Rulforen alaba

Barkamena. Travacio. Hautseztaturiko hezurrak.

Juan Rulfok literatura alabarik badu, hori niretzat Mariana Travacio da. Bere Como si existiese el perdón (Las afueras, 2020, baina originala Argentinan 2016an) nobelako lehen 30-40 orrialdeak hain dira lehorrak, eguzki galdatan dagoen hezurraren parekoak, harro egongo litzatekeela idazle mexikarra. Eta, halaber, halako edertasun lirikoa darie orrialde siku gordinei ezinezkoa dela txunditurik ez geratzea!

(Adi, hemendik aurrera spoilerrak datoz).

Tano eta Manoelek heriotzarekin tupust egin dute. Oso ondo kontatzen du Travaciok, apenas lerro gutxi batzuetan, ze bizkor okertu litekeen hiru gizonen bizitza. Harrigarria da ze ondo egiten duen hori Edo hori zirudien hasiera batean, tupust egite hutsa dela Loprete bikietako batekin elkartzea, nahiz eta bazter horietan ezer ez den kasualitatea. Hezetasunik gabeko lurretan arrasto oro luzerako geratzen delako izango da. Edo,akaso, protagonistek egin behar duten ihesa bera, eta ondoren haien etxera itzuli eta ondorioei aurre egitea, ez da Mirandak mamuekin duen borrokaren beste aldaera bat gehiago besterik.

Liburu gupidarik gabea da, nahiz eta azken paragrafoko maitasun printzak zalantza uzten duen. Mortu hilaren eta urak hartutako zelaien artean balego bezala puntu erdibideko bat non lore bat ernal litekeen.

Estiloak berak men egiten dio panpako paisaiari. Memoriarik gabeko pertsonaiak dira eta halere ezin dituzte ahaztu eginikoak, Justizia eta mendekua ezin litezke bereizi. Eta, emakumeek soilik, Pepak aurrena, Luisak gero, dakarte xamurtasuna pobrezia erruduna jaun eta jabe den lurretara.

Esango nuke hain ondo hasten dela gero apur bat erortzendela nobela, baina fatalitatearen grabite indarrak presio eginda goi-goian amaitzen da. Zoritxarrez neke orduak eskaini dizkiot eta agian horregatik ez naiz justua. Baliteke hauts apur bat sartu izana begietan. Baina, tira, Pedro Paramo aurreneko aldiz irakurri nuen une zoriontsu hori gogorarazi dit eta, aizue, begirunea zor diot horri.

Lautada

Rulfo. Kristeroak. Miseria.

Lautadaz ari garenean, euskaraz bederen, Araba datorkit burura. Akaso gehiagori ere pasatuko zaizue. Mundu ikuskera txikiaren fruitu izan liteke, batek daki. Berdin dit. Panpa hezean besteko lautadarik ez dut ezagutu, bihurgunerik gabeko ehun kilometroko errepidea Saladillon, baina lautadari nahiago diot Araba toponimoa erantsi. Osabak diost ardiak behatzen ikasi duela munduaz dakien guztia. Ba hori.

Halere, orain, lautada berbari baliteke galdera bat eranstea. Lautada handiaz ari zara edo Elgeaz bestalde hasten denaz? Izan ere, lautada handia, bere itoan, Juan Rulfori esker ezagutu baitut. Hogeigarren mendeak astindu zuen Mexiko eta Mexikok astindu zuen iragan mendea iraultzari esker. Astindu horren ertzean daude partida “karlista” mexikar edo kristeroak, jite askotariko alprojak, itzainak eta miseriak blaitutako lurrak, euriak ere ihes egiten duen mortua.

Ipuin bilduma da El llano en llamas, Juan Rulforena (Cátedra 2018, Françoise Perusen edizioa) eta bere Pedro Páramo obran abiatutako unibertsoa handitzen du. Hara eta hona dabiltzan gizon-emakumeak, pobreak, fededun hipokritak eta alproja handiak, semeen ardurarik ez duten gurasoak eta ihesi doazen emakumeak. Edizio ona iruditu zait, ezinbestekoa den oin-ohar sorta mardula dakarrena egilearen nekazal hiztegi herrikoia ulertzerko.

Bitxikeria gisa, amaitzeko, bitxia eta ederra egin zait Rulfok nola deskribatzen duen gure inguruotan horren ezaguna den kaliza harrizko mendi bat: De los cerros altos del sur, el de Luvina es el más alto y el más pedregoso. Está plagado de esa piedra gris con la que hacen la cal, pero en Luvina la nomabran Cuesta de la Piedra Cruda. El aire y el sol se han encargado de desmenuzarla, de modo que la tierra de por allí es blanca y brillante como si estuviera rociada siempre por el rocío del amanecer; aunque esto es un puro decir, porque en Luvina los días son tan fríos como las noches y el rocío se cuaja en el cielo antes que llegue a caer sobre la tierra.

…Y la tierra es empinada. Se desgaja por todos lados en barrancas hondas, de un fondo que se pierde de tan lejano. Dicen los de Luvina que de aquellas barranccas suben los sueños, pero yo lo único que ví subir fue el viento, en tremolina, como si allá abajo lo tuvieran encañonado en tubos de carrizo.