Kategorien artxiboak: Guztiak

‘I am not Madame Bovary’ filmak lortu du urrezko maskorra

Bi sarirekin (emakumezko aktore onenaren zilarrezko maskorra eta urrezko maskorra), Txinatik ekarritako I am not Madame Bovary filma izan da dudarik gabe gaueko irabazlea. El hombre de las mil caras eta Que Dios Nos Perdone filmak ere oso indartuta irten dira Kursaaletik.

img_4184

Itxiera gala hasi aurretik, norbaitek Fan Bingbin ikusi du, hamar minutu geroago, Florecen Pugh Grosen omen zegoen… Zapatua zurrumurruen eguna izan ohi da Zinemaldian eta aurten inoiz baino txutxumutxu gehiago izan ditugu. Kazetariak prentsa gunean, jendea Kursaal aretoan eserita eta sariduna ezkutatuta. Minutu batzuen atzerapenarekin ekin diote Juana Acosta eta Edurne Ormazabalek itxiera gala aurkezteari.

Ofizialak ez diren sarien ostean iritsi da gaueko une garrantzitsuena. Sari txikietatik hasi eta urrezko maskorrarekin amaitu da gala. Kazetariok sari asko txalo artean hartu ditugu, aktoreen sariak gehien bat, baina I am Madame Bovaryk bi sari eskuratu izanak kazetari askoren oihu eta txistuak piztu ditu.

Nire ustez
Ez da nire kiniela bete, baina aurten ez naiz horren urruti ibili. Egia da zazpi pertsonen iritziarekin bat etortzea ez dela batere erraza. Orokorrean epaimahaiaren iritziarekin ados nago, baina aipatzeko moduko bi gauza ikusi ditut. Lehena Nocturama sarietatik kanpo lagatzeak pena handia eman dit. Bigarrena aldiz konplexuagoa da, urrezko maskorrarekin zerikusia dauka-eta.

I am not Madame Bovary film egokia den arren, ez da bikaina, horregatik urrezko maskorra jasotzea gehiegi deritzot. Askotan epaimahaiak filma baino, testuingurua saritzen duela iruditzen zait. Xiaogang Feng zuzendariaren lanak Txinako gobernuaren zentsura jasan du, filmean emakume bat eta Txinako administrazioaren arteko lehia erakustegatik, zorionez baina, badirudi arazo askoren ostean Txinan egun gutxi barru estreinatuko da.

Laburbilduz, ez da azken urteetako palmares okerrena, baina nire ustez politika eta testuingurua, filmak berak baino garrantzi gehiago izan du.

Palmares ofiziala
Film onenaren urrezko maskorraI am not Madame Bovary

img_4403

Xiaogang Feng (I am not Madame Bovary filmaren zuzendaria): “Miraria egi bihurtu da. 60 urte ditut eta esperientzia handia daukat, film honetan ikasitako guztia ahaztu eta opera prima bat izango balitz bezala landu gura nuen pelikula. Alboan izan dudan taldeak bultzatu nau filma egitera”.

Epaimahaiaren sari bereziaEl invierno eta Jätten

exa1img_4208

Zuzendari onenaren zilarrezko maskorra – Hong Sang-soo (Dangsinjasingwa dangsinui geot)

director

Hong Sang-soo: “Nire aktore eta ekoizleei eskaini nahi diet sari hau”.

Emakumezko aktore onenaren zilarrezkoa maskorra – Fan Binbing (I am not Madame Bovary)

actriz

Fan Binbing: “Oso urduri nago. Zinemaldiaren lehen egunean nire urtebetzea ospatu nuen, eta bertan, maskor hau irabaztea amets egin nuen, orain ametsa egi bihurtu da”.

Gizonezko aktore onenaren zilarrezko maskorra – Eduard Fernandez (El hombre de las mil Caras)

actor

Eduard Fernandez: “Hau oso potoloa da. Nire begirunea agertu nahi diet, herri honi, hiri honi eta Zinemaldi honi. Gezur ugari kontatuz, benetako film bat egin dugu”.

Argazkilaritza onenaren epaimahaiaren saria – Ramiro Civita (El invierno)

fotografia

Gidoi onenaren epaimahaiaren saria – Isabel Peña eta Rodrigo Sorogoyen (Que Dios Nos Perdone)

guion

Rodrigo Sorogoyen: “Zinea talde lana da, eta saria filmeko taldearekin konpartitu nahi dut”.

Beste sari batzuk
Pedaló Juan Palacios zuzendari gaztearen lehen film luzeak Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi du. “Kriston ohorea hemen egotea” esan du zuzendariak.

premio-irizar-al-cine-vasco

Cannesgo Zinemaldiaren urrezko palma jaso zuen Ken Loach zuzendari beteranoak eskuratu du publikoaren saria I, Daniel Blake filmarengatik. Richard Gerek eman du saria, baina Loach ez da Donostiara etorri, eta bideo bidez eskertu du saria, publikoarekin konektatu izanak “asko pozten duela” adieraziz. Sari beraren Europako produkzio onenaren saria Ma vie de Courgette filmak eroan du.

Atzo Sebastiane saria lortu eta gero, Maysaloun Hamouden zuzendariaren Bar Bahar pelikulak Gazteriaren Eroski saria jaso du. Jaioterritik urrun, aske izan nahi duten hiru neska palestinarren bizitza kontatzen du pelikulak.

Natura goirapatuz agurtu da Zinemaldia

Jacques Cousteau famatuaren bizitzari buruzko L’Odyssée filmarekin esan diegu agur zine aretoei. Ostean zurrumurru, kiniela eta sarien unea iritsi da. 21:00etan jakingo dugu gure apustuak epaimahaiaren iritziarekin bat datozen edo ez.

img_4154

Mundu mailako estreinaldiarekin amaitu da 64. Donostia Zinemaldia, Jacques Cousteauren bizitza hizpide duen film batekin.

img_4177

Cousteau urpeko miaketa eta filmaketaren aitzindaria izan zen, eta haren semen Philipperekin izandako erlazioa kontatzen du filmak. Gidoia FMon pere, le Commandant eta Capitaine de la Calypso liburuetan oinarritzen da. Filmeko istorioan zientzialariaren bizitza profesionala eta pertsonala tartekatzen dira.

img_4197

Azpimarragarria da pelikulak natura zaintzearen alde ematen duen mezua. Babes horregatik jaso du filmaren taldeak Greenpeace erakundeak ematen duen Lurra saria. Filma itxiera moduan ondo dago, baina nik ez nuke nire ohiko aukeren artean jarriko.

Nire kiniela*

  • Film onenaren urrezko maskorra – Dangsinjasingwa Dangsinui Geot
  • Epaimahaiaren sari berezia – Ikari
  • Zuzendari onenaren zilarrezko maskorra – Rodrigo Sorogoyen (Que Dios Nos Perdone)
  • Emakumezko aktore onenaren zilarrezkoa maskorra – Fan Binbing (I am not Madame Bovary)
  • Gizonezko aktore onenaren zilarrezko maskorra – Eduard Fernandez (El hombre de las mil Caras)
  • Argazkilaritza onenaren epaimahaiaren saria – Ramiro Civita (El invierno)
  • Gidoi onenaren epaimahaiaren saria – Christelle Berthevas eta Arnaud des Pallières (Orpheline)
  • Epaimahaiaren aipamen berezia – Nocturama

*Gogoan izan epaimahaiak eta nire iritziak ez dutela zertan bat etorri.

Lehen sariak

Espainiako zine kazetari eta kritikariek eman dute lehen sari potoloa, Feroz saria hain zuzen eren. Kazetariok bozkatzen dugun sari honek oso denbora gutxian ospe handia lortu du.

img_4246

Zinemaldian lanean aritu garenok El hombre de las mil caras filma aukeratu dugu, sail ofizialeko lehiaketaren film onena bezala.

Urtero moduan baina, lehen saria Gehitu elkarteak ematen duen Sebastiane izan da. Saria ematen duen epaimahaiak Bar bahar filma saritzea erabaki du.

img_4124

Gizartean, diren bezala izateko, oso prezio handia ordaindu behar duten hiru emakumeren errealitatea erakusteagatik; itxuraz, edozer egiten dutela ere, gizarte horretan lekurik ez dutela baitirudi.

Txutxumutxuak

Richard Gere etorri da. Apenas 48 ordu igaroko ditu gure artean aktoreak, eta agenda ezin estuagoa izan du.

img_4320

Bai, neska-lagunarekin etorri da, eta neska ederra izateaz gain, oso adeitsua omen da. Biak Rais fundazioaren lana babestera etorri dira Donostiara. Ziurrenik aktorea gaueko galan egongo da.

Amaitu da lehiaketa

Ewan McGregorrek zuzendari moduan eginiko lehen lana aurkeztu du aktoreak Sail Ofizialean. Philip Roth idazlearen American Pastoral eleberria film bihurtu du eskoziako aktoreak. Horrez gain, aurtengo lehiaketa itxi duten Ikari ekoizpen japoniarra eta Hego Koreako Dangsinjasingwa dangsinui geot filmak ere ikusi ditugu. Zinemaldiaren azken egunetan Richard Gere iritsi da.

richard-gere-1american-pastoral-1

Argi dago Ewan McGregorrek erronkak atsegin dituela, eta kameraren atzean egin duen lehen lana, izaera horren isla da. Eskoziakoak American Pastoral eleberri ezaguna egokitzeko desafioa onartu zuen eta bere alboan Dakota Fanning eta Jennifer Connelly izan ditu.

american-pastoral-2

Aktoreak prentsaurrekoan azaldu duenez, kasualitatez hartu zuen zuzendaritzaz arduratzeko lana, proiektua bertan behera gelditu ez zedin.

McGregorrek 60ko hamarkadan, egun batetik bestera, bere bizimodu eredugarria galtzen ikusten duen familia baten istorioa ekarri du sail ofizialera. Egia da prentsa eta kritikoek ez diotela harrera onik eman filmari, baina jende aurrean egindako lehen pasean, txaloz hartu dute American Pastoral.

Hasiberri batek egindako filma izateko ongi dago, baina egia da, une eta pertsonaia asko azaletik baino ez dituela landu McGregorrek.

Sail ofiziala

Bederatzi egun, eta film ugariren ostean, amaitu da lehiaketa, eta nola gainera! Ekialde urrunetik  ekarritako bi film zeharo desberdinekin.

Jarduneko lehena Ikari japoniarra izan da. Zinemaldian I saw the devil filmak hasitako ibilbidea jarraitzera etorri da Ikari. Erailketa bortitz bat da film honen hasiera, eta hortik aurrera amorrua eta misterioak lotutako istorio bat sortu du zuzendariak.

ikari-1

Ez da bere film onena, baina ilusioa egin dit, Ikarin ageri den Ken Watanabe aktorea ikusteak.

Ez zaie arrazoirik falta Hong Sang-soo zuzendari korearrari Asiako Woody Allen ezizena jarri ziotenean. Dangsinjasingwa dangsinui geot film landua da, pertsonaiak ongi egituratuta daude, eta agian sariren bat edo beste lor dezake.

yourselfandyours

Youngsoo margolariak jakin du bere emaztegai Minjung beste gizon batekin izan zela kopa batzuk hartzen eta harekin borroka egin zuela. Gau hartan bikoteak eztabaida bat izango du, eta Minjung etxetik irtengo da, denbora-tarte batean elkar ez ikustea komeni zaiela esanez. Biharamunean, Youngsoo haren bila joango da, baina ez du topatuko.

Bi harribitxi: ‘Frantz’ eta ‘After the Storm’

François Ozon zuzendari ezagunaren Frantz filma izan da sorpresa atseginetako lehena.  Gerraren bidegabekeriez mintzo den lan honek istorio polita dauka atzean. Dramak hasieratik harrapatzen zaitu eta minutuak oso bizkor pasatzen dira, bizkorregi agian.

frantz

Ozonek gezur baten atzean dagoen errukia eta beldurra azaleratzen ditu azken lan honetan. Bakezaletasuna eta barkamenaren aldeko ikuspegia defendatzen dituen arren, krudeltasuna eta bidegabekeria ere erakusten ditu frantziarrak.

Bigarren harribitxia Hirokazu Koreedaren After the Storm filma izan da. Japoniarrak istorio txikiak kontakizun handi bihurtzeko doia dauka, eta lan honetan ere hori agerian geratzen da.

koreeda2

Ryota iraganean bizi da, egile saritu moduan emandako ospe-uneetan. Dibortziatu eta gero lasterketetan gastatuko du irabazten duen diru guztia, eta ezingo du semearen mantenu-pentsioa ordaindu. Pelikulak drama kutsua duen arren, barrea ere eragiten du. Filmaren gauza hoberena amaiera da, zuzendariak berak nahi zuena eman dio-eta, klitxe eta topikoak albo batera utziz.

Txutxumutxuak

Azkenean iritsi da Richard Gere, oraingo honetan, bere aurpegi solidarioena erakustera etorri da. Aktoreak solidario fama dauka, eta etxerik ez duten pertsonen kargu egiten den Rais fundazioarekin eskutik etorri da gurera.

richard-gere-2

Gaur, fundazio horren egoitzetako bat bisitatu du Eneko Goia alkatearekin batera, eta bihar, kalean bizi diren pertsonen egoera zalantzen duen Time Out of Minds lana erakutsiko du Kursaalean.

Ezagutu nahi ez dugun egia

Oliver Stone kontzientziak astintzera etorri da Donostiara. Badirudi bere hasierako urteetan ekindako ibilbidera bueltatu dela zuzendaria, eta Snowden filmarekin AEBek martxan jarritako espioitza politika globala salatu nahi duela. Bestalde atzo jaso zuen Sigourney Weaverrek bere Donostia saria. Hunkituta eta txalo artean altxatu zuen saria aktore estatubatuarrak.
img_3603
Edward J. Snowdenek NSAren mundu mailako espiotzaren dokumentuak publiko egin zituenean, zaplazteko handi bat eman zion munduari, eta bereziki estatubatuetako gobernuari. Horrek baina ateak itxi zizkion bere etorkizun, karrera eta bizitzari. Zerk bultzatu zuen Snowden horrenbeste dokumentu sekreturen berri ematera? Galdera horri erantzun nahi izan dio Oliver Stone zuzendariak Snowden filmarekin. Pelikula sail ofizialean dagoen arren, lehiaketatik kanpo dago. Stone baina ez da bakarri etorri Donostiara fama handia duten Joseph Gordon-Levitt, Shailene Woodley aktoreekin iritsi da Zinemaldira.
snowden
Nire ustez, ibilbide luzea izango du filmak eta harribitxi bat ez izan arren, Snowdenek entretenitu egiten zaitu. Horrez gain, Citizenfour dokumentalak lortu ez zuen oihartzuna izango du, eta horri esker, jendeak datuen babesari buruz gehiago jakingo du.

Sigourney Weaver
Kursaala goraino bete zen atzo, aurtengo bigarren Donostia sariaren gala ikusteko. J. A. Bayona A monster calls Donostian biak aurkezten ari diren filmaren zuzendariak eman zion saria Sigourney Weaverri, eta estatubatuarrak behin eta berriro errepikatu zuen “Muchas gracias, eskerrik asko”.
img_24841
Saria jaso bezain pronto Donostiara etorri zen lehen aldia gogora ekarri zuen: “Batzuek badakizuen moduan, ezagutu nuen lehen zinema jaialdia izan zen hau, 1979an. Alien izeneko pelikula txiki batekin etorri nintzen, eta orduan ikusi nuen lehenengoz, Victoria Eugenia antzokian”.

img_24849

Horren ostean 40 urteko ibilbidean bidelagun izandakoak gogoratu zituen eta Espainia “biziki” maite duen herrialde bat dela esan zuen, bere ustez, hemen filma egitea artetzat hartzen direla azpimarratuz.

‘Kalebegiak’ filma
3.000 pertsonatik gora batu ziren atzo Kalebegiak filmaren estreinaldian. Belodromoa beti da berezia eta jendeak 15 zuzendariren Donostia ezagutzeko gogoz gerturatu zen. Film baten aurkezpena baino Orfeoi donostiarraren itxura zutela azaldu zuen Borja Cobeagak, eta ez zitzaion arrazoirik falta, Belodromoko oholtzak ia 30 pertsona batu baitziren, zuzendari, aktore…

kalebegiak-2
“Donostia bat bakarra munduan”, dio abestiak, baina pertsona bakoitzak bere Donostia duela frogatzera etorri da Kalebegiak. Egia da labur guztiek ez dutela kalitate bera, eta batzuk aspergarriak direla, baina film kolektibo gisa bere erakarpen indarra dauka. Akaso proiektuak izan duen askatasun eta originaltasuna da filmaren gauza onena. Ñoñostiarrismotik aldenduz, filmean euskara, gaztelania, txinera eta ingelesa entzuten dira hiriaren izaera irekia eta ikuspuntu anitz hori indartuz.

img_24964

Onartu beharra dago, zuzendari guztiek lan handia egin dutela proiektuaren irekitasun eta aniztasuna 12 minututan jasotzeko. Urriaren 14an izango da ia bi orduko film honen estreinaldi komertziala.

Gertuko eta kanpoko izarrak

Euskal zinemaren egunaren baitan bilbotar aktore, zuzendari eta antzerkigile den Ramon Bareak jaso zuen Zinemira saria. Ostean, Igelak filmaren txanda iritsi zen. Victoria Eugenia antzokian Patxo Telleriarekin batera, filmeko ia talde osoa egon zen, tartean, debagoiendarrak diren Gose taldeko kideak, Maria Cruikshank eta Aitor Mantxola. Dudarik Gabe baina eguneko protagonista Sigourney Weaver aktorea da.
sigur
Jose Antonio Bayonak dagoeneko aurkeztu du A monsters calls. Munstro baten laguntzaz minbizia duen amari lagundu nahi dion ume baten istorioa da filma, fantasiazko generotik gertukoa, eta animaziozko pasarteak dauzkana.

Filma teknikoki perfektua dela esango nuke, baina istorioak ez zaitu guztiz bereganatzen. Hala ere, negar egin dudala onartzen dut. Zoritxarrez Lo Imposible baino ahulagoa dela esango nuke.
monsters
Zuzendaria baina, ez da bakarrik etorri Donostiara, bere eskutik iritsi baita aurtengo bigarren Donostia saria jasoko duen Sigourney Weaver. Ia 40 urteko zinema ibilbidearen aitortza gisara, gaur iluntzean jasoko du sari ospetsua Weaverrek.

‘Kalebegiak’
Donostia 2016 Kultur Hiriburuaren apustu garrantzitsuenetakoa den Kalebegiak talde filma ere ikusi dugu. Donostia plato erraldoi gisa erabili duten hamabi laburmetraik osatzen dute pelikula hau. Besteak beste, Julio Medem, Borja Cobeaga eta Daniel Calparsoro zinemagileen lanak ageri dira. Haien ondoan Asier Altura bergararraren Iraila laburra ere ikus daiteke. Ah! Calparsoren argazki zuzendaria Aitor Mantxola izan da.
kalebegiak
Oso ikuspuntu ezberdinak agertzen dira pelikulan, guztiak horren ohikoa den ñoñostiarrismotik urrun. Labur batzuk oso onak diren arren, filmak orokorrean hari komun baten beharra dauka, hala ere, esperimentu polita da.Donostiarrak lasai egon daitezela Kalebegiak urriaren 14an estreinatuko baita.

Euskal zinearen eguna
Gurea industria txikia den arren, Donostia Zinemaldiak atzo ospatu zuen euskal zinemaren eguna. Hori ospatzeko Victoria Eugenia antzokia gertuko izarrez bete zen. Jon Plazaolak aktoreak gidatu zuen gala, eta Igelak filmaren txanda iritsi aurretik Ramon Bareari omenaldia egin zioten. Bilbokoaren ibilbide luzearen lan entzutetsuenak batzen zituen bideo bat erakutsi zuten, eta ondoren, Juanma Bajo Ulloa zinema zuzendaria agertokira igo zen, saria ematera.

juanma-bajo-ulloa

Zoritxarrez Irene Bau aktoreak jaso zuen saria, Barea Madrilen baitago Incendios antzezlana egiten, hala ere, galan proiektatu duten bideo baten bidez eman zituen eskerrak aktoreak.

video-agradecimiento-ramon-barea

Bareak Zinemaldian aurkeztutako lanak gogora ekarri zituen, eta bere belaunaldiko kideei eskaini zien saria.

‘Igelak’
Saria eman eta gero, Patxo Telleriaren azken lana ikusteko ordua iritsi zen. Igelak-ek azken urteotako errealitate gordin bat azalaratzen du, komedia sozialaren lengoaiarekin. Barreak sortzeko helburua badu ere, pelikula hau etxegabetuei buruz mintzatzen da, eta haiek bizitzen duten drama kontatzen du. Gorka Otxoa protagonistaren alboan askotan ikusten da oñatiarra den Maria Cruikshank, eta kameren atzean egon arren, Aitor Mantxolaren eskua ere igartzen da Igelak-en.

equipo-gala-igelak

Filmean zehar musikak garrantzi handia dauka, eta hemen ere debagoiendarrak protagonista. Gose eta Ruper Ordorikaren doinuak entzuten dira-eta.

Istorioak vs. historia

Tentsio handiko thrillerrarekin eman diogu hasiera egunari. Que Dios nos perdone filmak txalo zaparrada ederra lortu du eta kritikaren onespena ere jaso du. Bereziki azpimarratzekoa da Antonio De la Torre eta Roberto Alamo aktoreen lana, nire ustez baina, ez dute saririk lortuko La isla minimaren itzala gertuegi dago-eta. Bi aktore hauen gainetik baina, Hugh Grant dago, bera izan baita Donostia azken ordu hauetan izan dugun aktore ezagunena
florence-fosters-jenkins
Aste bukaerako eromenaren ondoren, Urrezko Maskorraren bila lehiatuko diren pelikula gehiago ikusteko txanda iritsi da. Gaurkoan Lady Macbeth William Oldroyd zuzendari ingelesaren lehen film luzea eta Rodrigo Sorogoyen zuzendari espainiarraren Que Dios nos perdone.
que-dios-nos-perdone-taldea
Antonio de la Torre eta Roberto Alamo dira Que Dios nos perdone filmaren protagonistak eta biek lan bikaina eginten dute, ziur hurrengo urteko sarietan behin baino gehiagotan entzungo ditugula bi aktoreen izenak.
que-dios-nos-perdone-aktoreak
Filma ‘mataviejas’ hiltzailean oinarritzen da baina gidoilariek historiatik aldendu eta fikzioaren bidez istorio bihurtu dute filma.

Lady Macbeth filmak 1895eko Ingalaterrako landa-eremu batean nahigabean bizi den emakume baten istorioa kontatzen du.
lady-mcbeth
Florence Pugh da filmaren izarra eta bere lana oso ona da. Hiltzaile papera XIX. mendeko gizarte eta emakumeek zuten izaerarekin ederto nahasten jakin du.

Badirudi emakumeek presentzia handia izango dutela sail ofizialeko filmeetan. Horren adierazle argia da I am not Madame Bovary. Txinako administrazioa eta emakume baten burugogorkeriaren arteko lehia ikusten da filmean. Gobernua eta Li Xuelian koitaduaren arteko borroka 10 urtez luzatzen da, eta bukeran argitzen da emakume honen lehiaren benetako arrazoia.
i-am-not-madame-bobary
Txinako izar handiena den Fan Bingbing da protagonista eta epaimahaiak bere lana saritzea normala izango litzateke.

Hasierako egunetan lehiaketa nagusiaren parte diren filmek ikusleak hotz utzi eta gero, gaurko estreinaldiek sail ofizialaren maila igo dute.

Txutxumutxuak
Bai Hugh Grant ikusi dut, eta askok esan duzuen moduan ez da garai bateko mutil gaztea. Grantek, gainontzeko pertsonek bezala urteak betetzen ditu.
hugh-grant-con-gafas
Florence Foster Jenkins filma aurkeztera etorri da Donostiara eta ez dakit gure artean eroso egotera iritsi den. Grant-ek Maria Cristina hoteletik ez da gehiegi irten, eta irten denean, ez da oso beroa izan, aurtengo eguraldia bezala, gris samar egon da Zinemaldian. Ah! Filmeko izarra Meryl Streep da, eta beti moduan, zoragarri dago.

Bestalde Monica Bellucci ere iritsi da Donostia. Italiarra Emir Nemanja Kusturica zuzendariak sortu duen fantasiaz beteriko On the milky road aurkeztera etorri da.
monica-bellucci
Ez dut berarekin egoteko aukerarik izan, baina Belluccik berak duela urte batzuk Kursaaleko atean esan zuen bezala, bera Italiako emakume bat da, ez diva bat. Ea hori baieztatzeko aukera dudan.

Horiez gain gertukoa den Asier Altuna ikusteko aukera izan dut. Aurreko urtean Amama sail ofizialean estreinatu eta gero, aurten zuzendari bergararrak II. EZAE saria jasoko du bere lanak izandako publiko arrakasta eta nazioarteko ibilbideagatik.
amama
Gutxi falta debagoiendarrak parte dituzten Igelak eta Kalebegiak filmak ikusteko.

Ethan Hawke, 58. Donostia saria

Aktore estatubatuarrak aurtengo Donostia sarietako lehena jaso du gaurkoan. Pasa den urtean kale egin eta gero, Hawkek bere azken filma ekarri du besapean: The Magnificent Seven. ss6417s-703
AEBko izar baten distirak astindu du Zinemaldiaren bigarren eguna. Goizean kazetariekin izan duen prentsaurrekoan, latinoamerikako zinema goratu, bere ibilbidea errepasatu, zinema jaialdien funtzioa nabarmendu eta etorkizuneko erronkez aritu da Hawke.
ethan
Nire ustez, argi dago, bere ausardia eta kamera aurrean nahiz atzean egindako lanak saritu dituela Zinemaldiak. Aktorea ordubetez entzuteko aukera izan ostean, Donostia sari honi zentzu handiagoa hartu diot.
ss6417s-659
Txalo artean hartu du Kursaalak Hawke, aktoreak behin baino gehiagotan adierazi du zinea maite duela eta bere bizitza zinemari eskainiko duela aldarrikatu du.

Estreinaldi amerikarra
The Magnificent Seven John Sturges zuzendariak 1960an egindako lanaren remake/bertsio bat da. 60an Sturgesek egin zuen bezala, Antoine Fuqua zuzendaria ere, Akira Kurosawaren Shichinin no Samurai/Seven Samurai filmean oinarritu da. Istorio klasiko baten ikusmolde moderno bat ekartzen digu oraingo honetan Fuquak.
themagnificentseven_filmearenargazkia_11689
Hawke da film horren protagonista, baina Denzel Washington eta Chris Pratt aktoreek ere parte hartu dute bertan. Zoritxarrez, gehiegitan gertatu ohi den moduan, izen eta ospe handiko talde baten atzean, filma ez da horren borobila.

Sail ofiziala
Alberto Rodriguez zuzendari sevillarrak El hombre de las mil caras ekarriko du besapean. Sail ofizialaren barruan ikusi den film itxurosoenetako baten aurrean gaude. Argi dago ez dela La isla mínima, baina sevillakoak oso film dibertigarria egin du. Izan ere Roldanen atxiloketa sinestezinaren detaile eta txutxumutxuak agerian lagatzen ditu andaluziarraren filmak, umorea ere tartekatuz. Filmak baina Roldani iruzur egin zion Francisco Paesa dauka protagonista gisa.
el-hombre-de-las-mil-caras
Ziur nago, aurreko filmarekin gertatu zen bezala, El hombre de las mis caras-ek takila ona egingo duela.
Lehiaketa nagusiaren baruan Arnaud des Pallières zuzendari frantsesak Orpheline aurkeztu du, goraino bete den Kursaal baten aurrean. Emakumezko lau pertsonaiaren bizitzako lau momentu kontatzen ditu filmak.
orpheline
Orpheline uste baino sakonagoa den film horietako bat da, ziur, zinema aretotik irten ondoren solasaldi ugari eragin dituela.

Zinema latinoa
Gael Garcia Bernal mexikar aktore, zuzendari eta ekoizleak, sortu berri den Zinema Latinoaren Jaeger-LeCoultre saria jaso du. Saria jasozean Latinoamerikako zinemaren aldeko aldarria egin du.
gael-garcia-bernal
Garcia Bernal baina ez da soilik saria jasotzera etorri. Horrez gain, Pablo Larrainek zuzendu duen Neruda filma aurkeztu du hemen, Pablo Neruda poetak eta Txileko Alderdi Komunistak Gonzalez Videla presidentearen aldetik pairatutako jazarpena kontatzen digun filma.

Heldu da eguna!

Gezurra dirudi baina igaro ditugu 355 egunak. Alfonbra gorriak Kursaal eta Victoria Eugeniako atariak apaintzen ditu, eta hurrengo hilabeteetan zinema aretoetan ikusiko ditugun filmeen kartelek Donostia betetzen dute. 64. Donostia Zinemaldiak, bederatzi egunez, zinema-areto erraldoi bihurtuko du hiria.

img_1379

Sail ofiziala
La Fille de Brest Emmanuelle Bercot zinemagile frantziarraren seigarren filma da. Oraingo honetan Irene Frachonen Mediator 150 mg liburuan oinarritu da Bercot, eta botereen kontrako borroka bat kontatzen du, oztopoen gainetik nola egin aurrera aliatu eta konplizeak topatuz.

la-fille-de-brest-2 la-fille-de-brest-1

Guztiaren protagonista industria farmazeutikoa da, eta benetan gertatutako ikerketa eta borroka baten kontaketa da. Kursaala goraino bete ez den arren, lehen filmak ikusleen onespena lortu du, txalo zaparrada ederra jaso baitu La Fille de Brest-ek, niri baina ez zait larregi gustatu.

Eguneko altxorra aldiz, Alemaniak Oscar sarietara eroango duen Toni Erdmann izan da. Filmeko protagonistak Ines eta Winfried dira.

toni_erdmann
Ines egoitza Bucaresten duen Alemaniako enpresa garrantzitsu batean dabil lanean. Bizimodu erabat ordenatua darama, bere aita Winfried bat-batean iritsi eta ustekabeko galdera bat egiten dion arte: “Zoriontsua al zara?”. Une horretatik aurrera, irribarrea eta une latzak tartekatzen dituen filma dago. Egia da filmak gehiegitxo irauten duela (162 minutu) baina Victoria Eugenia antzokian Toni Erdmann ikusi dugunok irribarre batekin irten gara.

Irekiera gala
Dantza ikuskizun labur batek abiatu du inaugurazio gala. Ostean Emma Suarezek, Cayetana Guillen Cuervok, eta Mireia Gabilondo bergararrak hartu dute hitza. Aurten baina ez dira hitz egin duten bakarrak izan, lau pertsonak gaixorik dauden presoen alde eta errausketaren kontra oihukatu baitute, gala hainbat unetan geldituz.
mireia
Oro har, galak betiko formatua izan du eta hilaren 24a iritsi arte Zinemaldiak izango dituen atal eta filmak aurkeztu dituzte. Kursaaleko agertoki gainean zinemaren hainbat izen handi ikusteko parada ere izan da lehen gala. Bertrand Tavernierrek bere umorea eta talentua erakutsi du, eta urteko film onenaren Fipresci saria Toni Erdmann Maren Ade alemanaren filmari eman diote.

Txutxumutxuak
Aurten, euri zaparradak ez ezik, izar zaparra da izango dugu Donostian. Sigourney Weaver eta Gael Garcia Bernal, Monica Bellucci, Jennifer Connelly, Javier Bardem, Richard Gere, Isabelle Huppert, Joseph Gordon-Levitt… aktoreek garraxi eta zorabio ugari eragingo dituzte. 64. Zinemaldi honetako lehen oihuak Hugo Silva aktoreak jaso ditu. Silvak ez du filmik aurkezten, baina Cinergia ekimena babestera etorri da hona. Inoiz baino argalago eta nahiko aldarte onean sinatu ditu hainbat autografo.
gas-natural-fenosa-cinergia
Eguerdi partean aldiz, egubakoitzeko bi izar handiak iritsi dira hirira. Lehena, Cynthia Nixon, Sexo en Nueva York telesaileko ilegorria, oraingoan ilehori iritsi da Maria Cristinara. Bere atzetik aurtengo lehen Donostia saria jasoko duen Ethan Hawke aktorea heldu da.

ethan-hawke cynthia-nixon

Bidaia luzea egin omen du, eta Donostiara iritsi bezain pronto Branka jatetxera eroan dute, gure gastronomiaz gozatzera. Menua ez didate esan, baina oso gustura jan omen du. Hawkek bihar jasoko du bere Donostia saria.