Itzela izan zen pasa den ostiraleko Bihotza Gazte saioa! Jende andana hurbildu zen Pipper´s Tabernara bertsolari beteranoen bertso-saioa entzutera.
Denetarik izan zuen gauak. Saioari hasiera emateko, Gabi Basañez eskolakideak bidalitako bertsoak abestu zituen Jone Uriak. Kupela Taldearen pieza batzuk entzun ondoren, hiru bertsolarien saioa hasi zen.
Beteranoak, baina Lazkanok, Gorrotxategik eta Larrañagak ederto erakutsi zuten martxa ederrean dutela motorra. Librean ibili ziren, bata besteari zirikatzen. Puntuak bota zizkioten elkarri, eta baita egurra eman ere adina zela eta.
Beste arin arin eta fandango batzuk entzun genituen, eta publikoa dantzatzera animatu zen. Nahikari Ayo eta Arrate Illarok gai bana jarri zieten bertsolariei. Ederto moldatu ziren. Itxaso Paiak lehen puntu batzuk bota zizkion Larrañagari. Kupela Taldearen azken diskan Itxasok abesti bat grabatu zuen, puntuak botatzen zizkion Larrañagari eta berak erantzun.
Publikoa bertso gosez zegoela nabaria zen. Saioa labur egin zitzaigun. Bukatzeko, aho betez eskatu genuen “Kupela” abestia. Horrela bukatu zen saioa. Datorren urtean gehiago eta hobea!