Erantzunik ez kazetarien galderei? baina zer da hau?

Uste dut El Mundon irakurri nuela TVE-k abisatu egingo diela ikus-entzuleei prentsa aurrekoetan kazetarien galderei ez badiete erantzuten. TVE-koek estilo liburuan sartuko dutela irakurri dut.
 
Horrelako prentsaurrekoak ez dira asko izaten, baina gutxien uste duzunak deitzen du erredakziora, kazetaria deitutako lekura joan eta gero salda bero! Panfleto bat irakurri begiak paperean josita dituztela eta galderarik ez dutela onartuko esaten dizute muturra okertu ere egin barik. Falta zitzaiguna! Paper gainekoa irakurri eta listo! Loritoak moduan! Eta ez dihardut ohiturarik ez duten horiez kexaka, hori ulertu ere egin nezake, baina behin eta berriz telebistan agertzen diren horiek…

Egia esan gurean ez dakit zenbaterainoko zurrunbiloa dagoen gai honekin. Baina ni, behinik behin, amorrarazten nauen kontu bat da. Ez daudela galderei erantzuteko prest? Izorrai!

Aspaldi egin nintzen Facebook-en talde honen zale: “Que los medios no cubran más ruedas de prensa sin preguntas” eta egia esan, ez nuke informazio hori bere horretan botako.

Besterik da gure hedabideetan zelan jokatuko dugun. Nire amorrua atean utzi eta hedabidean zelan jokatu ezberdina ere izan daiteke… Hori bai, hausnartzekoa da gure ikus-entzuleei eta irakurleei ia jakinarazi behar diegun edo ez galderak ez dizkigutela erantzun. Nik egingo nuke. Hori ere informatzea da, hartzaileari geratuko zaion zalantza da ia kazetarien galderei erantzuteko prest ez diren egon edo ez diren kapazak izan erantzuteko. Guri ere geratzen zaigu zalantza hori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude