Hunkituta jaso zuen Donostia Saria Maurak

Txalo zaparrada artean eta hunkituta jaso zuen atzo Donostia Saria Carmen Maura aktore espainiarrak, Alex de la Iglesia zuzendariaren eskutik. Eskerrak emateaz gain, normalean egiten ez duena egin zuen Maurak, saria guraso eta seme-alabei eskaintzea, hain zuzen.

“Aitortu behar dut sari banaketa askotan egon izan naizen arren, oraingoan zirrara berezi bat sortu zaidala”. Berba horiek esan zituen aktore madrildarrak Kursaaleko oholtzara igo zenean.

Donostiako Zinemaldiko 61. edizioko Donostia Saria eraman zuen Maurak etxera atzo eta ekitaldi hunkigarrian eskerron hitzak izan zituen, bai jaialdiaren antolatzaileentzako “nigan pentsatu izanagatik”, eta baita azken hilabeteetan zoriondu duten guztientzako ere.

Bestalde, Zinemaldian egondako kazetari guztiei ere eskerrak eman zizkien “nirekin izandako jarreragatik eta egindako lan handiagatik”.

Ezohikoa badu ere, Carmen Maurak saria partekatu gura izan zuen: “Ez ditut sekula sariak konpartitzen, baina oraingoan bai. Nire guraso eta seme-alabei eskaini gura diet, aktore izateko erabakia hartzeak apur bat sufriarazi baitie”.

Maurak, bestalde, “saria jaso duen aurreneko aktore espainiarra” dela eta aurrerantzean Donostia Saria gehiagok eskuratzea gurako lukeela ere esan zuen aurtengo sarituak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude