Aljer

Soler. Galerianoak. Cervantes.

Isabel Soler Portugalgo kultura eta literaturan espezializatutako irakaslearen liburu ederra da Miguel de Cervantes: los años de Argel (Acantilado, 2016), Antonio de Sosa preso erlijioso portugaldarraren hariari tiraka Cervantesek Arjelen preso egin zituen 5 urteak (1575-1580) berreraikitzen ditu, sarrera oso interesgarri batekin eta ondoren, ni bezalako friki batentzat gozagarri den testu juridiko-literarioa eskainiz.

Ez da Solerren lehen liburua hemen iruzkintzen dudana. Oso modu xehean jorratzen ditu Mediterraneo eta Afrikako kontuak eta interesa pizten dio irakurleari. Kasu honetan Otomandarren menpeko Aljer da liburuaren ardatza, 25.000 preso kristau zituena, Mediterraneoko hiri kortsario nagusia. Handik ateratzen ziren erreinu kristau ugari izutzen zituzten espedizioak, izan Gaztelara, Kataluniara, Balearetara, Siziliara, Sardiniara… Felipe IIak moriskoak errepresaliatzen bazituen horrek ordaina zuen Aljerren. Izan ere, 25.000 gatibu bazeuden hirian arnegariak 300.000 izan ziren Benassar irakaslearen arabera 1550-1700 urteen artean. Hauek, turkoak ogibidez, kristau izateari uzteaz bat bihurtzen ziren aske eta kortsario bilakatuta pribilegio handiak zituzten. Solerren arabera, De Sosaren (baliteke Cervantes bera izatea De Sosaren lan hori idatzi zuena), arnegarien jatorriaren zerrenda amaiezina zen:

No hay nación de cristianos en el mundo de la cual no haya renegado y renegados en Argel. Y comenzando por las remotas provincias de Europa, se hallan en Argel renegados moscovitas, roxos, búlgaros, polacos, húngaros, bohemios, alemanes, de Dinamarca y Noruega, escoceses, ingleses, irlandeses, flamencos, borgoñones, franceses, navarros, vizcaínos, castellanos, gallegos, portugueses, andaluces, valencianos, aragoneses, catalanes, mallorquines, sardos, corsos, sicilianos, calabreses, napolitanos, romanos, toscanos, genoveses, saboyanos, piamonteses, lombardos, venecianos, eslavos, albaneses (…), griegos, chipriotas, candiotas (de Candía, Creta), cretanos, surianos (sirios), y de Egipot, y aun abejinos del Preste Juan (etíopes) e indios de las Indias de Portugal, del Brasil y de Nueva España. Hizkuntza denak hitz egiten omen ziren Aljerren eta bat bera ere ez.

Beste kristau presoek haien erreskatea itxaron behar zuten, bakoitzaren balioaren araberakoa, eta galeriano izan zitezkeen kasurik okerrenean. Cervantes preso baliotsutzat zuten haren eskutan zeuden gomendio gutun batzuk tarteko. Bere gurasoek zeru-lurrak mugitu zituzten bere eta bere anaiaren erreskateak ordaintzeko. Baliotsu izateak libratu zuen torturatik hein handi batean, izan ere, bere zaindariak ernegatu zituen lau lapurreta saiakerekin. Jarrera ausart eta eskuzabala eduki zuen beste preso kide batzuekin. Eta halere, behin erreskatatuta, Elizak berari buruz pentsa zezakeenaren beldur, bere jarreraren testigantzak bilduko zituen agiri legala enkargatu zuen Aljerren. Espainiako boterea (eta bere jatorrian zegoen Gaztelakoa) horrelakoa delako, erreforma ezina, mesfidantzan eta krudelkerian oinarritua.

Carreira da Índia

Soler. Brito Gomes. Kolonialismoaren ertzak.

Puntua Aldizkarian 2021eko ekainaren 25ean argitaratutako testua

1416an hasi zuten enpresa koloniala Ceuta konkistatuz. Zortzi hamarkadatan ozeano atlantikoa ezagutu zuten, haizeak dominatu, mapak egin, non hornitu aztertu… Esperantza Onaren lurmuturrarekin topo egin zuten, hiru ozeanok bat egiten duten paraje trumoitsu eta basati hori, eta ondoren, montzoi eta barealdiei aurre egiten ikasi.

XVI. mendean, 900 tonako ontziak eraiki zituzten portugaldarrek, gaztaina, arte, pinu edo haritzez Carreira da Indiari, Lisboa eta Goa arteko bideari, aurre egiteko. Brankako haizea nekez jasaten zuten eta haizea soilik har zezaketen zeharka edo popatik. Bela karratuak zituzten trinketean eta masta nagusian aparailu latinoa. Ezberdinak ziren ingelesen edo espainiarren naoekiko.

Horrelako ontzi batean erraz bidaia zezaketen 700-1.000 lagun inguruk. Guztiak kapitain batek gobernatzen zituen, oso zorrotz, eta hiri baten antzera antolatzen ziren. Ofizioka batzen zen tripulazioa eta han ziren arotzak, istinkariak, upelgileak, barberoak. Marinelak batuta 150 inguru izan zitezkeen eta ez ziren soilik portugaldarrak, nazioarteko lantaldea zen: gaztelarrak, italiarrak, frantsesak, greziarrak, baina baita lingua lanetan erabiltzen zituzten afrikar edo asiarrak. Tripulazioaren parte bat degradatuek osatzen zuten, heriotza-zigorrera kondenatuak, zigorra ez aplikatzearen truke haien kasa uzten zituztenak esploratu gabeko lurretan kontaktuak egiten hasteko. Gehitu kolonietara eroan beharreko soldaduak, funtzionarioak eta haien familiak, kolonoak, merkatariak, erlijio jendea… Tripulazio honek aurre egin behar zien garaiko erronka tekniko handienetako batzuei; esate baterako, oso ur hotzetan nabigatu ostean ur beroetan sartuta kalte handiak jasotzen zituzten ontziak nola konpondu, baita ur azpian geratzen ziren parteak ere.

Askok ez zuten bidaia amaitu, eta horiek jaso zituen Gomes de Britok 1736an, 1552-1602 urteen artean jazotako naufragioen kontakizunak konpilatuz. Guri lan hauek orraztuta ekarri dizkigu Isabel Solerrek Los mares náufragos liburu apartean, aspaldi irakurri dudan liburu eder, bitxi eta gogorrenean. Superbibentzia gordina, krudelkeria, naturaren aurrean garen txikiaz oroitarazten diguten olatuak, kolonialismoa, eskuzabaltasuna, harrokeria, lukurreria, kanibalismoa… Erregeari eginiko kritika zeharkakoak, abentura kolonialek ekarri zuten hondamendiaren deskribapena eta miseria gorriena kontatzeko gai ez den narratzailea ageri dira baita ere. Espainiak izan zituen hamaika naufragio, baina apenas baden horri buruzko literaturarik, Sanchez Ostizek Solerren liburuko epilogoan dioskun legez. Portugaldarrek idatzi egin zuten, kontatu, eta niri burura datorkit ea ze naufragio dugun kontatzeke eta norentzat.