Atzo estreinatu zen Donostiako Zinemaldian ‘Amaren eskuak’ filma

Mireia Gabilondo zuzendari Bergararrak ‘Amaren eskuak’ filma estreinatu zuen atzo Donostiako Zinemaldian. Zinemira jaialdi barruan, euskal zinegintzaren festan, estreinatu zuen eta sekulako txalo zaparrada jaso zuen filmak.

Atzo iluntzean ospatu zen euskal zinearen festa nagusia Donostiako Zinemaldian, eta Mirei Gabilondo bergararrak berebiziko garrantzia izan zuen. Atzo estreinatu zuen Amaren eskuak filma, jendez goraino bete zen Victoria Eugenia antzokian; estreinatu bakarrik ez, sekulako txalo zaparrada jaso zuelako Gabilondoren azken lanak.

Zinemira, lagun arteko festa da, euskal zinema eta zinemagileak batzen dituen festa handia, eta Victoria Eugeniako ateak zabaldu ziren momentutik, hainbat aurpegi ezagun ikusi ziren alfonbra gorrian.

Gala hasteko, Juanba Berasategik; marrazkilari, zuzendari zein ekoizleak, Zinemira saria jaso zuen. Sariak, euskal zinemagintzan egindako ibilbidea aitortu zion; Kalabaza Tripontzia edota Ipar Haizearen Erronka-ren marrazki bizidunen egileari, eta bihotzez eskertu zuen lagunek emandako saria.

Ondoren, Mireia Gabilondo eta bere lantaldearen momentua heldu zen, Amaren eskuak proiektatzeko momentua. Karmele Jaioren eleberrian oinarrituz, oso istorio kuttuna eta hurbilekoa sortu du Gabilondok. Ama eta alaba baten arteko harremanean murgiltzen du ikuslea. Errua, maitasuna, ezberdintasunak, eta guztiaren gainetik, bi emakume hauen arteko parekotasunak azalean geratu dira.

Besteak beste ama guztiei, eta bereziki kamera aurrean zein atzean egon den lantaldeari eskaini zien filma. Filmak sekulako txalo zaparrada jaso zuen, eta egubakoitzean bertan estreinatuko da zinema komertzialetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude