Igandean ALBEko tropelak Hendaiarako bidea hartu zuen Jone Uria animatzeko. Saioa polita izan zen eta azkenean puntu gehien batu zituena Amets Arzallus izan zen.
Jendez gainezka zegoen frontoia, gero eta gutxiago falta da finalerako eta nabaritzen da urduritasuna publiko eta bertsolarien artean. Beltzenia frontoira bertsolari ugari hurbildu ziren finalaurrekoetako lehen itzuliko azken saioa zelako.
Aipatzekoa da Jonek erakutsi zuen freskotasuna puntu erantzunean. Hona hemen Zuriñe Iarrituk botatako azken puntuaren erantzuna:
Larru gorritan inoiz
ipini ezkero,
ondokoa jarriko
litzateke bero.
Jendea egoten da
niregatik ero,
eta beste gauzarik
ezin dut espero.
Txalo zaparrada handia jaso zuen Jonek. Askotan seiko motzeko saioak astunak izaten dira, baina Hendaian ale politak entzun ahal izan genituen. Joneri Amets Arzallusekin egokitu zitzaion abestea. Gaia honakoa izan zen: Neba-arrebak zarete eta zuen ama alarguna ikusi duzue gaur zuen adin bertsuko bati besotik helduta. Zu Jone izugarri poztu zara; Amets ez. Ederra izan zen Jonek botatako lehen bertsoa:
Zelako bikote fina
printzea eta erregina,
amarentzako gazte hori da
gaur printze urdina.
Lehenago dena zen mina
etzait inporta adina;
edo ez behintzat gure amaren
zoriona adina.
Puntuazio goitik joan zen eta honakoak puntuazioak:
Amets Arzallus 704
Jon Maia 679
Julio Soto 652,5
Aitor Sarriegi 651
Jone Uria 634
Onintza Enbeita 631,5
Gauzak horrela, Jonek bigarren itzulirako txartela lortu du. Xabi eta Fredi atean geratu dira. Hala ere, saio politak egin dituzte, zorionak zeueri be!
Hemen dituzue Hendaiako saioko estekak:
Txapelketa Nagusiko webgunea
Bertsoa.com
Bertsoplaza.tv
Berria
Gara
Ukberri