Etiketaren artxiboa: getxophoto

BEGIEN GOZAGARRI

Ez gaude oso ohituak bertsoak entzutea bertsolariek pantaila bat atzean dutela eta horren inguruan bertsoak entzutera. Baina apurka-apurka gaitasun hori lantzen goaz Bertsophoto saio bereziari esker. Hori egin genuen ostiralean: begiekin eta bertsoekin gozatu.


                  


80 bat entzule izango ziren saioan, Getxophoto eta ALBEren elkarlanari esker sortutako saio esperimental honetan.


Igor Elortza, Aitor Mendiluze eta Jon Martin aritu ziren kantuan. Horrelako saio batean bertsolariek esfortzu bikoitza egin behar dute, baina oso ondo bete zuten lana.


                 


Lehen gaia jarri zien Peio Unzurrunzaga gai-jartzaileak Martin eta Mendiluzeri. Argazkian, gero eta hedatuago dauden bazar txinatar baten argazkia zuten. Mendiluze lehen aldiz sartzen zen bezeroa da eta Martin lokaleko ugazaba. Aipatzekoa da Mendiluzek botatakoa: Euskal Herriko txano bat nahi zuen, baina “made in China” jartzen ez duena.


Agian saioko bertso alerik onenak Mendiluzeren eta Elortzaren bakarkakoetan izan ziren. Lehenengo Mendiluze atera zen mikro aurrean. Unzurrunzagak lau argazki erakutsi zizkion eta aukeratu behar izan zuen bere izakerarekin bat zetorrena, gero argazki horri kantatzeko.


                    


Audrey Hepburni zegoekion argazkia aukeratu zuen. Naufragoaren doinuan abestu zuen eta ideia bat egin dezazuen, hona hemen bere bi bertsotako azken puntuak:


inposatzeko inork ez dauka          fatxada zurrun honen atzean
bibotearen beharrik                     ameslari bat badago


Elortzak Hitlerren argazkia aukeratu zuen. Honek Gai honek badu mamia doinuan abestu zuen. Hemen ere, bere bertso bateko azken puntua:


denok daukagu barruan
gure Hitler txikia


Bukaera aldean, bertsolariak jende artean ibili ziren koplaka barre algarak sortuz. Saioan zehar atzean zegoen pantailako argazkiei abestu eta gero, aurrean zuten argazkiari abestu zioten: publikoari. Argazki makinak puntuan jarri eta argazki politak atera ziren publikoaren artean.


                  


Ezin dugu aipatu gabe utzi bertan egon ziren argazkilariak. Kantatzeko gai izan zituzten argazkien egileak saioan bertan izan genituen:


Wang Qingsong (Txinako argazkilarien artean puntakoena)
Zhan Fang (Txinako fotografia historian aditua)
Shen Chao-Liang (Taiwaneko argazkilaririk ospetsuena)
Hsu Tsun-Tzu (Taiwandarra)


Gure eskerrik beroenak argazkilari famatu hauei!

BERTSOPHOTO 2009

2007an egin zen lehenengoz Bertsophoto emanaldia Getxophoto  jaialdiaren barruan.


Antzinako ohitura eta argazkilaritza uztartzen dituen formatu berria garatu du. Peio Unzurrunzaga gai-jartzaile dutela Igor Elortza, Aitor Mendiluze eta Jon Martin, Getxoko kaleetan  ikusgai izango ditugun argazki boteretsuenei buruz jardungo dira bat-bateko bertsoak eskainiz.


                   


Zita, ostiralean izango da, irailak 11, 21:00etan, Zabala Eskolan.