Etiketaren artxiboa: saiomundiala

HISTORIA EGIN DUGU!

Uztailaren 14an historia egin genuen Algortako Biotz Alai plazan. Jende ugari etorri zen, ikusminez eta gogo biziz eta saioz gozatzeko gogo itzelekin.


Historiari errepaso polita egin genion. Gertakari desberdinak aukeratu eta bertsolariak paper desberdinetan sartu behar izan ziren. Eva eta Adan, Zesar, gladiadoreak, arkeologoak,…


Aitzol de Kastro doktorearen esanetara ibili ziren sei ikasle cum laude: Andoni Egaña, Jon Maia, Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabi Paya.


                     


Adan eta Eva paradisuan ibili ziren. Ondoren sei bertsolariek erabaki behar izan zuten zein bertsolari espeziekoa ziren: Kromañon(tzi), Poto-Habilis, Bertso-erectus, Mañu Antecessor, Negharmentala eta Oro Sapiens. Xabi Payak Poto Habilis espezie aukeratu zuen eta bertsoan potoak egin zituen etengabe


Ikasle onek bezala, azterketa pasatu behar izan zuten eta nota altuarekin gainditu zuten. Lehen puntu zital bati erantzun eta gero argazki bati buruzko iruzkin historikoa egin zuten bertsolariek. Polita izan zen Xabi Payak ALBEko argazki historikoei buruz egin zuen iruzkina. Asko eta asko hunkitu ginen Andoni eta Trino Azkoitiari buruzkoak entzutean.


Arkeologoak ere Biotz Alai plazara heldu ziren. Xabi Paya eta Maialen Lujanbio indusketak egiten ibili ziren eta gauza interesgarriak topatu zituzten Biotz Alaiko hondakinetan.


                     


Bukaeran, munduaren amaieraren simulakroa egin zen. Bertsolariak eta Aitzol de Kastro Doktorea bunker batean sartu eta irtetzerakoan, ez zegoen jenderik, publikoa poltsa beltzekin estali zituzten buruak.


                       


                       


Saio ederra! ALBEko gai jartzaile talde eta laguntzailei eskerrak eman behar dizkiegu aurretik egin zuten lan guztiagatik eta egunean bertan egindakoagatik.