Etiketaren artxiboa: joneuria

FINALAURREKOAK

Jakingo duzuen bezala, Txapelketa Nagusian ALBEtik parte hartu duten hiru bertsolariak finalaurrekoetara sailkatu dira.


Jada, badakigu non abestuko duen bakoitzak, zuen agendetan apuntatu itzazue datak:


Bergara, azaroak 7, Labegaraieta kiroldegia, 17:30


Aitor Mendiluze
Maialen Lujanbio
Etxahun Lekue
Beñat Gaztelumendi   
Fredi Paia
Jon Martin


Gasteiz, azaroak 8, Europa pabilioian, 17:30


Unai Iturriaga
Miren Amuriza
Iñaki Zelaia
Arkaitz Estiballes
Xabi Paya
Maddalen Arzallus


Hendaia, azaroak 15, Beltzenia pilotalekua, 17:30


ALBEk autobusa jarri dut Hendaiara joateko. Etorri nahi baduzu, mezu bat bidali albegetxo@gmail.com helbidera.


Amets Arzallus
Jon Maia
Jone Uria
Aitor Sarriegi
Julio Soto
Onintza Enbeita


Gure bertsolariak animatzeko lehen zita Bergaran izango da datorren larunbatean, bertan, Fredi izango dugu kantuan.

ITZEL!

Itzela, izugarria, borobila,… Adjektiboak falta zaizkigu azaltzeko gure eskolakide den Jone Uriaren saioa deskribatzeko.


                    


Indartsu hasi zen zortziko nagusian. Oihana Bartrarekin egokitu zitzaion abestea. Aipatzekoa da aurreko bi ofizioak tonu serio batean joan zirela eta ofizio honetan umoretik jo zutela.


Saioko alerik onenak agian zortziko txikian entzun ziren. Oso bizi joan ziren ofizioak, baina batez ere Iñaki Gurrutxaga eta Jonek botatakoak izan ziren txalotuenak. Hau izan zen egokitu zitzaien gaia: Zuek bi lagun zarete. Uda herriz herri, festaz festa pasatu duzue. Jone, asteburu hontan aurreko asteburuko toki berera joatea proposatu dizu Iñakik. Baina zuk ez duzu nahi.


Eta hemen duzue transkribatuta txalo mordoa jaso zuen bertsoa:


Behar izan zenituen
zuk nire laguntzak,
hori ahaztu ote du
ba buruko kutxak?
Niri ez zaizkit gustatzen
mutiko giputxak,
hitz egin asko baina
gero soso hutsak!


Hamarreko txikiko saioan gorabeherak egon ziren, kartzelan gertatu zen bezala. Gaia oso irekia izan zen: Esku artean duzu sinatu beharreko papera. Bertsolari gehienek ezkontzaren bidetik jo zuten. Uxue Alberdik tratu txarrak jasandako emakume baten paperean sartu zen eta Jone Uria, berriz, ume bat adoptatuko duen ama baten paperean.


Saioa bukatuta, Jone Uria izan zen puntu gehien batu zituen bertsolaria eta horrenbestez, finalaurrekoetarako txartela eskuratu du. Hona hemen sailkapena:


Jone Uria           661,5
Uxue Alberdi       660
Iñaki Gurrutxaga  642,5
Oihana Bartra      612
Miren Artetxe      583,5
Odei Barroso      574,5


Komunikabideetan oihartzuna izan du txapelketaren hasierak eta bertan dituzue esteka batzuk:


Gara
Berria
Txapelketa nagusiko webgunea
Bertsoa.com (jada eskegi dituzte saioko bideo guztiak)
Euskadi Irratiko “Hitza Jolas” saioko kronika: 1.zatia eta 2.zatia


ZORIONAK JONE!


Gogoratu astearte honetan, hilak 6, bertso-eskola hasiko dela, 20.00etan Alday Patronatuan. Zuen zain egongo gara!

JONE URIA ZESTOAKO AZKEN LAURDENETAKO SAIOAN

Bertso gosez gabiltza bertsozaleok, baina Bertsolari Txapelketa Nagusia larunbatean abiatuko da Zestoan. ALBEk ordezkaria izango du saioan: Jone Uria.


                                Jone Uria - Txapelketa Nagusia 09


Berarekin batera bertsolari hauek lehiatuko dira: Iñaki GurrutxagaUxue Alberdi, Odei Barroso, Oihana Bartra eta Miren Artetxe. Saioa 17.30etan hasiko da Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan.


               


Egurra Jone!


Gogoratu, bihar azken eguna da lanak bidaltzeko Balendin Enbeita bertsopaper lehiaketara !

BADATOR TXAPELKETA!

Badatorrela! Oraindik gogoan ditugu 2005ean BEC-en bizitako une gogoangarriak eta gaur bertan jarri da martxan 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Aurkezpen prentsaurrekoa Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egin da.


Berrikuntzaz beterik dator txapelketa, eta batez ere teknologikoari dagokionean: web orrialdea behar dugun informazio guztiarekin, bloga, sarrerak lortzeko orrialde berezi bat, saioetan informazioa eta sailkapenak lortzeko aukera bluetooth bidez,…


Emozioen txapelketa izan nahi du aurtengoa, hori transmititzen digu logoak.



Gure eskolak hiru ordezkari izango ditu: Fredi Paia, Xabi Paya eta Jone Uria. Blogean haien saioen eta ibileren berri emango dizuegu.


   


Gozatu txapelketa eta zorte on Fredi, Xabi eta Joneri!

GURE NESKAK HERNANDORENA ETA OSINALDE SARIKETETAN FINALISTA!

Aurten ez daukagu Bizkaiko Txapelketarik, baina gazte sariketa askotan parte hartzen dute gure bertso-eskolako gazteek.


Berri pozgarriak helduko zaizkigu Iparraldetik eta Goierritik. Hernandorena Sarian Itxaso Paia eta Arrate Illaro sailkatu dira finalerako. Esan beharra dago, Itxaso Paiak Maulen burutu zen kanporaketa irabazi zuela. Finala larunbatean izango da Aiherran, arratsaldeko 19.30etan eta Arrate eta Itxasorekin batera bertsolari hauek ibiliko dira kantuan: Ximun Cazaubon, Ekhi Erremundegi, Unai Gaztelumendi eta Patxi Iriart.


                Arrate Illaro por ti.             3015_paiai[1]


Goierrin berriz, Osinalde Sariketan, Jone Uriak txartela lortu du finalerako. Larunbatean jokatuko da finala Gabiriako Osinalde elkartean. Kantukide izango ditu: Maddalen Arzallus, Maialen Velarde, Odei Barroso, Miren Amuriza eta Mikel Artola.


                                   4093_uriaj[1]


Zorterik onena opa diegu, egurra neskak!


Bestalde, gogoratu asteburu honetarako zitak:


– Larunbatean, goizeko 10.30etan, Algortako Villamonte Kultur Etxean, ALBEko lehen gogoeta saioa.


– Larunbatean, arratsaldeko 20etan, Kultur Leioako auditorium-ean bertso-saioa: Andoni Egaña, Sustrai Colina, Fredi Paia eta Uxue Alberdi. Gai-jartzaile: Aitzol de Castro.


– Igandean, eguerdiko 13etan, Kanpomartxo jaiaren barruan, Erandioko Altzaga auzoan: Iker Zubeldia, Peru Vidal eta Arkaitz Estiballes. Gai-jartzaile: Arkaitz Gomez.