Igandean Balmasedararte joan ginen Jone Uria gure eskolakidea animatzera. ALBEko kideak kanporaketa irabazi zuen eta, beraz, finalaurrekoetarako txartela lortu du eta Durangon abestu beharko du azaroaren 21ean Onintza Enbeita eta Etxahun Lekuerekin batera.
Saioa ez zen bikaina izan, baina ale politak entzun ahal izan genituen. Aipatzekoa da kartzelako gaian, hiru bertsolarik txarto ulertu zutela gaia eta beste paper batetik abestu zutela.
Zortziko nagusian, zein txikian ederto ibili zen Jone. Agian lehen puntuak erantzuten ez zuen bere maila erakutsi, baina kartzelako gaian ale hunkigarriak utzi zituen. Honakoa zen gaia: 70 egin dozuz meategiaren ateetan. Hementxe Joneren lehen bertsoa:
Gure aitatxo nola izan zen
desgraziaren bezero,
nahiz hasieran gure esperantza
hitz batean, izan zero.
“Bizirik daude” esan ziguten
eta jarri pozez ero!
“Irtengo dira, irtengo dira”,
ezin besterik espero.
Eta ordutik berdin da euri,
eguzki, hotz edo bero,
badaezpada etorri gara
egunero-egunero.
Hauexek puntuaketak:
Jone Uria 398,5
Joseba Artza 363
Iker Belaustegi 358,5
Iñaki Iturriotz 353
Lander Ibarluzea 346,5
Asier Legarreta 291,5
Zorionak Jone!
Gabi Basañez gure saio guztietan presente daukagu, eta Jonek ere berari bota zion azken agurra.
Hurrengo kanporaketa, Aulesti izango da eta bertan Peru Vidal eta Arrate Illaro izango dira kantuan.
Oharra: Argazkia Joseba Barrenetxearena da.