Etiketaren artxiboa: gogoeta

LEHEN GOGOETA SAIOA

Larunbatean 20 bat pertsona bildu ginen Algortako Bertsolari Eskolako kideak eta beste sektore batzuetako eragileak Euskalgintzaz eta bertso-eskolen etorkizunaz hitz egiteko.


Aurretik aipatu bezala, gogoetarako lehen saiora Gotzon Lobera eta Koldo Tapia ekarri genituen.


Fredi Paia eta Gotzon Lobera por ti.


Bi hitzaldiak oso interesgarriak izan ziren. Gotzon Loberak XXI. mendeko Euskalgintzaz hitz egin zigun. Bere iritzia eman zigun kulturaren globalizazioaren inguruan eta ondoren bertsolaritzan eta bertso-eskoletan oinarritu zen. Hizkuntza Politika Zuzendaria izandakoa da Gotzon Lobera, eta aholku asko eman zizkigun instituzioetan nola jardun jakiteko.


Koldo Tapiak Euskalgintzaren hastapenetara hurbildu gintuen. Errepaso bat eman genien Euskalgintzako aroei. Ondoren, Bertsozale Elkarteak duen egitura ezagutu genuen, zer-nolako lanak egiten dituen,… Bere iritzia eman zigun bertso-eskolen etorkizunaz eta nolako pausoak jarraitu behar genituen.


Ondoren, eztabaidarako tarte bat egon zen bi hizlariekin.

ALBEko GOGOETA SAIOA

Algortako Bertsolari Eskola 1980.urtean sortutako elkartea da. Sorreratik bertsolaritzaren transmisioaren, sustapenaren eta ikerkuntzaren alde jardun dugu Bizkaiko Uribe Kostako eskualdean eta batik bat Getxon. Egun zeregin horretan jarraitzen dugu, bertsolaritzaren alde lan eginez, bertsogintza sustatuz, bertsolariak sortuz eta bertsozaleei euren zaletasunaz gozatzeko aukerak emanez.


2010ean 30 urte beteko ditu ALBEk.Urteurrena bera ospakizun handia izanagatik, eskolak egindako ibilbidearen mugarri eta aurrera begirako pausoen abiapuntu bihurtu nahiko luke data seinalatua. Hori dela eta, 2009ko udaberrian gogoeta-saioak antolatu ditu eta lehenengoa apirilaren 25ean izango da, Algortako Kultur Etxean (Villamonte kalea A-8, 48991).


Lehen egun honetan bi hizlari izango ditugu: Koldo Tapia eta Gotzon Lobera. Bertsolaritzaren eta kulturaren munduan aski ezagunak. Honakoa izango da egitaraua:


EUSKALGINTZA MUNDU GLOBALIZATUAN


Hizlaria: Gotzon Lobera, Bizkaiko Foru Aldundiko Hizkuntza   Politikarako Zuzendari ohia eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea. 


Ordua: 10.30


BERTSO-ESKOLEN ERRONKAK XXI.MENDEAN


Hizlaria: Koldo Tapia, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Idazkari Nagusi ohia eta Itzultzailea.


Ordua: 12.00


Hitzaldi bien ondoren eztabaidarako tarte bat egongo da.