Egilearen artxiboa: erredakzioa

Zinemaldiko distiraz

Donostiako zinemaldiaren 61.edizioa hasiko da gaur, egubakoitza. Bederatzi egunetan, 219 pelikula erakutsiko dituzte aurten eta tartean izango dira debagoiendarren lanak ere: Gabilondoren ‘Amaren eskuak’ luzea eta Altunaren ‘Zela trovke’ laburra ikusgai. Goienak bertatik bertara jarraituko du aurtengo edizioa Imanol Gallegoren eskutik.

Bederatzi egunetan, 219 pelikula erakutsiko dituzte aurten. Askotariko sailak daude: ezagunena, nazioarteko zein estatuko filmak lehiatzen diren sail ofiziala. Ofizialaz gainera, Zabaltegi saila izan da beti aipagarriena. Horiez gainera, Jose Luis Rebordinosek orain 2 urte zinemaldiaren zuzendaritza hartu zuenetik, ordura arte Zabaltegiren baitan zeuden Perlak, eta Zuzendari Berriak sailek ere ospe handia lortu dute, horietan beste zinemaldietan saritutako filmez gain, urteko abangoardiako pelikulak batzen dituzte.

Ezin aipatu barik utzi, Zinemira saila, euskal ekoizpenei lekua egiten dietena. Aurtengo lehiaketak gainera, Asier Altuna Kixi epai-mahai buru izango du, eta Mireia Gabilondoren (hau ere bergararra) Amaren eskuak dago lehiakideen artean. Lehiaketaz kanpo bada ere, sail berean erakutsiko dute Altunaren Zela trovke film laburra.

Askotarikoak, era berean, zineaz gozatzeko dauden aretoak: sail ofizialekoak bereziki Kursaalen erakusten dituzte eta baita Antiguo Berri edo Principe aretoetan ere.

Debagoiendar askoren agendatan izango dira Zinemaldiko egunak gorriz markatuta. Batzuk lanera joango dira, besteak beste, aurrez aipatutako Asier Altuna eta Mireia Gabilondo bergararrak.

‘Amaren eskuak’

Gabilondok, Karmele Jaiok idatzitako  Amaren eskuak (Elkar 2006) liburuan oinarritutako izen bereko filma aurkeztuko du Zabaltegi sailean irailaren 24an, martitzena.

‘Amaren eskuak’ filma.

Ama eta alaba baten arteko harremanaren kontakizuna da: 38 urte dituen Nerea protagonista bizitza familiarra eta profesionala uztartu gura dituen kazetari eta ama bat da. Egun batetik bestera, Nereak bere bizitzan duen desoreka handitu egingo da bere ama, Luisa, memoria galtzen hasita ospitalera eramango duten egunean. Errua, maitasuna, ezberdintasunak, eta guztiaren gainetik, bi emakume hauen arteko parekotasunak azaleratuko dituzte Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, besteak beste, Ainara Gurrutxagak, Loli Astorekak, Esther Remirok eta Mark Schardan aktoreek.

Aipatutako filma, beste sei film luzerekin batera, euskal zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehiatuko da, eta saridunak 20.000 euro gordin irabaziko ditu. Hain justu, epaimahaia Anari Alberdi abeslariak, Itziar Nogeras kultur kudeatzaileak eta Asier Altuna Kixi zuzendari bergararrak osatuko dute.

‘Zela trovke’

Altunarentzako laugarren zinemaldia da aurtengoa; aurrez birritan izan da, zuzendari moduan (Bertsolari eta Aupa Etxebeste!); eta Urteberri on, Amona! filmaren gidoigile moduan beste behin. Oraingoan ere, epaimahaikide lanez gainera, badu Kixik zer erakutsi: uztailean, Holandan –grabatu zuen toki berean– aurkeztu zuen Zela trovke (Belarra mozten) film laburra eramango du-eta Zabaltegi sailaren itxierara, irailaren 28an. Horrez gainera, beste bost alditan ere ikusi ahal izango dugu, Mujer Conejo film luzearen proiekzio guztien aurretik, hain zuzen ere. Moritat bati buruzko dokumentala da, hau da, krimen baten istorioa kontatzen duen abesti eslovakiar zahar batean oinarritutakoa.

‘Zela trovke’ film laburreko fotograma bat.

Euskal film laburrak saltzen

Debagoeneko zinemagile eta zaleez gainera, Esther Cabero aretxabaletarra ere Donostian izango da egunotan; Caberok ere, Zinemaldia izango du lantoki. Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Institutuak kudeatzen duen Kimuak programan egiten du lan, hau da, Euskal Herrian ekoitzitako film laburren katalogoaren koordinatzailea da. Asier Altunaren Zela trovke dago, besteak beste, katalogo horren barruan. Caberoren esanetan, aurtengo Kimuak bildumako lan aipagarrienetakoa da: “Emakumearen indarraren gainean jardun du oraingoan Altunak, lan oso bisuala eta indartsua egin du”, dio Caberok. Bulegoko lanaz gainera, Caberoren egunotako egin-behar nagusia industriako profesionalei euskal film laburrak saltzea izango da, Donostian gainera, aurrerago izango diren beste zinemaldietan ere erakusteko helburuarekin.

Esther Cabero aretxabaletarra.

Hirugarren urtez jardungo du lan honetan Caberok, hamargarren zinemaldia badu ere; aurrez, Zinemaldiko produkzio sailean zazpi urtetan jardun zuen. Zinemaldian lanean hastea kasualitatea izan zela dio, Donostian Komunikazio ikasketak egiten ari zela, zinemaldian praktikak egitea egokitu zitzaionean hasi zen haren zinemaldiko ibilbidea. Aurtengoari itxura ona hartzen diola gaineratu du, besteak beste, beste urte batzuetan ez moduan, animaziozko pelikula asko daudelako.