Egilearen artxiboa: erredakzioa

Galeria: barikua, 27 (Gala)

(Argazkiak: Haritz Dendategi)

Atzo estreinatu zen Donostiako Zinemaldian ‘Amaren eskuak’ filma

Mireia Gabilondo zuzendari Bergararrak ‘Amaren eskuak’ filma estreinatu zuen atzo Donostiako Zinemaldian. Zinemira jaialdi barruan, euskal zinegintzaren festan, estreinatu zuen eta sekulako txalo zaparrada jaso zuen filmak.

Atzo iluntzean ospatu zen euskal zinearen festa nagusia Donostiako Zinemaldian, eta Mirei Gabilondo bergararrak berebiziko garrantzia izan zuen. Atzo estreinatu zuen Amaren eskuak filma, jendez goraino bete zen Victoria Eugenia antzokian; estreinatu bakarrik ez, sekulako txalo zaparrada jaso zuelako Gabilondoren azken lanak.

Zinemira, lagun arteko festa da, euskal zinema eta zinemagileak batzen dituen festa handia, eta Victoria Eugeniako ateak zabaldu ziren momentutik, hainbat aurpegi ezagun ikusi ziren alfonbra gorrian.

Gala hasteko, Juanba Berasategik; marrazkilari, zuzendari zein ekoizleak, Zinemira saria jaso zuen. Sariak, euskal zinemagintzan egindako ibilbidea aitortu zion; Kalabaza Tripontzia edota Ipar Haizearen Erronka-ren marrazki bizidunen egileari, eta bihotzez eskertu zuen lagunek emandako saria.

Ondoren, Mireia Gabilondo eta bere lantaldearen momentua heldu zen, Amaren eskuak proiektatzeko momentua. Karmele Jaioren eleberrian oinarrituz, oso istorio kuttuna eta hurbilekoa sortu du Gabilondok. Ama eta alaba baten arteko harremanean murgiltzen du ikuslea. Errua, maitasuna, ezberdintasunak, eta guztiaren gainetik, bi emakume hauen arteko parekotasunak azalean geratu dira.

Besteak beste ama guztiei, eta bereziki kamera aurrean zein atzean egon den lantaldeari eskaini zien filma. Filmak sekulako txalo zaparrada jaso zuen, eta egubakoitzean bertan estreinatuko da zinema komertzialetan.

Euskal zinemaren gau hunkigarria

Euskal zinemaren gaua izan zen bart Donostiako Zinemaldian. Mireia Gabilondo bergararraren Amaren eskuak filmaren aurkezpen gala izan zen, zuzendari eta protagonistekin; bestetik, Juan Bautista Berasategik Zinemira saria jaso zuen.

Juanba Berasategi, Zinemira sariarekin. (Argazkia: Donostiako Zinemaldia).

Urkullu lehendakaria, Garitano ahaldun nagusia eta beste ordezkari politiko batzuk izan ziren bart Victoria Eugenian. Lehenengo, Juanba Berasategiri (Pasaia, 1951) saria eman zioten. Hunkituta jaso zuen hark. Euskal animazioaren bidea urratzen hasi zen, 1984an Kalabaza tripontzia egitearekin bat. Bere esanetan, atzera begiratu eta bere filmak ikusten dituenean, “askotan gustatzen ez” zaizkiola esaten du. Saria bere ogibideko “profesional guztiei eta lagun guztiei” eskaini zien eta emazteari eskerrak eman zizkion betidanik eman dion babesarengatik.

Euskal zinemarendako laguntza eskatu zuten

Segidan, Mireia Gabilondoren eta Amaren eskuak filmaren txanda etorri zen. Filmaren ekoizleak erakundeen babesa eskatu zuen euskal zinemagintzarendako. Gero, Gabilondok esan zuen “lantalde handi bat” dagoela filmaren atzetik, ez egile bakarra. Filma bota zuten gero; bertan, ama-alaba batzuen harremana kontatzen da. Amak Alzheimerra du eta amaren eta alabaren arteko harremana nola aldatzen eta sakontzen den erakusten du filmak. Bukaeran, txalo zaparrada handia jaso zuen. Irizar Saria jasotzeko lehian da Amaren eskuak, beste hiru filmekin batera.

Horrez gain, atzo aurkeztu ziren, sail ofizialean, Manuel Martín Cuencaren Caníbal, David Truebaren Vivir es fácil con los ojos cerrados eta Bertrand Tavernierren Quai d’Orsay.

Gabilondoren ‘Amaren eskuak’ eta Juanba Berasategi, gaurko protagonistak

Euskal Herrian ekoitzitako zinema ardatz duen saila da Zinemira eta gaurkoan albiste dugu. Batetik, Mireia Gabilondo bergararraren ‘Amaren eskuak’ filma da estreinatuko dutelako, eta bestetik, Juanba Berasategi zinemagileari Zinemira Saria emango diotelako.

Karmele Jaio idazlearen liburuan oinarritutako filmaren estreinaldia gaur arratsaldean izango da. Gabilondok lan hunkigarra zuzendu du oraingoan, “gaur egungo belaunaldi baten bizipenak islatzen ditu”.

Hain zuzen ere, gai ugari jorratzen dituen filma da, sentiberatasunaren balorea, asetzen ez duten lan eta ardurez bakarrik beteriko bizitza, errudun sentitzea…

Irizar Saria eskuratzeko lau film lehiatuko dira Zinemaldiaren 61. edizio honetan; hala, Amaren eskuak lanarekin batera, Asier eta Biok, Esbastika bat Bidasoan eta Izenik gabe, 200×133 filmak izango dira norgehiagokan.

Amaren eskuak Zinemaldian bertan ikusteko aukera egongo da datozen egunetan, baina gainera, irailaren 27tik aurrera Euskal Herriko zinema aretoetara egingo du salto bergararraren azken lanak.

Zinemira Saria, euskal animatzaile batentzat

Zinemira saila albiste da, gainera, Zinemira Sariagatik. Eta Pasai Donibaneko Juanba Berasategi zinemagilea omenduko dute Zinemaldiaren 61. edizio honetan. Victoria Eugenia antzokian egingo den galan eskuratuko Berasategik Zinemira Saria.

Euskarazko animazioaren aitzindaria da gipuzkoarra eta besteak beste, Ekialdeko izarra (1977) , Kalabaza Tripontzia (1985), Lazkao Txiki (1999), Txirrita (2000) sortu ditu.

Hunkituta jaso zuen Donostia Saria Maurak

Txalo zaparrada artean eta hunkituta jaso zuen atzo Donostia Saria Carmen Maura aktore espainiarrak, Alex de la Iglesia zuzendariaren eskutik. Eskerrak emateaz gain, normalean egiten ez duena egin zuen Maurak, saria guraso eta seme-alabei eskaintzea, hain zuzen.

“Aitortu behar dut sari banaketa askotan egon izan naizen arren, oraingoan zirrara berezi bat sortu zaidala”. Berba horiek esan zituen aktore madrildarrak Kursaaleko oholtzara igo zenean.

Donostiako Zinemaldiko 61. edizioko Donostia Saria eraman zuen Maurak etxera atzo eta ekitaldi hunkigarrian eskerron hitzak izan zituen, bai jaialdiaren antolatzaileentzako “nigan pentsatu izanagatik”, eta baita azken hilabeteetan zoriondu duten guztientzako ere.

Bestalde, Zinemaldian egondako kazetari guztiei ere eskerrak eman zizkien “nirekin izandako jarreragatik eta egindako lan handiagatik”.

Ezohikoa badu ere, Carmen Maurak saria partekatu gura izan zuen: “Ez ditut sekula sariak konpartitzen, baina oraingoan bai. Nire guraso eta seme-alabei eskaini gura diet, aktore izateko erabakia hartzeak apur bat sufriarazi baitie”.

Maurak, bestalde, “saria jaso duen aurreneko aktore espainiarra” dela eta aurrerantzean Donostia Saria gehiagok eskuratzea gurako lukeela ere esan zuen aurtengo sarituak.

Zinemaldian ‘Las brujas de Zugarramurdi’ Belodromoan ikusteko bi sarrera opari

las-brujas-de-zugarramurdi

Astelehenean, Donostiako belodromoan, 19:30ean, emango dute Las brujas de Zugarramurdi filma ikusteko 2 sarrera zureak izan daitezke.

PARTE HARTZEKO:

  • Bidali bariku ala zapatuan (irailak 20-21) kluba@goiena.com helbidera mezu bat (Jarri: KLUBA Zinemaldia eta bazkide zenbakia), bazkide zenbakia idatzita eta domekan jakinaraziko dizugu posta elektronikoz irabazlea bazara.
  • WhatsApp-a erabilita: 688 69 00 07 (Jarri: KLUBA Zinemaldia eta bazkide zenbakia).

Imanol Gallego, zinemaldiko berriemailea: “Filmak jatorrizko bertsioan ikustera animatu gura zaituztet, luxua da!”

Hamargarrenez izango da aurten Imanol Gallego arrasatearra zinemaldian. Gaztetxoa zenean harrapatu zuen Gallego zinemaldiko distirak. Orduan telebistaren pantailan ikusten zuena, bertatik bertara kontatuko du aurten, Goienako hedabideetan.

Zein izango da zure lana?

Debagoiendarren begi, esku eta belarri izango naiz. Kalean eta aretoetan ikusten dudana kontatuko dizuet eta baita pelikulen gaineko iritziak eman ere.

Eguneko hitzorduez gainera, gauetako jaiak ere izaten dira; horiek ere agendan dituzu?

Ez da derrigorrezkoa joatea baina joango naiz batera edo bestera. Hala ere, eguneko bost pelikula ikusiko ditudala kontuan hartuta, sarritan sartu-irtenak egiten ditut jaietan, gonbidatu nauena agurtu eta gutxi gehiago.

Aurtengo eskaintzatik pelikularen bat gomendatzekotan?

Enemy (Denis Villeneuve), Like father like son (Hirokozu Koreeda), Gravity (Alfonso Cuarón) eta Caníbal (Manuel Martin Cuenca), besteak beste. Azkeneko hori espainiarra da eta laster zinematan estreinatuko dutenez, aukeran, beste hirurak ikusteko aprobetxatuko nuke.

Zer deritzozu Donostiako  sariez?

Carmen Maura gustuko dut, Espainiako zinearen enbaxadore handia dela esango nuke. Horren erakusle dira dituen lau lau Goya sariak eta, besteak beste, Cannesen eta Venezian jasotakoak. Film berriarekin dator, gainera: Las Brujas de Zugarramurdi (Alex de la Iglesia). Hugh Jackmanek (Australia, Lobezno) ere sari asko ditu; kalitate handiko aktorea eta oso polibalentea da, nire ustetan.

Zein beste izar izango dira?

Asko daude aipatzeko: Anette Bening, Oliver Stone, Diego Luna, Mario Casas…

Gomendio batzuk, amaitzeko?

Areto bakoitzak bere xarma dauka, horregatik non erakusten duten ere kontuan izango nuke film bat aukeratzerako orduan, hainbat aretotan erakusten dute-eta pelikula bakoitza. Eta duda barik, triangelu interesgarria Maria Kristina hotela, Victoria Eugenia eta Kursaal artean dago, horra heltzen dira famatu guztiak.

Imanol Gallego Alex de la Iglesiarekin. (Argazkia: Haritz Dendategi)

Zinemaldia Goienan

Jarraipen berezia egingo diegu Mireia Gabilondo eta Asier Altunaren lanen aurkezpenei eta, orokorrean, zinemaldian aipagarria den guztia ere kontatuko dugu.

Goiena telebistan, egunero ordubeteko saioa izango duzue; goiena.net atarian, berriz, albisteez gainera, atari honetan aurkituko dituzue albisteak eta Imanol Gallegoren kronikak, argazki galeriak eta pelikulen gaineko bideo-kritikak; Goienaren paperekoan, ale guztietan egingo diogu tokia; eta zuzeneneko konexioak, berriz, Arrasate Irratian (FM 107.7).

Sarrerak on-line salgai

Hainbat film ikusteko sarrerak agortuta daudela zabaldu bada ere eskuragarri daude oraindik, emanaldi bakoitzeko sarreren %10 erakutsiko duten egun bakoitzerako gordetzen dute-eta.

Kutxabank.es edo sansebastianfestival.com webguneen bitartez eskuratu daitezke, 08:00etatik aurrera. Kreditu txartel bakoitzarekin lau sarrera eros daitezk, gehienez.