarako, Interneterako klip motzak, lantzeko… Probaleku bat izatea da asmoa eta gero telebistetan ikusi ahal izango diren saioen bozetoak egin eta grabatzea. Ez emititzeko, bai programa bera lantzeko eta aurkezteko. Errealizazio mahai txikia izango du, soinu mahaia, streaming-a, bideo-konferentzia…

Helburua da probaleku bat eskaintzea unibertsitateei, teknologia enpresei, hedabideei, ikasleei… Seguru gaude hizkuntza ertainetako ikuspuntutik probak egiteak gure inbertsioak finago zentratzea ekarriko duela.

  • Bertan batuko dira, bestetik: Larremendi Bazkunaren bulego zentralak, 111 akademiaren bulego-liburutegia, 100 lagun ingururendako mintegi-jardunaldiak egiteko leku eroso eta jantzia… Eta esku-eskura taberna, jatetxea eta ostatua.

Argazkia: Maddi Trutxuelo (Aiurri). Argazki gehiago eta eraikinaren planoak albun honetan.
Irigoienazpikoa: Informazio eta komunikaziorako teknologia berriak eta hizkuntza ertainak.

Andoainen?

Ez da ez kasualitatea Rikardo Arregi sariak ere bertan sortu izana hogeitaka urte direla. Edo mintegi bat abiatu izana EHU-rekin batera… Udala, Larramendi eta euskara lan-sailean beti izan dira hedabideen inguruko ekimenak eta orain ere halatsu. Eta eraikina? ederra da, palazio handi horietako bat, ondo kokatua dago Irigoienazpikoa, Martin Ugalderen inguruan, Bideo eta zine eskola ondoan… eta Europara eta mundura zabalik.
Eman nituen Interneteroen artean errepikatuegiak dauden hainbat azalpen ere: lizentziak irekiak, egindakoa zabaldu beharra, kopiatzea ez dela lapurtzea… eta abarrekoak. Izan ere, proiektu honen bihotza oso Interneteroa da.

Gaua

Blogeratutakoa egunak eman zuen laburpena, baina eguraldi horrekin eta konpainia onarekin luzatu ere egin ginen. Euskarazko Internet komunitateko parte diren jendearen iritzia bereziki interesatzen zitzaidan eta iritziaz gain baita beraiekin kaña batzuk hartzea ere. Ilargia ere guri begira zegoen… Ze ondo! momentutxo horiek hain dira inportanteak… Eskerrik asko.

Aurkezpena era jartzen dut hemen. Gida bat izan zen… ez dakit zerbait ulertuko den, baina “zabaldu, zabaldu, zabaldu” egin behar dela esan bakarrik ez, egin ere egin behar denez… (edo batez ere egin…)

Mundumira Elgetan, hauteskunde osteko asteburuan

Maiatzeko azkenengo asteburuan izango da (27, 28 eta 29) eta programa aurkeztu dute gaur. Mundumirako programa bete-betea dator eta Elgetako kaleak sekula izan ez duten jendetza jasotzeko prest daude.
MundumiraKartela
Plazan kokatuko da
eszenatoki nagusia eta plazatik Salbador kalean,  goraino, munduko janariak dastatzeko aukera egongo da. Debagoieneko herrietan urter-urtero izan den artisautza eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak, ere izango dute lekua Maalako plazatxoan eta
San Roke kalean. Espaloia Kafe Antzokian reggae musikako talderen bat eta baita hainbat dj ere izango dira.

Lau ardatz:

  1. Kalea da protagonista. Herriko kaleetan etengabe
    izango dira jarduerak, kolorez eta musikaz beteko dira. Besteak beste,
    izango dira gastronomia azokak, senderismo azoka eta munduko janarien
    jaima.
  2. Bost kontinenteetako musika. Munduko musikez gozatzeko aukera izango da; gaueko kontzertuak, kalejirak, egunez formatu txikiko ekitaldiak. Talde nagusia Los Delinquentes izango da, baina Kuba, Mozanbike eta Kataluniako taldeak ere izango dira, besteak beste.
  3. Mendia, natura, ondarea eta bidaiak. Aldi berean,
    eskualdeko ondare kulturala eta naturala ezagutzeko aukera ere izango
    da: senderismoko azoka, ikus-entzunezkoen proiekzioak, argazki
    erakusketak, ikastaroak, mahai inguruak, mendi irteerak, irteera
    kulturalak, Euskal Herriko Boulder txapelketa, BTT ibilaldia…
  4. Gizarte ekimena. Foro solidarioan eskualdeko eta
    Euskal Herri osoko Gobernuz Kanpoko Erakundeek garatzen dituzten
    proiektuak ezagutzeko aukera egongo da. Jaialdiko kamiseta solidarioaz
    ateratako dirua Debagoieneko GKEen proiektua bultzatzeko erabiliko da. Kamiseta ere polit askoa!

Sormena babestu behar da?

Gaur komunikaldietan izan naiz, erretaula zatar hori dagoen aretoan. Baneukan susmoa ez zitzaizkidala ideiak larregi argituko gaurko hitzaldiekin… Eta lehengo zalantzarekin bueltatu naiz.

Nik gura dut maite dudan idazle eta kantariak idazle eta kantari izaten jarraitzea. Produzitzea herritarrok gozatzeko eta ahalik gehien eta ondoen, gainera. Ez dut gura musikariak okindegian lan egin behar izaten jarraitzea ez bada behintzat erabaki pertsonala. Ezta gustuko ditudan idazleak eskolak ematen pasatzea eguneko ordurik gehienak idazten egon beharrean.

Eta hori zelan egiten da? sortzailea babestuz. Nik uste dut sormena babestu behar dela. Eta zer da sormena babestea? horratx! horixe zalantza!

Bueno, goizak balio izan du aspaldiko lagunak ikusteko, eztabaidatzeko kafean eta baita hitzaldi interesgarriren bat entzuteko ere. Bestelakorik ere egon da, baina interesgarriekin geratzen naiz. Ikasita bueltan, baina zalantzatsu oraindik.

Topagunearen kongresua: arrakasta!

Oso pozik bueltatu nintzen etxera. Ondo joan zen kongresua, oinarriak finkatu ditugu, iparrak ere bai. Berba berria ere gure egin dugu, Bagara prozesuan ezagutu genuen hura: oinarriparrak. Ohar ofizialaren haritik goiena.neten  idatzitakoa eta baita kongresuaren aurreko egunean Jasoneri egindako elkarrizketa.

Niretzako gozamena izan zen horrenbeste eragilerekin egotea, mugimendu horren parte sentitzea eta ikustea erronka potoloak ditugula aurrean. Eta oraingoan bateratuago, indartsuago eta jantziago. Zer gehiago eskatu behar dugu ba? Atzoko eguna merezi genuen. Benetako protagonistak argazki honetan, elkarteetako eragileak:

IMG_1040

Eta zorionik beroena Topaguneko lankide guztiei. Bereziki Karmen, Jasone eta Ikerri. Lan handia hartu duzue, baina emaitzak merezi izan du. Batasun handia elkarteon artean eta baita ilusio berria ere. Biba!

Jon Sarasua berbetan: interesgarria

Ezin izan nintzen joan Plateruenera. Eta badakit bideo honetakoak asko badira ere, gehiago emango zuela hango tertuliak. Aggggg. Ze pena! Platerueneko lagunek laburpen-bideoa jarri dute, behintzat. Hemen pegatzen dut eta baita handik ateratakoak ere, idatziz. Eskerrik asko plateruei:

  • Euskara: Euskaldunok munduan oso pareko gutxi dugu. Herri mugimenduetatik eta Estaturik gabe egin izanak are gehiago esaten du gure alde. Ikaragarria da egin duguna. Ikaragarria da 50 urtean egin dena euskararengatik.  Egoerak dituen desafioak ere koska izugarria dira… gure boteila ez dago erdi hutsik edo erdi beteta, boteilak zuloa dauka! Belaunaldi berrietan alarmak pizten hasiak gaude, hala ere. Ez dago ikusi besterik euskara hutsean ikasi dezaketen gazteen jarrera. Gogorra da, oso-oso gogorra. hizkuntzaren atxikimenduarekiko elementu funtsezkoak galtzen ari gara. Egoera gordina da. Gogoetak hasi dira Topagunean-eta…  Nondik egin? Repolitizaziotik, mugimendu sozial berrietatik eta hegemonia guneak antolatzetik etorriko dira emaitzak. Besterik da fedea politikan jartzea, oraingo prozesu politikoak ekarriko dituela instizuzio berri batzuk-eta… Horrek ez digu konponduko arazoa. nire fedea ez da hori eta badaude elementuak analisi horretarako.
  • “Hanka bat lokatzetan ez duena ez da interesgarria”: Esaldia ezker kultura bati egindako keinua da, kritika: Sektore bat ohitu da 68ko ezkerraren moduan jokatzen, beste bat boterean dagoena da, eta gainontzekook erreibindikatzen, protestatzen, eskatzen… ezkerraren ia jarrera bital bihurtu da erreibindikatzea eta eskatzea. Errealitatea da, hala ere, Gauzak eraldatzen sartzean kontraesanen aurrean gaudela. Hankak zikindu egiten dituzu. Plateruena moduko mobida batean, esaterako, mila kontraesan kapitalistetan sartzen zara, merkatuaren morrontzetan, hankak lokatzetan ez sartzeko bide bakarra bizi garen errealitate sozio-ekonomiko honetan da ezer ez egitea.
  • Kooperatibak: gehiena dute lokatzetik kooperatibek. Ni kritiko nago, baina errealitate konplexu eta aberats batean hainbeste da ona… hautua egiten dut onaren alde… kooperatibek sakonean dituen paradigmak balio du: “Gauzen jabe izan daitezela gauzen protagonistak”. Berdin du Gaztetxe bat, industria bat, enpresa bat, ikastola bat edo dena delakoa. Horiek izan daitezela jabe, ez Estatua, ez kapitala, ez administrazioa… ez dadila goragoko inor izan jabe. Hau da autoeraketaren paradigma. Anarkista zaharren amets hura. Nire ibilbidean konstante bat baldin badago euskalgintzarekin batera, edo konstanteago, autoeraketa da, nire leit motiv ideologiko nagusia izan da autoeraketa. Horren bila ibili naiz beti, gauzen protagonistak gauzen jabe izatearen potentzialaren bila ibil naiz beti. Nire intuizioa da XXI. mendeko lehengai ideologiko bat dela eta kontraesanean jartzen du eskuina zein ezkerra. Eta ezkerra gehiago zeren eta despistatuagoa ere badago. Kooperatibak paradigma horretan oinarritzen dira, baina bi arima dituzte: paradigma honi eusten diona eta desarrollismo ohiko batean sartzen dena. Kontraesanean bizi da kooperatibismoa eta interesgarria ere bada kontraesan hori.
  • Politika: Ziklo berri bat hastearena serioa da eta ezinbestekoa. Erabat bat egiten dut prozesu horrekin. Energia berriak aktibatzeko aukera emango du. Herri honetan energia sozialaren poltsa handiak daude. Bat, ikaragarria, ezker abertzalean dago, txapela kendu besterik ezin dut egin. Erakutsi duen energia ikaragarria da 50 urteko jardueran. Bestetik, badago gatazka honek blokeatu duen beste energia bat ez dena behar beste manifestatu eta abertzaletasun umezurtz bat deituko nukeen beste poltsa handi baten dagoena. Horretan gutako asko gaude. Bihotzaren parte bat alde baten daukat nik eta bestea beste batean. Hor energia izugarria dago. Potentziala badago. Horretarako pauso hau beharrezkoa zen eta ongi etorri da. Atzerapausorik gabekoa da konturatu delako ezker abertzalea Estatuak neurria hartu diola eta hortik Estatuaren mesedetan besterik ez duela jokatzen puntu batetik aurrera.
  • Itzultzea bertsotara: Ez dakit agertu nahi dudan… Piska bat galduta nabil… jendeak uste du oso ona naizela. Eta arazo bat da. Espektatiba handi xamarrak egon daitezke nigan… Herdoilduta daramat 10 urte eta bertsogintzak ibilbidea egin du 10 urtean. Asko eskatuko lidake jendeak eta nik ere bai neure buruari. Sufrituko nuke bertso-afari mediokre bat egiten. Suposatzen baita Jon Sarasua itzultzen bada bertso afari hori izango dela kristona eta nik ezin diot listoi horri erantzun. Bestetik, miresmena sentitzen diat hireganako, esatearako -Amets Arzailusi diotso- ez da niri begira egoteko garaia.

Goya sariak twitterretik, ondo egon da

Eta zenbat eta zenbatek jarraitu dugu ordenagailutik, eskuko telefonotik, Twitter (burkada bat mezu), Facebook… eta telebistak ere kriston audientzia izango zuen, baina youtubeko bideoak zenbat ikusiko dira? Zenbatek ikusiko du dagoeneko TVE-k kendu duen bideoa? zenbat leku ezberdinetan egongo da bideo hori? kendu orduko beste leku baten, eta beste baten, eta beste baten… Eta zenbat tuit? zenbat mezu? blog sarrera? Zergatik? ba oso sinplea da: Oraina delako Internet!

Mezu hau jartzen du youtubek Alex de La Iglesiaren diskurtsoa kendu eta segituan:

Copyright-a dela-eta kendu du youtubetik bideo hau TVE-k

Egia da, Internet oraina da. Eta gura duzun lekuan ikusi ahal izango duzu diskurtso hori. Lotura ez dut jarriko hemen ze ordubetera-edo blokeatzen dute… baina lasai, esfortsu handi barik ikusi ahal izango duzu, bilaketa txiki batekin.

Irabazlea Pa Negre. Ikusi beharko dut. Ondoloin.

Art Project: Espabilatu beharko dute Arte Ederren museoan

Zelako ilusioa, bisitatutako museoren bat horrela ikusteko aukera egotea orain ederra da (by powered Google). Eta beste museo batzuk googleren bitartez ikusi eta bertara joateko gogoa pizten da, duda barik.

Hauxe aukera: googleartproject.com

Lazkanoren koadroak horrela ikusiko banitu are konbentzituago joango nintzateke Arte Ederren museora eta sarrera gustura ordaindu.

Ahotsak.com izan da aurtengo Argia saria

Ahotsak.com Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzeko atariak jaso du Sareko 2011 Argia Saria. Euskal Herriko Ahotsak egitasmoa 2003an lantzen hasi eta 2008an aurkeztu zuten Ahotsak.com webgunea.
Ordutik hona 3.000 hizlari baino gehiagoren ia 25.000 pasarte jaso
dituzte Euskal Herriko 180 herritan eta 5.765 bideo-pasarte ere sareratu
dituzte, libre eta doan, euren webgunean. (Sustatu.com-etik hartua)
10 minutuko bideoa azalpenarekin

Zorionak Badiharduguko langileei, laguntza eman daben Udal guztiei (eta jarraitzen dabenei, zelan ez) Bereziki Gipuzkoako Aldundixari eta KUTXAri. Apustu garbixa egin dabe lan-modu honengatik eta ekipo honengaittik. Eskertzekua, benetan. Eta 3.000 hizlarittik gora… horrek dira benetako artistak! ahotsak.com-eko izarreik eskerrik asko eta ZORIONAK!

Zelako hasierak. Akordau naiz blog honetan idatzi nebala mezutxo bat proiektuana, Koldo Mitxelenan aurkeztu zanekua: kriston proiektua! Eta baitta gure herrixan aurkeztu zanekua be Elgetako ahotsak.

Bronka bota didate gaur Arte Ederren museoan

Argazki hau ateratzeagatik bota didate gaur bronka Arte Ederretako museoan. Aluzinatua geratu naiz. Ez nengoen Lazkanoren kuadro ederrei (benetan ederrak) argazkiak ateratzen (eta hau ere ez uztea…) ezta jendeari ateratzen, ezta bertako poliziari, ez… Ez! Testua interesatu zait eta gura nuen testu hori izatea. Ba demaseko azalpenak eman dizkit bertako zinpeko zaintzaileak. Eta saiatu da logika aplikatzen ere debeku txatxu eta funtsbakoari. Hemen atera dudan argazkia zeuek juzgatzeko.

IMG_0988
Hori bai, telefonoak ahotsa ere grabatzen du eta hori egiteko ez dagoela debekurik… ingurukoak molestatuz testua altuan irakurtzea ontzat, argazkia ateratzea ez… gggggggggrrrrrrrrrrr. Ordua da museoetan agintzen dutenak ere 2011n sartu garela ohartzeko. Hango zaintzaile batek esan didanez Lazkanoren aginduak omen dira, baina museo guztian dago debekatua argazkiak ateratzea. Ez dakit nik…