Algortako Bertsolari Eskola 1980.urtean sortutako elkartea da. Sorreratik bertsolaritzaren transmisioaren, sustapenaren eta ikerkuntzaren alde jardun dugu Bizkaiko Uribe Kostako eskualdean eta batik bat Getxon. Egun zeregin horretan jarraitzen dugu, bertsolaritzaren alde lan eginez, bertsogintza sustatuz, bertsolariak sortuz eta bertsozaleei euren zaletasunaz gozatzeko aukerak emanez.
2010ean 30 urte beteko ditu ALBEk.Urteurrena bera ospakizun handia izanagatik, eskolak egindako ibilbidearen mugarri eta aurrera begirako pausoen abiapuntu bihurtu nahiko luke data seinalatua. Hori dela eta, 2009ko udaberrian gogoeta-saioak antolatu ditu eta lehenengoa apirilaren 25ean izango da, Algortako Kultur Etxean (Villamonte kalea A-8, 48991).
Lehen egun honetan bi hizlari izango ditugu: Koldo Tapia eta Gotzon Lobera. Bertsolaritzaren eta kulturaren munduan aski ezagunak. Honakoa izango da egitaraua:
EUSKALGINTZA MUNDU GLOBALIZATUAN
Hizlaria: Gotzon Lobera, Bizkaiko Foru Aldundiko Hizkuntza Politikarako Zuzendari ohia eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea.
Ordua: 10.30
BERTSO-ESKOLEN ERRONKAK XXI.MENDEAN
Hizlaria: Koldo Tapia, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Idazkari Nagusi ohia eta Itzultzailea.
Ordua: 12.00
Hitzaldi bien ondoren eztabaidarako tarte bat egongo da.