Imanol Gallego, zinemaldiko berriemailea: “Filmak jatorrizko bertsioan ikustera animatu gura zaituztet, luxua da!”

Hamargarrenez izango da aurten Imanol Gallego arrasatearra zinemaldian. Gaztetxoa zenean harrapatu zuen Gallego zinemaldiko distirak. Orduan telebistaren pantailan ikusten zuena, bertatik bertara kontatuko du aurten, Goienako hedabideetan.

Zein izango da zure lana?

Debagoiendarren begi, esku eta belarri izango naiz. Kalean eta aretoetan ikusten dudana kontatuko dizuet eta baita pelikulen gaineko iritziak eman ere.

Eguneko hitzorduez gainera, gauetako jaiak ere izaten dira; horiek ere agendan dituzu?

Ez da derrigorrezkoa joatea baina joango naiz batera edo bestera. Hala ere, eguneko bost pelikula ikusiko ditudala kontuan hartuta, sarritan sartu-irtenak egiten ditut jaietan, gonbidatu nauena agurtu eta gutxi gehiago.

Aurtengo eskaintzatik pelikularen bat gomendatzekotan?

Enemy (Denis Villeneuve), Like father like son (Hirokozu Koreeda), Gravity (Alfonso Cuarón) eta Caníbal (Manuel Martin Cuenca), besteak beste. Azkeneko hori espainiarra da eta laster zinematan estreinatuko dutenez, aukeran, beste hirurak ikusteko aprobetxatuko nuke.

Zer deritzozu Donostiako  sariez?

Carmen Maura gustuko dut, Espainiako zinearen enbaxadore handia dela esango nuke. Horren erakusle dira dituen lau lau Goya sariak eta, besteak beste, Cannesen eta Venezian jasotakoak. Film berriarekin dator, gainera: Las Brujas de Zugarramurdi (Alex de la Iglesia). Hugh Jackmanek (Australia, Lobezno) ere sari asko ditu; kalitate handiko aktorea eta oso polibalentea da, nire ustetan.

Zein beste izar izango dira?

Asko daude aipatzeko: Anette Bening, Oliver Stone, Diego Luna, Mario Casas…

Gomendio batzuk, amaitzeko?

Areto bakoitzak bere xarma dauka, horregatik non erakusten duten ere kontuan izango nuke film bat aukeratzerako orduan, hainbat aretotan erakusten dute-eta pelikula bakoitza. Eta duda barik, triangelu interesgarria Maria Kristina hotela, Victoria Eugenia eta Kursaal artean dago, horra heltzen dira famatu guztiak.

Imanol Gallego Alex de la Iglesiarekin. (Argazkia: Haritz Dendategi)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude