Hileko artxiboak: martxoa 2011

“AIXE GETXO” SARIA JASOTZEN

Atzo banatu ziren “Aixe Getxo” sariak Fadurako polikiroldegian. Jende andana batu zen kulturari lotutako saridunei gorazarre egiteko.



Aurreko post-ean azaldu genuen bezala, ALBEk Kultura Ondarea, Hautemangarri eta Hautemangaitza kategorian eskuratu zuen saria. Trino Azkoitiak gure herrian bereizten duen Aixerrota jaso zuen. Gure esker ona adierazteko, jarraian transkribatuta duzuen bertsoa bota zuen:


Eskerrik asko sariagatik
baina beste hau be entzun:
gu ez garela besterik gabe
sari honen bila jardun.
Bada sari bat nahi gendunkena:
Getxo herria euskaldun.
Denon saria degu hau eta
ea irabazten dugun.


Link honetan daukazue bideoa ikusgai.

Ia denon artean lortzen dugun Getxo euskaldun bat. ALBEn horretan jarraituko dugu tinko!



 

ALBE “AIXE GETXO” SARIETAN SARIDUN

Lehen urtea da Getxoko Udalak Aixe Getxo sariak banatzen dituela. Udalerrian kultur munduaren hainbat arlotan, pertsonek eta ekimenek sortutako jardueren lana, konpromisoa eta zabalkundea azpimarratzeko asmoarekin sortu dira.


Epaimahaia kulturaren munduarekin harremanak dituzten hainbat getxoztarrek osatu dute. 12 kategoria ezarri dira.


Algortako Bertsolari Eskolak Kultura Ondarea, Hautemangarri eta Hautemangaitza kategorian saria lortu du.


31 urte bete ditugu Bertsolaritza zabaltzen, hedatzen eta ezagutarazten Getxon eta  gure eskualdean. Bide beretik jarraituko dugu beste 31 urtetan!


Sari ematea, martxoaren 21ean izango da Fadurako Areto Nagusian. Saria, gure eskolako lehendakaria den Trino Azkoitiak jasoko du.


Eskerrik asko ALBE posible egiten duzuen guztioi! Zorionak!