Etiketaren artxiboa: txapelketanagusia09

ITZEL!

Itzela, izugarria, borobila,… Adjektiboak falta zaizkigu azaltzeko gure eskolakide den Jone Uriaren saioa deskribatzeko.


                    


Indartsu hasi zen zortziko nagusian. Oihana Bartrarekin egokitu zitzaion abestea. Aipatzekoa da aurreko bi ofizioak tonu serio batean joan zirela eta ofizio honetan umoretik jo zutela.


Saioko alerik onenak agian zortziko txikian entzun ziren. Oso bizi joan ziren ofizioak, baina batez ere Iñaki Gurrutxaga eta Jonek botatakoak izan ziren txalotuenak. Hau izan zen egokitu zitzaien gaia: Zuek bi lagun zarete. Uda herriz herri, festaz festa pasatu duzue. Jone, asteburu hontan aurreko asteburuko toki berera joatea proposatu dizu Iñakik. Baina zuk ez duzu nahi.


Eta hemen duzue transkribatuta txalo mordoa jaso zuen bertsoa:


Behar izan zenituen
zuk nire laguntzak,
hori ahaztu ote du
ba buruko kutxak?
Niri ez zaizkit gustatzen
mutiko giputxak,
hitz egin asko baina
gero soso hutsak!


Hamarreko txikiko saioan gorabeherak egon ziren, kartzelan gertatu zen bezala. Gaia oso irekia izan zen: Esku artean duzu sinatu beharreko papera. Bertsolari gehienek ezkontzaren bidetik jo zuten. Uxue Alberdik tratu txarrak jasandako emakume baten paperean sartu zen eta Jone Uria, berriz, ume bat adoptatuko duen ama baten paperean.


Saioa bukatuta, Jone Uria izan zen puntu gehien batu zituen bertsolaria eta horrenbestez, finalaurrekoetarako txartela eskuratu du. Hona hemen sailkapena:


Jone Uria           661,5
Uxue Alberdi       660
Iñaki Gurrutxaga  642,5
Oihana Bartra      612
Miren Artetxe      583,5
Odei Barroso      574,5


Komunikabideetan oihartzuna izan du txapelketaren hasierak eta bertan dituzue esteka batzuk:


Gara
Berria
Txapelketa nagusiko webgunea
Bertsoa.com (jada eskegi dituzte saioko bideo guztiak)
Euskadi Irratiko “Hitza Jolas” saioko kronika: 1.zatia eta 2.zatia


ZORIONAK JONE!


Gogoratu astearte honetan, hilak 6, bertso-eskola hasiko dela, 20.00etan Alday Patronatuan. Zuen zain egongo gara!

JONE URIA ZESTOAKO AZKEN LAURDENETAKO SAIOAN

Bertso gosez gabiltza bertsozaleok, baina Bertsolari Txapelketa Nagusia larunbatean abiatuko da Zestoan. ALBEk ordezkaria izango du saioan: Jone Uria.


                                Jone Uria - Txapelketa Nagusia 09


Berarekin batera bertsolari hauek lehiatuko dira: Iñaki GurrutxagaUxue Alberdi, Odei Barroso, Oihana Bartra eta Miren Artetxe. Saioa 17.30etan hasiko da Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan.


               


Egurra Jone!


Gogoratu, bihar azken eguna da lanak bidaltzeko Balendin Enbeita bertsopaper lehiaketara !

BADATOR TXAPELKETA!

Badatorrela! Oraindik gogoan ditugu 2005ean BEC-en bizitako une gogoangarriak eta gaur bertan jarri da martxan 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Aurkezpen prentsaurrekoa Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egin da.


Berrikuntzaz beterik dator txapelketa, eta batez ere teknologikoari dagokionean: web orrialdea behar dugun informazio guztiarekin, bloga, sarrerak lortzeko orrialde berezi bat, saioetan informazioa eta sailkapenak lortzeko aukera bluetooth bidez,…


Emozioen txapelketa izan nahi du aurtengoa, hori transmititzen digu logoak.



Gure eskolak hiru ordezkari izango ditu: Fredi Paia, Xabi Paya eta Jone Uria. Blogean haien saioen eta ibileren berri emango dizuegu.


   


Gozatu txapelketa eta zorte on Fredi, Xabi eta Joneri!

BERTSOLARITZA ETA KAZETARITZA MINTEGIA

2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia ate joka daukagu, urriaren 3an hasiko da Zestoan.


Irailaren 24 eta 25erako Bertsozale Elkarteak ikastaro bat antolatu du “Bertsolaritza eta Kazetaritza” izenekoa.


Bertsozale diren irakurle, entzule, ikusleei ez ezik, bertsolaritzara hurreratzen den jende berriari ere bertsoez azalpenak emateko bitartekoak eta baliabideak eman nahi dizkie kazetariei.


Informazio gehiago nahi izanez gero, esteka honetan klikatu.